152. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

484E/2015 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Azagrako udal mugapean frutak eta barazkiak prestatu eta kontserbatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Instalazioaren titularra Ultracongelados Virto SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak martxoaren 18ko 528/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 149E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.

2014ko irailaren 10ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, ikerketa eta garapen zentro baten proiektua ezartzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2014ko irailaren 12an emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.

2014ko irailaren 15ean, Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasi zen, dagokion proiektua aurrera eramateko.

Aldaketan, produkzio eta merkaturatze fase desberdinen ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako eremu bat paratuko da.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horregatik guztiagatik, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera,

EBATZI DUT:

Lehena.–Azagrako udal mugapean frutak eta barazkiak prestatu eta kontserbatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea, ikerketa eta garapen zentroaren proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Ultracongelados Virto SA da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Ultracongelados Virto SAri, Azagrako Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 22an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1509509