152. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

433E/2015 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremua garatzen duen udalez gaindiko plan sektorialari buruz. AR-01ko konpentsazio batzordeak aurkeztu du plana.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3. eranskineko A) 4 atalean ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plana onestearekin batera edo lehenago.

2015eko martxoaren 30ean, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak txostena egin zuen ingurumen ondorioen azterlanaren nahikotasunari buruz eta azaltzen du jendaurrean jartzen ahal dela, UPSren gainerako agiriekin batera, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Agiri hori espedientearen parte da, eta haren alde egin zen ingurumen ondorioen adierazpena, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 390/2009 Ebazpenaren bidez.

Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, udalez gaindiko plan sektorial deklaratu zen Cordovillan (Galar) eta Iruñean etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko plana, AR-01 Konpentsazio Batzordeak sustatua. Jendaurrean jarri zen haren ingurumen ebaluazio estrategikoaren ondorioetarako. Erabaki hori 2015ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 22an. Aldi horretan ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

Planaren eremuak 1.265.292 m²-ko azalera dauka. Horietatik, 1.064.703 m² Galarko udal mugapean daude, eta 200.589 m², berriz, Iruñekoan. Honako muga hauek ditu eremuak: ekialdean, Cordovillako industrialdea; hegoaldean, A-15 autobidea; mendebaldean, Donapeako gainak; eta iparraldean, Sadar ibaiaren ibarbidea, Iruñean. Ingurune geografikoaren aldetik, nekazaritzako laboreak dituen goi ordoki bat dago goiko eta erdiko aldean, magalez inguratua, eta, horretaz gain, egungo hiri egiturarekin lotzeko espazioak ere badaude, non bideak kokatzen baitira.

Planak erabilera mistoko lurraldea zehazten du: iparraldean eta ekialdean, bizitegiak, eta hegoaldean, eremu teknologikoa eta zerbitzuen sektorekoa, egungo bizitegiarekin batera. UPSko eremu osoa lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzen da, eta 4.300 etxebizitzako aurreikuspena dauka.

Proposatutako antolamenduarekin, jarraipena ematen zaio Sadarko hiri parkeari, iparraldeko ibarbidetik luzatzen baita hirigune berri aldera, eta, ekialdean, magal osoan barna, AP-15 autobidearekin bat egin arte. Berdeguneen sistema orokor horretan, elkarrekin eta ondoko ingurunearekin lotuta dauden bideen sare bat ezarriko da oinezkoentzat.

Horren barnean, eremura ailegatzeko bide berriak eraikiko dira, baita Mendebaldeko Ingurabidearekin (AP-15) eta Nafarroa etorbidearekin lotzekoak ere. Zaragozako etorbidea eta Nafarroa etorbidea lotzen dituen goiko pasabidea kenduko da, eta beste lotune bat eginen, AP-15ean, sarbide eta irteera gisa hiriko hegoaldean.

UPSan, halaber, jarraibideak sartzen dira bizitegiko azpiegiturak eta hornidurak garatzeko soluzioetarako: hornidura, saneamendua eta hornidura elektrikoa, goi tentsioko linea lurperatuta.

Probintzietako Errege Altxonbidearen gaineko ukipenak murrizteko asmoz, A-15ekin lotzeko bidea urbanizazioaren barrenera eraman da. Soluzio horrek Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalaren 2009ko otsailaren 5eko aldeko txostena dauka. Hartan, zenbait neurri zehazten dira, UPSa gauzatzeko faseetan kontuan hartu beharrekoak, batik bat abelbidea azpiegitura eta bideekin gurutzatzen den tokietan.

Aztarnategi arkeologikoen gaineko arriskuari dagokionez, planak neurri zehatzak hartu ditu 2. aztarnategian (Arreatrás) eta 3.ean (Camino de Cordovilla), Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Ataleko irizpideen arabera.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, UPSa zehaztean, ingurumen aldetik funtsezkotzat jo du proposatutako eremuan zaratak izanen duen eragina. Planak zaratari buruzko ingurumen ondorioen azterlana dakar (2009ko maiatza). Egindako azterketa aurkeztuta eta UPSn neurri zuzentzaileak aplikatuta, kalitate akustikoaren helburuak bete behar dira bizitegitarako eremuetan eta hezkuntza, kirol eta hirugarren sektoreko erabilerak dituzten zenbait eraikuntzatan, araudian ezarritako mailak betetzen ez zituztela identifikatu baziren. Hori dela eta, beharrezkoa da UPSko testu bateginean zaratari buruzko azterlaneko zenbait puntu zehaztea, besteak beste eguneko ordutegiko egoera akustikoa, ez betetze akustikoak konpontzeko aurreikusten diren soluzioak eta ebaluazioa, neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren.

Euri uren kudeaketari dagokionez, planak zehaztu beharko ditu hiria drainatzeko soluzio jasangarri zehatzak, azaleko isurketa-uraren emaria gutxituko dutenak eta urbanizatu aurreko hidrologia ahalik eta gutxien aldatuko dutenak. Horretarako, lehenetsiko da behar-beharrezkoa den aldeetan soilik egitea inpermeabilizazioa, eta euri ura iragazten duten egitura eta materialak erabiliko dira. Gainera, azaleko euri uren isurketaren tratamendua osatu liteke (lehen garbiketa), Sadar ibaiaren ibilgura irits litekeen kutsadura murrizteko asmoz.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremua garatzen duen udalez gaindiko plan sektorialaren alde. AR-01 Konpentsazio Batzordeak aurkeztu du plana.

2. Proiektua gauzatzerakoan, Ingurumen eraginaren azterlanean eta UPSko dokumentuetan sartutako zuzenketa neurri guztiez gainera, honako baldintza hauek ere bete beharko dira:

A) UPSko behin betiko dokumentazioan (testu bategina, hala balegokio), ondoko gaiak bilduko dira.

Ukipen akustikoak:

UPSko jarduketa eremua Iruñeko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoen eremuan sartu da. Hortaz, zonifikazio akustikoa dauka dagoeneko, irailaren 3ko 1328/2010 Ebazpenaren bidez onetsia. Plan Sektorialak erabilera berriak zehazten eta antolatzen dituenez, zonifikazio akustiko hori eguneratu beharko da. Horrenbestez, Zaratari buruzko Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluak agintzen duen moduan, UPSko jarduketa eremuko zonifikazio akustikoa zehaztu beharko da esplizituki. Zonifikazio hori egiteko, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluko irizpideak aplikatuko dira.

Beharrezko neurriak zehaztuko dira UPSko eremu osoan kalitate akustikoaren helburuak beteko direla bermatzeko, batik bat azterlanean identifikatutako ez betetze akustikoak konpontzekoak. Halaber, urbanizazioaren barneko bideetako trafikoak sortzen dituen eragin akustikoak baloratuko dira eta eguneko egoera akustikoa aztertuko da, azterketaren barnean sartuta Zaragozako etorbidearen ondoan egun dagoen eremu urbanizatua ere. Azkenean, proposatutako neurriak aplikatutakoan egiaztatuko da eremuaren egoera akustikoa.

Gaueko ingurunearen babesa:

UPSko araudian, argiteria publikorako ezarriko da argi-puntuek ematen duten goiko hemisferioko fluxua %1ekoa izanen dela edo txikiagoa UPS guztian. Hori egingarria da, kontuan hartuz gero irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua argitaratu zenetik dagoen garapen teknologikoa eta zenbateko argi barietate dagoen merkatuan; foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua.

Goiko hemisferioko fluxua arautzeaz gain, faunaren espezieen gaineko ukipena hartu behar da kontuan (saguzarrak eta gaueko intsektuak, batez ere), eta ondokoa sartuko da araudian: “Ezarritako ekipoek bete beharreko baldintzak: lanparen erradiantzia espektroak bermatu dezala guztirako potentziaren %20 baino gutxiago igorriko dela 525 nm-tik beherako uhin-luzeran. Fabrikatzaileak baldintza hori ziurtatuko du, baita laborategi homologatu batek egindako saiakuntza baten bidez ere”.

Urbanizazio proiekturako determinazioak:

UPSaren araudian determinazio hauek sartuko dira urbanizazio proiekturako:

–LAP 3aren 72. artikuluan ezartzen den bezala, euri urak kudeatzeari dagokionez, drainatze jasangarriari buruzko azterlan bat aurkeztuko da, hiri drainatze jasangarrien sistemetarako soluzioak dakartzana. Azterlan hori Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igorriko zaio, horrek txostena egin dezan.

–Urbanizazio proiektuek berariazko azterlana izanen dute lurren balantzeari buruz, jarduketaren eremuan haien aprobetxamendu eta konpentsazio handiena lortzen saiatuz.

–Probintzietako Errege Altxonbidea: abelbidea tarteren batean birjarri behar denean, txostena eskatu beharko zaio Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari. Soluzioetan ondoko baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

  • Azpiegiturak abelbidearekin gurutzatzen diren tokietan, aurretik ez badago ukipenik, bi mailako pasagunea planteatu beharko da. Azpiko pasaguneen kasuan, markoa, gutxienez, 7 metro zabal eta 4 metro altu izanen da. Beheko puntura jaisteko maldak etzanak izanen dira, inklinazioa gehienez ere %6koa izanik. Gaineko pasaguneen kasuan, igarotzeko plataformak 5 metro zabal izanen dira.
  • Abelbidearekin gurutzatzeko puntuetan, jarduketak aurreko azpiegitura hobetzea dakarrenean, pasabide bat egokitu eta seinaleztatuko da.
  • Proiektatutako bideak abelbidearekin bat egiten duen tarteetan, egun ukipenik gabe dagoen azalera birjarriko da. Abelbidea berritzeko trazaduraren paraleloan banatu beharko da konpentsazioko azalera, halako eran non ez baita bakarturik geldituko eta horretarako aurreikusitako erabilerak bermatuko baitira. Bide azpiegitura abelbidearen bazter batean kokatuko da: ez da birjartzerik baimenduko errepidearen bi alboetan. Bide azpiegitura abelbidearekin bat egiten duenean, horiek bide-altxonbidearen erabilera bikoitzarekin erregistratuko dira. Abelbideko lurzati berrian sartutako basoko lurretan edo landu gabeetan, egungo landareak mantenduko dira. Landutako lurretan eta aurreko kategorian sartu ezin direnetan, ez badira kontserbazioa justifikaturik duten egungo bideak, belardiko espezieak ereinen dira, eskualdekoak berekoak, eta haien mantentze-lanak egin beharko dira landareztatu eta hurrengo bi urtean.
  • Obra faseko baldintzak, lanak exekuzio fasera iristen direnean, birjartzeko proiektuaren txostena egitean erantsiko dira.
  • Separata tekniko batean aurkeztu beharko dira kondukzio elektrikoen, uraren horniduren edo hustuketaren eta gasaren horniduraren kondukzioen ibilbideak edo abelbidea gurutzatzea eta/edo harekin bat egitea ekartzen duen beste edozein jarduketa, eta Plangintza eta Laguntza Atalaren baimena eduki beharko dute.

B) Planaren behin betiko dokumentazioan, beste agiri bat erantsiko da aurreko puntuko ingurumeneko baldintzak nola erantsi diren zehazteko.

C) Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoa betez tramitatu beharko dira azpiegiturak. Horietako bakoitzaren trazadura orokorra eta konponbidea UPSaren barruan agertzen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Galarko eta Iruñeko udalei eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 22an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1509434