152. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

258E/2015 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 164E/2015 Ebazpenaren bidez emandako Ingurumen ukipenetarako baimena aldatzen duena, hots, Gesalazko udal mugapean, Lerateko UC-10.3 unitatean energiaren hornidura, euri uren sarea eta ur beltzena egiteko proiektuari emandakoa.

Baimen hori akats batengatik Gesalazko Udalari eman zitzaion, ulertu baitzen entitate hori zela proiektuaren sustatzailea, baina, errealitatean, Lerateko UC-10.3 unitateko konpentsazio batzordea zen. Hortaz, akats hori atzemandakoan, bidezkoa da baimen hori aldatzea, proiektuaren benetako sutatzaileari eman behar baitzaio.

2015eko otsailaren 3an sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan Ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera, Lerateko (Gesalatz) UC 10.3 urbanizazio proiektua euri uren eta ur beltzen sareaz eta energiaz hornitzeko proposamenerako.

Proiektatutako jarduketak, 2015eko otsaileko proposamenaren arabera, xede hau du:

–Energia elektrikoaren hornidura hobetzea bi hodi gehiago ezarrita inguruan sartzeko bidearen azpian, lurpean, dagoen kanalizazioan, zeina bide horren eta Gesalazko 3. poligonoko 164. lurzatiaren ondoko aireko lineako azken zutabetik abiatzen baita.

–Ur beltzen sare berri bat, non hiri eremuko eta eremu urbanizagarriko kolektoreak bideen azpitik dauden proiektatuta, eta ur beltzak kolektore tarte bateraino eramanen dituzten, Allozko urtegiaren bazterrean, hiri eremuarekin mugan, zortasuna duten lurzatietan. Tarte hori bide batean barna joanen da toki bateraino, UC 10.3ko hiri eremuaren ipar-mendebaldearen muturrean. Handik, zortasun horren mugatik eta landabide batean barna Ø 90eko polietilenozko punpatze hodia jarriko da hobi septikoraino eta tratamendu biologikoraino, 3. poligonoko 166. lurzatiaren hegoaldeko muturrean (aparkaleku bat dago).

–Euri uren sarea; bi hustubide planteatzen dira hiri eremutik kanpo Allozko urtegiaren bazterrean, eta beste bat hiri eremuan, ekialdeko mugan; areka batean isurtzen du eta, metro batzuk beherago, lurzoru urbanizaezinean sartu eta urtegira eramaten du ura.

Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean jasota dago Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2015eko apirilaren 28an proiektuaren alde emandako txostena. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du, eta ingurumenaren gaineko ukipenak gutxitzeko kontuan hartu beharreko neurri zuzentzaileak eta zaintzakoak azpimarratzen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lerateko UC-10.3 unitateko konpentsazio batzordeak sustatuko proiekturako, Gesalazko udal mugapean, Lerateko UC-10.3 unitatean energiaren hornidura, euri uren sarea eta ur beltzena egiteko, eta, hortaz, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 164E/2015 Ebazpena aldatzea.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

–Egin gogo den jarduera gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten beste azpiegitura eta/edo zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak, obrak egiten hasi aurretik, organo eskudunen edo dagokion konpainia hornitzailearen behar adina baimen eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaiaren arabera, edo, hala balegokio, ukituta gera daitezkeen jabetzei dagokienez egon daitezkeen kontzesio, zortasun edo akordioen arabera. Bereziki, azpiegitura batzuek herrilurrak ukitzen dituztenez, obra lizentzia eman baino lehen, herrilurraren titularra den toki entitateak baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

–Ahal dela, ez dira zuhaixka eta zuhaitzak ukituko lurzoru urbanizaezineko hoditerien zuinketa egiten denean.

  • Sustatzaileak eta kontratistak kontuan hartu beharko dute obran sobera diren materialak (lurra, hormigoia, asfaltoa, fibrozementua, eta abar) eraikuntza eta eraiste lanetako hondakinei buruz indarra duen legerian eskatzen denaren arabera kudeatu beharko direla. Beraz, puntu bat sartuko da lizitazio proiektuan kudeaketa hori aipatzeko, eta proiektuaren aurrekontuan behar bezala jasoko dira kudeaketaren gastuak, kudeatzaile baimendu batera eramatekoak barne.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Gesalazko Udalari, Basozaintzari (Lizarra Iparraldea) eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 15ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1509129