152. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

256E/2015 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Artetako iturburuko sarbidea egonkortzeko proiekturako, Ollarango udal mugapean. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2015eko martxoaren 26an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatutako jarduketan, ubide zaharra (0+239,406 - 0+506,812 KP) eta berria (0+207,055 - 0+497,600 KP) konpondu eta iragazgaiztuko dira, tarte txiki bateko ubidea suntsitu eta eraikiko da eta eremu horretara sartzeko bide bat eginen da. Horretarako, egungo hornidura hodia desbideratu behar da, eta ubideekin paraleloan doan drainadura sakona eta errekara ateratzen den drainadura egin.

Gainera, iturburura ailegatzeko bidea konponduko da. Lehenago, goiko errekako urak biltzeko drainatze lanak eginen dira, lubetako harriekin, baita drainatze sakon bat ere, hormigoizko areken azpitik. Areka triangeluar eta trapezoidala eginen da, ura drainatze lanera eramanen duena. Zeharkako bi drainatze ere eginen dira (OD1 eta OD2). Azkenik, asfaltozko zoladura eta oinarri azpiko hormigoia suntsituko dira, eta errepidea berriz eraikiko.

Espedientean Ollarango Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostenak ageri dira, proiektuaren alde.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Artetako iturburuko sarbidea egonkortzeko proiekturako, Ollarango udal mugapean. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

Ingurumen arlokoak:

–Laneko kalea mugatu eta, behar izanez gero, balizatzea, nahitaez ukitu behar ez diren eremuak inbaditu ez daitezen. Zehazki, aise hondatzen ahal diren tarte hauek ezartzen dira; haietan kalea ez da 5 m baino zabalagoa izanen:

  • Tokiko bidexka, ubide bikoitzaren gainekoa. Bidexkaren zabalera dela-eta makinek bazterretan uki ditzaketen zuhaitz edo zuhaixken tarteak balizatuko dira.
  • Goiko errekako urak biltzeko drainatze lana eta OD2 zeharkako drainatze lana.
  • Aurreko tartean instalatu beharreko obrako materiala pilatzeko eremuak.

Tarte horietan, seriean eginen dute lan makinek, kale paralelorik sortu gabe makinen mugimenduetarako.

–Makinak laneko kalearen trazaduran sartu baino lehen, eskuz kimatuko dira hartan sartzen diren adarrak, ez daitezen erauzi edo urratu.

–Materiala pilatzeko guneak ubideko bidetik kanpo paratuko dira, edo horren zabalguneetan, betiere zuhaitz edo zuhaixkarik ez dagoen tokietan.

–Ezinbestean bota beharreko zuhaitz eta zuhaixkak soilik botako dira. Kasu horietan, administrazio baimena beharko da zuhaitzak mozteko, eta abisu emanen zaio Iruña aldeko Basozaintzari, markatzea egin dezaten.

–Landare espezieen garai begetatiboan eta fauna espezieen ugalketan (garai gomendatua obretarako, urritik otsailera) ahalik eta eragin txikiena izateko programatuko dira mozketa, kimaketa eta belar-sastrakak garbitzeko lanak.

–Obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Ubideko ertzeetan eta iturburura ailegatzeko bidekoetan zabalduko da obratik beretik berreskuratutako landare lurra. Ondoren, lurren profilaketa eta finketa eginen dira lur naturalari eta bideen plataformei fisiografikoki ongi egokitzeko, eta eskuz ereinen dira azken azalerak.

–Bota behar izanen diren zuhaitzen proportzio berdintsuan landatuko dira zuhaitzak, ubidearen gaineko bidexkako ertzetan, iturburura ailegatzeko bazterretan eta drainatze lanei dagokien tarteetan. Zuhaitz horiek 1,5 metrokoak izanen dira gutxienez, ongi zurkaiztuta geldituko dira eta ondoko espezieetakoak izanen dira: Quercus pubescens-a, Acer campestrea, Acer pseudoplatanus-a eta Fraxinus excelsiorra. Landareztatze lanak neguko hilabeteetan eginen dira.

–Asfaltozko bidea birjartzetik eta ubidea edo arekak konpontzetik sortzen diren hondakinak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen 23/2011 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz kudeatuko dira.

Hirigintza arlokoak:

–Egin gogo den jarduera gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten beste azpiegitura eta/edo zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak, obrak egiten hasi aurretik, organo eskudunen edo dagokion konpainia hornitzailearen behar adina baimen eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaiaren arabera, edo, hala balegokio, ukituta gera daitezkeen jabetzei dagokienez egon daitezkeen kontzesio, zortasun edo akordioen arabera.

–Iruñerriko Mankomunitateak egin beharreko jarduketa horrek herrilurrak ukitzen dituenez, obra lizentzia eman baino lehen, Ultzurrungo Kontzejuak eskuratu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, lur horiek okupatzeko baimena, beharrezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ollarango Udalari, Iruña aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 15ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1509133