152. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

257E/2015 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Nafarroako Ubideko “0” tarteko jarduketa, Longidako udalerrian. Agoitzen eta Longidan, Itoizko urtegian izandako zenbait luiziren egonkortasuna hobetzeko obren proiektutik” datozen soberako lurrak metatzeko proiekturako. Sustatzailea Ebroko Ur Konfederazioa da.

2015eko apirilaren 15ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Proiektaturiko jarduketaren helburua da Nafarroako Ubideko “0” tartean izandako luizien ondorioz lurrak atera eta metatzea ezpondak egonkortzeko. Horren ondorioz, ubidearen ezkerreko bazterretik doan berma kaltetuko da. Jarduketaren lehenengo fasean 4.000 m³-ko soberakina ateratzea aurreikusten da. Kokapena hautatzeko, 4 alternatiba aztertu dira. Azkenean, Ubideko obren maileguetarako eremua erabiltzea hautatu da, “0” eta “1” tarteen artean dagoena, Longidako 21. poligonoko 38. lurzatian, hango lehengoratze-lanak bukatu gabe daudelako.

Nafarroako Ubidea eraikitzeko obretarako mailegu baten ondorioz, sasi-eraldatua dagoen eremu bat da. Gaur egun, 6,5 metroko altuera duen fronte bat dauka landarez erabat gabetua. Jarduketa horrekin egungo topografia naturalizatzea bilatzen da, lur-erauzketaren goreneko kotatik okupatutako eremuaren hegoaldeko muturrerainoko aldapa samurragoa egitea eta nekazaritzarako berriz erabili ahal izatea.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Nafarroako Ubideko “0” tarteko jarduketa, Longidako udalerrian. Agoitzen eta Longidan, Itoizko urtegian izandako zenbait luiziren egonkortasuna hobetzeko obren proiektutik” datozen soberako lurrak metatzeko proiekturako. Sustatzailea Ebroko Ur Konfederazioa da.

2. Baimenak neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:

–Luizien ondorioz “0” tartean ukitutako ezpondak egonkortzeko lanak bukatu ondoren, ingurumenean eta paisaian integratzeko lanak eginen dira, hots: lurrak berriz profilatzea, burualdeko ertzak kentzea eta hidroereitea bikoitza egitea udazkenean, bertako belar eta zuhaixka espezieen haziak nahasiz.

–Lurrak metatzeko obrak hasi aurretik, okupatuko den eremua balizatuko da.

–Materiala metatzeko toki horretan Nafarroako Ubidea egonkortzeko obretatik ateratako lur garbiak (170504 LER kodea) baizik ez dira onartuko, hau da, 9/2005 Errege Dekretuan beste erabilera batzuetarako ezarritako erreferentziazko maila generikoak gainditzen ez dituzten materialak, konposatu organikoetarako eta erreferentziazko maila generikoen azterketan lortutakoak metaletarako Nafarroan.

–Sustatzaileak bermatu beharko du lehengo maileguaren lehengoratze-lanak egiten direla, bakar-bakarrik, aipatutako hondeaketetatik ateratako lurren hondakinekin, eta lurrak R10 gisako baimena duen lurren kudeatzaile batetik datozela, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Lurrak eremuan zabaldu baino lehen, egiaztatu behar da eraikuntzetako eta eraispenetako hondakinetako harri zatiak kendu direla, baita hondeaketa lurren definizioarekin bat egiten ez duten hondakin guztiak ere, lurren jatorrizko obretan ager daitezkeenak.

–Lurrak metro bat eta bi metro bitarteko pilatan metatuko dira, behetik gora, eta ongi trinkotuko dira, bete-lanen azken egonkortasuna bermatzeko.

–Jariatze-urak ateratzeko bide bat diseinatu beharko da, eta eremu zapalak sortzea saihestuko da, ura bildu ez dadin eta putzuek arazorik sor ez dezaten ondoko lurzatietan.

–Topografia berrian ertzak saihestuko dira, eta, ahal dela, egokitzapen fisiografiko bat eginen da inguru hurbileko lurrekiko trantsizioa leuna izan dadin. Betetzen diren lurren azken azalera ongi profilatua geldituko da, eta harririk gabe.

–Ahal delarik, azken azaleran gutxienez 20 zentimetroko lur geruza bat botako da. Horretarako, obretatik ateratako lurrak erabiliko dira, materia organikoari dagokionez kalitate handienekotzat hartzen direnak.

–Lurra harririk gabe utziko da, landua eta ereiteko edo nekazaritzan lantzeko prest.

–Ingurumenaren arloko edozein gorabehera dela eta, obrak egin bitartean sustatzaileak basozaintzari abisatu behar baldin badio, Agoizko barrutiko basozaintzari mezu elektroniko bat igorri beharko dio (ogfoaoiz8@cfnavarra.es).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Longidako Udalari, Basozaintzari (Agoizko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 15ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1509165