150. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

251E/2015 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Berako, Etxalarko eta Lesakako udal mugapeetan uraren goi horniduraren proiektua egiteko (Lesaka-Bera soluzio bateratua. 1. fasea). Sustatzailea Berako Udala da.

2015eko urtarrilaren 26an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Martxoaren 30ean, errekerimendua igorri zitzaion sustatzaileari, informazio osagarria eskatuz, Onin ibaiarekin paraleloa izanen den tartean eraikuntzako zer metodo erabiliko duen argi dezan, haren gainean ingurumenaren aldetik izan dezakeen eragina aztertzeko. Gainera, ur biltontziaren xehetasun planoak eskatu dira, inguruneko paisaiarekin bat egiten duen egiaztatzeko. Eskatutakoari ekainaren 3an erantzun zitzaion.

Proiektatutako jarduketan (Plan zuzentzailean hartutako soluzioaren 1. fasea), ponpa urperagarri batez hornituko da Lesakako SB-3 zundaketa, egungo putzua egokitu eta garbitu ondoren. Putzutik gertu kontrol eta maniobra etxola bat eraikiko da, balbulak eta maniobratzeko koadroa eta ponpaketaren kontrola bertan kokatzeko. Putzutik hartzen den emaria 2.500 m³-ko ontzi erregulatzaile nagusira eramanen da, 300 mm-ko diametroa duen burdinurtu nodularreko hodi baten bidez, 1.183 metroz.

Ontzi erregulatzaile nagusian biltzen den ura bi hodi nagusiren bidez eramanen da Lesakako Apezan biltontzira eta Berako Kaxerna biltontzira. Lesakako hodia burdinurtu nodularrekoa izanen da, 200 mm-ko diametrokoa eta 230 ml-ko luzerakoa. Bestalde, Berakoa 250 mm-koa izanen da eta, aurreikusten denez, 3.631 m-ko luzerakoa, Matxainen egun dagoen 300 mm-ko hodiarekin lotu arte.

Horretaz gain, beste jarduketa batzuk egin beharko dira, Berako tratamendu sistema zerbitzurik gabe uzteko.

Proiektuak ingurumen ukipenen azterlana dakar, bi alternatiba aztertzen dituena. Lehendabizikoan, antzinako zubitik zeharkatzen da Bidasoa ibaia. Bigarrenean, Matxaingo bidezubiaren azpitik gurutzatzen da ibaia. 1. alternatiba hautatu da, ez baitu ukitzen “Bidasoa ibaia” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua (BGL) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen uztailaren 2ko 51/2014 Foru Dekretuaren araberako Kontserbazio Bereziko Eremua.

Espedientean aldeko txostenak ageri dira, Berako eta Lesakako udalek eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak emanak.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Berako, Etxalarko eta Lesakako udal mugapeetan uraren goi horniduraren proiektua egiteko (Lesaka-Bera soluzio bateratua. 1. fasea). Sustatzailea Berako Udala da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzeari lotua dago:

Ingurumen arlokoak:

–Laneko kalea mugatu eta, behar izanez gero, balizatzea, nahitaez ukitu behar ez diren eremuak inbaditu ez daitezen. Zehazki, Onin ibaiarekin paraleloa den tartean, makinak linean arituko dira, halako eran non ateratako materiala hartzen duen kamioia 3 metroko traza zabaltzen duen makinaren atzetik joanen baita.

–Jarduketa eremua bisoi europarraren, igaraba arruntaren edo Pirinioetako desmanaren ohiko habitata da, eta, hortaz, espezieen ugalketa aldian esku ez hartzeko, lanak irailetik martxora arte eginen dira. Aldiaren barrenean hasi nahi izanez gero, basozaintzak eremua ikuskatu beharko du, eta, animalien arrastorik aurkituz gero, prebenitzeko beharrezko neurriak proposatu.

–Lurrak mugitzen hasita, Onin ibaiko uretan uhertasunik ikusten bada, obrak geldituko dira eta abisua emanen zaio Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, obrek ukitutako tartean arrantza elektrikoa egin dezan.

–Ezinbestean bota beharreko zuhaitz eta zuhaixkak soilik botako dira. Kasu horietan, administrazio baimena beharko da zuhaitzak mozteko, eta abisu emanen zaio Bidasoko Basozaintzari, markatzea egin dezaten.

–Makinak laneko kalearen trazaduran sartu baino lehen, eskuz kimatuko dira hartan sartzen diren adarrak, ez daitezen erauzi edo urratu. Landare espezieen garai begetatiboan ahalik eta eragin txikiena izateko programatuko dira mozketa, kimaketa eta belar-sastrakak garbitzeko lanak.

–Kanalizazioaren ardatza, gutxienez, 2 metrora mantenduko da Onin ibaiaren ertzetik. Horrek ekarriko du tarterik estuenetan lur-erauzketa egin behar izatea magaleko oinean, lubeta ibai aldera joan ez dadin.

–Obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Zanga guztiak estali eta landare-lurra zabaldurik, lurren profilaketa eta finketa eginen dira lur naturalari eta bideei fisiografikoki ongi egokitzeko. Gero, eta asfaltozko edo hormigoizko biderik ez dagoen tarteetan, ereinez landareztatuko dira berriro. Malda ertaineko edo malda handiko azaleretan, erein ordez hidroereitea eginen da.

–Zuhaitzik bota bada, landaketak eginen dira proiektuarekin batera heldu den ingurumen ukipenen azterlanean proposatutako espezieekin. Zuhaitzak, gutxienez, 1,5 metrokoak izanen dira, eta ongi zurkaiztuko dira. Landareztatze lanak neguko hilabeteetan eginen dira.

–Ur biltontzia Pillotegi alderdiko paisaian hobeki integraturik geldi dadin, gomendatzen da harri naturalez estaltzea gutxienez lurrez estali gabe ikusten diren gainazalak. Gainera, zuhaitzak landatuko dira eraikinaren inguruan, eta, horretarako, proiektuan proposatutako espezieez gain, fruta-arbolak erabil daitezke.

–Obra amaierako txostena emanen da, eta ukitutako gune guztiaren lehengoratzea azalduko da horretan. Argazki erreportajea erantsiko da.

–Asfaltozko edo hormigoizko bideetan zangak irekitzeagatik sortzen diren hondakinak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen 23/2011 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz kudeatuko dira. Lur soberakinik izanez gero, horiek behar bezala kudeatuko dira, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena edo baimena eman ondoren.

–Obrak hasi baino lehen, txostena aurkeztuko zaio Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiari eremuan izan daitezkeen aurkikuntza eta aztarnategi arkeologikoei buruz.

Hirigintza arloko edukiak:

–Egin gogo den jarduera gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten beste azpiegitura eta/edo zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak, obrak egiten hasi aurretik, organo eskudunen edo dagokion konpainia hornitzailearen behar adina baimen eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaiaren arabera, edo, hala balegokio, ukituta gera daitezkeen jabetzei dagokienez egon daitezkeen kontzesio, zortasun edo akordioen arabera. Zehazki, jarduerak gauzatu aurretik sustatzaileak Kantauriko Ur Konfederazioaren eta Nafarroako Gobernuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskuratu beharko du.

–Eraikuntzak bidearen kanpoko ertzetik 3 metrora jarriko dira gutxienez, zortasun eremu hori ezartzen duen 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluarekin bat. Eremu horretan debekatuta daude eraikuntzako jarduera guztiak, azpiegiturak izan ezik, eta azken horiek baimena beharko dute.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Berako, Etxalarko eta Lesakako udalei eta Bidasoa aldeko Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 10ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1508978