150. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

160/2015 FORU AGINDUA, ekainaren 3koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen dira, batetik, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 25eko 217/2004 Foru Agindua, zenbait hornidura zentralizatzen dituena, eta bestetik, abenduaren 17ko 422/2007 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan hornidura kontratuak sinatzeko ahalmenak berrantolatzen dituena, bulegoko altzarien, laborategiaren eta geriatriaren eta ikus-entzunezko ekipoen hornidurak kontratazio zentralizatuaren deklaraziotik kentzeko.

2002ko martxoaren 11n, Nafarroako Gobernuko orduko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioko Estatuko Ondarearen zuzendari nagusiak bion borondatea agertu zuten Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentua atxiki dakion testu bategin horren 183.1 eta 199. artikuluetan ondasun eta zerbitzuak kontratatzeko ezarritako sistemari, bi alderdiek atxikipen akta horretan izenpetutako baldintzekin bat, eta funtzionamendu egokia izan du bi alderdientzat. Hori guztia, ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 12. artikuluak eta ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarriak, hurrenez hurren, ematen dizkieten eskumenak erabiliz.

Aurreko 2014ko ekitaldian, Kontratazioa Arrazionalizatzeko eta Zentralizatzeko Zuzendaritza Nagusiak, sektore publikoaren kontratuei buruzko Estatuko araudian xedatuarekin bat, esparru akordioen lizitazioa egin zuen bulegoko altzarien, laborategiaren eta geriatriaren hornidurak (1/2014 Esparru Akordioa) eta ikus-entzunezko ekipoen hornidurak (12/2014 Esparru Akordioa) egiteko.

Esparru akordio horien nobedade nagusia da ezen, termino guztiak zehazturik ez dituztenez gero, kasu guztietan behartzen dutela bigarren lizitazio bat egitera kontratuak esleitzeko. Hornidura eskatzen duen entitateak tramitatu behar du prozeduraren zati hori, baina, betiere, organo esleitzailea izanik Kontratazioa Arrazionalizatzeko eta Zentralizatzeko Zuzendaritza Nagusia eta Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legea aplikaturik.

Kontuan harturik nolako lan karga ekartzen duen tramitazio sistema berriak eta noraino den konplexua, bi administrazio publikoek parte hartu behar baitute prozesuan, iritzi da komenigarriagoa dela hornidura horien tramitazioa eta esleipena modu autonomoan egitea.

2002ko martxoaren 11ko atxikitze akordioaren lehenbiziko klausulak adierazten du Ekonomia eta Ogasun Departamentuak konpromisoa hartzen duela Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren bidez egiteko (Erosketen Zuzendariordetza Nagusia) I. eranskineko ondasunen hornidurak, horrek enpresa esleipen-hartzaileekin errentamendua egitean, ondasunak erostean edo zerbitzuak kontratatzean izenpetutako kontratuetan indarrean dauden baldintzetan eta prezioekin.

Departamentu honek, edozein unetan, aurreko ataleko konpromisoaren xedeko ondasunen eta zerbitzuen kategoriak zabaldu edo murrizten ahal ditu, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi ondoren (Erosketen Zuzendariordetza Nagusia).

Hori dela eta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren maiatzaren 12ko 126/2015 Foru Agindua eman da, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Kontratazioa Arrazionalizatzeko eta Zentralizatzeko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazteko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak utziko diola ondasunen eta zerbitzuen kontratazio zentralizatuaren sisteman parte hartzeari (Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen 206. artikulua), bulegoko altzarien, laborategiaren eta geriatriaren eta ikus-entzunezko ekipoen hornidurak kontratatzeko, baina atxikita jarraitzen duela horretan biltzen diren gainerako ondasunei dagokienez.

Foru agindu horrek behartzen du Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren bi foru agindu aldatzera: ekainaren 25eko 217/2004 Foru Agindua, zenbait hornidura zentralizatzen dituena, bigarren xedapenean, eta, abenduaren 17ko 422/2007 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan hornidura kontratuak sinatzeko ahalmenak berrantolatzen dituena.

Horrenbestez, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36. artikuluak eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 16ko 4/2013 Foru Dekretuan xedatuak ematen didaten eskumenaren indarrez,

AGINDU DUT:

1. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 25eko 217/2004 Foru Agindua, zenbait hornidura zentralizatzen dituena, aldatzea, bigarren xedapenetik kenduz altzarien eta ikus-entzunezko sistemen hornidurei buruzko epigrafeak.

2. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 17ko 422/2007 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan hornidura kontratuak sinatzeko ahalmenak berrantolatzen dituena, aldatzea, hirugarren xedapenetik kenduz altzarien eta ikus-entzunezko sistemen hornidurak, (Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren sistemaren bidezko kontratazio zentralizatuko deklaraziokoak).

3. Foru agindu hau jakinaraztea Ondare Zerbitzuko Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Atalari eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu guztietako idazkaritza tekniko nagusiei, erakunde autonomo guztiei eta Nafarroako Foru Komunitatearen menpeko edo hari lotutako zuzenbide publikoko gainerako entitateei, atxikipen akordioaren arabera interesdunak izan badaitezke.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 3an.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1508733