150. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 26koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Merkataritzaren, Industriaren eta Zerbitzuen Ganbera Ofiziala entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Nafarroako Merkataritzaren, Industriaren eta Zerbitzuen Ganbera Ofiziala entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008092012001) aztertu da, enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2015eko maiatzaren 6an sinatu ondoren erregistro honetan 2015eko maiatzaren 20an sartu zena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 26an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

NAFARROAKO MERKATARITZAREN, INDUSTRIAREN
ETA ZERBITZUEN GANBERA OFIZIALAREN ZERBITZUKO LANGILEEN HITZARMEN KOLEKTIBOA

2015-2018

1. artikulua. Eremua, indarraldia eta osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen honek Nafarroako Merkataritzaren, Industriaren eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialaren (aurrerantzean Ganbera) eta bere langileen arteko lan harremanak arautzen ditu.

Bere aplikazio eremutik kanpo daude Goi Zuzendaritzako kontratuak.

Hitzarmen kolektibo honek 4 urte iraunen du, 2015eko urtarrilaren 1ean hartuko baitu indarra, eta 2018ko abenduaren 31n bukatuko, berariaz beste indarraldi batzuk ezarrita dituzten artikuluak salbu.

Hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera joko da salatutzat.

Aurreraeraginari dagokionez, legez araututakoa aplikatuko da.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, orokorrean hartuko den gutxieneko osotasun bat eratzen dute.

2. artikulua. Konpentsazioa.

Hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera lege edo erregelamendu bidez ezartzen diren hobekuntzek hitzarmen honetan ezarritakoak konpentsatzen ahalko dituzte.

3. artikulua. Ordainsariak eta soldaten berrikuspena.

Hitzarmen honek ezartzen dituen irizpideen arabera zehaztuko da langile bakoitzaren urteko ordainsaria, II. eranskinean ageri diren soldata taulen arabera.

2014ko abenduaren 31n indarra dutenak hurrengo portzentajeetan murriztuta izanen dira soldata taulak, eta 2015eko martxoaren 1etik aurrera aplikatuko dira lanbide-taldearen soldatan bakarrik.

–Administrari espezializatuak: ez dute murrizketarik.

–B mailako teknikariak: %8.

–A mailako teknikariak: %12.

Beraz, 2015eko urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra arte, aurreko taulek jarraituko dute indarrean.

Hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzaren bukaeran, ekitaldi horretako aurrekontu itxierak hasieran aurrekontuan sartutako diru-sarreren eta gastuen kopurua berdindu edo hobetuz gero, ekitaldi horretako KPIaren igoera adina igotzen ahalko dira soldatak; hori guztia, aipatu ekitaldiko urtarrilaren 1era eramandako atzeraeragineko ondorioekin.

4. artikulua. Oinarrizko lansaria.

Hitzarmen honen soldata tauletan ezarriko da zer oinarrizko soldata emanen zaion langile bakoitzari. Honako hauek sartuko dira soldata horretan: lanbide-taldearen soldata eta langile bakoitzak esleituta izan ditzakeen osagarri pertsonalak, 5. artikuluan adierazitakoa barne.

5. artikulua. Antzinatasuna.

2015eko martxoaren 1etik aurrera, langileak egun horretan duena izanen da langile bakoitzaren antzinatasuna. Langileak 2015eko martxoaren 1ean sorrarazita duen bosturtekoaren zati proportzionala gehituko zaio zenbateko horri. Ateratzen den kopurua langilearen osagarri pertsonaltzat joko da. Kontzeptu hori behin ere ezin izanen da konpentsatu edo irentsi.

6. artikulua. Karguko edo postuko osagarria eta dedikazioko osagarria.

Ganberak une bakoitzean beharrezkotzat jotzen dituen osagarriak ezartzen ahalko ditu langileentzat, haien lanpostua eta erantzukizunak kontuan hartuta.

Osagarri horiek sortu dituzten eginkizunak betetzeari utzi bezain laster desagertuko dira haiek; orobat, aldaketak izaten ahal dira zenbatekoetan ekitaldi batetik bestera.

Dedikazioko osagarria hainbat jatorritako osagarria da, gaur egun jasotzen duten langileei baino aplikatzen zaiena.

Ganberako zuzendaritzak, ukitutako langileekin adostuta, hura gainerako langileekin homogeneizatzeko modua aztertuko du, eta ez da etorkizuneko egoeretan aplikatuko.

7. artikulua. Emaitzen araberako osagarria eta beste soldata osagarri batzuk.

“Emaitzen araberako osagarria” izeneko soldata osagarri berria ezartzen da, honela arautzen dena:

a) Ekitaldi bakoitzaren itxieran emaitza positiboa den kasuan bakarrik sorrarazitako dute Ganberako langileek aipatu soldata osagarria jasotzeko eskubidea.

b) Lortzen diren mozkinen %15a banatuko da langile guztien artean.

c) Ganberako Batzorde Betearazleak ezartzen duen moduan eta baldintzetan banatuko da horrela lortzen den zenbatekoa plantilla guztiaren artean.

Ganberako Batzorde Betearazleak lan kantitatearen edo kalitatearen araberako soldata osagarriak ezartzen ahalko ditu ekitaldi bakoitzean, norbanakoentzat edo taldeentzat. Soldata osagarri horiek sortzen dituen erabakian zehaztuko dira haien definizioa eta iraupena.

8. artikulua. Ordainsarien sistema.

Hauxe da ordainketarako sistema: gutxieneko ordainsari finko bat ezarriko da urterako, eta hamalau paga berdinetan likidatuko da. Hamalau paga horietako bakoitzak aurreko artikuluetan bildutako soldata kontzeptuak jasoko ditu, emaitzen araberako osagarria izan ezik, zeina 7. artikuluan xedatzen denaren araberakoa baita.

Hamalau paga horietatik, hamabi arruntak dira eta bi apartekoak. Sorrarazten diren hilabeteko azken bi egunetatik hurrengo hilaren lehen bost egunak iragan arte likidatu eta ordainduko dira hamabi paga arruntak.

Urteko zenbateko gordinak finkatuko ditu ordainsariak, eta hilabeteko nomina likidatzeko unean indarrean dauden atxikipenak aplikatuko dira, Gizarte Segurantzaren eta PFEZren arloan aplikagarriak diren legeen araberako araudiei jarraituz.

9. artikulua. Aparteko eskersariak.

Ganberaren zerbitzuko langileek aparteko bi eskersari jasoko dituzte.

Uztaileko aparteko paga uztailaren 6a baino lehen likidatu eta ordainduko da.

Eguberrietako aparteko paga abenduaren 22a baino lehen likidatu eta ordainduko da.

Hauxe da eskersarien sorrarazpen ekonomikoa:

Uztaila: urtarrilaren 1etik ekainaren 30era.

Eguberriak: uztailaren 1etik abenduaren 31ra.

10. artikulua. Ordainsarien konfidentzialtasuna.

Ganberak eta langileen ordezkariek enplegatu bakoitzaren ordainsarien konfidentzialtasuna bermatuko dute, eta ez dute bakoitzaren zenbateko ekonomikoa zabalduko, non ez dagoen beharturik horren berri ematera legezko xedapenak, epai judizialak edo administrazio beharrak direla medio.

Ganberak ordainsarien kontzeptuen eta haien zenbatekoen berri emanen die langile guztiei. Zuzendaritza Nagusiak edo, horren izenean, giza baliabideek, idatzita eta otsailaren 28a baino lehen, urtero eman beharko dute langile bakoitzaren ordainsarien zenbateko zehatzen berri, eta xeheki azalduko dituzte ordainsarien kontzeptuak eta zenbatekoak, baita kopuruak kalkulatzeko erabilitako formula ere.

Ganberak, urte hasieran, lanbide-talde bakoitzaren soldata mailei buruzko informazioa igorriko die langileen ordezkariei. Ganberak horren gaineko edozein informazio eskaerari erantzun beharko dio, langile bakoitzaren ordainsarien konfidentzialtasuna muga izanik.

11. artikulua. Ordainsarien aurrerakinak.

Ganberako plantillako langile finkoek ordainsarien aurrerakinak eskatzen ahalko dituzte beren ustekabeei aurre egiteko, eta Ganberak, aurrekontu aldetik egingarria bada, eman egin beharko dizkie baldintza hauekin:

–Ohiz kanpoko inguruabarretan salbu, aurrerakina ez da langilearen urte osoko ordainsari gordinaren %15 baino handiagoa izanen.

–Ohiz kanpoko inguruabarretan salbu, aurrerakina, beranduenez, sei hilabeteko epean eginen da onartzen denetik, eta aurrerakina eman ondoren batera itzultzen ahalko da, edo gehienez ere sei deskontutan nomina arrunt edo apartekoetan.

–Itzultzeko epea iragana dela, ez bada erabat itzuli, Ganberak deskontuak eginen ditu nominan, bata bestearen ondoren; betiere, lanbide arteko gutxieneko hilabeteko soldata bermatuko dio langileari.

–Aurrerakina erabat itzultzen denetik, gutxienez ere, urtebete beharko da beste aurrerakin bat eman arte, ohiz kanpoko inguruabarretan izan ezik.

12. artikulua. Lanaldia, ordutegia eta egutegia.

1.724 orduko lanaldia ezartzen da hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzerako.

Urtero ezarriko dira laneko ordutegia eta urteko lanaldiaren banaketa, Ganberaren funtzionamendu premiak kontuan hartuta. Betiere, langileek malgutasuna izanen dute jendea hartzeko ituntzen diren ordutegien aplikazioan. Eta zerbitzua ez da murriztuko.

Urtero abenduaren 24a baino lehen, lan egutegian ezarriko dira hurrengo ekitaldirako lanegun eta jaiegunen urteko banaketa, jendea hartzeko ordutegia eta horiekin zerikusia duten kontuak; Ganberako Batzorde Betearazleak onetsiko du lan egutegi hori langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, eta korporazioaren iragarki oholean jarriko da, jende orok jakin dezan.

Jaiegun ofizialetatik aparte, Eguberri biharamuna (abenduaren 26a) jaieguna izanen da.

Langileek hamabost minutuko etenaldirako eskubidea izanen dute haien lanaldian; benetako lanaldian sartuko da eta, hortaz, ordainduko da eta errekuperaezina izanen da.

Langileak koordinatu eginen dira, etenaldi horrek ahalik eta eragin txikiena izan dezan Ganberaren zerbitzuetan.

Etenaldi hori Ganberaren instalazioen barrenean eginen da, horretarako prestatu diren tokietan.

13. artikulua. Oporrak.

Ganberako langile guztiek 3 aste osoko oporraldi ordaindurako eskubidea izanen dute urtean, baita hamar lanegun solte edo elkartuta hartzeko ere.

Arau orokor gisa, Ganberako bulegoak ixteko ordutegia errespetatuko da.

Oporrak urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte sorraraziko dira.

Gainera, Iruñeko zentroari atxikitako langileek uztailaren 6tik 14ra bitarteko oporraldia izanen dute, aldiz, Ganberak izan dezakeen beste edozein zentrori atxikitako langileek zentro horri dagokion herriko festak, halako moduan non aipatu lantokietan lanaldi kopuru bera burutuko den.

Urteko oporrak urte naturalean hartu beharko dira, nahitaez, eta hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 15a baino lehen. Data hori baino lehen hartzen ez diren oporrak ezin izanen dira metatu eta ez dira inoiz konpentsatuko, non ez diren ezinbestekoak edo Zuzendaritza Nagusiak baimendutako egoerak gertatzen.

Oporrak hartzeko egunak koordinatu beharko dira, ez dadin Ganberaren beharrei arreta eman ezin zaien epealdirik gertatu eta haren zerbitzuak behar bezala ematea berma dadin.

Martxoaren 1a baino lehen, Ganberako langile bakoitzak urte osoko opor egun guztien plangintza aurkeztuko dio giza baliabideen arduradunari, koordinazio gabeko arazoak atzeman eta konpondu ahal izateko.

Giza baliabideen arduradunak langile guztien oporren plangintza prestaturik, produkzioaren arduradunarekin aztertuko du eta, betiere, martxoaren 31 baino lehen, haien zerrenda emanen zaie langile guztiei zerbitzuak hobeki ezagutzeko eta antolatzeko.

Horrela prestatzen den oporren plangintza langileak aldatu ahal izateko, ez du zerbitzuen prestazioa galaraziko eta ez du eraginik izanen bere zerbitzuko beste lankide batentzat ezarritako oporren taulan, non ez den haien arteko akordiorik. Betiere, aldaketa horien berri eman beharko zaie giza baliabideen eta produkzioaren arduradunei, aldaketa bidezkoa ote den balora dezaten.

Langileak zatika hartzen ahalko ditu artikulu honetan aipatzen diren opor egun solteak, 5 gehienez ere, hurrengo baldintzetan:

1.–Opor egun bakoitzarekin bi zati eginen dira (ez dute nahitaez berdinak izan behar).

2.–Ataleko arduradunari eta giza baliabideen arduradunari eskatu beharko zaie, beste lankide baten oporrekin bateraezintasunik ote den edo zerbitzua ematea funtsean zailtzen ote den azter dezaten; bi arrazoi horiek baino ez daude eskaerari uko egiteko.

14. artikulua. Plantilla organikoa.

Langile bakoitzak bere soldata maila esleituta izanen du plantilla organikoan dagokion lanbide-taldean; plantilla hori hitzarmen honen IV. eranskinean ageri da.

15. artikulua. Joan-etorrietako gastuak eta kilometrajea.

Ganberak bere langileei ordainduko dizkie lanbide jarduerak garatzean egiten diren joan-etorrien ondoriozko gastuak; horiek aldez aurretik frogatu beharko dira horretarako ezarritako ereduen arabera, eta baimenduta egon beharko dute.

Langileak, bere lana dela eta, bere ibilgailuan joan-etorriak egin behar dituenean, Ganberak, joan-etorrien gastuen konpentsazio gisa, foru araudiak unean-unean gehienekotzat jotzen duen kopuru salbuetsia ordainduko dio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako.

16. artikulua. Aldi baterako ezintasun egoerak.

1.–Hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzean, abenduaren 31n, kontzeptu guztiak direla-eta (ordu sindikalak, istripua edo lanbide-eritasuna eta amatasuna baztertuta) Ganberako plantillaren absentismo orokorrak %2,5 gainditzen ez duen kasuan, hurrengo osagarri sistema aplikatuko zaio aldi baterako ezintasunari hurrengo urtean:

Edozein arrazoi dela-eta, amatasuneko baja barne, legez deklaratuta dauden aldi baterako ezintasun kasuetan, Ganberak, egoera horrek dirauen bitartean, Gizarte Segurantzaren arauzko laguntza ekonomikoa osatuko du langileak baja hartzen duen unean jasotzen duen ordainsari gordinaren %100 berdindu arte.

Aldi baterako ezintasun kasuetan, bigarren baja egunetik aurkeztu beharko da baja-agiria.

Dena dela, langileak urtebetean duen bigarren bajatik aurrera, Ganberak baja-agiria lehen egunetik aurkezteko eskatzen ahalko du.

Sistema hori 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

2.–Hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzean, abenduaren 31n, kontzeptu guztiak direla-eta (ordu sindikalak, istripua edo lanbide-eritasuna eta amatasuna baztertuta) Ganberako plantillaren absentismo orokorra %2,5etik gorakoa den kasuan, hurrengo osagarri sistema aplikatuko zaio aldi baterako ezintasunari hurrengo urtean.

a) Eritasun arruntaren edo lanez kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan, hura 20 egunetik gorakoa denean, Ganberak lehen egunetik osatuko du Gizarte Segurantzaren laguntza, langileak jasotzen duen ordainsari gordina berdindu arte, eta hori 12 hilabetez gehienez ere.

b) Laneko istripuaren edo laneko eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren kasuan, laguntza osatu eginen da, langileak baja hartzen duen egunean jasotzen duen ordainsari gordina berdindu arte, eta hori 12 hilabetez gehienez ere.

17. artikulua. Lizentziak eta baimenak.

Ganberako langile batek, legez baimenduta den konturen bat dela eta, lanpostua utzi behar duenean, bere zuzeneko nagusiari egin beharko dio eskaera 24 ordu lehenago, gutxienez ere, non ezin den egoera aurreikusi.

Langileen Estatutuak eta indarra duen laneko legeriak zehazten dituztenak dira baimen ordaindu eta berreskuraezinak, eta testu horietan ezartzen da zenbatekoak diren, gutxienez ere, non ez diren hobeak hurrengo zerrendakoak edo ez dituen Ganberak gero batean hobetzen.

Informazio gisa, honako hauek dira:

a) Ezkontza: 15 egun natural.

b) Anai-arreben, koinatu-koinaten eta lehen graduko ahaideen ezkontza: egun bat.

c) Erditu baino lehenagoko osasun azterketak eta erditzea prestatzeko teknikak: behar-beharrezkoa den denbora.

d) Seme edo alaba baten jaiotza: 3 egun (joan-etorririk egin behar bada: 4 egun), langileak nahi duenean, hurrengo hilabetean.

e) Odol edo ezkontza bidezko 2. gradu arteko ahaide baten eritasun larria, istripua edo ospitalizazioa: 4 egun, langileak nahi duenean, eritasunak dirauen bitartean.

f) Ezkontidearen edo aurreko nahiz ondorengo ahaideen heriotza: 5 egun, langileak nahi duenean, heriotza ondoko hilabetean.

g) Odol bidezko 2. gradu arteko gainerako ahaideen heriotza: 4 egun, langileak nahi duenean, heriotza ondoko hilabetean.

h) Ezkontza bidezko 2. gradu arteko ahaideen heriotza: 2 egun.

i) Haurrari esnea ematea: ordubete egunean, bi tartetan, edo eguneko lanaldiari ordu erdia kentzea semeak edo alabak 9 hilabete egin arte. Baimen hori amak edo aitak hartzen ahalko du, nahierara.

j) Ohiko bizilekuz aldatzea: egun bat.

k) Betebehar publikoa betetzea, hala nola, epaiketara joatea: ezinbestekoa den denbora.

l) Betebehar publikoa betetzea sufragio-eskubidea dela medio: bozketaren eguna eta 5 orduko murrizketa bozketaren biharamunean.

m) Norberaren eginbehar publiko saihestezin bat betetzea.

n) Lana bilatzea: 6 ordu astean, aurreabisuan, Langileen Estatutuaren 52. artikuluko kasuetan.

o) Langileak ordezkatzea: negoziazio kolektiborako behar den denbora, eta prebentzioko ordezkarientzat legezko araudian ezarritako gehienekoa.

Ahaideei dagozkien lizentzia guztiak, a) atalean jasotakoa salbu, dagokien erregistroan inskribatuta dauden izatezko bikoteentzat ere badira.

18. artikulua. Bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzeari lotutako neurriak aztertzeko batzordea.

Bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzeari lotutako neurriak aztertuko dituen berariazko batzordea sortzea erabakitzen da Ganberaren eremuan.

Langile bakoitzak horren gainean egin nahi dituen eskaerak aztertzeaz arduratuko da.

Giza baliabideen arduradunak eta langileen ordezkari batek osatuko dute beti batzorde hori. Proposatzen den neurriak zein atatelan duen eragin gehien, hango arduradunak edo arduradunek ere hartzen ahalko dute parte.

Eskaera bakoitzerako, eta adostuta, batzorde horrek alternatiba edo konponbide egokienak bilatuko ditu eta loturarik gabe proposatuko dizkio Zuzendaritza Nagusiari, haren ustez egokiena den erabakia har dezan.

Horren inguruan hartzen den erabakia ez da negoziazio kolektiboko akordioen parte izanen, non ez diren onartzen hitzarmen kolektiboaren behin betiko testuan, edo ez den horrela propio onesten erabakia hartzeko unean.

19. artikulua. Aseguru poliza langileentzat.

Ganberak egun indarrean dagoen aseguru poliza mantenduko du; izan ere, heriotzaren eta baliaezintasun osoaren, absolutuaren edo baliaezintasun handiaren arriskuak babesten ditu hamabi mila eurorekin, gutxienez ere, eta hogeita hamar mila euro gehiagorekin, istripu batek heriotza, baliaezintasun osoa, absolutua edo baliaezintasun handia eraginez gero; Ganberako langile bakoitzak erabakitzen duen pertsona izanen da onuradun. Urtero, polizaren indarraldiaren egiaztagiria emanen zaie langileen ordezkariei.

Ganberaren kontura jarraian bidaiak egitea ohikoa duten langileentzat aseguru gehigarri bat izenpetuko da, zenbatekoak bikoiztuko dituena, baldin eta eritasun profesional baten ondorioz diagnostikatzen bada heriotza edo baliaezintasuna, edo istripua laneko arrazoiengatik gertatzen bada.

Inguruabar horiek atzerrian gertatuz gero, Ganberak bere gain hartuko ditu osasun laguntzaren eta atzerritik ekartzeko gastuak, Gizarte Segurantzak edo Nafarroako Osasun Zerbitzuak ordaintzen ez duena berdindu arte.

Era berean, Ganberaren kontura joan-etorriak egitea ohikoa duen langile multzo horri lanbide jarduerarako beharrezkoak dituen ordainketa baliabideen, sakelako telefonoen eta ordenagailu eramangarrien lapurretak, ebasketak, galerak, narriadurak edo iruzurrak bermatuko dizkio, 1.000 euro arte ezbeharraren ondorioz hura berritzeko, langileak polizian salaketa jarri ondoren.

Ganberak inguruabar arriskutsu horiek guztiak aseguratzen ahalko ditu, beharrezkotzat joz gero.

20. artikulua. Osasun azterketa.

Urtean osasun azterketa bat mutualitatean egiteko aukera eman eta finantzatuko die Ganberak hala nahi duten langileei.

21. artikulua. Lanbide prestakuntza.

Ganberak, Zuzendaritzaren ustez lanposturako hobekuntza profesionala diren langileen prestakuntza jarduerak edo langileen prestakuntza planean zehaztuta daudenak finantzatuko ditu, haien kostuaren %75 arte eta, betiere, aurrekontuko dirua aski bada.

Prestakuntza jardueren antolatzailea Ganbera denean eta aurrekontuak aukera ematen duenean, dohainik izanen da haietan parte hartzea langile eta bekadunentzat.

Ganberak langileen prestakuntza jarduerak finantzatzen dituen kasuetan, haiek haien aprobetxamendua frogatu beharko dute.

Ganberak langileentzat nahitaezkotzat jotzen dituen prestakuntza jarduerak laneko ordutegian egin beharko dira beti, eta haien lanaldia eta oporrak errespetatuta.

Langileen prestakuntza planean sartzen diren prestakuntza jarduerak edo Ganberak nahitaezkotzat jotzen dituenak jendea hartzeko ordutegitik kanpo ematen direnean, haien %50a benetako lantzat joko da; betiere, parte hartzen dela frogatuz gero.

Langileen ordezkariekin aldez aurretik kontsultatuta finkatuko dira Ganberak bere langileentzat barneko prestakuntza planean edo antzeko batean ematen dituen ikastaroen ordutegiak.

22. artikulua. Lan-osasuna.

Ganberaren iritziz, bere langileen laneko osasunak eta segurtasunak ez dute zertan lan baldintza kaskarren ondorio txarrik jasan.

Arlo honetan egin beharreko ekintzak lanaren kalitatea eta giroa hobetzera zuzenduko dira, osasunaren prebentziora eta arriskuak kentzeko prebentzio neurriak bultzatzera.

Jarduketa horietan guztietan langileek parte hartuko dute arlo honetan eskudunak diren organoen bidez. Betiere, laneko osasun eta segurtasun arloan aplikatzen den araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

23. artikulua. Erantzukizun profesionalaren asegurua.

Ganberak uneoro bermatu eta erantzun beharko du ondorio guztietarako bere langileen jarduketen aurrean, horiek laneko eta lanbideko jardueran egiten direnean.

Ganberak bere langileen jarduketen arriskua eta erantzukizunak babestuko dituen aseguru poliza izenpetzen ahalko du.

24. artikulua. Barne igoera.

Ganberak barne igoerarako interesa agertzen du erantzukizun handiagoko arloak edo betetzen dituztenez bestelako eginkizunak nahi dituzten langileentzat.

Beraz, Ganberaren barrenean beharren bat sortzen den unean, lanpostuak eskatzen dituen ezagutza, esperientzia eta trebetasunak dituen langileren bat mailaz igotzen ahaleginduko da Zuzendaritza eta, betiere, interesa duten langileek egiten dituzten eskaintzak onartzeko prest egonen da.

Alde horretatik, Zuzendaritza Nagusiak konpromisoa hartzen du langileei, aldez aurretik eta behar bezala, sortzen diren lanpostu berriak edo lehendik daudenak bete beharraren berri emateko, barne igoera indartzearren.

25. artikulua. Lanpostu hutsak betetzea.

Ganberaren barne araubideko erregelamenduan ezarritakoari jarraituko zaio lanpostu hutsak betetzeko.

Ganberako langileen ordezkariek edozein hautapen prozesuren eta hartan ezarritako baldintza eta balorazio irizpideen berri izanen dute, baita prozesu horretan egin edo prestatzen diren ekintza, txosten eta abarren berri ere.

Orobat, Zuzendaritzak azken txostena igorriko die langileen ordezkariei eta, hartan, hartzen duen erabakia eta haren oinarriak, ezarritako irizpideei dagozkienak, jakinaraziko dizkie.

26. artikulua. Kontratazioa eta probaldia.

Ganberak, hainbat kontratu modalitate eta legezko beste alternatiba batzuk behar bezala erabiltzea galarazi gabe, enpleguaren egonkortasuna bultzatuko du bere antolaketaren esparruan, eta bere zerbitzuko langileen kontratazio mugagabea bilatuko du.

Praktiketako kontratua erabiltzera, lanbide-taldeari dagokion soldataren banaketa ezin izanen da II. eranskinean (soldaten taulak) ezarritakoa baino txikiagoa izan.

Probaldi hau ezartzen da: 6 hilabete teknikari tituludunentzat, eta 3 hilabete gainerako langileentzat.

Artikulu honetan aurreikusi ez den orotan, indarra duen Langileen Estatutuaren 14. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

27. artikulua. Lanaldi partzialeko kontratazioak.

Langileak eta Ganberak adostuta, bada aukera lanaldi osoko kontratu bat lanaldi partzialeko bihurtzeko. Akordio horretan langilea lanaldi osora noiz itzuliko den ezarriko da, hala erabakiz gero.

28. artikulua. Diziplina araudia. Hutsegiteak eta zehapenak.

Ganberak zehapenak jartzen ahalko dizkie langileei, ondorengo artikuluetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz:

Langileak eginiko hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izanen dira, haien garrantzia, ondorioa eta asmoa aztertuta.

Hutsegiteak:

–Honako hauek hutsegite arinak dira:

a) Lanera berandu iristea behin, bitan edo hirutan hilabeteko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Lanera ez agertzeko arrazoia aurretik ez jakinaraztea, edo, bestela, hutsegitea gertatu eta hurrengo 24 orduan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, non eta ez den frogatzen ezinezkoa izan dela.

c) Zerbitzua bertan behera uztea bidezko arrazoirik izan gabe, nahiz denbora laburrerako izan. Horren ondorioz Ganberari edo lankideei nolabaiteko kaltea sortzen bazaie edo istripuren bat eragiten bada, hutsegite hau larritzat edo oso larritzat har daiteke, kasua nolakoa den.

d) Arreta gabezia txikiak materiala zaintzean.

e) Norbere garbitasun eta txukuntasun eza.

f) Jendea behar den adeitasunez eta arretaz ez atenditzea.

g) Ganberari bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea.

h) Lankideekin eztabaidak izatea lanorduetan.

i) Hilabetean egun batez lanera ez agertzea bidezko arrazoirik izan gabe.

–Hutsegite larriak.

a) Lanera berandu iristea hiru aldiz baino gehiagotan hogeita hamar eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Lanera ez agertzea behin, bitan edo hirutan hogeita hamar eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe. Hutsegite bakar bat nahikoa izanen da, baldin eta lankide bati erreleboa hartu behar bazaio edo Ganberari nolabaiteko kaltea eragiten bazaio.

c) Lanaldian jostetan ibiltzea.

d) Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzan ondorioak izan ditzaketenak, ez jakinaraztea behar den garaian. Datu horiek faltsutu edo maltzurki eman gabe uzten badira, hutsegite oso larritzat joko da.

e) Laneko edozein gaitan nagusien esanak ez betetzea, lana arrazionalizatzeko metodo berriei oztopoak eta eragozpenak jartzea barne, baita laneko orriak betetzeari, asistentzia kontrolari eta abarri uko egitea ere. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek Ganberari kaltea sortzen dionean, hutsegite oso larritzat jotzen ahalko da.

f) Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz.

g) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.

h) Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Langileari berari edo lankideei istripuren bat izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, oso larritzat jo daiteke. Nolanahi ere, nahitaezkoak diren segurtasuneko arropak eta tresnak ez erabiltzea ere zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da.

i) Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, baita Ganberako erremintak norberarentzat erabiltzea ere.

j) Hiruhileko berean beste hutsegite arin bat egitea (berandu iristea salbu), nahiz desberdina izan, eta langileari hitzezko kargu hartzea ez den zigorra jarri izan bazaio.

–Hutsegite oso larriak.

Honako hauek hutsegite oso larriak dira:

a) Lanera berandu iristea hamar aldiz edo gehiagotan sei hilabeteko aldian, edo hogei aldiz urtean, bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Lanera ez agertzea hiru egun jarraian edo bost egun tartekatutan hilabete bateko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.

c) Laneko iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua.

d) Gaixotasunaren edo istripuaren itxura egitea. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, beste edozein lanetan aritzen denean, norberaren kontura edo besteren kontura. Atal honetan sartzen da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.

e) Lanorduetan mozkortzea eta drogak hartu ondoko egoeran egotea. Langilea goian aipatu egoeretan dagoelako zantzuak ageri direnean, Ganberako osasun zerbitzuak edo, bestela, Ganberak izendatzen duen medikuak egin beharreko azterketa onartu beharko du. Azterketa horiek egitean langilearen duintasuna eta intimitatea ahalik eta gehien errespetatuko dira eta aurrean egonen da langileen legezko ordezkari bat edo, hura lantokian ez badago, Ganberako beste langile bat, ahal izanez gero.

f) Ganberaren korrespondentziaren edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo harena ez den bati isilpean eduki beharreko datuak jakitera ematea.

g) Ganberari bidegabeko lehia egiten dioten jardueretan aritzea.

h) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, sexu-jazarpena, agintekeria edo errespetu falta larria kargudunei edo haien ahaideei, baita lankide eta menpekoei ere.

i) Istripu larriak sorraraztea zuhurtasunik gabe edo zabarkeriaz jokatzeagatik.

j) Erantzukizun berezia izanik, lanpostua bertan behera uztea abisurik eman gabe.

k) Lan errendimendua arrazoirik gabe gutxitzea.

l) Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea.

m) Hiruhileko berean hutsegite larri gehiago egitea, nahiz desberdinak izan, zehapena jaso badute.

Zehapenen araubidea.

Ganberari dagokio zehapenak ezartzeko ahalmena hitzarmen honetan erabakitako moduan: Zuzendaritzak zehapen arin eta larrietan eta Batzorde Betearazleak zehapen oso larrietan.

Hutsegite larri eta oso larriengatik zehapena jartzeko, idatziz jakinaraziko dio Ganberako Zuzendaritzak langileari, zehapena jartzeko arrazoiak eta data adierazita. Langileak zazpi eguneko epean erantzuten ahalko dio jakinarazpenari Batzorde Betearazlearen aurrean, zeinak, bi idazkiak aztertuta, egokitzat jotzen duena erabakiko baitu. Hutsegite oso larria zehatuz gero, langileak Batzordearen erabakia apelatzen ahalko du Ganberaren Osoko Bilkuran, eta horrek hurrengo saioan hartuko du erabakia zehapen horren gainean.

Ganberak hutsegite larri edo oso larriengatik ezartzen dituen zehapen guztien berri emanen die langileen legezko ordezkariei. Zehapena ezartzen den egunetik hiru hilabete igaro daitezke bete arte.

Zehapenak.

Hauek dira hutsegiteengatik jartzen ahal diren gehieneko zehapenak:

a) Hutsegite arinengatik:

–Hitzezko kargu-hartzea.

–Kargu-hartze idatzia.

b) Hutsegite larriengatik:

–Bi egunetik hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

–Beste lanpostu batera aldatzea, zentro berean.

c) Hutsegite oso larriengatik:

–Hogei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

–Ganberaren beraren beste zentro batera nahitaez aldatzea, helbidez aldatzera behartu gabe.

–Kaleratzea.

Preskripzioa.

–Hutsegite arinak: hamar egun.

–Hutsegite larriak: hogei egun.

–Hutsegite oso larriak: hirurogei egun.

Horiek guztiak Ganberak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.

Agintekeria.

Zuzendariek, buruek edo erdi mailako kargudunek agintekeriaz jokatzen badute, Ganberak hutsegite oso larritzat joko ditu gertaera horiek eta dagokien zehapena ezarriko die.

Zuzendari, nagusi edo erdi mailako agintari batek agintekeriaz jokatu duela ulertuko da egintza arbitrarioren bat burutzen badu, legezko manuak nabarmen eta nahita urratuz eta menpeko bati kalte nabarmena eginez. Behin arau-haustea egiaztaturik, Ganberako Batzorde Betearazleak zehapena ezartzeko neurririk hartzen ez badu, langile kaltetuak langileen ordezkariei jakinaraziko die, eta haiek egokitzat jotzen dituzten ekintzak gauzatzen ahalko dituzte.

29. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzeko klausula.

Ganberak arrazoi ekonomiko negatiboak daudela frogatuz gero, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan eta hitzarmen honetan ezarritako moduan kontsultaldia egin ondoren, enpresan aplikatu gabe uzten ahalko dira hitzarmenaren ondorio ekonomikoak:

Edonola ere, beherakada hori iraunkorra dela ulertuko da ondoz ondoko bi hiruhilekotan, hiruhileko bakoitzean, diru-sarrera arrunten edo salmenten maila aurreko urteko hiruhileko berekoa baino apalagoa bada. Horrelakoetan, ondorio ekonomikoak aplikatu gabe gelditzen ahalko dira.

Akordioak zehatz azaldu beharko ditu Ganberan aplikatzekoak diren lan baldintza berriak eta haien iraupena. Azken hau ezin izanen da luzatu Ganberan hitzarmen berri bat aplikatzekoa den unetik aurrera. Hitzarmeneko baldintzak ez aplikatzeko akordioak ez du berekin ekarriko genero-arrazoiengatiko bazterketa desagerrarazteko betebeharrak ez betetzea, hitzarmenean ezarritakoak, edo, halakorik bada, Ganberan aplikatzekoa den berdintasun planean aurreikusitakoak.

Kontsulta aldian adostasunik ez bada, edozein aldek jar dezake desadostasuna hitzarmenaren batzorde paritarioaren menpe, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik. Horrek akordiorik lortzen ez badu, aldeak bitartekotza baten menpe jarriko dira Nafarroako Lan Auzitegian edo horren ordezko erakundean.

Edozein aldek bitartekaritza eskatu eta hilabetean hura gauzatzen ez bada edo adostasun espresik lortzen ez bada, aldeak behartuak egonen dira erakunde horren beraren arbitrajearen menpe jartzera, eta horren laudoa loteslea izanen da aldeentzat, baita arbitrajearen menpe jartzen ez denarentzat ere. Akordioek kontsultaldian lortzen duten eraginkortasun bera izanen du arbitraje-epaiak, eta Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat eta arrazoien arabera bakarrik jartzen ahalko da errekurtsoa.

Aurreko lerroaldeetan aipatzen diren prozeduren emaitza baldin bada lan baldintzak ez aplikatzea, horren berri eman beharko zaio lan arloko agintaritzari, gordailua egin dezan, besterik ez.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

30. artikulua. Batzorde paritarioa eta interpretatzailea.

Hitzarmen hau sinatzean batzorde paritario bat eratu da, langileen ordezkariek eta Ganberaren ordezkariek kopuru berean osatua, hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko, eta eginkizun hauekin:

–Hitzarmena interpretatzea.

–Itundutakoa betetzen ote den begiratzeko lanak egiten ahalko ditu.

–Aldeek eskatuz gero, bitartekotza edo arbitraje lanak egin beharko ditu, horretarako agindua jasotzen badu, hitzarmen kolektibo honen aplikazio eremuan sortzen diren auzi eta gatazka kolektiboak aztertu eta konpontzeko.

–Erabilitako kontratazio motak, eta kontratuen betetze maila.

–Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legean ezarritako neurriak zenbateraino betetzen eta ezartzen diren.

–Hitzarmen hau ez aplikatzea, 29. artikuluaren arabera.

–Aurreko zerrenda hori ez da itxia. Izan ere, Ganberaren egungo egoerari eta geroko bilakaerari buruzko beste edozein gai aztertzen ahalko da batzordean.

Batzorde Paritarioak baliozko erabakiak hartu ahal izateko, Batzorde Paritarioa osatzen duten ordezkari bakoitzaren botoa beharko da, erabaki horren alde.

Batzorde Paritarioak erabakia hartu beharko du aurkezten zaizkion gaien inguruan 15 egun naturaleko epean, kontsulta egiten den egunetik aurrera, non ez den beste epe bat ezartzen hitzarmen honetan kasuan kasuko berariazko prozedurarako.

Batzorde Paritarioak esku hartzeko tramitea agortutzat joko da adierazitako epea iragaten denean berariazko ebazpenik eman gabe. Hortaz, libre geldituko da bide administratiboa edo judiziala, kasuaren arabera.

31. artikulua. Arau osagarriak.

Hitzarmen honek jasotzen ez duen hartan, Nafarroako Bulegoak eta Langelak sektoreko hitzarmen kolektiboan ezarritakoari jarraituko zaio.

Lehen xedapen gehigarria.–Hitzarmen honi gehitutako eranskinak haren zati banaezinak dira:

I. Lanbide-taldeak.

II Soldaten taulak.

III. Lan-egutegia.

IV. Plantilla organikoa.

Bigarren xedapen gehigarria.–2014ko abenduaren 31n lanaldi jarraitua (1.580 ordu urtean) aplikatzen zitzaien langileei baldintza berak mantenduko zaizkie, aurreko hitzarmenean jasotzen ziren lanaldiari, ordutegiari, jaiegunei, egutegiari eta oporraldiei dagokienez.

Lehen xedapen iragankorra.–Hitzarmen honen indarraldian gaur egun indarra duten ordutegiak mantenduko dira. Arrazoi justifikatuak direla-eta aldatzea beharrezkoa izanez gero, legez ezarritako mekanismoen bidez aldatu beharko da.

I. ERANSKINA

Lanbide-taldeak

1. I. maila. A teknikaria.

–Goi mailako tituludunak. Estatuko edo atzerriko goi mailako titulu edo diploma ofiziala duen pertsona da, bere titulua dela-eta Ganberari lotua dagoena berariazko eginkizunak betetzeko, titulu horrexek haietarako gaitasuna ematen baitio; betiere Ganberari egiten dizkio zerbitzuak hainbesteko soldata baten truke, bere lanbideko ohiko ordainsarien eskalari loturik egon gabe.

–Lanbide-talde honen parte izaten ahalko dira, goi mailako titulu edo diploma ofiziala izan gabe, Ganberaren kontratazio organoak haien ohiko jarduketa eremuan esperientzia zabala izateagatik onartzen dituen pertsonak.

2. II. maila. B teknikaria.

–Erdi mailako tituludunak. Estatuko edo atzerriko erdi mailako titulu edo diploma ofiziala duen pertsona da, bere titulua dela-eta Ganberari lotua dagoena berariazko eginkizunak betetzeko, titulu horrexek haietarako gaitasuna ematen baitio.

–Lanbide-talde honen parte izaten ahalko dira, erdi mailako titulu edo diploma ofiziala izan gabe, Ganberaren kontratazio organoak onartzen dituen pertsonak.

–Lanbide-talde honen parte izanen dira, goi mailako tituluak edo diplomak izanik, erdi mailako eta ez goi mailako tituludunen eginkizunak betetzeko kontratatzen diren pertsonak.

3. III. maila. C teknikaria.

–30 urtetik beherako goi edo erdi mailako tituludun sartu berriak, etorkizunean aurreko mailetarako deskribatutako eginkizunak betetzen ahalko dituztenak. Sartzen direnetik gehienez ere 3 urte natural oso iraganik, kontratu baten edo elkarren segidako zenbait kontraturen buruan I. edo II. mailetan sailkatu beharko dira. Ganberak edozein kontratu modalitateren bidez A edo B teknikari gisa kontratatu izan dituen pertsonak ezin dira lanbide-talde honetan sailkatu. Baldintza horiek kasu jakin batzuetan aldatzen ahalko dira Zuzendaritza Nagusiaren eta langileen ordezkarien arteko itun espres baten bidez.

4. Administrari espezializatua.

–Lanbide Heziketako edo Goi mailako Batxilergoko diplomadunak. Estatuko edo atzerriko Lanbide Heziketa egokia edo Batxilergoa duen pertsona da, bere administrazio prestakuntza dela-eta Ganberari lotua dagoena berariazko eginkizunak betetzeko, prestakuntza horrexek haietarako gaitasuna ematen baitio; izan ere, Ganberaren kontratazio organoak kontratatzea erabakitzen du administrazio arloko lanpostuetan duen esperientzia zabalagatik, bere gaitasun bereziengatik eta erantzukizuna bere gain hartuta ekimena eskatzen duten lanak ezin hobeki egiteagatik.

–Lanbide-talde honen parte izanen dira, erdi edo goi mailako tituluak edo diplomak izanik, administrari eginkizunak betetzeko kontratatu eta, esperientzia zabala eta gaitasun bereziak izanik, erantzukizuna beren gain hartuz eta ekimena eskatzen duten lanak ezin hobeki egiten dituzten pertsonak, Ganberaren kontratazio organoak horrela espres erabakita.

II. ERANSKINA

Soldaten taulak

1.–Oinarrizko soldata.

1.1.–Lanbide-taldearen soltada (2015erako).

–Teknikaria: 34.185,36.

Lehenengo urtea: 28.932,16.

Bigarren urtea: 30.683,23.

Hirugarren urtea: 32.434,30.

B mailako teknikaria: 28.932,16.

Lehenengo urtea: 21.592,07.

Bigarren urtea: 24.038,77.

Hirugarren urtea: 26.485,46.

–C mailako teknikaria: 15.000,00.

–Administrari espezializatua: 21.113,00.

III. ERANSKINA

2015. urteko lan egutegiari buruzko kontuak,
Ganberako langile guztiei aplikatzekoak

Jendea hartzeko ordutegia:

1.–Lanaldi jarraituaren aldia: 08:30etik 14:30era arte.

2.–Lanaldi zatituaren aldia.

Astelehenetik ostegunera, 08:30etik 17:00ak arte.

Ostiraletan, 08:30etik 14:30 arte.

–Ordaindu eta errekuperatzen ez diren jaiegunak.

  • Urteberri eguna: urtarrilaren 1a.
  • Errege eguna: urtarrilaren 6a.
  • San Jose eguna: martxoaren 19a.
  • Ostegun Santua: apirilaren 2a.
  • Ostiral Santua: apirilaren 3a.
  • Pazko biharamuna: apirilaren 6a.
  • Langileen eguna: maiatzaren 1a.
  • Santa Ana eguna (jaieguna Tuteran): uztailaren 27a.
  • Santiago eguna: uztailaren 25a.
  • Ama Birjinaren Jasokundea: abuztuaren 15a.
  • Espainiako festa nazionala: urriaren 12a.
  • San Saturnino (jaieguna Iruñean): azaroaren 30a.
  • Frantzisko Xabierkoaren eguna: abenduaren 3a.
  • Sortzez Garbiaren eguna: abenduaren 8a.
  • Eguberri eguna: abenduaren 25a.
  • Pazko biharamuna: abenduaren 26a.

IV. ERANSKINA

Plantilla organikoa

–Zuzendaritzako langileak.

Cristina Oroz, Cristina Cabrejas.

–Teknikariak.

Javier Bordonaba (2), Ana Cañada, Eva Fontecha, Elisa García, Nuria Machicot, Miguel Moncada, Silvia Moreno, Celia Poza, Juan Ignacio Puncel, Jesús Ros (1), Fernando San Miguel, María Sorbet, Juan Torres, Paula Villamor.

–Administrariak.

Olga Armentia, Alicia Ciriza, Cristina Gorricho, Begoña Mina, Álvaro Mutilva, Sonia Raposo.

–Eszedentzian dauden langileak.

Silvia Azpilicueta, Carlos Erce, José M.ª Iribarren, Cristina López, Teresa Nagore, Marta Vera, Pachi Yanguas.

(1) Lanaldi jarraia duten langileak.

(2) Tuterako lantokia.

Iragarkiaren kodea: F1508409