Iragarkia
150. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 25ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Altsasuko Zahar Etxearen Patronatuaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Altsasuko Zahar Etxearen Patronatua entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100872012015) aztertu da, Erregistro honetan 2015eko martxoaren 6an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2015eko urtarrilaren 28an izenpetu eta 2015eko maiatzaren 20an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1.–Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2.–Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2015eko maiatzaren 25ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
HITZARMEN KOLEKTIBOA.
AITA BARANDIARAN (ALTSASU)
Aurkibidea
1. artikulua.–Lurralde eremua eta langileak.
2. artikulua.–Iraunaldia.
3. artikulua.–Salaketa.
4. artikulua.–Soldata igoera.
5. artikulua.–Oinarrizko soldatak eta osagarriak.
6. artikulua.–Lanpostuko osagarria.
7. artikulua.–Aparteko eskersariak.
8. artikulua.–Antzinatasuna.
9. artikulua.–Lana uztea.
10. artikulua.–Igande eta jaiegunetako lanaren plusa.
11. artikulua.–Arau orokorrak.
12. artikulua.–Lanaldia.
13. artikulua.–Lan egutegia.
14. artikulua.–Atsedenaldia eta jaiegunak.
1. Oporrak.
2. Asteko atsedenaldia.
3. Jaiegunak.
4. Lanaldien arteko atsedena:
5. Norberak hartzeko egunak.
6. Norberaren aferetarako egunak.
15. artikulua.–Edoskitzea.
16. artikulua.–Haurdunaldia.
17. artikulua.–Amatasuna, adopzioa eta harrera.
18. artikulua.–Aldi baterako ezintasuna.
19. artikulua.–Istripuen aseguru poliza.
20. artikulua.–Laneko arropa.
21. artikulua.–Konpentsatzea eta irenstea.
22. artikulua.–Langabeziaren kontrako neurriak.
23. artikulua.–Lanaldia laburtzea 50 urtetik gorako langileentzat.
24. artikulua.–Gaueko lana.
25. artikulua.–Eskubide sindikalak.
26. artikulua.–Baimen ordainduak.
27. artikulua.–Lan osasuna.
28. artikulua.–Prestakuntza.
29. artikulua.–Eszedentziak eta seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketak.
30. artikulua.–Legeria osagarria.
31. artikulua.–Hitzarmena interpretatzeko batzorde paritarioa.
32. artikulua.–Jazarpen psikologikoa.
33. artikulua.–Sexu jazarpenaren kontrako prebentzioa eta prozedura/protokoloa.
34. artikulua.–Genero indarkeriaren aurka babesteko neurriak.
35. artikulua.–Biltzeko eskubidea.
36. artikulua.–Euskalduntzea.
I. eranskina.–Subrogazioa edozein kasutan.
II. eranskina.–Lan baldintzak ez aplikatzeko klausulak.
“Aita Barandiaran” zahar etxea Patronatuaren menpe dago, gobernu batzarrak gobernatuta hitzarmen honen arabera.
Altsasuko Udaleko ondarearen parte da zahar etxea, eta horrek zahar etxearen Patronatuaren esku uzten du, haren helburuak bete ditzan.
“Aita Barandiaran” zahar etxea elkarbizitzarako zentroa da, bizitoki iraunkor eta amankomuna izan dezaten 65 urtetik gorakoek eta, adin hori bete gabe ere, haien inguruabar pertsonalak direla-eta hala gomendagarri dutenek, familiak edo komunitateak beren etxean eman ezin dieten arreta bat behar dutelako. Zahar etxearen lehentasunak dira Altsasun eta haren inguruan egoitza baten premian dauden herritarrak.
Honako hauek dira “Aita Barandiaran” zahar etxearen lehentasunezko helburuak:
–Egoiliarrei ahal den ongizate mailarik handiena ematea, laguntza integralaren bitartez.
–Adinekoen autonomia mailarik handiena berreskuratu eta mantentzea.
–Gaitasunak garatu eta mantentzea norberaren gustuko jarduera fisiko, jolasteko eta kulturakoen bitartez.
–Harreman pertsonalak sustatzea egoiliarren eta bere familiakoen eta lagunen artean, baita zahar etxeko langileekin ere, senideekin harreman jarraitua edukiz adinekoekiko urruntasuna saihesteko.
–Zahar etxeko langileen etengabeko prestakuntza ikastaro, hitzaldi eta abarren bitartez.
–Ahalik eta probetxu handiena ateratzea giza baliabideei eta zahar etxean lan egiten dutenen eraginkortasun handiena lortzea.
1. artikulua. Lurralde eremua eta langileak.
Hitzarmen kolektibo hau Aita Barandiaran zahar etxeko Patronatuko langile guztiei aplikatuko zaie, haien eginkizunak eta kategoria edozein direlarik ere.
Aplikazioan, hitzarmen hau sinatu duten alderdiek lehentasuna ematen diote hitzarmen honi esparru horretan Estatuan egon daitezkeen beste hitzarmen batzuen aurretik eta hitzartzen dute indarrik gabe uztea aurreko hitzarmenak. Haien edukia ondoriorik gabe gelditzen da, eta hitzarmen berria da aplikatu beharrekoa.
2. artikulua. Iraunaldia.
Hitzarmen kolektibo honetan xedatutakoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra. Hitzarmenak atzerako ondorio ekonomikoak izanen ditu 2014ko urtarrilaren 1etik aitzina. 2015eko abenduaren 31 arte egonen da indarrean.
Aurreraeragina.
Hitzartutako indarraldia bukatuta, hitzarmen kolektibo honek aurreraeraginari eutsiko dio, esan nahi baita hitzartutakoa aplikatzen jarraituko duela hura berritzen duen hitzarmenak ordeztu arte.
3. artikulua. Salaketa.
Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, beste hitzarmenik izan ezean, lehengoaren arauek indarrean segituko dute, lan erreformak ezartzen duen urtebeteko epea iraganda ere. Negoziazio berriaren ondorioetarako, hitzarmen kolektibo honen amaiera espresuki salatutzat joko da sinatzen den unetik beretik.
4. artikulua. Soldata igoera.
Aurrekontuen Legeak horretarako bide ematen duenean hitzarmenaren indarraldian, alderdiek soldataren igoera negoziatuko dute baimendutako baldintzetan. Nafarroako KPIan aurreko urtean izandako igoeraren adinakoa izanen da gutxienez. 2014. urtean ez da soldata igoerarik bermatuko. 2015eko hasieran, puntu hori berrikusiko da, baloratzeko noraino den posible soldata igotzea.
5. artikulua. Patronatuko langileen oinarrizko soldatak eta osagarriak 2010ean, 2011n, 2012an, 2013an eta 2014an.
KATEGORIA | OINARRIZKO | LANPOSTUKO O. | ANTZINATASUN | GAUEKO LANAREN PLUSA | JAIEGUNAK |
OLT | 1.683,20 euro hilean | 118,01 (OSren %7,01) | 8. ARTIKULUA | ||
MANTENTZE-LANAK | 1.396,25 euro hilean | 172,72 (OSren %12,37) | 8. ARTIKULUA | ||
KUDEATZAILEA | 1.683,20 euro hilean | 743,13 (OSren %44,15) | 8. ARTIKULUA | ||
LAGUNTZAILEAK | 1.057,43 euro hilean | 153,23 (OSren %14,49) | 8. ARTIKULUA | 16,79 euro/egun | 20,52 euro/egun |
6. artikulua. Lanpostuko osagarria.
Langile guztiek jasotzen duten lanpostuko osagarria hilabeteko 14 pagatan banatuko da, eta soldata taulek ezarriko dituzte zenbatekoak eta oinarrizko soldataren gaineko portzentajeak.
7. artikulua. Aparteko eskersariak.
Urtean aparteko bi ordainsari emanen dira; zenbatekoa hileko batena izanen da: oinarrizko soldata, hitzarmeneko plusa eta antzinatasuna.
Aparteko eskersariak uztailaren 15etik 20ra bitartean ordaindu beharko dira, eta abenduaren 22a baino lehen, seihilekokako zenbaketa-sistemaren arabera.
8. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasunak oraingo zenbatekoei eutsiko die. Honako hauek dira:
–Zuzendaritza: 86,18 euro (OSren %5,12) enpresan benetan aritutako 6 urtera eta 172,35 (%10,24) 9 urtera.
–O.L.T.: 86,18 euro (OSren %5,12) enpresan benetan aritutako 6 urtera eta 172,35 (%10,24) 9 urtera.
–Mantentze-lanak:75,57 euro (OSren %6,28) enpresan benetan aritutako 6 urtera eta 151,13 (%10,82) 9 urtera.
–Zaintzaileak: 66,40 euro (OSren %6,28) enpresan benetan aritutako 6 urtera eta 132,80 (%12,56) 9 urtera.
Enpresan lanean bederatzi urte betetzen dituzten langileek urte kopuru horretara heltzen diren egunean finkatuta daukaten kopurua jasotzeko eskubidea izanen dute, antzinatasun gisa.
Soldatako “antzinatasun finkatua” kontzeptua ezin izanen da konpentsatu ez irentsi.
Soldatan “antzinatasun finkatua” aplikatzen hasten denetik hamar urte igarotakoan langileek 140,70 euroko fideltasun saria jasoko dute urtean, eta 211,05 eurokoa “antzinatasun finkatua” ordaintzen hasten denetik 20 urte igarotakoan.
Aurreko zenbateko guztiak lanaldi osokoak dira. Lanaldi partzialeko langileek lanaldiaren proportzio berean jasoko dute antzinatasuna.
9. artikulua. Lana uztea.
Beren borondatez enpresan aritzeari utzi nahi dioten langileek horren berri eman beharko diote idatzita enpresari, epe hauek beteta:
a) I. mailako langileak: 30 egun.
b) Gainerako langileak: 15 egun.
Behar bezain garaiz abisu ematen ez duen langileak egun bateko soldata ordaindu beharko dio enpresari aurreabisuan berandutzen den egun bakoitzeko. Zenbateko hori lana uzten duen egunean zor zaion kopurutik kenduko zaio.
10. artikulua. Igande eta jaiegunetako lanaren plusa.
Hitzarmen honi lotutako langileek plus bat jasoko dute lanean ematen duten igande edo jaiegun bakoitzeko: 20,52 euro.
Kopuru hori lanaldi osoari dagokio; lanaldi partziala eginez gero, dagokion zati proportzionala aplikatuko zaio.
Dena delakoagatik (oporrak, asteko atsedena, laneko baja, baimena....) igande edo jaiegun batean lanik egiten ez bada, plus hau ez da ordainduko.
11. artikulua. Arau orokorrak.
Lanbide kategoriak Patronatuak urtero onesten duen plantilla organikoan jasoko dira.
Plantilla organikoa langileen ordezkariekin kontsultatuko da.
12. artikulua. Lanaldia.
Urteko lanorduen kopurua, lanaldi jarraian edo zatituan betea, 1.592 ordukoa izanen da hitzarmen honek indarra duen bitartean.
Laneko denbora kontatzeko, langileak lanpostuan egon beharko du, lanean aritzeko baldintzak betetzen dituela, bai eguneko lanaldi hasieran bai bukaeran.
13. artikulua. Lan egutegia.
Enpresak eta langileen legezko ordezkaritzak negoziatu eta hitzartuko dute elkarrekin lan egutegia. Enpresak, urtero, otsailaren 15a baino lehen prestatuko du lan egutegia.
Enpresako zuzendaritzaren ahalmena da lan ordutegia ezartzea, langileen ordezkariei galdetu ondoren. Ordezkari horiek hamabost egun natural izanen dituzte gehienez, enpresak prestaturiko egutegia jakinarazi eta biharamunetik, hura aldatzeko komenigarritzat jotzen dituzten alegazio edo proposamenak aurkezteko.
Kasu guztietan, lan egutegian ondokoak agertu behar dira: langile bakoitzaren urteroko lanegunak, asteko atsedenerako egunak edo horiek zehazteko irizpideak, oporrak hartzeko aldiak edo egun baliodunak eta ordaindu beharreko jaiegun berreskuraezinak.
Hitzarmenean lanaldiari buruz jasotzen den erregulazioak ekartzen du beharrezkoa ez izatea portzentajeak finkatzea bere banaketa irregularrerako. Horrenbestez, hitzartutakoa da Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluak exijitutako “kontrako ituna”, eraginik gabe uzten duena %10eko aplikazioa, legez portzentaje hori ezarrita baitago besterik ezean.
Ezin da egutegian ezarritako lanaldia aldatu.
14. artikulua. Atsedenaldiak eta jaiegunak.
1.–Oporrak Oporrak 32 egun naturalekoak izanen dira hitzarmen honi lotutako langile guztientzat.
Urteko oporrak 3 zatitan banatu daitezke.
Oporraldiak elkar hartuta finkatuko dituzte enpresak eta langileek, arau hauei helduta:
Langileek gutxienez bi hilabete lehenago jakinen dute noiz izanen dituzten oporrak.
Oporrak gozatzeko edo haien ordaina jasotzeko eskubidea urte naturalen arabera zenbatuko da; hau da, urte naturala bukatzean langile guztiek hartuta izanen dituzte dagozkien oporrak.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko, langileak bi hilabete lehenagotik gutxienez ez badaki noiz izanen dituen oporrak, non ez den enpresarekin adostu.
Oporretatik itzultzen direnean, langileek beti izanen dute asteko atsedenaldirako eskubidea.
Oporraldi batean amatasun-baimena edo aldi baterako ezintasuna jasoz gero, oporren gozamena eten eginen da.
Enpresaren egutegian ezarritako oporraldian langile bati aldi baterako ezintasuna ematen badiote haurdunaldiaren, erditzearen edo edoskitze naturalaren zioz, edo lan-kontratua eteten bazaio, oporrak aldi baterako ezintasuna, baimena edo etenaldia amaitutakoan gozatzeko eskubidea edukiko du, nahiz eta urte naturala amaitu.
Langile baten aldi baterako ezintasuna finkatua zuen oporraldian gertatuz gero, baina oporrak hasi aurretik hartu badu baja, badu eskubidea, senda-agiria lortutakoan, beste oporraldi bat finkatzeko. Enpresaburuak ezin izanen du langilearen eskubidea galdutzat eman, nahiz urte naturala amaitu.
2.–Asteko atsedenaldia.
Asteko atsedenaldia bi egunekoa izanen da.
Bi eguneko asteko atsedena hartu ezean langileek egun eta erdiko atsedenaldia hartzea hautatzen ahal dute ordainetan hilean 35,96 euroko plusa jasota, baldin eta enpresak eta langileen ordezkariek hala adosten badute.
Enpresek zortzi astera arteko epealdietan kontatzen ahal dituzte asteko bi eguneko atsedenaldiak, indarreko legerian ezarritako asteko gutxieneko atsedenaldia errespetatuz gero.
18 urtetik beherakoek gutxienez etengabeko bi eguneko atsedenaldi bat izanen dute astean.
3.–Jaiegunak.
Langileek lanean aritu beharko dute ordaintzekoak eta errekuperatu ezinezkoak diren jaiegunetan, enpresak hala ezarriz gero. Horrek langileari jaiegunean egindako orduak konpentsatuko dizkio 20,52 eurorekin egindako lanaldi oso bakoitzeko. Txandaka aritzen diren langileek ordu kopuru finkoa dute astean, horretan jaiegunik dagoen ala ez kontuan hartu gabe. Sistema horrek lan soberakina sortzen du, urteko 32 egun naturaleko oporrei eransten zaiena. Oporrak hartzeko baldintza berberak izanen dira soberakin hori hartzeko.
Urtea bukatuta lan egindako ordu kopuruak ez badu bat egiten hitzarmen honetan ezarritako lanaldiarekin, langilearen lanaldi arrunt bat gehiago zein bat gutxiago egiteagatik (edo lanaldi partzialeko kontratuetan, haietan ezarritako proportzioa), abenduko soldatan ordu arrunten antzera likidatuko dira.
4.–Lanaldien arteko atsedena.
Langileen Estatutuan ezarritakoak errespetatuko dira, non ez den hitzarmenik egiten langileen eta zuzendaritzaren artean.
5.–Norberak hartzeko libre duen eguna.
Norberak bere aferetarako egun bat, ordaindu gabea, hartzeko eskubidea du urtean, baldintza hauek betez gero:
–Abisu ematea enpresari 15 egun lehenago.
–Sekzioko edo lantokiko bi langilek aldi berean ez erabiltzea eskubide hau.
–Herriko jaietan edo antzeko egunetan ez izatea.
Norberak hartzen duen eguna konpentsatzeko, enpresak sistema hauetako bat baliatuko du:
–Opor egun bat kenduta, edo langileak beste egun baliodun batean hartzeko konpentsagai duen ordaindu beharreko jaiegun berreskuraezin bat kenduta.
–Aparteko orduekin konpentsatuta.
–Lanalditik konpentsatuta, behar diren orduak berreskuratuta. Konpentsatzeko modu horietako bakar bat ere ezin denean enpresan aplikatu, oporretan lantokia ixten delako, jaiegunetan lan egiten ez delako, aparteko ordurik ez delako eta ezin delako lanaldiarekin konpentsatu, norberak libre duen eguna hartzeko, langileak edo langileen ordezkariek beste konpentsazio modu bat adostu beharko dute enpresarekin.
6.–Norberaren aferetarako egunak.
Langileek 4 egun ordaindu (3+1) izanen dituzte beren aferetarako. Hartu baino 5 egun lehenago eskatuko dira, banaka edo multzoka. Oporretan langile asko dauden egunetan eta egun berberetan ezin izanen dituzte egun horiek hartu langile kopuru handiak. 5 egun lehenago eskatzeko epearen salbuespen bakarra izanen da langilearen benetako larrialdi justifikatua.
Norberaren aferetarako hartu beharreko egunak lanaldiaren proportziokoak izanen dira, baita 20 egunetik beherako kontratu lotuak batutako antzinatasunaren proportziokoak ere.
Hartu ahal izateko, langile bakoitzaren eguneko lanaldiaren ordu kopurua gainditu behar du proportzioak.
15. artikulua. Edoskitzea.
Bederatzi hilabetetik beheitiko umeari bularra ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik bi orduz lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Emakume langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordubeteko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako.
Baimen hau amak nahiz aitak hartzen ahal dute, beren nahierara, biak lanean ari badira.
Eskubide honen ordez hamazazpi egun naturaleko baimena har daiteke; baimen hau amatasun-baimenaren ondoren gozatu behar da. Eskubidea hau baliatu nahi izanez gero, abisua eman behar zaio enpresaburuari idazki baten bidez, bi hilabete lehenago gutxienez.
16. artikulua. Haurdunaldia.
Arreta zuzena ematen lan egiten duen emakumezko langileek eskubidea izanen dute baja hartzeko haurdunaldiko arriskuagatik, haurdun gelditzen den unetik aurrera, ez badago zahar etxean beste lanpostu batean aritzeko aukera.
17. artikulua. Amatasuna, adopzioa eta harrera.
Langileek eskubidea izanen dute kasuan kasuko lizentzia hartzeko haurdunaldi edo jaiotzagatik. 16 aste iraunen du etenik gabe, eta beste bi astez luza daiteke seme-alaba bakoitzeko erditze multiplearen kasuan, baldin eta 6 aste erditu ondorengoak badira. Ama hilez gero, baimen osoa edo hartu gabeko epea har dezake aitak semea edo alaba zaintzeko.
Lizentzia hori, halaber, 16 astekoa izanen da 6 urte bitarteko adingabeen adopzio edo harrera kasuan, baita 6 urtetik gorakoen kasuan ere, baldin eta desgaitasunen bat duten edo ezindurik dauden adingabeak badira, edo, inguruabar edo esperientzia pertsonalengatik nahiz atzerritik etortzeagatik, gizarteratzeko eta familian integratzeko zailtasun bereziak badituzte; hori guztia, betiere, gizarte zerbitzu eskudunek egiaztatu beharko dute. Aitak eta amak lan eginez gero, baimena interesdunek hautatzen duten moduan banatuko da, eta aldi berean nahiz bata bestearen ondoren baliatzen ahalko dira hartaz, betiere etenik gabeko aldietan.
Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, adopzioari buruzko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik hasten ahalko da kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia.
Gaur egun, familiaren kontzeptua gero eta zabalagoa da, barnean direla guraso bakarrekoak, sexu berekoak edo sexu desberdinekoak, bai eta lehengo familia hautsi ondoren elkarrekin bizi direnak ere. Errealitate horri erreparatuta, 4 eguneko baimen ordaindua emanen da seme-alaba baten jaiotza, harrera edo adopzioagatik. 48.4 eta 45.d artikuluetan araututako amatasun baimen nagusia hartzen ez duen familia unitateko kideak hartuko du baimen hori, haren sexua edozein delarik ere.
Horretarako, aski izanen da hauetako bat aurkeztea: erregistro zibileko aitatasun edo amatasun ziurtagiria, aitaren edo amaren eta adingabearen arteko lotura frogatzen duen familia liburua, edo bikote egonkorren erregistroko inskripzioaren ziurtagiria, aipatutako lehenbiziko 2 dokumentuetako batean alabaren edo semearen aita edo ama gisa (bakarra bada) agertzen den pertsonaren bikotea dela frogatzeko.
Seme-alabak garaia baino lehenago jaiotzen badira edo beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar badute jaio ondoren, aitatasun edo amatasun baja eskatzen duena has daiteke baimen hori hartzen semeak edo alabak ospitaleko alta jaso ondoren.
Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, artikulu honetan aitatasunagatik edo amatasunagatik arautzen den baimen ordaindua lanaldi partzialean har daiteke, lanaldiaren erdi baterako, enplegatuak ezarrita duen lanaldiaren lehenengo eta/edo azken orduetan.
18. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Gaixotasun arrunt batek eragindako aldi baterako ezintasunetan, Patronatuko langileek soldataren %100 jasoko dute, 1. egunetik 90.era.
Istripuek eragindako aldi baterako ezintasunetan, soldataren %100 jasoko da.
19. artikulua. Istripuen aseguru poliza.
Aita Barandiaran zahar etxeko Patronatuak istripuen aseguru poliza sinatuko du, urte baterako, 2014ko urriaren 1etik aurrera, enpresan hilabete baino gehiago daramaten langile guztientzat.
Honako kapitala aseguratuko da:
–36.000 euro istripuaren ondoriozko heriotzagatik, istripua lanekoa zein bestelakoa izan.
–36.000 euro, istripuaren ondoriozko erabateko baliaezintasun iraunkorragatik, istripua lanekoa zein bestelakoa izan.
20. artikulua. Laneko arropa.
Enpresak beharturik daude langileei uniformeak ematera, baita enplegatuen jardun arruntean erabili ohi ez duten laneko arropa ere. Oinetakoak ere laneko arropa dira.
Langileek behar bezala erabili behar dute enpresak emandako arropa, eta txukun zaindu behar dituzte euren higienea eta garbitasuna.
21. artikulua. Konpentsatzea eta irenstea.
Ondoren zehaztuko diren osagarriak ezin izanen dira konpentsatu ez irentsi:
Enpresak langileen ordezkariekin berariaz eta modu kolektiboan ituntzen dituen osagarriak, langile guztiei aplikatu beharrekoak.
Gainerako soldata kontzeptuak, aurretik aipatu ez badira, ezin izanen dira konpentsatu ez irentsi.
22. artikulua. Langabeziaren kontrako neurriak.
Gerentziak eta Patronatuak konpromisoa hartzen dute erretiro partzial aurreratuen kasu posible bakoitza aztertu eta baloratzeko.
Erretiratzeko hiru urtera dauden langileei aukera ematea lanaldia murrizteko, hala nahi izanez gero.
23. artikulua. Lanaldia laburtzea 50 urtetik gorako langileentzat.
Lanaldia 50 urtetik gorako langileentzat murrizteko irizpideak aurre-erretiroarenak dira. Lanaldia %50 murritz daiteke aldi berean enplegua sustatzeko. Ez dago beste portzentaje batean murrizketa egiterik. Lanaldi osotan banatuko da lan egiteko denbora eta eskubide hori baliatzen duten langileek lanaldi osoaren txanda berak izanen dituzte, baina haien metaketa eta banaketa asteka, hilabeteka edo urteka egin daitezke.
24. artikulua. Gaueko lana.
Gaueko 10etatik goizeko 6etara lan egiten diren orduetarako, 16,79 euroko berariazko ordainsari bat egonen da gaueko, lineala lanbide kategoria eta maila desberdinetarako. Salbuespena da abenduaren 24ko eta 31ko gauak, 70,03 euroko berariazko ordainsaria baitute gaueko.
25. artikulua. Eskubide sindikalak.
Langileek enpresa batzordeen eta langileen delegatuen bitartez enpresan parte hartzeko eskubidea daukate. Hauek, Langileen Estatutuetako 622. eta 651. artikuluetan ezarritakoari lotuta, langileen lan-baldintzak direla eta sortzen diren auzi guztietan esku hartuko dute, batez ere lanbide kategorien, lan-egutegiaren, oporren eta kontratazio berrien inguruko gaietan.
Langile guztiek hautatuko dituzte langileen delegatuak eta enpresa batzordeko kideak boto pertsonal, zuzen, aske eta sekretua emanez, indarreko legezko xedapenetan ezarritako prozeduran.
Sindikatu batean afiliatutako langileek honako hau egiteko eskubidea dute enpresan edo lantokian, Asktasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren arabera:
a) Sindikatuaren atalak eratzeko, sindikatuaren estatutuetan ezarritakoari jarraikiz.
b) Bilerak egiteko, enpresari jakinarazi ondoren, kuotak biltzeko, informazio sindikala banatzeko, lanordutik kanpo eta enpresaren jarduera normala oztopatu gabe, inola ere.
c) Sindikatuak igortzen dien informazioa jasotzeko.
Langileen delegatuak haien ordezkariak dira, lan-inguruabarrak direla eta enpresarekin edo agintariekin sortzen diren auzi guztietan parte hartzen dute, Estatuko arauak edo itundutakoak bete daitezen zaintzen dute, eta Langileen Estatutuan eratxikitako eginkizun guztiak burutzen dituzte. Enpresa batzordea kide anitzeko organoa da, eta haien gehiengoaren erabakiz ekintza administratibo zein judizialak egin ditzake Langileen Estatutuaren 64. artikuluak emandako eskumenen eremuan.
Langileen legezko ordezkariek ordaindutako ordu kreditu bat edukiko dute hilean (soldatako ordainsarietan eraginik izanen ez duten absentziak, alegia) euren karguko berezko egitekoak bete ahal izateko. Kredituaren kopurua Langileen Estatutuaren 68. artikuluko e) paragrafoan ezarri da. Kreditu horren barrukotzat joko dira sindikatuek deitzen dituzten bileretan eta sindikatuek sustatutako prestakuntza-jardueretan ematen dituzten orduak.
Langileen legezko ordezkariek nahi izanez gero, bi hilabeteka metatzen ahal dira orduen kredituak. Metatze hau eraginkorra izanen bada, baliatu baino lehen enpresari jakinarazi behar zaio.
Enpresa batzordeko kideek eta langileen ordezkariek haietako kide batengan edo gehiagorengan metatzen ahal dituzte ordaindutako orduen hileko kredituak, baina guztirako zenbatekoa gainditu gabe. Metatze hau eraginkorra izateko ezinbestekoa da enpresari gutxienez 30 egun lehenago jakinaraztea; besterik itundu ezean; metatzea 12 hilabete egonen da indarrean gehienez.
Langileen ordezkariek sei hilean behin enpresaren egoera ekonomikoari eta finantzen egoerari, produkzioari, salmentei eta inbertsio-planei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea daukate.
26. artikulua. Baimen ordainduak.
Langilea, aurretik abisatu eta justifikatuta, lanetik atera daiteke, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborako:
1.–15 egun natural ezkontzeagatik edo izatezko bikotea osatzeagatik.
2.–Bi egun natural, bigarren maila arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideek eritasun larria izateagatik edo haiek hiltzeagatik. Arrazoi horregatik langilea bidaia egin beharrean bada, epea 4 egunekoa izanen da. Ondoko letrako kasuetan izan ezik. Ospitaleratzea eritasun larritzat hartuko da; honelako kasuetan, langileak eskatzen duenean has daiteke baimen ordaindua, ospitalean den artean.
3.–Gurasoen, seme-alaben edo ezkontidearen eritasun larriagatik edo heriotzagatik: lau egun. Arrazoi horregatik langilea bidaia egin beharrean bada, epea 6 egun naturalekoa izanen da.
4.–Ezkontidea edo bizikidea eta lehen graduko odol-ahaideak ospitaleratzeagatik, bost egun baino gehiago luzatzen bada, edo irizpen medikoa eritasun larriarena edo oso larriarena baldin bada (ospitaleratzearekin edo gabe) lau egun naturaleko baimen ordaindua emanen da ospitaleratzea 75 kilometrotik behera egiten denean, eta bost egunekoa, berriz, distantzia hori handiagoa izanez gero.
5.–Hiru egun naturaleko baimen ordaindua emanen da ezkontza bidezko lehen mailako ahaideak edo anai-arrebak bost egun baino gehiagoz ospitaleratu beharrean daudenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, ospitaleratzea 75 kilometrotik behera egiten denean, eta lau egunekoa, berriz, distantzia hori handiagoa izanez gero.
6.–Iraupen laburragoko ospitaleratzeen kasuan, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuarena edo ez horren larriarena baldin bada, ordaindutako baimena bi egunekoa izanen da ospitaleratzea 75 kilometrotik behera egiten denean, eta lau egunekoa, berriz, distantzia hori handiagoa izanez gero.
7.–Bi eguneko baimen ordaindua emanen da, ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzaren bat egin behar izanez gero. Ondorio horietarako, kirurgia anbulatorio handitzat hartuko dira gaixoak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen direneko prozedura kirurgikoak, kontuan hartu gabe aplikatu zaien anestesia eta denbora tarte bat iraganik.
8.–Seme-alaben jaiotza: hiru egun natural. Arrazoi horregatik langilea bidaia egin beharrean bada, epea lau egunekoa izanen da; kontuan eduki behar da baimenaren hiru egunetako bi egun naturalak izanen direla.
9.–Egun natural bat, ohiko bizilekuz aldatzeagatik.
10.–Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora. Legez edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean denbora jakin bat finkatua badago, hartan absentziaren iraupenari eta horren konpentsazio ekonomikoari buruz xedatuta dagoenari jarraituko zaio. Goian aipatutako eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko aldian lanorduen ehuneko hogei baino gehiagotan ezin izan bada egin beharreko lana bete, enpresak eszedentzia egoerara pasa dezake langilea, Langileen Estatutukaren 46. artikuluko 1. idatz-zatian arautu den bezala.
Langile batek, eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.
11.–Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, lege edo hitzarmen bidez ezarritakoa.
12.–Seme-alaben, anai-arreben edo gurasoen (odolkideak nahiz ezkontza bidezkoak) ezkontzagatik, egun bat.
13.–Langileak urteko oporrez balia daitezke artikulu honetan araututako baimen ordaindua luzatzeko, baina gehienez hiru egun soilik gehi ditzakete.
14.–Halaber, langileek gehienez hamar ordu erabiltzen ahal dituzte urtean ezkontideari, seme-alabei edo gurasoei medikuarenera laguntzeko edo beren kontuetarako
15.–Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, izatezko bikotekideei ezkontideek dituzten eskubide berak onartzen zaizkie. Horretarako, langileek izatezko bikotea osatu dutela frogatu beharko dute etxebizitza berean erroldaturik daudela ziurtatzen duen agiriaren eta Bikoteen Erregistro Ofizialeko inskripzioaren bidez.
16.–Artikulu honetan araututako baimenen ondorioetarako, joan-etorritzat hartuko dira 75 km-tik gorako distantzia guztiak.
17.–Izatezko bikoteetako kideek ezkontzetarako ezarritako 15 eguneko baimena izaten ahal dute ondoko baldintzak betez gero:
–15 eguneko baimena bikotea Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatu den egunean hasiko da.
–Enpresari gutxienez bi hilabete lehenago eman behar zaio abisua idatziz.
–Bikotea Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatuta dagoelako ziurtagiria aurkeztu behar da; bertan bikoteko kideen datu pertsonalak eta inskripzio-eguna agertuko dira.
–Geroago bikotea ezkontzen bada, langileek ez dute edukiko beste baimen bat izateko eskubiderik arrazoi beragatik.
–Baimen hau izan dutenek ezin dute sei urtean beste bat eskatu beste bikote bat eratzeagatik.
18.–Ordaindutako lizentziak eman ahal izanen dira ikastetxe ofizialetako amaierako azterketak eta gaitasun eta ebaluazioko behin betiko probak egiteko. Horretarako, azterketa edo proba horiek egin izanaren frogagiriak aurkeztu beharko dira.
19.–Langile haurdunek eskubidea izanen dute lanetik alde egiteko, dagokien ordainsaria jasotzeko eskubidea galdu gabe, jaio aurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik abisatu beharko dute, eta horiek guztiak lanaldiaren barrenean egin beharra justifikatu.
20.–Legez onartutako desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duten seme-alabak dituzten langileek zilegi dute lanetik ateratzea, tratamendua ematen zaien hezkuntza bereziko ikastetxeetako koordinazio bileretan parte hartzeko edo, osasun esparruan laguntza gehigarria jaso behar badu, hara laguntzeko.
21.–Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentziak ematen ahalko zaizkie langile finkoei; haien iraupenak ez du inoiz ere ondokoa gaindituko: bi urte naturaletik behin, bost hilabete.
22.–Hamabi hilabete baino gutxiagoko haur baten guraso diren langileak egunean ordubetez atera ahal izanen dira lanetik. Denbora horren ordez hiru ordu laurdeneko bi zatiki hartzen ahalko dira, langilearen hautura. Aukera hori aparteko egoeretan eta arrazoiak emanda baizik ezin izanen zaio ukatu langileari, hain zuzen ere zerbitzuaren funtzionamenduan kalte handia sor dezakeenean.
23.–Lanbide gaitasunak egiaztatzea: zahar etxeak konpromisoa hartzen du gaitasunak frogatzeko deialdien berri emateko. Ikastaroetara joatea erraztuko da.
Ondorio guztietarako, izatezko bikotekideek ezkontideek adina balio izanen dute.
Odol eta ezkontza bidezko ahaidetasunaren graduak
Titularra/ezkontidea:
1. mailakoak | Gurasoak | Aita-amaginarrebak | Seme-alabak | Suhia/erraina |
2. mailakoak | Aitona-amonak | Anai-arrebak | Koinatu-koinatak | Bilobak |
3. mailakoak | Berraiton-amonak | Osaba-izebak | Ilobak | Birbilobak |
4. mailakoak | Lehengusu-lehengusinak |
Odol-ahaidetasun maila: senide batekin dagoen harreman zuzena da: gurasoak, seme-alabak, bilobak eta anai-arrebak.
Ezkontza-ahaidetasun maila: senide batekin dagoen zeharkako harremana da: aita-amaginarrebak, koinatu-koinatak.
27. artikulua. Lan osasuna.
Osasuna berariaz aztertuko da. Lanpostu bakoitzerako dauden protokoloak aplikatuko dira. Langileek eskatuta, enpresak osasun azterketa bat ezarriko du lanpostu bakoitzerako, medikuak egokiesten duen maiztasunarekin, lanpostuaren arriskuak eta langilearen adina kontuan hartuta.
Osasun azterketa egiten ematen diren orduak lanean egintzat joko dira, azterketa lanaldian eginez gero.
Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute langileek euren lanpostuetan dauzkaten lan-arriskuei buruzko dokumentazioa eta material informatiboa prestatzeko.
Orobat, alderdi sinatzaileek sektoreko lan-arriskuei eta osasunaren babesari buruzko informazio eta prestakuntzako saioak antolatuko dituzte langileentzat.
Baja hartzeagatik kaleratu ezin izatea:
Alderdiek hitzartzen dute Estatutuaren 52. artikuluko d) puntua indarrik gabe uztea. Enpresak ez du inolako kontraturik iraungiko lanera ez joateagatik, hori aldizka eta justifikatuta egiten bada, bi hilabete jarraian lanaldi baliodunen %20ra iristen denean, nahiz eta aurreko hamabi hilabetean asistentzia faltak, guztira, lanaldi baliodunen %5 izan, edo %25ra iristen denean jarraitu gabeko lau hilabetean, 12 hilabeteko epean.
Mutuei dagokienez:
Enpresak lanbideko kontingentzien estaldurari eutsiko dio (lanbide gaixotasuna eta laneko istripua) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin, eta osasunaren sistema publikoak emanen du kontingentzia horien ondoriozko osasun laguntza. Estaldura hori ezin da gauzatu Gizarte Segurantzarekiko erakunde laguntzaileen bitartez (mutuak).
Akordio hau sinatzen den egunean enpresak hitzarmen hori sinaturik edukiz gero, mutuarekiko hitzarmen horren luzapena bukatu ondoren, uko eginen dio laguntza ekonomikoaren estaldurari, hitzarmen horren mugaeguna baino hilabete bat lehenago, inolako luzapenik sortu gabe.
Kontingentzia arrunten (eritasun arrunta eta lanekoak ez diren istripuak) ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeretan ordaintzen diren prestazio ekonomikoen estaldurak eta, halaber, halakoetan izaten diren alta eta bajen osasun kontrolak sistema publikoaren esku segituko dute. Beraz, enpresak ezin izanen du estaldura hori Gizarte Segurantzari laguntzeko entitateen bitartez egin.
28. artikulua. Prestakuntza.
Bere lanbide jardunarekin lotura zuzena duen titulu akademiko edo profesional bat lortzeko ikasten ari diren langileek eskubide hauek dauzkate:
–Azterketa ofizialetara joateko baimenak izatea.
–Lan txanda hautatzeko aukera aztertuko da, enpresan halako erregimenik badago, edo ordutegia, bestela, lanbide kategoria eta talde bereko langileen artean, sektore soziosanitarioan gaitasun profesionalen ikasketak egiteko, langileen batzarrari kontsulta egin eta horrek onetsi ondoren, zeinek proposamena igorriko baitu Patronatuak onets dezan.
–Lanbide prestakuntza edo hobekuntzako baimena jasotzeko, lanpostua gordeta, ikasketa ofizialek irauten duten bitartean, eta gutxienez urtebetez eta gehienez bi urtez. Matrikularen gordekina aurkeztu beharko da frogagiri gisa baimena jaso ahal izateko.
Halaber, baldin eta enpresak eta langileek lanbide birziklapenerako ikastaroak ituntzen badituzte, langileek gutxienez 20 ordu edukiko dituzte urtean haietara joateko.
29. artikulua. Eszedentzia eta lanaldi murrizketa seme-alabengatik.
Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea dute borondatezko eszedentzia hartzeko, lau hilekoa gutxienez eta bost urtekoa gehienez (lehen urtean lanpostua gordeko zaio).
Eszedentzia bat hartuz gero, amaitzen denetik lau urte igaro behar dira eskubide honetaz berriro baliatu ahal izateko.
Seme edo alaba bat edo ahaideren bat zaintzeko eszedentzian dauden langileei lehenbiziko hiru urteetan lanpostua gordeko zaie, Langileen Estatutuak arautzen duenaren arabera.
Legezko zaintzapean hamabi urtetik beherako adingabe bat duten langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ezarritako baldintzetan eta proportzioan, eta horren araberako soldata murrizketa eginen zaie.
Lanaldia murrizteari dagokionez, legezko zaintza dela-eta, langile batek hamabi urtetik beherako adingaberen bat edo desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat daukan pertsona bat, lan ordaindurik egiten ez duena, bere kargura izanez gero (37. artikulua, 5. puntua), murrizten diren orduen metaketa eta banaketa ez dira egunez egun nahitaez egin behar. Metaketa eta banaketa urtean zehar egin daitezke.
Borondatezko eszedentzia:
4 hilabetetik 5 urte arte.
Betebeharra: urte 1eko antzinatasuna.
Lanpostua lehenbiziko urtean gordeko da.
Eszedentzia adingabeko seme-alabak zaintzeagatik:
Umeak 3 urte bete arte.
Familiakoak zaintzeko eszedentzia:
(2. mailara bitarte), 2 urte gehienez. Arrazoiak: adina, istripua, gaixotasuna, minusbaliotasuna, lan ordaindurik egiteko gaitasunik eza eta bere kabuz moldatu ezin izatea.
30. artikulua. Lege subsidiarioak.
Hitzarmen honetan berariaz aurreikusirik ez dagoen guztian Langileen Estatutua eta lan arloan indarrean dauden orotariko xedapenak aplikatuko dira.
31. artikulua. Hitzarmena interpretatzeko batzorde paritarioa.
Alderdi sinatzaileen batzorde paritario bat izendatuko da, Patronatuak eta langileen ordezkaritzak osatua (haien artean erakunde sindikal sinatzailea egonen da). Hona bere banaketa eta ordezkaritza, bozketetarako:
Batzorde Paritarioaren eskumenak:
–Hitzarmen hau interpretatzea.
–Haren aplikazioari jarraipena egitea.
–Hitzarmenaren aplikazioa eta interpretazioa direla-eta sortzen diren gatazkez arduratzea eta gatazkok ebaztea.
–Alderdi batek eskatzen duenean bilduko da Batzorde paritarioa.
–15 egun balioduneko epea gaindituta adostasunik lortu gabe sor litezkeen desadostasunen inguruan, hitzartzen da desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko bitartekotza eta adiskidetze prozesuei hel dakiekeela. Arbitraje prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren menpe jartzeko bi alderdien arteko akordioa badago.
32. artikulua. Jazarpen psikologikoa.
Hutsegite oso larritzat joko dira langileen aldetik hitzen bidezko erasoak zein fisikoak egitea, edozein dela ere enpresan betetzen duen lanpostua, asmo psikologikoz edo sexualez pertsonen duintasuna eta intimitatea erasotzen denean.
33. artikulua. Sexu jazarpenaren kontrako prebentzioa eta prozedura/protokoloa
Laneko sexu jazarpena, Europako Batzordeak 1991ko azaroaren 27an emandako 92/131 Gomendioan dagoen definizioaren arabera, laneko harremanetan emakumezkoen eta gizonezkoen duintasunari kalte egiten dion jokabide edo portaera sexuala da. Sexu jazarpenak nahi ez den jokabide fisiko, hitzezko edo hitzez bestekoa ekar dezake berarekin, eta haren ezaugarri nagusia da biktimak edo portaeraren xede den pertsonak ez duela halakorik jasan nahi.
Patronalak hitz ematen du deklarazio bat eginen duela sexu jazarpenik ez dela onartuko adierazteko.
Patronalak hitz ematen du prestakuntza eskainiko duela sexu jazarpena identifikatzeko, salatzeko eta hari aurrea hartzeko.
Sexu jazarpenezko egoerei aurre egiteko prozedura/protokoloa prestatuko da. Aurretik batzorde paritario bat eratuko da, langileen eta patronalaren ordezkariek osatua, protokolo hori prestatzeko irizpide zehatzak ezar ditzan.
Zentroetako diziplina arauetan sexu jazarpenezko portaerak eta dagozkien zehapenak jasoko dira.
Patronalak hitz ematen du goian aipatutako protokoloaren berri zabalduko duela.
34. artikulua. Genero-indarkeriaren kontrako neurriak.
Genero indarkeria arazo soziala da, erauzita gelditzeko aldaketa sakonak eskatzen dituena jendea sozializatzeko moduan, jarduketa integralak eginez hezkuntza arloan, arlo sozialean, osasun arloan, arlo juridikoan eta lan arloan. Alde horretatik, genero indarkeriaren biktimek, hitzarmen kolektibo honen esparruaren barnean badaude, Genero Indarkeriaren Kontrako Babes Integralerako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Legean lan arloan ezarritako eskubideak baliatzen ahal dituzte, betiere egoera hori frogatzen badute enpresan, epaileak biktimaren alde emandako babes aginduaren bidez edo Fiskaltzaren txostenaren bidez (babesteko agindua eman bitartean), non esanen baita badaudela zantzuak eskatzailea genero indarkeriaren biktima dela.
35. artikulua. Biltzeko eskubidea.
1. Enpresa bateko langileek eskubidea dute batzarrean biltzeko. Langileen ordezkariek edo enpresa batzordeak eginen dute batzarrerako deia eta haietan buru arituko dira. Eguna eta gai-zerrenda jakinaraziko dizkiote enpresako zuzendaritzari, gutxienez 48 ordu lehenago.
Enpresak batzarraren berri izanen du 24 ordu lehenago, presakotzat jotzen denean izan ezik. Lantokian bilduko dira eta lan orduetan edo lan orduetatik kanpo egin daiteke batzarra.
2. Halaber, atal sindikaleko kideek eskubidea izanen dute bilkurak edo batzarrak egiteko, lan orduetatik kanpo, aurreko paragrafoan jasotako batzarreko orduez gainera. Ordezkari sindikalek eginen dute batzarrerako edo bilkuretarako deia eta haietan buru arituko dira. Eguna eta gai-zerrenda jakinaraziko dizkiote enpresako zuzendaritzari, gutxienez 48 ordu lehenago.
36. artikulua. Euskalduntzea.
Euskara bermatuko da enpresaren hizkuntza paisaian. Hartara, euskarazko errotulazioa ageriko da instalazio, ibilgailu eta gainerako jabetzetan. Errotulaziorik izanez gero hizkuntza batean baino gehiagotan, euskarak besteen adinako maila izanen du. Hala gertatu ezean, euskara geldituko da nabarmenduta.
Barneko harremanak.
Ondotik agertzen den zerrendan bermatuta geldituko da euskara. Agiri horiek ele bitan edo euskara hutsean idatziko dira. Ele bitan eginez gero, bi hizkuntzak maila berean paratuko dira, edo, nolanahi ere, euskaraz idatzitakoa nabarmenduko da:
Deialdiak eta aktak.
Hitzarmen kolektiboak.
Iragarki-oholeko oharrak.
Nominak.
Harrera liburua.
Kontratuak.
Inprimakiak.
Aita Barandiaran zahar etxearen gela, bulego edo lokal guztietako kanpoko zein barreneko errotulazioa, oro har, euskaraz eta gaztelaniaz egonen da (elebitasun normalizatzailea).
Kalterik egin gabe hizkuntza ezagutzen ez duten herritarren eskubideei.
Langile euskaldunek hasieran euskaraz eginen diete egoiliarrei, familiakoei eta lankideei, eta haiek aukeratzen duten hizkuntzan jarraituko dute.
Euskaraz ez dakien langileren batek hizkuntza horretan hurbildu zaion edo hizkuntza horretan egin nahi duen norbaiti kasu egin behar dionean, inguruko langile elebidunen laguntza bilatuko du.
Hartzaile jakinik gabeko ahozko mezuak (hau da, erantzungailu automatikoz egindakoak, telefono bidezko informazio zerbitzuak, bozgorailu bidezkoak eta antzekoak) euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira, ordena horretan.
Aita Barandiaren zahar etxean erabiliko diren inprimakiak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira, eta lehentasuna emanen zaio euskarazkoari (elebitasun normalizatzailea), bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan betetzeko aukera eskainiz.
Hartzaile jakinik gabeko dokumentu administratiboak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira (elebitasun normalizatzailea).
Letraren tamainari dagokionez, %60koa izanen da euskaraz adierazitako testuarena, eta %40koa gaztelaniazkoarena. Testua ezin denean bi tamaina desberdinetan eman, euskarazko testuak hedadura handiagoa izanen du. Bi hizkuntza ofizialak orrialde berean, bi zutabetan, erabiltzea aukeratuz gero, euskarazko testua ezker aldeko zutabean egonen da, eta gaztelaniazkoa eskuinekoan. Testua goitik behera antolatuz gero, goialdea euskaraz etorriko da. Bi orrialdekoak izanez gero, euskarari eskuinekoa dagokio. Bi aldeetan idatzitako orri bakarra bada, alde batean euskarazko bertsioa joanen da, eta bestean, gaztelaniazkoa. Gutun-azal batean sartzeko orduan, euskarazkoa izanen da hura irekitakoan agertzen den lehenbizikoa.
Idatzizko komunikazioei dagokienez, Aita Barandiaran zahar etxea dokumentazioaren igorlea denean, adierazpena bi hizkuntzetan eginen da.
Hiru ale sinatu dira, Altsasun, 2015eko maiatzaren ....(e)an.
Patronatuaren izenean. Langileen ordezkariak: Isabel Gracia Larraya.
I. ERANSKINA
Subrogazioa kasu guztietan.
II. ERANSKINA
Lan baldintzak ez aplikatzeko klausula
Zerbait ez aplikatzeko, adostasunez egin behar da, edo, bestela, borondatezko arbitrajearen bitartez.
Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluarekin bat hemen hitzartutako lan baldintzak aplikatu nahi ez dituzten enpresek prozedura hau bete behar dute:
Langileen legezko ordezkariei jakinaraztea zergatik ez duten nahi lan baldintzak aplikatu. Jakinarazpen horrekin batera, behar adina frogagiri aurkeztuko dira, langileen ordezkariek aztertu ditzaten.
30 eguneko kontsultaldia zabaltzea enpresaren eta langileen legezko ordezkarien artean. Kontsulta aldian adostasunik ez bada, edozein aldek jar dezake desadostasuna hitzarmenaren batzorde paritarioaren menpe, eta horrek, gehienez ere, hamabost eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik. Kontsultak egiteko epea iraganda eta Batzorde Paritarioak esku hartu bai baina adostasunik gabe, alderdiek men eginen diete gatazkak judizioz kanpo ebazteko prozedurei; betiere, nahitaezko arbitrajea baztertuko da.
Kontsultaldia akordioa lortuta bukatzen bada, lan arloko jurisdikzioan aurkara daiteke, iruzurragatik, doloagatik, hertsapenagatik edo eskubideaz abusatzeagatik soilik. Akordioak zehatz azaldu beharko ditu enpresan aplikatzekoak diren lan baldintza berriak eta haien iraupena. Azken hau ezin izanen da luzatu enpresan hitzarmen berri bat aplikatzekoa den unetik aurrera, edo hitzarmena ez aplikatzea ekarri duten arrazoiak desagertzearen ondorioz. Akordio hori hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioari eta lan administrazioko agintaritzari jakinarazi beharko zaie.
Bestalde, alderdiek konpromiso hauek hartzen dituzte:
1.–Kontrol eta jarraipen organo bat eratzea, Jarraipen batzordea izenekoa, organo paritario gisa. Haren osaera, eginkizunak eta indarraldia honako hauek dira:
1.1.–Jarraipen batzordea alderdi sozialak eta entitatea ordezkatzen duen alderdiak osatuko dute. Langileen legezko ordezkariek osatuko dute alderdi soziala, baita horiek libreki izendatzen dituzten aholkulariek ere. Enpresak libreki izendatzen dituen ordezkariek eta aholkulariek osatuko dute entitatea ordezkatzen duen alderdia.
1.2.–Jarraipen batzordea eratuko da enpresa lan baldintzak ez aplikatzen hasten den unean eta funtzionamenduaren agenda ezarriko du. Horretarako, hiru hilabetean behin bilduko da gutxienez.
1.3.–Jarraipen batzordeak eginkizun hauek beteko ditu:
–Entitatearen egoera ekonomikoa ezagutzea hiru hilabetean behin, ebaluatu eta zehaztu ahal izateko hartutako neurriak beharrezkoak diren ala ez. Bestalde, informazioa izanen du aurreikuspen posibleei dagokienez. Horretarako, batzordea osatzen duten alderdiek entitatearen programak, diru-laguntzak, hitzarmenak eta gainerako diru-iturriak ezagutuko dituzte, baita haien aurreikuspenak ere. Informazio hori alderdi bakoitzari jakinaraziko zaio bildu baino 10 egun lehenago, eta batzordeak zehaztuko du agendan.
–Egoera ekonomikoa aztertuta, aipatutako informazioa oinarritzat hartuta, zehaztuko da neurriak edo akordioa, halakorik balego, mantentzen diren. Horretarako, bilkuraren akta eginen da, eta alderdi bakoitzak egoki irizten dituen puntu guztiak ezarriko dira bertan, baita hartutako ebazpenak ere. Alderdietako edozeinek egin diezaioke kontsulta hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioari.
Enpresan langileen legezko ordezkaririk ez badago, langileek Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan xedatutakoarekin bat izendatutako batzorde baten esku uzten ahalko dute ordezkaritza hori.
Iragarkiaren kodea: F1508408
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
