150. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Udal ordenantza, ibilgailuak espaloietan barna sartzeko
eta eremu publikoa pasabide edo aparkaleku esklusiborako
edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko
tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Azagrako Udalak, 2015eko apirilaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa pasabide edo aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2015eko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 28an, baita Azagrako Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen kontra –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Azagran, 2015eko uztailaren 8an.–Alkate udalburua, Ignacio Gutiérrez Sánchez.

ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILUAK ESPALOIETAN BARNA SARTZEKO ETA EREMU PUBLIKOA PASABIDE EDO APARKALEKU ESKLUSIBORAKO EDO EDOZEIN SALGAIREN ZAMALANETARAKO ERRESERBATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau hurrengo artikuluen babesean ezarri da:

a) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua.

b) Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 93. eta 96. artikuluen artekoak.

c) Martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da espaloian, eremu publikoan edo erabilera publikoko lurretan honako aprobetxamendu hauek egitea:

a) Erabilera pribatuko eraikin eta orubeetan motordun ibilgailuek edo ziklomotorrek sarbidea edo pasabidea izatea, espaloietan barna, sestra aldaketa eginez nahiz egin gabe.

b) Erabilera pribatuko eraikin eta orubeetan motordun ibilgailuek edo ziklomotorrek pasabide esklusiboa izatea, eremu publikoa erreserbatuz.

c) Erabilera publikoko bide eta lurretan lekua erreserbatzea, salgaien zamalanak egiteko, enpresek edo partikularrek eskaturik.

d) Erabilera publikoko bide eta lurretan lekua erreserbatzea, entitateen edo gizabanakoen zerbitzuko ibilgailuak aparka daitezen.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordenantza honetan ezarri tasak urtarrilaren 1ean sortuko dira urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta aprobetxamendua urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko seihileko naturalen arabera, aprobetxamendua hasi edo bukatzeko seihilekoa barne hartuta.

Hala ere, tasa ordaindu beharra aprobetxamendua ematen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

Gutxieneko pasabidea 3 metro izanen da.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta, ordenantza honen 2. artikuluan aurreikusitako kasuetako bati jarraikiz, tokiko jabari publikoa beren alde erabili edo ustiatzen badute edo hari onura ateratzen badiote.

Zergadunaren ordezkoak izanen dira ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako aprobetxamenduei onura ateratzen dieten higiezinen jabeak eta, hala denean, horiek kuotak jasanarazten ahalko dizkiete dagokien zergadunei.

Salbuespenak

5. artikulua. Tasarik ez zaie ordainaraziko pertsona edo entitate publikoei zein pribatuei, Udalbatzak, osoko bilkuran, erabakitzen badu komunitatearendako zerbitzu mesedegarriak egiten dituztela.

Honako hauei ematen zaizkien lizentziak salbuetsiko dira:

a) Estatua, Probintzia edo Udala.

b) Ikastetxeak (eskola garraiorako).

c) Garraio publikoari atxikita dauden eta udalerrian geldialdiak dituzten herri arteko autobusak, geltokiei dagokienez.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua.

1.–Ordenantza honen 2. artikuluko a) eta b) ataletan ezarri kasuetan, aparkalekuen kopuruak zehaztuko du ordenantzaren eranskinean ezarri tarifak aplikatzeko erabiliko den oinarria, etxebizitza edo orube bakoitza aparkaleku baten jabe dela ulertuta.

Kasu horietan aprobetxamendua hainbat higiezinena (familia bakarrekoak edo kolektiboak) den zirkulazioko zona pribatu baterako sarbidean badago, aprobetxamenduari onura ateratzen dioten etxebizitzen kopuruari dagozkion tarifak aplikatuko dira.

Halaber, etxebizitzak edo etxebizitza multzoak eta biltegiak, etxabeak, bihitegiak, patioak, ataripeak edo bestelakoek osatzen dituzten eta kale baterako hainbat sarbide dituzten higiezinei dagokienez, lizentzia bakarra beharko da, horiek guztiak erabiltzeko bidea emanen duena, aprobetxamenduari onura ateratzen dioten etxebizitzen kopuruari dagozkion tarifak aplikatuta.

2.–Tokia erreserbatzen denean, eremu horren luzera hartuko da oinarritzat.

3.–Aplikatu beharreko kuotak Udalak ekitaldi bakoitzean onetsitakoak izanen dira.

Kudeaketa arauak

7. artikulua.

1.–Lizentziak ordenantza honen kudeaketa arauetan xedatutakoaren arabera emanen dira, aprobetxamenduaren onuradunak eskatu ondoren.

Interes publikoaren onerako eta lur gainean ahalik eta aparkaleku gehien mantentzeko asmoz, behar bezala arrazoitutako ohiz kanpoko kasuetan baino ez dira emanen pasabide lizentziak etxebizitzei lotu gabeko lokaletan ibilgailuak zaintzeko, txosten teknikoa egin ondoren. Irizpide mugatzaile berdinari jarraituko zaio toki erreserbetarako.

2.–Espaloian barna ibilgailuak sartu ahal izateko obrak egin behar eta horien ondorioz zoladuran mugimenduren bat egin beharra baldin bada, aldi berean pasabidea egiteko lizentzia eskatuko da eta “Erabilera publikoko lurretan zangak irekitzeko eta eremu publikoko zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egiteko aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan” ezarritako tasak eta fidantzak ordaindu eta gordailuak eginen dira.

3.–Pasabidea egiteko lizentzia eman ahal izateko pasabide horrek baimena izan beharko du eta tasak ordaindu eta gordailua egin beharko da.

4.–Indarra duen araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua.

5.–Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean tokiko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta zenbateko hori aurretik gordailutzera ere. Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari. Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

6.–Lizentziak eman ondoren, Udal Zerbitzuek haien titularrak gehituko dituzte zentsu fiskalean.

7.–Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero baja ematera beharturik daude eta, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzultzera eta espaloia eta zintarria lehengoratzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da, harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

Ikuskaritza

8. artikulua. Halako higiezin batean lizentziarik gabe aprobetxamendu hori egiten badute, Udal Zerbitzuek horren berri emanen diote betiere Udalari.

Arau-hausteak eta zehapenak

9. artikulua.

1.–Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik eskatu gabe aprobetxamendua egitea.

2.–Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legean eta horrekin bat heldu diren arauetan agindutakoari.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Xedapen indargabetzailea.–Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa pasabide edo aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen aurreko ordenantza indargabetuko da.

Iragarkiaren kodea: L1510172