149. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

274/2015 FORU AGINDUA, uztailaren 22koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako euriteek, elurrak eta uholdeek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzen deialdia eta horiek arautzeko oinarriak onesten dituena.

2015eko lehen hiruhilekoan ohi baino askoz ere euri gehiago egin zuen Nafarroako Foru Komunitatean. Horrekin batera elur-erauntsiak ere izan zirenez behin baino gehiagotan, intentsitate desberdineko hiru uholde gertatu ziren urtarrilaren amaieratik otsailera bitarte, ondorio larriekin: kalte handi samarrak azpiegitura publiko eta pribatuetan, galerak nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan, eraginak natur ingurunean eta ondasun publiko nahiz pribatuetan.

Nafarroako Gobernuak adierazi du dagoeneko zenbait neurri lehenbailehen hartzeko konpromiso irmoa duela, gertatutako kalteak konpontzeko eta kaltetutako azpiegiturak lehengoratzeko xedearekin; horrenbestez, erabaki bat hartu zuen 2015eko maiatzaren 6an, Nafarroako Foru Komunitatean 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako euriteek eta elur ekaitzek eragindako kalteak konpontzeko jarduketa plana onesteko. Plan hori lagungarria izanen da kaltetutako eremuetan normaltasuna berreskuratzeko, eta ahalmena ematen dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ezar dezan, foru agindu baten bidez, ukitutako zein udalerri eta kontzejutan aplikatuko diren jarduketa plan honetako neurriak.

Espainiako Gobernuak ere hartu ditu zenbait neurri uholdeen ondorioei aurre egiteko. Horrela, martxoaren 6ko 2/2015 Errege Lege-dekretuaren bidez, premiazko neurriak hartu ditu aipatu egunetan Ebroren arroko ibaiek gainezka egitean uholdeek sortutako kalteak konpontzeko, jarduketa multzo baten bitartez.

Errege Lege-dekretu hori garatzeko, apirilaren 17ko INT/673/2015 Agindua argitaratu da, 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako uholdeek eta eurite, haizete eta elurteen beste ondorio batzuek sortutako kalteak konpontzeko presako neurriak hartzen dituen martxoaren 6ko 2/2015 Errege Lege-dekretuan aurreikusitako neurriak zein udalerritan aplikatuko diren zehazten duena, eta apirilaren 17ko INT/672/2015 Agindua, 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako uholdeek eta eurite, haizete eta elurteen beste ondorio batzuek sortutako kalteak konpontzeko presako neurriak hartzen dituen martxoaren 6ko 2/2015 Errege Lege-dekretuaren 2.4 artikulua garatzen duena. Bigarren agindu horretan ezartzen da zein diren diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta diru-laguntzak emateko prozedura.

Beharrezkoa da ziurtatzea Espainiako Gobernuak abian jarritako neurriak eta Nafarroako Gobernuak ezarritakoak behar bezala koordinaturik daudela eta Europar Batasunak diru-laguntza mota honetarako ezarritako arau-esparruarekin bat datozela. Horrez gain, kontuan hartu behar da Nafarroako Gobernuak ezarri dituen laguntzak nazio osorako ezarri direnen osagarriak direla, nahiz eta zenbateko eta norainoko handiagoa izan. Izaera osagarri hori dela eta, foru erkidegoko laguntzak eta estatuko laguntzak eskatzeko prozedurak koordinatzea komeni da, ahal dela elementu komunak erabiliz eta beharrezkoak ez diren karga burokratikoak alde batera utziz.

Foru agindu honen bidez, natur hondamendi horiek kaltetutakoei laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dira; nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan ukitutako elementuetan izan diren kalteak konpontzea da laguntzen xedea, kalte horiek konpontzeko jarduketa plana onesteko Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an hartutako Erabakiaren Eranskineko 3.5 eta 3.7 puntuei jarraikiz.

Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 20an hartutako Erabakiaren bidez jarduketa plan bat onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitatean 2015eko urtarrileko, otsaileko eta martxoko euriteek, elurrak eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko.

Hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasota daude, izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Batasunaren erregelamendu horren 2.9 artikuluan jasotako hondamendi naturalen artean elur-jausiak, luiziak eta uholdeak agertzen dira.

Ordaindu beharreko kalteak nolakoak diren ikusita, bidezkoa da laguntza hauen interes publikoa deklaratzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondorioetarako.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela ikusirik, espedienteari izapidetze aurreratuko espedientearen izaera ematea proposatzen da, kreditu egokia eta nahikoa izateko baldintzarekin betiere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako euriteek, elurrak eta uholdeek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzen deialdia eta horiek arautzeko oinarriak onestea, foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso den bezala.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenerako eredua eta laguntzen eskabidearena onestea; ebazpen honen III. eta IV. eranskinetan jasota daude.

3. 700.000 euroko gastua baimentzea, ustiategiari lotutako elementuetan izandako kalteei aurre egiteko gastu konpromisoei erantzuteko, 2016ko gastuen aurrekontuko “Azpiegitura pribatuetako kalteetarako eta errenta galerarako laguntzak” izeneko 710000 71210 7700 412100 kontu-sailaren kargura, edo horretarako sortutakoaren kargura, ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa egotearen menpe, betiere.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluarekin bat.

6. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratzen denetik hilabeteko epean, 4/1999 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz (lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

Iruñean, 2015eko uztailaren 22an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

I. ERANSKINA

Xedapen orokorrak

Lehen oinarria.–Laguntza araubide honetatik salbuesteko baldintzak.

1. Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

2. Laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ematen diren kasuan.

b) Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

3. Laguntzen araubide honek 2016ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

4. Kalteak arintzeko jasotako laguntzen eta bestelako ordainketen zenbatekoak baturik (batez ere aseguru polizetatik datozen ordainketak), ezin izanen da diruz laguntzen ahal diren kostuen %100 gainditu.

Bigarren oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntzen hartzaileak nekazaritza ustiategi txiki eta ertainen titularrak izanen dira, betiere ustiategiek enpresa txiki eta ertainen izaera badute, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinarekin bat, eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta badaude. Ustiategiaren zati handiena beste erkidego batean duten ustiategien kasuan, ustiategiak kasuan kasuko erkidegoko nekazaritza ustiategien erregistroan inskribatuta egon beharko du.

2. Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntza eskatzen denean, horien xede diren lurzatiek Nafarroan egon beharko dute, eta 2015eko urtarrilaren 1ean Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta, edo, ustiategiak Nafarroatik kanpo azalera handiagoa baldin badu, kasuko autonomia erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan. Laguntzak 2014an gertatutako uholdeek eragindako kalteengatik eskatuz gero, ustiategiak 2014ko urtarrilaren 1erako egon beharko dute inskribatuta.

3. Ustiategi bateko lurzatiengatik eskabide bakarra aurkezten ahal da.

Hirugarren oinarria.–Eskabideak aurkezteko tokia.

1. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira lehentasunez (González Tablas kalea, 9, Iruña), departamentuko eskualdeko langeletan eta arlokoetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Eskaerak telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

2. Foru agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako kalteen jakinarazpenak ez dira laguntza eskabidetzat hartuko, eta interesdunek foru agindu honetan aurreikusitako oinarriei jarraikiz aurkeztu beharko dituzte beren eskabideak.

Laugarren oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

Foru agindu honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

Bosgarren oinarria.–Laguntza deialdien antolaketa eta instrukzioa.

1. Eskabideak jaso ondoren, II. eranskineko hirugarren oinarrian eskatzen diren agiriak aurkeztu direla egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, gehienez ere 10 eguneko epean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta hala egin ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko foru agindu bat emanen dela adieraziko zaio. Foru agindu hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, egiaztatuko da baldintza guztiak betetzen dituztela. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko foru aginduaren proposamena eginen du.

4. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du diru-laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

5. Emandako laguntzen ordainketa foru agindu baten bidez eginen da, laguntzetako zenbateko guztiak jakinda, eta horiek deialdi honetan erabil daitekeen diru-kopuruarekin alderatu ondoren, horrela, beharrezkoak diren murrizketak eta doikuntzak aplikatzen ahalko baitira, deialdi hau onesten duen foru aginduaren II. eranskinean horri buruz xedatutakoaren arabera.

Seigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasunari lotutako betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen foru agindua jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko deklarazio bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, zenbatekorik kobratu bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Deialdi honetan eskatutako betebeharrak bete ezean, diru-laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Zortzigarren oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, Nafarroako Foru Komunitatean 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako euriteek, elurrak eta uholdeek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzei buruzko fitxan.

II. ERANSKINA

Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteak konpontzeko laguntzen oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea eta aplikazio eremua.

Eranskin honen xedea oinarri arautzaileak ezartzea da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 15eko 186/2015 Foru Aginduan, Nafarroako Foru Komunitatean 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan eurite, elurte eta uholdeen kalteak jasan dituzten udalerrien zerrenda onesten duen horretan, zehazten den lurralde eremuko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan izandako kalteak konpontzeko laguntzen gainekoak.

Bigarren oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauen bidez nekazaritza lurzatietako egituran eta nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiko elementu iraunkorretan, jarduera betetzeko beharrezkoak direnetan, izaniko kalteak konpondu edo aldatzeko kostua pagatuko da. Berotegietako egitura eta instalazioetan izaniko kalteak kanpo geldituko dira.

2. 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako uholdeek eta eurite, haizete eta elurteen beste ondorio batzuek sortutako kalteak kalteak konpontzeko presako neurriak ezarri zituen martxoaren 6ko 2/2015 Errege Lege-dekretuaren 2.4 artikuluan Estatuaren Administrazio Orokorrak ezarritakoen osagarriak eta subsidiarioak dira deialdi honen laguntzak.

Eranskin honen laguntzak eskuratzeko nahitaezkoa izanen da Estatuaren Administrazio Orokorrari apirilaren INT/672/2015 Aginduan araututako laguntzak eskatu izana, haiek emateko eskatutako baldintzak betetzen badira. Estatuaren Administrazio Orokorrari laguntza eskatu ezean, eskatzaileak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinarazi beharko dio laguntza eskabidean zer baldintza ez zuen betetzen Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren deialdian.

3. Elkargo bateko kide den peritu batek emandako txosten batean deskribatutako konponketa edo aldaketaren kostu osoa ere har ditzakeen diru-laguntza ematen ahalko da, gehienez ere 50.000 euro ustiategi bakoitzeko, eta lehentasuna emanez ustiategi bakoitzean lehendabiziko 15.000 euroko kopuruari, aurrekontuko diruaren arabera.

4. Ustiategietako aktiboetan izandako kalte moten artean, diru-laguntza jaso dezakete soilik honako hauek, nekazaritzako jarduera betetzeko beharrezkoak badira, betiere:

–Garbiketa, hondakinak, legarra eta kanpotik etorritako beste material batzuk kentzea.

–Lur-geruza goldagarria galdu denean, lurra gehitzea.

–Lurzoruaren eta ekoizpenerako gaitasunaren behin betiko galera.

–Galerak edo kalteak soro-mailetan, terrazetan, hormetan eta lurzatiak eratzeko eta higadura geldiarazteko beste elementu batzuetan.

–Erretenak, ubideak eta uhateak.

–Lur azpitik doazen hodiak.

–Lurzati eta instalazioetako sarbideak.

–Erregai biltegiak edo beste mota batekoak.

–Goi eta behe tentsioko sare elektrikoak, transformadoretik putzura edo ustiategiko beste elementu batzuetara.

–Kalteak etxoletan.

5. Aurreko puntuan aipatzen diren kalteak foru agindu hau onetsi aurretik presaka lehengoratu behar izan badira, diru-laguntza jaso dezakete halere, baldin eta ustiategiaren titularrak erregistro publiko batean kalte horiei buruzko nahikoa informazio utzi badu, II. eranskin honen hirugarren oinarrian aipatzen den peritu memoria baloratua egiteko oinarria izan dadin.

6. Babesteko moduko gutxieneko kopurua 500 eurokoa izanen da, eta diruz lagundutako gastuen artean ez dira sartuko peritu memoria baloratua egiteko lansariak.

7. Jasandako BEZa ez da diru-laguntzaren xede izanen.

Hirugarren oinarria.–Eskabidea aurkezteko epea eta harekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1. Hilabeteko epea dago laguntza eskabideak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Interesdunek diru-laguntza eskabideak, behar bezala beteta, agiri hauekin batera aurkeztuko dituzte:

–Berariaz emandako baimena, ministerio kudeatzaileari aurkeztutako agirietako datuak eskatzeko (laguntza eskatzeko baldintzak betetzen baditu), puntu hauei buruz: nortasuna, lege ordezkariak, langile kopurua eta jarduera, apirilaren 17ko INT/672/2015 Aginduaren 5. artikuluko 1. puntuan, b), c), d), e) eta f) letretan aipatzen direnak, alegia, bai eta diruz lagundutako kalteak eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta aseguru primetatik jasotako edo jaso beharreko zenbatekoak ere.

–Kalteei buruz peritu batek egindako memoria baloratua, edo martxoaren 6ko 2/2015 Errege Lege-dekretuaren 2.4 artikulua garatzen duen apirilaren 17ko INT/672/2015 Aginduaren arabera aurkeztutakoaren kopia.

–Nafarroako Gobernuari emandako baimena, datu fiskalak eta Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak egiaztatzeko.

Laugarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena eta laguntzen ordainketa.

1. Kaltea diruz laguntzeko modukoa dela adierazteko eta laguntza eman edo ukatzeko ebazpena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emanen du 2016ko urtarrilean, kasu bakoitzean honakoak egiaztatu ondoren:

2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako uholdeek eta eurite, haizete eta elurteen beste ondorio batzuek sortutako kalteak konpontzeko presako neurriak ezarri zituen martxoaren 6ko 2/2015 Errege Lege-dekretuaren 2.4 artikulua garatzen duen apirilaren 17ko INT/672/2015 Aginduari jarraikiz emandako laguntzak.

b) Kalteen memoria baloratuaren edukia.

c) Aseguru primak direla eta jasotako edo jaso beharreko diru-kopuruak.

d) Gastua egin izana frogatu dela fakturak eta ordainagiriak aurkeztuz.

2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak kalteen balioa eta dagokion laguntza egokitzen ahalko du, TRAGSA enpresa publikoak jarduketa horietarako ezarrita dituen moduluen arabera.

3. Eranskin honen bigarren oinarrian aurreikusitako laguntzen kasuan, lehenik 15.000 euro arteko laguntza emanen zaio eskaera bakoitzari. Aurrekontuko dirua aski ez bada kopuru horri erantzuteko eskaera guztietan, kaltearen zenbatekoaren proportzioan egokituko dira kopuruak.

Hasierako kopuru hori eman ondoren aurrekontuan dirua egonez gero, berriz eginen da laguntzen kalkulua, eskaera bakoitzean 50.000 euroko zenbatekora iristeko. Eta aurrekontuan horretarako behar beste dirurik ez badago, proportzioan murriztuko da bigarren tarte horretako zenbatekoa.

4. Laguntza eskaeraren xede diren ondasunen konponketak edo aldaketak egin ondoren eta egindako gastua eta ordainketa justifikatuta daudela emanen da betebeharra onartu eta ordaintzen duen foru agindua. Horretarako, eskatzaileak gastuen ziurtagirien kopia aurkeztuko du, foru agindu honen I. eranskineko lehen oinarriaren 4. puntuan xedatutakoa frogatzeko.

5. Laugarren oinarri honen 1. puntuan ezartzen den prozedura ebazteko gehieneko epea iraganik diru-laguntzak emateko foru agindua jakinarazi gabe, eskabidea isiltasun administratiboaren ondorioz ezetsi dela ulertuko da.

6. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko eta onuradunek haien justifikazioa aurkezteko epea 2016ko martxoaren 1ean amaituko da.

7. Ezarritako epean jarduketak ez gauzatzeak eta funtsak diruz lagundutako jarduketetan ez erabiltzeak kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko dute.

Bosgarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntzaren xedeko nekazaritza ekipamenduetako kalteak konpontzea.

b) Funtsak diru-laguntzaren xederako erabiltzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onartu edo ematen dituen laguntzen gainean egiten dituen egiaztapenak onartzea.

d) Edozein administrazioren beste diru-laguntza batzuk, helburu berekoak, eskatu edo lortu izanaren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

e) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

Seigarren oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak eta subsidiarioak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak helburu bererako eskatu eta azkenean lortutako laguntza guztiak jakinarazi beharko ditu.

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena

Izen-abizenak: ......................................, NANa/IFZ: ..........................

Honen ordezkaria da: ............................................. IFK: ....................

Helbidea: ...................................... Diru-laguntzaren onuraduna naizen aldetik, aitorpen hau egiten dut (unitate kudeatzaileak bete beharrekoa):

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen ditu (2013ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Foru dekretu horren 3. artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak gardenak izatera behartuta daude, inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

(Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira).

Aipatu foru dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoari jarraituz,

AITORTZEN DUT:

Ez dudala gardentasun betebeharrik (aipatutako foru dekretuaren 3. artikuluan azaldutako inguruabarrak gertatzen ez direlako).

.......................................................................................-k (adierazi organo-emailea) emandako ................................................................................ (izena) diru-laguntza dela-eta, informazioa aurkeztu dudala; beraz, ez da errepikatu beharrik, emandako datuak aldatu ez direlako.

Gardentasun betebeharra dudala eta, horrenbestez, 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako informazioa ematen dut aitorpen honen eranskinean, eta entitatearen urteko azken kontuen kopia eransten.

.............................(e)n, 20....(e)ko ...............aren ..........(e)an

Sinadura:
Kargua:

Eskatzailearentzako argibide interesgarriak:

1. Aitorpen hau eta kasuan-kasuan aurkezten den informazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari igorriko zaizkio.

2. Aitorpen hau igortzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala badagokio, argitaratzen den egunetik hasita. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

3. Entitate onuradunak ematen duen informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai, argitaratzen denetik. Epe hori igarota, hura argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du, eta, hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du.

IV. ERANSKINA

Laguntza eskabidearen gutxieneko edukia

Informazio hau jasota dago, halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko arloko langeletan eskura dagoen aplikazio informatikoan.

Datu pertsonalak:

Abizenak, izena, IFZ/IFK.

Posta helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa.

ESKATZEN DU:

Laguntza, ustiategiko elementu hauetan izandako kalteei aurre egiteko:

UDALERRIA

POLIGONOA

LURZATIA

BARRUTIA

DESKRIBAPENA KALTEA

UN.

ZENBATEKO UNITATEKO

BALIOA

GUZTIRA

Baimena ematen dio Nafarroako Gobernuari bere datu fiskalak eta gizarte segurantzaren kotizazioak egiaztatzeko, bai eta ministerio kudeatzaileari aurkeztutako agirietako datuak eskatzeko ere, puntu hauei buruz: nortasuna, lege ordezkariak, langile kopurua eta jarduera, apirilaren 17ko INT/672/2015 Aginduaren 5. artikuluko 1. puntuan, b), c), d), e) eta f) letretan aipatzen direnak, alegia, bai eta diruz lagundutako kalteak eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta aseguru primetatik jasotako edo jaso beharreko zenbatekoak.

Nafarroako Gobernuak laguntza hauen inguruan egiten dituen kontroletan lagunduko duela hitz ematen du.

Adierazten du (behar ez dena, ezabatu):

–Apirilaren 17ko INT672/2015 Aginduaren laguntzak eskatu dituela.

–Ez dituela eskatu apirilaren 17ko INT672/2015 Aginduaren laguntzak, ez dituelako baldintza hauek betetzen jasotzeko:

  • Erantsitako dokumentazioa.
  • Administrazio zentralari aukeztutako laguntza eskabidearen kopia.
  • Kalteen memoria baloratuaren jatorrizkoa edo kopia.

Tokia, eguna eta sinadura

Iragarkiaren kodea: F1510661