2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR NAGUSIA
Udal ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena
Zizur Nagusiko Udalak, 2015eko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza, baita horren arauzko tramitazioa ere.
Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2015eko 192. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14an, eta Udaletxeko iragarki oholean. Jendaurreko epean inork ez dio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.
Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.
Zizur Nagusian, 2015eko ekainaren 18an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.
UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea, Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak banatzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota.
2. artikulua. Titularrak.
Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:
1.–Desgaitasunen bat duten pertsona fisikoak, Zizur Nagusian erroldatuak, ondoko egoera hauetakoren batean daude:
a) Mugikortasun murriztua dutenak, Desgaitasun maila onartu, aitortu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin bat, betiere aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera; nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntu lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan, eta, osasun egoera dela edo beste arrazoi batzuk direla eta, etxetik kanpo joan-etorriak egiteko ezindurik ez egotea.
b) Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 edo gutxiago dutenak leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.
Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute.
2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak (Zizur Nagusian erroldatuak) edo juridikoak (Zizur Nagusian alta emandako ibilgailuen titularrak), autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean, eta, halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.
3. artikulua. Erabilerarako baldintzak.
Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.
Aurreko artikuluko 2. atalean jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.
Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.
4. artikulua. Balio epea.
Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: 5 urte.
Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.
Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.
Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarraldian jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.
5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.
Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.
Halako egoerak osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak baliozkotu beharko du.
Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko dira, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.
Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
6. artikulua. Txartela eskatu eta emateko prozedura.
Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.
Eskaera:
Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.
Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Karneterako argazki bat.
–NANaren fotokopia.
–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multifuntzionalek bete beharko dute.
Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.
–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.
–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.
Dagoen dokumentazioa egiaztatu eta azterturik, Udaltzaingoak aldeko edo kontrako txostena igorriko dio alkateari, eta hark ebazpena emanen du, aparkatzeko eskatu den txartela eman ala ukatu den adierazteko. Ebazpena arrazoitua izanen da kasu batean zein bestean.
Ematea:
Txartela ematearen aldeko ebazpena igorririk, Udaltzaingoak aparkatzeko txartela luzatuko du, eta Udaltzaingoaren bulegoetan jaso beharko da.
Berritu egin behar denean, zaharra utziko da berria jasotzean.
7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.
Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.
8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.
1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.
a) Bizilekutik nahiz lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatutakoa bada eta premia justifikatuz gero.
b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.
c) Zizur Nagusian denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea. Alde horretatik, eta 1056/2014 Errege Dekretuaren xedapen iragankorrarekin bat, txartelen erabiltzaileek informazioa eskuratu beharko dute desgaitasuna dutenendako txartelen erabiltzaileei beste herri batzuetan aplikatzen zaizkien irizpideei eta/edo tarifei buruz.
d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea, gehienez ere 15 minutuz; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.
e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.
f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; betiere, helmuga aipatu eremu horren barnean badago.
2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio errailak txikiagotzen dituzten eremuetan.
9. artikulua. Titularren betebeharrak.
1. Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:
a) Txartela behar bezala erabiltzea, 3. artikuluan jasotako baldintzen arabera.
b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-panelean jartzea, edo barnetik aurreko haizetakoan itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.
c) Agintaritzaren agente batek eskatzen badio, bere burua identifikatzea.
d) Agintaritzaren agenteei laguntzea aparkatzeko txartela erabiltzeak berarekin dakartzan eskubideak betetzeak sor ditzakeen trafiko arazoak ahal den neurrian saiheste aldera.
e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea txartela berritzeko unean edo iraunaldia bukatzen denean.
f) Txartela eskuratzeko eskatu ziren baldintzak aldatuz gero, horiek jakinaraztea, horren arabera berritu edo deuseztatzeko.
2. Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Horretaz gain, hurrengo artikuluetan eta legezko eta erregelamenduzko xedapenetan aurreikusitako zehapenak ekar ditzake.
Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.
Txartela deuseztatu edo aldi baterako kendu daiteke aldez aurretik espedientea tramitatuta, eta bertan interesdunei entzutea emanda.
Zehapen prozedura.
10. artikulua. Arau-hausteak.
10.1. Udal ordenantza honetan xedatua betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira.
10.2. Txartela eskuratzeko aurkezten diren datuak, ziurtagiriak eta abar faltsutzea arau-hauste administratiboa da, baita hura eskuratzea galaraziko luketen datuak ezkutatzea ere. Halaber, txartela eskuratzeko eskatzen diren baldintzetan aldaketaren bat izanez gero, horiek ez jakinaraztea. Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea.
10.3. Aparkatzeko txartela erabiltzean iruzur egitea ere arau-haustetzat joko da; hain zuzen ere, ibilgailua iristen edo irteten denean txartelaren titularra bertan ez dagoenean.
10.4. Artikulu honetan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
11. artikulua. Zehapenak.
11.1. Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie, Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
11.2. Aparkatzeko erreserba-txartela erabiltzen bada ibilgailua iristean edo irtetean txartelaren titularra bertan ez dagoela, hiru hilabetez kenduko da txartela lehen aldian, sei hilabetez bigarrenean eta bi urtez hirugarrenean eta, gainera, ibilgailua behar ez bezala aparkatzeagatik dagokion zehapena ezarriko da.
11.3. Aurreko ataletan aipaturiko arau-hausteak hiru aldiz egiten badira urtebetean, behin betiko kenduko da txartela.
11.4. Txartelak faltsutzen badira, Alkatetzak halako arau-hausteetan ezar dezakeen zehapenik handiena jarriko da.
Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den mugaegunera arte.
Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
I. ERANSKINA. ESKABIDE EREDUA
Aparkatzeko txartelaren eskaera, desgaitasuna dutenentzat (PDF).
Iragarkiaren kodea: L1509317