149. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

2015-2016 ikasturterako eskola-jantokien erabilerarako diru-laguntzen deialdia

Eguesibarko Udaleko Osoko bilkurak, 2015eko ekainaren 30eko akordio baten bidez eta ondoren xedatzen den eran, 2015-2016 ikasturterako eskola-jantokien erabilerarako diru-laguntzen deialdia onartu du:

ESKOLAKO JANTOKIA ERABILTZEKO DIRU-LAGUNTZA BEREZIEN DEIALDIA 2014-15 IKASTURTEA

Deialdi honek prozedura eta baldintzak garatzen ditu 2014-2015 ikasturtean jantokiko gastuetarako udalak emanen dituen diru-laguntza bereziak jasotzeko.

1.–Xedea eta pertsona onuradunak.

Diru-laguntza hauen xedea da prozedura juridikoa arautzea ikastetxeetan jateko laguntza bereziak emateko, Eguesibarren bizi diren eta bertan erroldatuta dauden familiei, baldin eta haien umeak haur hezkuntzako 1. mailatik lehen hezkuntzako 6. mailara bitarteko ikasketak egiten ari badira, kontuan hartu gabe ikastetxearen kokalekua. Banakako ebaluazio araubidean emanen dira eta betiere familiako eta laneko bizitza bateratzen laguntzeko, ondoko egoera hauetakoren batean dauden familiei: Familiako bizitza honako hauekin bateratzea:

1.1.–Gurasoak eta/edo legezko tutoreak biak lanean aritzea jantoki garaian eta ondorioz ezinezkoa dutenean etxean jaten ematea.

Deialdiaren xede izanen dira baldin eta lanaldia egunean 4 ordukoa badute gutxienez, edo lanaldiak bat egiten badu adingabekoari eguerdian eman beharreko arreta unearekin, betiere behar bezala frogatuta.

1.2.–Iraupen luzeko ikasketak (unibertsitateko ikasketak, lanbide heziketa, kurtso bereziak..) egiten ari direnean gurasoak eta/edo legezko tutoreak biak, helburu bakarra enplegua bilatu eta lortzea bada eta hezkuntza jarduera horrek bat egiten badu ikastetxeko jantoki garaiarekin, ezinezkoa zaielarik haurrei etxean jaten ematea.

1.3.–Deialdi honetako diru-laguntza jasoko dute, orobat, gurasoetako bat lanean dagoenean eta bestea ikasten ari bada, aurreko ataletan ezarritako baldintzetan.

1.4.–Osasun arazoengatik familiako eta laneko bizitza bateratzeko zailtasunak dituztenek deialdi honetako diru-laguntza jasotzen ahalko dute. Behar bezala justifikatuta egonen dira, eta deialdiaren indarraldi guztian eman beharko dira.

Osasun egoerei dagokienez, hona hemen familiako eta laneko bizitza bateratzeko zailtasunak: menpekotasuna (ertaina eta/edo larria), desgaitasuna (%33 edo handiagoa) edo bi egoera horiek batera, baldin eta horrek zailtzen badu eskola jantokiko ordutegian adingabeari arreta egitea.

1.5.–Jantokirako beka eskariak ere deialdiaren xede izanen dira, zerbitzua astegun guztietan erabiltzen ez badute ere.

2.–Aurrekontua.

Diru-laguntza berezien zenbatekoa aurrekontuko lerro honi egotziko zaio: “Eguesibarren larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei 2014an diru-laguntza zuzenak eta gauzazko laguntzak emateko oinarri arautzaileak”. Kontu-sailaren zenbakia hauxe da: 1-31100-48000. Deialdi honetako gastua, gehienez ere, 30.000,00 eurokoa da.

3.–Baldintzak eta betebeharrak.

Atal honetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira eskabideak aurkezteko epea bururatzean, eta emandako laguntzei dagokien denboraldi osoan.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, hauek dira nahitaezko betebeharrak:

1. Eguesibarren egiazko bizilekua izatea eta bertan erroldaturik egotea, bai jantokia erabiltzen duen adingabea, bai haren aita, ama, izatezko bikotea edo tutorea, adingabekoarekin bizi badira eta haren zaintza eta babespea badute.

2. Eskolatutako adingabea ikasketa hauek egiten egon beharko da: haur hezkuntzako 1. maila eta lehen hezkuntzako 6. maila bitarteko ikasketak, biak barne, edozein ikastetxetan, kontuan hartu gabe kokalekua.

3. Familiaren diru-sarrerak, kontzeptu guztiengatik, oinarri hauetako erreferentziako taula ekonomikoetakoak baino apalagoak izatea, bizikidetasuneko familia unitatearen eta horiek kalkulatzeko aintzat hartutako kontzeptuen arabera.

4. Eguesibarko Udalarekiko betebehar fiskalak eguneratuak izatea.

5. Deialdi honetan eskatzen diren eskaera eta dokumentazioa ezarritako epeetan aurkeztu izana.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Deialdian azaldutako helburua betetzea.

2. Organo emailearen aitzinean frogatzea betebeharrak betetzen direla eta haurra eskolako jantokira joaten dela.

3. Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

4. Egoera hauetan gertatzen diren aldaketen berri ematea:

–Jantokirako eta ikastetxerako asistentzia (altak, bajak eta abar).

–Adingabea ikastetxez aldatzea.

–Jantokia erabiltzen duen adingabe eskolatuaren zaintza eta babespea duten gurasoen lan-egoera: lanaldia aldatzea, lan-harremana bukatzea edo etetea, enplegu erregulazioko espedientean egotea eta antzeko egoerak.

–Beka aitortzeko oinarri izan diren ikasketen araubidea aldatzea.

–Beka aitortzeko oinarri izan den osasun egoera aldatzea.

–Etxebizitza aldaketa, adingabearen zaintza eta babespea duen gurasoaren erroldatzean eragina badu.

–Onuradun berberak kontzeptu berberagatik laguntzak jasotzen baditu entitate publiko zein pribatuetatik.

5. Onartu eta jasotako diru-laguntzak itzultzea, bai Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusten diren kasuetan, bai deialdi honetan ezarritako kasuetan ere.

6. Oro har, aurreko puntuan aipatzen diren Legean eta Erregelamenduan diru-laguntza baten onuradunek dituzten betebeharrak betetzea.

4.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko epea 2015eko irailaren 1etik 11ra artekoa izanen da (bi egunak barne). Eskaerak behar bezala betetako eskabidea aurkeztuta eginen dira, Eguesibarko Udaleko erregistro orokorrean, jendea hartzeko ordutegian, 8:30etik 14:30era, edo indarrean den araudiak legez onartutako bitartekoren bat erabiliz. Eskaerak eginen dira deialdi honi erantsitako eredua erabiliz, eta eskatzaileak sinatu beharko du.

Egiaztatuko da eskabideko atalak behar bezala beteta dauden eta erantsitako agiriak aurkeztu beharrekoak diren.

Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, pertsona interesatuari gehienez ere 10 egun balioduneko epe luzaezina emanen zaio akatsak zuzentzeko, erregistro orokorrean agiriak aurkeztutako datatik aurrera, eta jakinaraziko zaio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsiko dela. Horri buruzko ebazpena, betiere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako moduan hartuko da.

Deialdiaren modeloa ikusi nahi duenak bere esku du udalaren edozein bulegotan, baita Eguesibarko Udalaren web-orrian ere (www.valledeegues.com).

5.–Ebazpena emateko epea, eta horri buruzko informazioa.

Eskaerak banan-banan aztertuko dira eskaera erregistroan sartu eta beranduenez HILABETE BATeko epean. Horretarako, betiere, eskaerak ongi betea egon behar du eta behar den dokumentazioarekin.

Eguesibarko Udalak konpromisoa hartzen du eskaera eta dokumentazio guztia erregistroan sartu eta HIRU HILABETE baino lehenago ebazpena emateko eta horri buruzko jakinarazpena egiteko. Aipatutako epean, ebazpenik edo jakinarazpenik ez badago, eskatzaileak ezetsitzat har dezake bere eskaera.

Udalak ebazpen bat emanen du egindako eskaera bakoitzerako, eta, beraz, eskaera egin duen familia bakoitzari jakinarazpena bidaliko dio.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 19/2013 Legean ezarritako publizitate betebeharrak beteko dira.

6.–Kopuruak.

6.1.–Eman beharreko diru-laguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko da familia unitateko kide guztien aurreko ekitaldiko errentaren gaineko aitorpena (2014. urtea).

Laguntzaren zenbatekoa baremoa aplikatuta aterako da, familia bakoitzari dagokion tarte ekonomikoa kontuan hartuz. Tarte hori honako hauen arabera aterako da: familia unitateko kideen kopurua, haren diru-sarrera guztiak eta etxebizitza gastuei dagokien murriztapena, aplikazio orokorrekoa. Diru-sarreren kopuruari gehienez ere hilean 400 euro kentzen ahalko dira diru-sarreretatik, alokairu edo hipotekagatik.

Diru-sarrerak kalkulatzeko, honako hauen batura hartuko da kontuan: errenta aitorpenean agertzen diren zerga-oinarriaren alde orokorra (507. laukitxoa), ondasun higigarrien kapitalaren errendimentuen ondoriozko saldo positiboa (8810 laukitxoa), eta transmisioen, etxebizitzarako diru-laguntzen eta bestelakoen ondoriozko salto positiboa (8808. laukitxoa).

Laukitxoak (507 + 8810 + 8808)-etxebizitza gastuak = familia unitatearen urteko diru-sarrerak.

6.2.–Diru-laguntzak emateko lau tarte ezarriko dira, familia unitatearen diru-sarreren arabera:

1. Tartea: 2,5 euro/eguna.

2. Tartea: 2 euro/eguna.

3. Tartea: 1,8 euro/eguna.

4. Tartea: 1,5 euro/eguna.

6.3.–Diru-laguntzak emateko tarte horiek bat eginen dute familia bakoitzaren gehieneko diru-sarreren arabera jarraian ezarritakoekin. Zenbateko horietarako, Nafarroako Gobernuak ezarritako Gizarteratzeko Errenta eta familiako kideen kopurua hartu da kontuan. Hona hemen ondorioz sortutako koadroa:

KIDE KOPURUA FAMILIA UNITATEAN

GIE
1. TARTEA

GIREN %150
2. TARTEA

GIREN %200
3. TARTEA

GIREN %250
4. TARTEA

2

9.236,60 euro

13.854,24 euro

18.473,20 euro

23.091,50 euro

3

10.005,84 euro

15.008,76 euro

20.011,68 euro

25.014,06 euro

4

10.775,52 euro

16.163,28 euro

21.551,04 euro

26.938,80 euro

5 edo gehiago

11.545,20 euro

17.317,80 euro

23.090.40 euro

28.863,00 euro

Laguntzak jasotzen dituzten adingabe eskolatuak bi edo gehiago direnean, kontuan hartu beharreko tartea dagokionaren aurre-aurrekoa izanen da, eta errenta maila besterik ez da kontuan hartuko. (Hartara, zenbat adingaberendako eskatzen den jantokiko beka eta zenbatendako eskuratu den laguntza hartuko da kontuan).

–Salbuespen gisa, deialdiaren aurreko 12 hilabeteetan 2014eko ekitaldiko errenta aitorpenean diru-sarreren murrizketa larria jasan duten familiek (langabezia, enplegu erregulazioko espedientea, lanaldiaren murrizketa, prestazioen zenbatekoaren murrizketa, zurztasuna...) hala adierazi beharko dute eskabidean, eta murrizketa horren arrazoiak frogatzeko agiriak aurkeztu ahalko dituzte. Egoera berri horren diru-sarrerak baloratzeko –eta ez, ordea, Zerga Aitorpenean agertzen direnak– behar bezala frogatu beharko dira erakunde publikoen edo enpresen ziurtagirien bidez.

Kasu horretan, eskabidea aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan izandako diru-sarrera osoen batura izanen da errenta konputagarria.

6.4.–Seme-alaben zaintza partekatuetan diru-laguntzaren erdia izanen da kopurua. Kasu horretan gurasoek eskabide bana aurkeztu beharko dituzte.

6.5.–Udalak emandako laguntzek ez dute gainditzen ahalko Nafarroako Gobernuak plaza bakoitzerako ezarritako modulu ekonomikoaren %90.

6.6.–Udalak emandako laguntzak kontzeptu beragatik beste entitate publiko eta pribatuek emandakoen osagarri izanen dira. Edonola ere, laguntza horien baturak ezin izanen du gainditu aurreko atalean ezarritako muga. Muga hori gainditzen bada, Udalak emandako laguntza berrikusten ahalko du, eta laguntza muga horretara egokitu; kasu horretan, onuradunak behar den zenbatekoa itzuliko dio Udalari.

7.–Ordainketa eta justifikazioa.

Laguntza ikasturte osorako emanen da, ordainketa bakarrean: ikasturtearen hasieran ordainduko zaio ikastetxe bakoitzean jantokiaren zerbitzua kudeatzen duen entitate edo erakundeari.

Horretarako, erakunde edo entitate horiei bi konpromiso eskatuko zaizkie: lehena, jantokiagatik likidatzen zaizkien kuotetatik onuradun bakoitzari jasotako diru-laguntzak banan-banan kentzeko lana eta, bigarrena, adingabeek jantokia zenbatean joan eta erabiltzen duten jakiteko behar den informazioa.

Udalak laguntza ukatzen ahalko dio aurreko urteetako ordainketak egin gabe dituenari. Ondorio horretarako, ikastetxe bakoitzeko jantokiaren zerbitzua kudeatzen duen entitate edo erakundeak hala jakinaraziko dio Udalari.

8.–Eskaerarekin baterako aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Edonola ere, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo argibide eskatzen ahalko du.

1. Deialdi honekin batera doan ereduari lotutako eskabidea, behar bezala betea.

2. Datu pertsonalak:

–Familia unitateko pertsonan helduen NANa/AIZ.

–Aitzineko bi agirietarik bakarrik ere izan ezean, indarra duen pasaportea aurkeztuko da.

3. Familia egoera:

–Familia liburuaren fotokopia (bere kide guztiekin), edo, balio bereko dokumentua atzerritarren kasuan, eta, halakorik izan ezean, familia unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala.

–Bereizketa edo dibortzioa. Honela egiaztatuko da:

a) Izatezko bereizketan, bereizteko eskaera aurkeztu izanaren ziurtagiriaren fotokopia aurkeztuko da, jatorrizkoarekin alderatua, edo, bestela, demanda bat jarri izanaren ziurtagiriarena edo egoera horren berri ematen duen beste dokumenturen bat. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo tramiteak hasi dituztela egiaztatzen duen beste baten bat.

b) Bereizketa legezkoa bada, edo dibortzioa, hura xedatzen duten epai judizialen fotokopiak aurkeztu beharko dira, jatorrizkoarekin alderatuak. Horrelakorik ezean, tramiteak hasi izana.

c) Ezkontzaz kanpoko seme-alabaren bat izanez gero, zaintza eta ardurari buruzko neurrien eta mantenu-pentsioaren fotokopia aurkeztu beharko da, jatorrizkoarekin alderatua. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo egoera hori egiaztatzen duen beste dokumenturen bat.

Arestian aipatutako egoerak egiaztatzeko modurik ez badago, egoerari buruzko zinpeko aitorpen bat egin beharko da (3. gehigarria), eta ikasturtean zehar hura egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu. Horrela egin ezean, jasotako dirua itzultzeko eskatuko da ikasturtearen bukaeran.

4. Ikaslearen matrikulazioa:

–Eskolako jantokiko inskripzioaren ziurtagiria, asistentzia hilabeteak eta egunak adierazita (garrantzitsua da irailean eta ekainean joanen den adieraztea, bai eta asteazkenetan ere).

5. Familiaren diru-sarrera guztien ziurtagiriak: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aurreko ekitaldiko aitorpenaren fotokopia (2014), bizikidetza unitateko kideenarena (aita/amak, baita ezkontide berriak edo haien izatezko bikoteak). Egitera beharturik ez badaude, beharturik ez egotearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, Foru Ogasunak luzatua.

Egoera bereziak 6. atalean ezarritako salbuespen kasuren batean egonez gero, izandako diru-sarrerak justifikatzeko dokumentazioa azken hamabi hilabeteei dagokiena izanen da, 2014ko irailetik 2015eko abuztura arte kontatuta.

–Lan jardueraren kasuan: nominak eta lan kontratua.

–Jasoz gero pentsiorik, edo langabeziaren edo aldi baterako prestaziorik, elikagaietarako pentsiorik edo bestelako prestaziorik: Erakunde eskudunek luzatutako ziurtagiriak (INSS, SEPE, mutualitateak...).

–Autonomoak izanez gero, urte osoko hiruhilekoetako BEZaren aitorpena, baita urteko diru-sarreraren zinpeko aitorpena, hilabeteka xehatua.

6. Etxebizitza: Bankuaren ziurtagiria, hipotekaren edo alokairuaren hileko gastuak zehazten dituena.

7. Familiako eta laneko bizitza eta prestakuntza eta osasun egoera bateratzeko zailtasuna egiaztatzen duen ziurtagiria:

–Lan jardueraren justifikazioa: Enpresaren ziurtagiria, lanaldia eta lan-ordutegia zehazten dituena.

–Prestakuntza jardueraren justifikazioa: Ikastaroetara joan izanaren ziurtagiria (iraupena eta ordutegia zehazturik).

* Osasunaren gaineko justifikazioa: Organo eskudunaren ebazpena, desgaitasuna eta/edo mempekotasun gradua adierazten duena.

9.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Oinarri arautzaile hauen aurkako arau-hauste administratibotzat jotzen dira ondoko hauek, kontuan hartu gabe haietan doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean izan diren:

1.–Datuak aldatuz edo ezkutatuz eskuratzea laguntza, hala egitea erabakigarria izan denean diru-laguntza emateko.

2.–Jasotako dirua laguntzaren helburuetarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

3.–Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

4.–Jasotako diruaren erabilera ez justifikatzea.

5.–Ez ematea Udalari deialdi honen 3. oinarrian aipatzen diren datuei buruzko informazio eguneratua.

6.–Ez ematea Udalari oinarri hauetako ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen ote diren jakiteko behar dituen datu edo dokumentuak.

Arau-hauste bat gertatzen denean, behar den espediente administratiboan agerrarazi beharko da. Nolanahi ere, behin betiko ebazpena eman baino lehen, aditu eginen zaio interesatuari.

Arau-hauste horietako bat eginez gero, zehapena jarriko da: diru-laguntza galtzea, eta arau-haustearen ondorioz modu bidegabean jasotako diru-kopurua itzuli beharra, gehi huts-egitetik aurrerako korritu legalak.

Bi astez segidan edo segidan izan gabe 15 egunez eskolako jantokira huts egiteak ere diru-laguntza galtzea ekarriko du, betiere ikastetxeetan absentzia justifikatu ez bada.

10.–Publizitatea.

Oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Oinarri hauei behar bezalako publizitatea emanen zaie, eta, horretarako, biderik egokiena erabiliko da izan litezkeen onuradunek haren berri izan dezaten. Publizitatea egiteko baliabide osagarriak erabiltzen ahalko dira, hala nola Udalaren web-orria eta oinarrizko gizarte zerbitzuen eta Eguesibarko Udalaren iragarki oholak ere.

11.–Datuen babesa.

DBLOren 5. artikuluaren arabera, eskatzaile onuradunak jakinaren gainean gelditzen dira eskaeran erregistratutako datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Eguesibarko Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzearren betiere. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira diru-laguntzaren eskaerari erantzuteko, eta deialdira aurkezteak berez dakar horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko baimena ematea. Datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Eguesibarko Udalari eskatzen ahal zaizkio haietaz baliatzeko.

Deialdi honetako diru-laguntzen eskatzaileek baimena ematen diote Udalari eskolako jantokia kudeatzen dituzten entitate edo erakundeei datu pertsonalak emateko (behar-beharrezkoak diren datuak), betiere laguntzen ikasle onuradunen bat duten ikastetxeetako bakoitzean. Horretarako, deialdi honen eranskinean den dokumentua bete beharko da.

12.–Helegiteen araubidea.

Deialdi honen kontra, aukeran, honako errekurtso hauek jartzen ahal dira:

Deialdi honen kontra eta hura betearazteko hartzen diren ebazpen administratiboen kontra, aukeran, honako errekurtso hauek jartzen ahal dira:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egileari berari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta handik hilabete bateko epean.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Administratiboari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta handik hilabete bateko epean.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da kontatzen epe hori.

Edo, bestela, pertsona interesatuek egokitzat hartzen duten beste edozein.

13.–Nafarroako gobernuaren jantokiko beken eskaerak baloratzeko barne irizpideak.

Udalaren eskola jantokia erabiltzeko beken deialdi honetan baloratuko dira, aldi berean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduko eskola jantokia erabiltzeko beken eskaerak.

Udalaren eskola jantokia erabiltzeko beken eskaerak baloratzeko berezko irizpideen kasuan ez bezala (horietan bateratze irizpideak hartzen dira kontuan, eta onuradunek familiako eta laneko bizitza bateratzeko beharrean daudela frogatu behar dute), bigarren balorazio honetan familia unitatearen diru-sarrerak baizik ez dira kontuan hartuko.

Familia unitatearen diru-sarrerak kalkulatzeko, oinarri hauetan xedatzen den baremo ekonomikoa erabiliko da, 8. atalean jasotakoa.

Halere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskola jantokirako bekak jasotzeko “behar ekonomiko berezian” egon behar dela kontuan harturik, Nafarroako Gobernuko eskola jantokiaren beka soilik emanen zaie baremo ekonomikoaren 1. eta 2. tartean dauden familiei, diru-sarrerak kalkulatu ondoren.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2015eko uztailaren 24an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

ERANSKINAK

1. Eranskina: Jantokiko bekarako eskaera.

2. Eranskina: Aurkeztu beharreko dokumentuen inprimakia.

3. Eranskina: Zinpeko aitorpenaren eredua.

4. Eranskina: Datuen lagapena. Familien baimena.

5. Eranskina: Eskola jantokian izena eman izanaren inprimakia.

Iragarkiaren kodea: L1510781