149. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Erabakia, hautetsiendako ordainsariei buruzkoa

Aditzera ematen dizut Udalak, 2015eko ekainaren 30ean egin osoko bilkuran, ondotik hitzez hitz ematen den erabakia hartu zuela, bertzeak bertze, dagokion akta onetsi behar bada ere:

“Kontuan harturik Osoko Bilkurak hautetsiendako ordainsariei buruz 2011ko uztailaren 26an onetsi zuen eta 2012ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 7an, argitaratu zen erabakiak 2011-2015 legealdirako indarraldia baino ez zeukala.

Kontuan harturik aurreko legealdian aplikatu ordainsariei eutsi nahi zaiela.

Ikusirik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 56. artikuluak xedatzen duela Nafarroako toki entitateek diru kopuruak jartzen ahal dituztela aurrekontuetan, beren kideei kargua betetzeagatik ordainsariak edo kalte-ordainak emateko.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75., 75.bis eta 75.ter artikuluetan, egungo testuaren arabera, toki entitateek diru kopuru horiek ezartzeko bete behar dituzten prozesua eta baldintzak zehazten dira.

Azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 13. artikuluan aurretik xedatua garatu da.

2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 22/2013 Legearen 90. xedapen gehigarria Udalbatzetako kideen ordainsarien araubideari buruzkoa da, eta bertan ezarri da Udalbatzetako kideek 10.001 eta 20.000 arteko biztanleak dituzten herrietan ordainsari kontzeptu guztiengatik jaso dezaketen gehieneko muga 50.000 eurokoa izanen dela eta zenbateko hori indarrean egonen dela 2015erako.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 73.3 artikuluko bigarren paragrafoan honako hau xedatu da: “Korporazioko osoko bilkurak diru-zuzkidura bat izendatu dezake talde politikoentzat urteko aurrekontuen kontura; osagai bat finkoa izango da, talde guztientzat berdina, eta beste osagaia aldakorra, talde bakoitzeko kide-kopuruaren arabera”.

Kontuan harturik 21/2014 Foru Legearen 3. eta 7. artikuluetan karguan aritzeagatik euren kideei ordainsariak edo bilkura-sariak ordaintzen dizkieten Nafarroako udalei konpentsazio ekonomikoak emateko sistema ezarri dela; 17 zinegotzi dituzten udalerrietarako, konpentsazioa 80.742,22 eurokoa izanen da, gehienez, 2015erako, Tafallako Udalak zenbateko hori jasoko duela.

Ikusirik Kontu-hartzailetzaren aldeko fiskalizazioa,

ERABAKI DA:

Lehenbizikoa.–Alkateak dedikazio esklusiboan beteko du bere kargua. Urteko ordainsari gordina 35.630,28 eurokoa izanen da eta 14 soldatatan ordainduko da. Zenbateko horrek atzeraeragina izanen du 2015eko ekainaren 13tik aitzina. Udalak bere gain hartuko du Gizarte Segurantzari eman beharreko enpresa kuotaren ordainketa.

. /...

Bigarrena.–2015eko uztailaren 1etik aitzina, gainerako zinegotziei ordainduko zaie osoko bilkuretara benetan agertzeagatik, hori egiaztatuta, 322,98 euro osoko bilkura bakoitzeko, eta gehienez ere osoko bilkura bat eta 322,98 euro hilean. Kasu berezietan, ezinbertzekoetan hileko osoko bilkura arrunta egitea bertan behera uzten bada eta hori hurrengo hilabetean egiten bada, hori ere osoko bilkura arrunta izanik, modu berean ordainduko da diru konpentsazioa.

Hirugarrena.–Udaleko talde politiko bakoitzak 65,59 euro jasoko ditu hilean kide bakoitzeko, atzeraeragina izanda 2015eko uztailaren 1etik. Talde bateko ordezkaria edo haren ordezkoa Jarraipen eta Kontrol Batzordera joaten ez bada, zenbateko finko bat kenduko da (21,86 euro kide bakoitzeko eta bilkura bakoitzeko) eta, gehienez ere, 65,69 euro kentzen ahal dira hilean kide bakoitzeko.

Laugarrena.–Aurreko idatz-zatietan ezarri ordainsariak eta bilkura-sariak urtero eguneratuko dira (gorantz ala beherantz), Udaleko funtzionarioei aplikatzen zaien indizearen arabera.

Bosgarrena.–Erabaki honek indarra hartuko du, aurretik aipatu atzeraeragina izanda. Hori dela eta, aurreko edozein erabaki indargabetuko da egun horretatik aurrera. Indarrean egonen da, Osoko Bilkurak horri buruzko bertze erabaki bat hartu arte.

Seigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean argitaratu beharko da, eta ordainsariak eta sariak argitaratzen denetik sortuko dira, atzeraeragina dutela, erabakian xedatutakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.–Erabakia lan-harremanetako gradudunari eta kontu-hartzaileari jakinaraziko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.”

Horren berri ematen dut, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2015eko uztailaren 3an.–Idazkari nagusia, Amanda Acedo Suberbiola.

Iragarkiaren kodea: L1510140