149. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

271/2015 FORU AGINDUA, uztailaren 22koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, 2015. urteko lehenengo hiruhilekoan gertatutako euri-jasen ondorioz gainezka egindako ibaiek ureztaketako azpiegituretan eragindako kalteak presaz eta gerora gabe konpontzeko, ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek egindako gastuetarako ohiz kanpoko laguntzen deialdia onetsi eta haren oinarri arautzaileak ezartzen dituena.

Euri-jasak eta uholdeak, ohiz kanpoko egoeretan, ureztaketako azpiegituretan kalte larriak eragin ditzaketen fenomeno meteorologikoak dira.

2015eko lehenengo hiruhilekoan uholdeak sortu zituzten euri-jasak izan ziren, batez ere Ebro, Aragoi, Arga, Ega, Alhama, Linares eta Odrón ibaien arroetan. Prezipitazio horiek, handiak berez, aurreko prezipitazioen ondorioz urez asetuak zeuden lurren gainean erori ziren, eta, horregatik, euri gehiena lur azalaren gaineko jariatzeetatik bideratu zen. Horrek ekarri zuen lehen aipatutako Nafarroako ibai nagusiek gainezka egitea, baita uharrak ere hainbat herritan han eta hemen, labore lurrak hartu eta ureztaketarako azpiegituretan munta handiko kalteak eragin dituztenak.

Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 20an hartutako Erabakiaren bidez jarduketa plan bat onetsi da 2015eko urtarrileko, otsaileko eta martxoko euriek, elurrak eta uholdeek Nafarroako Foru Komunitatean eragindako kalteak konpontzeko. Egin beharreko jarduketen artean ureztatzaileen elkarteen eta ureztaketako sindikatuen ureztaketako azpiegiturak konpontzea dago. Hortaz, foru agindu honen bidez aipatutako hondamendi naturalen ondorioz kalte hartu dutenei laguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dira, Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 20an hartutako Erabakiaren eranskinaren 3.2 puntuan adierazitakoarekin bat.

Ureztatzaileen elkarte eta ureztaketako sindikatu batzuek presako konponketak egin behar izan dituzte beren ureztaketako azpiegituren oinarrizko funtzionaltasuna berriz ezartzeko.

Ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek ezinezkoa dute egindako konponketa-obren kostua beren gain hartzea oso-osorik, gaur egun zailtasun ekonomikoak dituztelako. Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren ustez, egoki da diru-laguntzak ematea ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek, 2015eko lehen hiruhilekoko euri-jasak direla-eta ibaietan izandako uholdeen ondorioz, ureztaketako azpiegiturak presaz eta gerora gabe konpontzeko egindako gastuetarako.

Nekazaritzako Aseguru Konbinatuei buruzko abenduaren 28ko 87/1978 Legean ezarritakoari jarraikiz, euri-jasek eta uholdeek ureztaketako azpiegituretan eragindako kalteak ez dira aseguragarriak.

Aseguratu beharra dago neurri hauek Europar Batasunak horrelako laguntzetarako ezartzen duen erregelamenduzko esparrura egokitzen direla. Hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasota daude, izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Batasunaren erregelamendu horren 2.9 artikuluan jasotako hondamendi naturalen artean elur-jausiak, luiziak eta uholdeak agertzen dira.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2015. urteko lehenengo hiruhilekoan gertatutako euri-jasen ondoriozko uholde handiek ureztaketako azpiegituretan eragindako kalteak presaz eta gerora gabe konpontzeko, ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek egindako gastuetarako ohiz kanpoko laguntzen oinarri arautzaileak eta inbertsio moduluak onestea, hurrenez hurren foru agindu honen I. eta II. eranskinetan agertzen den bezala.

2. 2015. urteko lehenengo hiruhilekoan gertatutako euri-jasen ondoriozko uholde handiek ureztaketako azpiegituretan eragindako kalteak presaz eta gerora gabe konpontzeko, ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek egindako gastuetarako ohiz kanpoko laguntzen deialdia onestea.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena egiteko eredua onestea, foru agindu honen III. eranskinean jaso dena.

4. 470.000 euroko gastua baimentzea foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2015era luzatutako 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Ohiz kanpoko uholdeek ureztatzaile elkarteen nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteak konpontzea” izeneko 720000-72130-7819-414100 kontu-sailaren kargura.

5. Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Batzordearen 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluaren arabera.

6. Foru agindu hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratzen denetik hilabeteko epean, 4/1999 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz (lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

Iruñean, 2015eko uztailaren 22an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

I. ERANSKINA

Ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek, 2015eko lehenengo hiruhilekoko euri-jasen ondorioz gainezka egindako ibaiek ureztaketako azpiegituretan eragindako kalteak presaz eta gerora gabe konpontzeko, egindako gastuetarako ohiz kanpoko laguntzen oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honen xedea da ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek, 2015eko lehenengo hiruhilekoko euri-jasen ondorioz gainezka egindako ibaiek ureztaketako azpiegituretan eragindako kalteak presaz eta gerora gabe konpontzeko, egindako gastuetarako ohiz kanpoko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea.

2. Deialdi honetan ezarritako laguntzen helburua da diruz laguntzea ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek, beren ureztaketako azpiegituren oinarrizko funtzionaltasuna berriz ezartzeko, ureztaketako azpiegituretan presaz eta gerora gabe egindako konponketa lanak.

3. Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

4. Laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ematen diren kasuan.

b) Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

5. Laguntzen araubide honek 2015eko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Bigarren oinarria.–Diru-laguntza izan dezaketen jarduketak.

Honako hauek dira diru-laguntza izan dezaketen jarduketak: 2015eko lehenengo hiruhilekoko euri-jasen ondorioz gainezka egindako ibaiek ureztaketako azpiegituretan eragindako kalteak presaz eta gerora gabe konpontzeko, ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek egindako lanak, betiere foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna baino lehen egin eta fakturatu badira.

Konpondutako ureztaketako azpiegiturak, diru-laguntza jaso ahal izateko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 15eko 186/2015 Foru Aginduaren bidez onetsitako zerrendako udalerrietako batean egon beharko dira, izan ere, foru agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitatean 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan gertatutako eurite, elurte eta uholdeen kalteak jasan dituzten udalerrien zerrenda onetsi zen. Hona hemen udalerri horiek:

Abartzuza, Aberin, Allin, Allo, Altsasu, Ameskoabarren, Andosilla, Antzin, Arakil, Aranaratxe, Arano, Arantza, Areso, Arguedas, Aria, Aribe, Arruazu, Atarrabia, Atetz, Azagra, Azkoien, Azuelo, Bakaiku, Barañain, Barasoain, Barbarin, Barillas, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Beraskoain, Berbintzana, Bidaurreta, Buñuel, Burlata, Cabanillas, Cadreita, Cárcar, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Deierri, Deikaztelu, Elizagorria, Ergoiena, Esteribar, Etxarri, Etxarri Aranatz, Etxauri, Ezkabarte, Ezkurra, Faltzes, Fontellas, Funes, Fustiñana, Galar, Larraga, Larraun, Legaria, Leitza, Lekunberri, Lerga, Lerin, Lesaka, Lizarra, Lodosa, Longida, Los Arcos, Mendabia, Mendaza, Mendigorria, Metauten, Milagro, Mirafuentes, Miranda Arga, Morentin, Mues, Murieta, Nazar, Oko, Olazti, Oltza, Orbaizeta, Orbara, Oteitza, Otsagabia, Piedramillera, Puiu, Ribaforada, San Adrián, Sartaguda, Sorlada, Sunbilla, Tafalla, Tirapu, Torralba del Río, Txulapain, Tutera, Uharte, Uharte Arakil, Uxue, Urdiain, Valtierra, Viana, Zabaltza, Zare, Ziritza, Zúñiga.

Hirugarren oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Kaltetutako azpiegituretan egindako konponketen kostuaren %100 arterainokoa izanen da laguntza, BEZa kenduta.

2. Kalteak arintzeko jasotako laguntzen eta bestelako ordainketen zenbatekoak baturik (batez ere aseguru polizetatik datozen ordainketak), ezin izanen da diruz laguntzen ahal diren kostuen %100 gainditu.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa onuradun bakoitzaren egoeraren arabera kalkulatuko da.

Laugarren oinarria.–Onuradunak.

Eskumena duen administrazio hidraulikoaren aurrean eratuta dauden edo eratze bidean dauden ureztatzaileen elkarteak edo ureztaketako sindikatuak izanen dira foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunak, betiere Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera ETE izaera baldin badute.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak, dokumentazio osagarria eta eskatutako baldintzen egiaztagiriak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura igorriko dira. Bertako Erregistroan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan aurkezten ahal dira.

Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.

3. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Entitateko lehendakariaren erabakia, laguntza eskatzekoa.

b) Entitateko idazkariak luzatutako ziurtagiria, konpondu den ondasuna ureztatzaileen elkartearen edo ureztaketako sindikatuaren ustiapenari atxikita dagoela egiaztatzeko.

c) Txosten tekniko baloratua, egin diren jarduketak deskribatzeko, eta konpondu diren azpiegiturak 2015eko lehenengo hiruhilekoko euri-jasen ondorioz ibaiek gainezka egiteagatik kaltetu zirela frogatzeko.

Jarduketen erreferentzia geografikoak emanen dira, eta planoetan kokatuko dira.

d) Egindako konponketen fakturak, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna baino lehen jaulkiak.

Seigarren oinarria.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Foru agindu honen xedeko laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Eskaeren zenbatekoa kreditu erabilgarria baino handiagoa bada, laguntzak proportzioan murriztuko dira eskatzaile guztien artean.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaerak jaso ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak behar bezala bete ote diren eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ote den egiaztatuko du. Hala ez bada, ureztatzaileen elkarteari edo ureztaketako sindikatuari hamar eguneko epea emanen zaio, gehienez ere, akatsak konpontzeko, eta adieraziko zaio horrela egin ezean bere eskaera bertan behera utzitakotzat joko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eragindako kalte materialak kalkulatzeko, konponketaren kostua hartuko da aintzat, edo hondamendiaren aurretik ukitutako aktiboek zeukaten balio ekonomikoa. Laguntzak ez du konponketaren kostua gaindituko, ez eta hondamendiak eragin duen merkatuko balio justuaren jaitsiera ere, zehazki, ondasunak hondamendia gertatu aurretik eta gertatu ondoren duen balioaren arteko aldea.

3. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egiaztatuko du txosten tekniko baloratuetan sartutako kalteak, konpondu direnak alegia, ureztaketako azpiegituretan izandako kalteei dagozkiela. Aurkeztutako aurrekontua ere aztertuko du, egiaztatzeko, batetik, aurkeztu diren kostuak moderatuak direla, eta bestetik, eragindako kaltea konpondu dela kaltetu aurretik azpiegiturak zituen ezaugarriak eta dimentsioak sobera aldatu gabe, eta, beharrezkoa bada, kalteen balio moderatua finkatuko du egindako egiaztapenetan oinarrituta. Balio moderatua lortzeko, II. eranskinean agertzen diren moduluak erabiliko dira.

4. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena prestatuko du, entitate eskatzaile bakoitzari eman beharreko laguntza edo diru-laguntza zehaztuta, eta, kasua bada, baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ezesteko proposamena ere eginen du, atzera botatzeko arrazoiak emanda.

5. Proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean gehienez.

Zortzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasunari lotutako betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko deklarazio bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko betebeharrak ez ezik, hauek ere izanen dituzte:

a) Hartutako funtsak diru-laguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

b) Diru-laguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izatea.

c) Foru agindu honetan eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

d) Xede berarekin beste diru-laguntzaren bat edo aseguru-primaren bat jasoz gero edo jasotzeko izanez gero, horren berri ematea Landa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiari.

Hamargarren oinarria.–Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte diru-laguntzen xede diren jarduketak egin dituztela frogatzeko:

a) Egindako ordainketei dagozkien agiriak eta fakturak.

Obrako fakturak txosten teknikoko obra unitateenak izan beharko dira. Modu berean, aurkezten diren gastuen ordainagiriak aurkeztutako fakturenak izan beharko dira.

Ordainketen frogagiri horiek aurkezten ez badira edo horien zenbatekoa fakturako gastua baino txikiagoa bada, ordainduta dagoela frogatzen ez den inbertsio zatiari dagokion laguntza ez da emanen.

2. Ordainketen frogagiriak 15 eguneko epean aurkeztuko dira, laguntzak eman direla jakinarazten den egunetik aurrera.

3. Laguntza ordaindu aurretik, kudeaketa organoak lekuan bertan egiaztatuko du eragindako kaltea konpondu dela azpiegiturak kaltetu aurretik zituen ezaugarriak eta dimentsioak sobera aldatu gabe, eta, beharrezkoa bada, konpondutako kalteen balio moderatua finkatuko du egindako egiaztapenetan oinarrituta. Balio moderatua lortzeko, II. eranskinean agertzen diren moduluak erabiliko dira.

Hamaikagarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Jarduketak egin direla frogatzeko agiri guztiak aurkezturik, gehienez ere bi hilabeteko epean emanen da ordaintzeko foru agindua.

Hamabigarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak bateraezinak izanen dira ureztatzaileen elkarteek eta ureztaketako sindikatuek helburu bererako jaso ditzaketen beste batzuekin.

Hamahirugarren oinarria.–Ez-betetzeen kontrola eta graduazioa.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak laguntzak emateko baldintzak betetzen direla eta inbertsioak behar bezala egiten direla begiratuko du, eta, horretarako, behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko ditu; bidezkotzat jotzen duen informazioa ere eskatzen ahalko die laguntzen onuradunei.

2. Foru agindu honetan ezarritako konpromisoak betetzen ez badira, jasotako laguntzak itzuli beharko dira, osorik edo hein batean, kasuaren arabera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. kapituluan xedatutakoari jarraituz.

Hamalaugarren oinarria.–Emandako diru-laguntzaren publizitatea.

Foru agindu honen babesean ematen diren laguntzak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea garatzen duten arauetan xedatutakoarekin bat argitaratuko dira.

II. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

ml

Hormigoizko erretena, 0,5 × 0,5 sekziokoa, indusketa barne

45,00 euro

ml

Hormigoizko erretena, 1 × 0,8 sekziokoa, indusketa barne

60,00 euro

m²

Burdinazko ataka, itxitura elastikokoa

60,00 euro

m³

Hustubide berria

2,00 euro

ml

Drainatzeak, hodia eta legarra

8,00 euro

ml

Legarrezko drainatzea

6,00 euro

ml

Bidea (3 ml zabal) eta 0,25 cm-ko betegarria

20,00 euro

m³

Hautaturiko materiala “Buztina”, trinkoan neurtua, materiala, zamalanak eta garraioa barne

5,50 euro

m³

Hautaturiko materiala “Zagor naturala”, trinkoan neurtua, materiala, zamalanak eta garraioa barne

7,50 euro

h

150 ZP-tik gorako makina

60,00 euro

h

150 ZP-tik beherako makina

45,00 euro

h

1. mailako ofiziala

18,38 euro

h

Peoi espezializatua, aldi baterako araubidean

15,92 euro

ml

Areken garbiketa motonibelagailuarekin

0,30 euro

ml

Jalkinez beteta dauden areken garbiketa atzerako hondeamakinarekin (bide bazterra kentzea)

1,20 euro

m³

Kargatzea eta D hondakindegira garraiatzea 3 km baino gutxiago, luizietan, are ezpondak fintzea eta arekak garbitzea ere

2,30 euro

m³

Ibilguak atzerako hondeamakinarekin garbitzea, eta lurra zabaltzea (20 ml bitarte) beldar-traktoreari erantsitako xaflarekin

1,50 euro

m²

Zorua harrotzea, profilatzea eta trinkotzea zoladura konpontzean

0,85 euro

m³

Bidea finkatzea 2”-ko material granularra gehituz zoladura konpontzean (e = 10 cm), D materiala kargatzea eta garraiatzea barne (15 km baino gutxiago) Distantzia handiagoa izanez gero, 2 euro gehituko dira 10 km-ko

15,00 euro

m²

Kareharrizko harriaz betetzea

0,75 euro

m³

Harri lubeta (60 cm-tik beherakoa) eta 15 km-ko distantziatik beherakoa (m³/m³) Distantzia handiagoa izanez gero, 2 euro gehituko dira 10 km-ko

35,00 euro

m²

0,16 metroko lodierako zoladura hormigoizkoa (H-30)

20,00 euro

m³

Armatzeko hormigoia edo masako hormigoia (H-25), 20-mm-ko agregakinekin

95,00 euro

m³

Armatzeko hormigoia edo masako hormigoia (H-30), 20-mm-ko agregakinekin

110,00 euro

** Harri lubeta eta ubideak berriz jarriz gero, adierazi diren makina-orduen, materialaren eta langileen araberako moduluak erabiliko dira.

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena

Izen-abizenak: ......................................, NANa/IFZ: ..........................

Ordezkatzen duen elkartea: ............................................ IFK: ...........

Helbidea: ...................................... Diru-laguntzaren onuraduna naizen aldetik, aitorpen hau egiten dut (unitate kudeatzaileak bete beharrekoa):

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen ditu (2013ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Foru dekretu horren 3. artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak gardenak izatera behartuta daude, inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

(Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira).

Aipatu foru dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoari jarraituz,

AITORTZEN DUT:

Ez dudala gardentasun betebeharrik (aipatutako foru dekretuaren 3. artikuluan azaldutako inguruabarrak gertatzen ez direlako).

.......................................................................................-k (adierazi organo-emailea) emandako ................................................................................ (izena) diru-laguntza dela-eta, informazioa aurkeztu dudala; beraz, ez da errepikatu beharrik, emandako datuak aldatu ez direlako.

Gardentasun betebeharra dudala eta, horrenbestez, 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako informazioa ematen dut aitorpen honen eranskinean, eta entitatearen urteko azken kontuen kopia eransten.

.............................(e)n, 20....(e)ko ...............aren ..........(e)an

Sinadura:
Kargua:

Eskatzailearentzako argibide interesgarriak:

1. Aitorpen hau eta kasuan-kasuan aurkezten den informazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari igorriko zaizkio.

2. Aitorpen hau igortzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen foru agindua jakinarazten edo, hala badagokio, argitaratzen den egunetik hasita. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

3. Entitate onuradunak ematen duen informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai, argitaratzen denetik. Epe hori igarota, hura argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du, eta, hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du.

Iragarkiaren kodea: F1510641