148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Gizarte gaien arloan eskudantziak bertze baten esku uztea

Udal honetako alkateak, gaurko egunean, Alkatetzaren 577/2015 Ebazpena eman du. Hona hemen hitzez hitz:

2015eko maiatzaren 24an udal hauteskundeak egin ondoren eta Udalbatza 2015eko ekainaren 13an egin bilkura berezian eratu ondoren.

Alkatetza honi Legeak aitortzen dio eskudantzia batzuk Udalbatzaren bertze organoen eskutan uzteko aukera, baldin eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 artikuluan debekatutako kasuren batean sarturik ez badaude.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 12. artikuluak posible egiten du Alkatetzaren eskumenak bertze baten esku uztea, betiere lege horretan edo bertzeetan aurreikusi bezala egiten bada.

Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 23.4 artikuluak ezartzen duenez, alkateak Udalaren jardueraren alor jakinak uzten ahal ditu Tokiko Gobernu Batzarreko kideen eskutan, eta edozein zinegotziri delegazio berezia ematen ahal dio alor horien barneko gai jakinak zuzendu eta kudeatzeko, nahiz eta batzorde hartako kide ez izan.

Orobat, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43.4 artikuluan ezartzen denez, zerbitzu jakin baterako izan daitezke delegazioak, eta bertze baten eskutan uzten diren ahalmenetan kasuan kasuko zerbitzuen barne zuzendaritza eta kudeaketa sartzen dira, baina ez hirugarrenei eragiten dieten administrazio egintzak agintzekoa, hori alkatearen ardura izanen baita.

Aferen kopurua handia denez eta guztiak arreta handiz aztertu beharrekoak direnez, une honetan komenigarria da ondoan aipatzen diren eskumenetan aritzeko ahalmena bertze baten esku uztea, interes publikoari begira, prozedurak azkarrago egin eta zerbitzuen eraginkortasun maila handitzeko.

Horrenbertzez, kontuan harturik azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43., 44. eta 114. artikuluak, eta legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako honen bidez,

EBATZI DUT:

1. Burlatako Udaleko zinegotzi eta Tokiko Gobernu Batzarreko kide Joseba Ginés Elenoren esku uztea gizarte gaien arloan Alkatetzari dagozkion eskudantzia hauetan aritzeko ahalmena, ez baitira Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzi:

a) Gizarte gaien arloko barne zuzendaritza, kudeaketa, plangintza eta xedeen programazioa, bai oinarrizko gizarte zerbitzuen edo oinarrizko laguntzaren mailan bai gizarte zerbitzu espezializatu edo laguntza espazializatukoen mailan, barnean direla, lau programa oinarrizkoez gain (Harrera eta Gizarte Orientabidea, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomiaren sustapena eta laguntza, Oinarrizko Laguntzako Gizarteratze Programa eta Oinarrizko Laguntzako Haur eta Familiendako Laguntza), honako hauek ere, konparaziorako: garapenerako lankidetza, lankidetza programetarako eta gizarte taldeendako diru-laguntzak, hirugarren adinerako programak, herritarren partaidetzaren sustapena eta abar, baita hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena ere.

b) Bere eskumeneko gaietan Alkatetzari, Tokiko Gobernu Batzarrari eta Osoko Bilkurari proposamenak egin ahal izatea, ordaintzeko proposamenak barne.

c) Bere gain hartutako eskumenari dagozkion gaietako kontratazio mahaietan buru egitea.

d) Gizarte Gaien eta Herritarren Partaidetzaren Alorreko hautapen prozesuen esparruko epaimahaietan buru egitea.

e) Bere esku utzitako eskumenaren gaietan Udalaren ordezkari izatea, Gizarte Gaien Alorraren esparruko hitzarmenak formalizatzeko ahalmena duela.

2. Gizarte Gaien Alorreko aferetan alkateak ebazpenak eman behar baditu, lehenago zinegotzi delegatuak txostena egin beharko du horien gainean.

3. Ebazpen honetan egindako eskuordetzak, indarra har dezan, zinegotzi delegatuaren onarpena beharko du. Isilbidez eman dela ulertuko da, baldin eta ebazpena jakinarazi eta hiru egun baliodunean udal honetako Alkatetzari eskuordetza onartu ez dela adierazten ez bazaio.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta haren edukiaren berri Udalbatzari emanen zaio egiten duen lehen osoko bilkuran.

5. Erabaki hau igortzea Joseba Ginés Elenori eta Gizarte Gaien Alorrari, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2015eko uztailaren 3an.–Alkatea, José María Noval Galarraga.

Iragarkiaren kodea: L1510020