2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR NAGUSIA
Udal ordenantza, Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio barneratzailearen sustapena arautzen dituena. Behin betiko onespena
Zizur Nagusiko Udalak, 2015eko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea eta ondoren arauz tramitatzea Zizur Nagusiko udal esparruan hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio barneratzailearen sustapena arautzen dituen ordenantza.
Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2015eko 192. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14an, eta Udaletxeko iragarki oholean. Jendaurreko epean inork ez dio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.
Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.
Zizur Nagusian, 2015eko ekainaren 18an.–Alkatea, Jon Gondan Cabrera.
UDAL ORDENANTZA, ZIZUR NAGUSIKO UDAL ESPARRUAN HIZKERA EZ-SEXISTAREN ERABILERA ETA KOMUNIKAZIO BARNERATZAILEAREN SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA
Zioen azalpena
Udal politika eta kudeaketa Europar Batasunak zehazten dituen genero zeharkakotasuneko jarraibideetara egokitzeko asmoz eta Berdintasuneko Informazio Batzordeak eskatuta, Zizur Nagusiko Udalak Berdintasunerako I. Barne Plana onetsi zuen 2012ko apirilean. Planaren I. multzoko (“Lidergoa, politika eta estrategia”) 2. esparruan (“Barne komunikazioa eta parte-hartzea”) honako hau berariazko helburutzat jotzen da: “Plantillari ematea tresnak hizkuntza eta irudi ez sexista erabiltzeko, eta ziurtatzea aplikatuko dela Udalak zuzenean edo zeharka ateratako dokumentazio guztian”.
Hori lortzearren, berariazko 3 neurri ezarri ditu:
–2.2.1 neurria. Plantilla prestatzea tresnak emateko hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista egin dezan.
–2.2.2 neurria. Gaiari buruz dagoen eskuliburua berrikusi eta fitxa-laburpen bat egitea. Bertan bilduko dira hizkuntza, irudiak eta baliabide birtualak modu ez-sexistan erabiltzeko oinarrizko jarraibideak, eta plantillan haren berri zabaltzea.
–2.2.3 neurria. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexistari buruzko ordenantza bat egitea.
Azken neurri horren bidez, Zizur Nagusiko Udalak aktiboki lagundu nahi du, sexismoa mintzairatik desagerrarazteko, eta espero da hura erreferentzia bilakatzea, Udalaren barnean ez ezik, Zizur Nagusiko gizarte osoan ere.
Beraz, udal ordenantzaren helburua bikoitza da: alde batetik, administrazio hizkeraren erabilerak emakumeak behar bezala bistaratzen dituela bermatzea; eta, beste aldetik, Zizur Nagusiko Udaleko langileak prestatzea, komunikazio barneratzaileko eta ez-sexistako estrategiak haien eskura jarrita.
Horrela, Udala berdintasunaren arloan lotzen duen indarreko araudi osoa betetzen dela bermatuko da, eta, aldi berean, Zizur Nagusiko herritarrei emakumeen irudi sexista edo bereizkeriazkoa ez dakarten udal komunikazioak, arreta eta zerbitzuak eskainiko zaizkie, toki administrazio honetan hizkeraren erabilera bereizkeriazkoa eta sexista desagerraraztea lortuta.
Gainera, legez dauzkaten eskubideak erabilita, herritarrek Udalari eskatzen ahalko diote sexuagatik bereizten ez duten zerbitzuak emateko, eta Udalak, legea betetzeko eta berdintasunarekiko bere konpromisoarekin bat etorrita, ezinbestean aintzat hartu beharko du eskaera hori.
Eskubide eta betebehar berberak bermatzeari begira gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna arautzen duten legeak asko dira: Emakumearen Aukera Berdintasunerako Europar Batasuneko IV. Ekintza Programa (1996-2000); UNESCOren Konferentzia Orokorraren 14.1 eta 109. ebazpenak; Europako Kontseiluko Ministro Batzordeak 1990ean eta 2007an onetsitako jarraibideak; Ministroen Kontseiluak 1987ko irailean onetsitako Emakumeen Aukera Berdintasunerako lehen Plana; Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren 1995eko martxoaren 22ko Agindua, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, 14. artikuluan botere publikoek jarduteko irizpide orokorren artean honako hau biltzen duena: “Administrazio-esparruan sexista ez den hizkera ezartzea, eta hizkera hori suspertzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan”.
Hala eta guztiz ere, errealitatea hagitz bertzelakoa da, eta emakumea desabantailan dago beti gizonaren aldean. Desberdintasun horren markarik agerikoenetariko bat da emakumea mintzairan desagerraraztea, baita haren errepresentazioa ere irudi sexistak edo baztertzaileak erabiliz.
Hizkeraz egiten den erabilerak gizarteak barneratu dituen androzentrismoa eta sexismoa islatzen ditu. Nahiz eta hizkeraren erabilera ez-sexista irtenbide bakarra ez izan, ezin da ahaztu hizkera, komunikazio tresna den aldetik, ez dela neutroa eta horren bidez, pentsamenduak kodetu eta helarazi ez ezik, errealitatea sortu ere egiten dugula.
Eguneroko hizkerak eta publizitateak emakumeak ikusezin bihurtzen eta mendeko pertsona gisa agertzen jarraitzen duten bitartean, ezinezkoa izanen da eskubideen eta aukeren berdintasuna eta baliabideen erabilgarritasuna oinarri dituen gizartea osatzea.
Nolanahi ere, garrantzitsua da nabarmentzea hizkeran dagoen sexismoa ez datzala hizkuntzetan; aitzitik, hiztun komunitateak zuzentzat hartzen dituen erabilera finkatuetako batzuetan dago. Baina erabilerak aldatu egiten dira.
Hona hemen Eulalia Lledóren hitzak: “Hizkera ez da sexista berez, baina bai haren erabilera. Zuzen erabiliz gero, berdintasunari eta emakumeak bistaratzeko prozesuari lagundu diezaieke”.
Hizkuntza etengabe aldatzen eta bilakatzen den errealitatea da. Ez da ahantzi behar hizkuntza garai bakoitzean aldatzen dela erabiltzen duen komunitatearen beharrei egokitzeko; hartara, gurea bezalako gizarte batean, sexuen arteko berdintasun handiagoa eskatzen ari bada, mintzairak, gizartearen emaitza den aldetik, berdintasun hori islatu ez ezik, hartaraino iristen ere lagundu behar du.
Aurretik adierazitako guztiarekin eta aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da.
1. KAPITULUA
Ordenantzaren aplikazio esparrua
1. artikulua. Ordenantza hau Zizur Nagusiko Udalean aplikatuko da, eta haren menpeko erakunde autonomoetan.
2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da, haiei dagokien neurrian.
2. KAPITULUA
Administrazioen arteko harremanak
3. artikulua. Orokorrean, Zizur Nagusiko Udalak bertze administrazio publikoei igortzen dizkien agiriak, jakinarazpenak eta adierazpenak, hizkera ez-sexistan eta ez-baztertzailean idatziko dira.
3. KAPITULUA
Herritarren eskubideak
4. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Zizur Nagusiko Udalari eskatzeko hizkera ez baztertzailea erabiltzeko, bai gaztelaniaz bai euskaraz.
5. artikulua. Administrazioari ahoz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkera ez-baztertzailearekin eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak prestakuntza emanen du, jendeari harrera egiteko tokietan hizkera ez-sexistaren eta komunikazio barneratzailearen erabileran prestakuntza hartu duten udal langileak daudela bermatzeko, ordenantza honetako 4. kapituluan aipatzen den ildotik.
4. KAPITULUA
Udalaren kanpoko irudia
6. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak estereotipo sexistarik gabeko hizkera erabiliko du, bai gaztelaniaz bai euskaraz, orokorrean herritarrei zuzentzen zaienean:
–Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.
–Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.
–Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluak.
–Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.
–Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.
–Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.
–Bestetako programak.
–Iragarkiak.
–Zabalkunde idazkiak eta aldizkariak.
7. artikulua. Publizitatea hedabideetan.
Zizur Nagusiko Udalak eskatuko du egunkarietan argitaratzen diren udal iragarkietan eta ikus-entzunezko baliabideetako (irratia eta telebista) publizitatean mezuek hizkera ez-sexista eta ez-baztertzailea izan dezaten.
8. artikulua. Argitalpenak.
Hizkera ez-sexistan eta ez-baztertzailean idatziko dira Zizur Nagusiko Udalak, bere erakunde eta enpresek sorrarazten dituzten argitalpenak, administrazio agiriak, ordenantzak, zirkularrak, eskabide-orriak, inprimakiak eta abar, baita Udaleko langileen hitzarmen kolektiboa eta akordioa ere.
9. artikulua. Erakunde iragarleei jakinaraziko zaie beren iragarkietan hizkera ez-sexista eta ez-baztertzailea erabili behar dutela, eta, Berdintasun arloaren bidez, beraiek iragarkiak eta/edo agiriak zuzentzeko materialak eta/edo eskuliburuak eskainiko zaizkie.
5. KAPITULUA
Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua
10. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak zerbitzu publikoak zeharka kudeatzeko sinatzen dituen kontratazio espedienteetan hurrengo konpromisoa adierazten duen klausula txertatuko da: Ez dira erabiliko emakumeendako iraingarriak eta/edo baztertzaileak diren irudiak edo mezuak, eta proiektu teknikoaren testuan hizkera ez-sexista erabiltzea baloratuko da.
6. KAPITULUA
Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio barneratzailearen sustapena
11. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak, bere Berdintasunaren Informazio Batzordearen bidez, jarduketa programak eginen ditu, administrazio hizkeraren erabilera ez-sexistarekin eta ez-baztertzailearekin zerikusia duten gaien gaineko informazio eta prestakuntza maila handitu beharrez eta emakumeenganako estereotipo baztertzailerik gabeko komunikazio moduen gaineko ezagutza eta erabilera gizarte alor guztietan sustatu beharrez.
12. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, eta beste udal entitate batzuekin batera lan eginen du, hizkeraren eta irudien erabilera barneratzaileak sustatzeari begira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Bigarrena.–Zizur Nagusiko Udaleko Berdintasunaren Informazio Batzordeari (edo Berdintasunerako I. Barne Planaren Jarraipen Batzordea) ahalmena eman zaio segimendua egiteko ordenantza hau betetzen ote den, eta hura bermatzeko edozein gairen gainean proposamenak egiteko.
Iragarkiaren kodea: L1509366