145. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

412E/EBAZPENA, ekainaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena “Iratiko Bide Berdea, Eguesibar-Zangoza tartea” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz. Proiektua Zangozako, Ledeako, Irunberriko, Urraulbeitiko, Longidako, Agoizko, Lizoaingo, Urrotz-Hiriko eta Eguesibarko udalek sustatu dute.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 idatz-zatian ezarritakoaren arabera, “Iratiko Bide Berdea” udalez gaindiko proiektu sektorialari Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkio, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2014ko otsailaren 5ean, ingurumen ebaluazio estrategikoa hasteko asmoz, idazpuruan zehaztutako espedientearen dokumentazio teknikoa aurkeztu zen, bere ingurumen ondorioen azterlanarekin batera.

Proposamenean, bide berde bat egin gogo da lehengo “Irati” trenbideari jarraituz, Eguesibartik Zangozaraino, saihesbide bat Agoitzeraino eginez. “Irati” tren elektrikoa zen, Iruñea Agoitzekin lotzen zuena, eta geroago, Zangozaraino zabaldu zena. Proposamena lotuko litzateke Iruñerriko Ibai Parkeko etorkizuneko zabalpenarekin, Eguesibarren, eta ibilbide jarraitu bat zehaztuko litzateke aipatutako bi herrietaraino, ahal delarik lehengo burdinbideari segituz eta haren mugarri nagusietatik pasatuz.

Horretarako, hein handi batean, lehengo burdinbidearekin bat egiten duten landa bideak baliatzen dira, eta, beste zenbaitetan, harekin paraleloak direnak, edo, lehengo bidera ezin denean hurbildu edo harekin bat egin, bestelako bide batzuk, eta tarte egin berriak, zenbait laburrak, tarteak lotzeko, eta beste batzuk luzeagoak, tokiko errepideekin paraleloak, diseinatu baitira bidearen trazadura berreskuratzeko hura desagertu den lekuetan edo errepideak lehengo bidearen tokia hartu duenetan.

Zabalera kasuan kasuko bidera egokituko da, eta zoladura atondu eta hobetuko da. Egin beharreko tarteetan, berriz, 5 metroko zabalera aurreikusten da (3,5 metroko plataforma eta arekak). Errepideekin paraleloak diren eremuetan, haien zortasunetan kokatuko dira. Ibai ertzeekin paraleloak diren eremuetan, desjabetzak nolabaiteko aldentzea bermatuko du ibai ertzetik eta ibilgutik.

Ingurumen ondorioen azterlanean ingurumenaren aldetik aipatutako eragin aipagarriena da ibai inguruko eremuetan eta landare naturalekoetan lanak eta garbiketak egitearen ondoriozkoa, batik bat Natura 2000 Sareko eremuetan eta batez ere zubiak eta pasabideak konpondu eta eraikitzeko orduan. Ingurumen ondorioen azterlanean baloratzen da bide berdearen erabilera sozialak ez duela ingurumeneko eragin aipagarririk ekarriko.

Nafarroako Gobernuaren 2014ko irailaren 17ko Erabakiaren bidez (2014ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 13an), jendaurrean paratu zen espedientea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikulua bete beharrez eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearekin bat.

Jendaurreko epe horretan ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso. Aldaketa txikiak proposatu dira bide berdearen trazaduran, hirugarrenei kalterik ez dakien egin.

Proposamena abelbideen babesarekin bateragarria denaz bezainbatean, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoak aldeko txostena egin du proposamenaz 2014ko urriaren 30ean, non zehaztu baita legezko zer baldintza bete behar zen eta zein diren diseinuaren eta eraikuntzaren jarraibideak bidegurutze bakoitzean. Bestalde, adierazi da Urrotz-Hiriko tartea dagokion unean berraztertuko dela eta, halaber, abelbideetako beste tarte batzuk katalogatu, bereizi edo lokalizatzen badira tarte bakoitza diseinatu edo gauzatu baino lehen, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren beste txosten bat beharko dutela tarte horiek.

Espedientean jasota dago Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalaren txostena, 2015eko maiatzaren 10ekoa. Hartan baloratzen da proposamena bateragarria dela proiektuak ukitutako Natura 2000 Sareko lurrekin eta Nafarroako eremu babestuekin. Orobat, ingurumeneko balioak eta funtsezko puntuak zehazten dira ibilbidearen inguruan bide berde hau ezartzeko aurreikusten diren obrek zuzenean edo zeharka ukitzen ahal dituzten basa flora eta fauna espezieetarako eta habitaterako.

Zehazki, txosten horretan baloratzen da proiektuaren inguruan katalogatutako faunaren zenbait espezie egotea, kalitatea eta funtzionaltasuna galdu ahal izatea zeharkatutako ibai ertzetako habitatekin bat egiten duen korridore naturalean eta ingurumenaren balioa galdu ahal izatea tarteetan egokitu beharreko bide eta plataforma ertzeetako landareak desagertzearen ondorioz, horiek baitira elementu dibertsifikatzaile bakarra Nafarroako eskualde horretako lehorreko laboreen nekazaritzako paisaiaren barnean.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostenean adierazi du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea “Iratiko Bide Berdea, Eguesibar-Zangoza tartea” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren alde. Zangozako, Ledeako, Irunberriko, Urraulbeitiko, Longidako, Agoizko, Lizoaingo, Urrotz-Hiriko eta Eguesibarko udalak dira sustatzaileak.

2. Udalez gaindiko proiektu sektorial hau baldintza hauek betez garatuko da:

–Bide berdeak nekazaritzaren aldetik oso eraldatuta dauden eremuak zeharkatzen ditu. Haietan, ingurumen balioko elementu dibertsifikatzaile bakarretako bat da lehengo trenbideko plataformako eta ertzetako landareria, baita aurkeztutako ibilbidearen barnean dauden bide ertzetakoa ere. Hori dela eta, ertzetan belarrak, zuhaixkak, heskaiak eta zuhaitzak han-hemenka dituzten tarte horietan, zoladura egoki hobetuko da, balio naturaleko formazio horiei kalterik egin ez dakien. Berreskuratu beharreko trenbideko plataformako landarea galtzea neurri eraginkorren bitartez zuzendu beharko litzateke, errazagoa izan dadin landare mota horiek zabaltzea plataforma horretatik bide berdearen ondoko lurzatietara doan tartean edo desjabetutako zerrendetan.

–Arrazoi berdinak direla eta, egiten diren tarte berrietan bi lur zerrenda utzi beharko dira, bideko plataformarekin paraleloan joanen direnak, desjabetutako eremuaren barnean, haietan landare naturalak zabal daitezen. Tarte horietan, ahal bada, areken okupazioa murriztuko da. Hori garrantzitsuagoa da zenbait tartetan, hala nola Urrotz-Hiriko hasieran, Lizoaingo erreka-zuloarekin paraleloa den horretan, kanpoko zerrenda nekazaritzako lurretarako trantsizioa izanen bailitzateke.

–Egungo bidea atontzeko zabalera murriztuko da bide berdeak zeharkatzen dituen tarteetan, ibai ertzei eta ibarreko barrenaldeei lotutako landare naturalak (larreak, eta zuhaixkak eta zuhaitzak han-hemenka) dituzten lurzatietan: El Soto erreka-zuloaren ondoan, Lizoainen (Lizoaingo 5. poligonoko 309., 310., 311., 312., 313. eta 314. lurzatiak), Milagro-Aezkoa errege altxonbidean, Urrotz-Hirian eta Longidan (Urrotz-Hiriko 2. poligonoko 264., 265. eta 269. lurzatiak, batik bat Erro ibaiaren ondokoa denean), Erro ibaiaren lehendabiziko gurutzagunearen ondoko tartean (Billabetako ekialdea eta Longidako 17. poligonoko 9. lurzatia, Zuastin), Irati ibaia Artiedan gurutzatu ondoren (Urraulbeitiko 10. poligonoko 101. lurzatia) eta industrialdetik abiatuta Zangoza aurreko azten tartean (Natura 2000 Sarearen barnean dago).

–Tarte horietan, arekak saihestuko dira, lurretan edo hormigoiz egin. Arekarik behar izanez gero, sekzio naturalizatuekin diseinatuko dira, zabalak edo irekiak, lurretan edo material artifizialekin (manta organikoak eta abar), berriz landareztatu daitezen eta istripu arriskua murritz dadin. Hala ere jarduketaren bat behar izanez gero euri urak isurtzeko edo bide berdearen lurraldea drainatzeko, jarduketa horiek puntualak izanen dira, edo teknika bigunen bidez diseinatuko, paisaian eta ingurumenean integratu daitezen.

–Ibai eta errekak gurutzatzeko zubiak edo egiturak konpontzeko eta eraikitzeko lanek ez dute ukipenik sortuko uhalde horietan. Ahal dela, ibai ondoko zuhaitzak botatzea saihestuko da; ez da zilegi makinek ibilguak gurutzatzea eta debekatuta dago uretara ezer botatzea.

–Erro ibaia Urrotz-Hirian gurutzatu aurreko eta ondoko tarteen behin betiko proposamena aurkeztuko da txostena egiteko eta espedientean sartzeko, ibaiaren inguruan, ibai ertzeko zuhaitzetan eta abelbideetan egiten den ukipenak ingurumeneko kontrol edo zuzentzeko neurriak eskatzen baititu.

–Aurreko paragrafoetako tarteak eta puntuak dira Natura 2000 Sarean zeharkatzen diren eremuetan ingurumeneko balio handiena dutenak. Hartara, lanen diseinuan ingurumeneko neurriak hartu beharko dira eragina ahal den txikiena izateko tarte horietako ibai habitaten gainean eta haien inguruan bizi daitekeen intereseko fauna katalogatuaren gainean.

–Zenbait kiroptero espeziek Irunberriko Arroilako tunelak baliatzen dituztenez, printzipioz horietan ez da argirik paratuko, non ez den proposatzen talde horretan aditua den batek bermatutako sistema bat, espezie horiek tunela aterpe gisa erabiltzearekin bateragarria dela zehazten duena.

–Zehaztasunez aztertuko da tarte bakoitza, zuhaitzak bota edo zuhaixkak eta heskaiak kentzeko beharra murrizteko. Zuhaitzak bota aurretik, botatzeko administrazio baimena lortu beharko da Oihanak Kudeatzeko Atalean.

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak xedatzen duenari jarraituko zaio bide berdearen trazaduran edo haren inguruan dauden aztarnategi arkeologikoak eta hondar historiko eta kulturalak babesteari dagokionez.

–Kontu horiek guztiak aintzat harturik eta katalogatutako fauna egon daitekeenez bide berdeak zeharkatzen dituen zenbait puntutan edo proposamenak Natura 2000 Sarean ukitzen dituen eremuetatik gertu, lizitazioaren aurretik, UPS honen ondoriozko eraikuntza jarduketak edo azpiproiektuak aurkeztu beharko dira Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, horrek txostena egin dezan ingurumen ondorioen adierazpen honetara egokitzen diren zehazteko.

–Gomendatzen da bide berde honi lotutako ingurumeneko balioa duten elementuak seinaleztatu eta balioztatzea. Eta beste horrenbeste egitea balio historikoa eta kulturala dutenetan, batik bat lehengo trenbideko hiri tarteetan, nahiz eta bat ez egin proposatutako ibilbidearekin, baita oraindik ere mantentzen diren lehengo trenbideko tarteetan ere, nahiz eta lotu gabe egon egungo proposamenarekin (esate baterako, Ledeatik Zangozako errepidearekin paralelo doan bideko tarteraino), eta, halaber, trenari lotutako beste elementuetan (geraleku eta ointoki abandonatuak, abandonatutako tarteak, Urrozko El Pontarrón-en bezala, eustormak Zangozako errepidearekin bat egiten duen tartean, eta abar), nahiz eta ez egon proposatutako ibilbidearen ondoan.

–Azkenik, gomendatzen da, halaber, diseinatzen diren dokumentazio grafikoan eta paneletan jasota geldi dadin eduki horiek duten lotura proposatutako ibilbidearekin eta benetako ibilbidearekin, berreskuratzen ez diren tarteetan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Eguesibarko, Lizoain-Arriasgotiko, Urrotz-Hiriko, Longidako, Agoizko, Urraulbeitiko, Irunberriko, Ledeako eta Zangozako udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 2an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1508587