144. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Eskudantziak Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzea

Udal honetako Alkatetzak, 2015eko ekainaren 17an, ondotik hitzez hitz heldu den dekretua eman du:

Ikusirik Udalbatza berria 2015eko ekainaren 13ko bilkura berezian eratu zela, 2015eko martxoaren 30eko 233/2015 Errege Dekretuaren bidez deitu eta 2015eko maiatzaren 24an egin hauteskundeen ondorioz.

Kontuan harturik Alkatetzak 2015eko ekainaren 15ean eman duen 497/2015 Ebazpena, Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatzen dituena.

Kontuan harturik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 23.2 artikulua eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 53.1 artikulua, haietan zehazten baita Tokiko Gobernu Batzarrari dagokiola, beste inoren esku ezin utzirik, alkateari bere egitekoetan nahiz Osoko Bilkurak, alkateak edo legeek emandako bestelakoetan laguntzeko eskumena.

Kontuan izanik Alkatetzak ahalmena duela esleituak dituen hainbat eskumen Tokiko Gobernu Batzarraren esku uzteko, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 21.3 artikuluan, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43. eta 114. artikuluetan eta Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 14.ean xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 23.2. artikuluak eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 53.2 artikuluak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz, honako honen bidez,

DEKRETATU DUT:

1.–Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 23.2 artikuluak eta Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren 53.1 artikuluak zuzenean esleitzen dizkioten laguntza eta aholkularitza eginkizunak bereganatuko ditu Tokiko Gobernu Batzarrak, baita legeek zuzenean esleitzen dizkiotenak ere eta, Alkatetza honek eskuordeturik, jarraian zerrendatzen diren eskudantziak hartuko ditu:

a) Kudeaketa ekonomikoa garatzea, onetsitako aurrekontuaren arabera, eta gastuak xedatzea, betiere Alkatetzaren eskumenen mugen barnean, indarra duen Udalaren aurrekontu arrunta betearazteko oinarrietan agindutakoari jarraikiz.

b) Udal ordenantzen gaineko arau-hausteak zehatzea.

c) Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, inolaz ere, 6.010.121,04 euro baino gehiago ere; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.

d) Edozein motatako lizentziak ematea.

e) Ondasunak eta eskubideak erostea, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %5a baino gehiago ez bada, ezta zuzeneko kontratazioari aplikatzen ahal zaion gehieneko mugaren %50 baino gehiago ere, baita ondasunaren besterentzea ere, aipatu portzentajea gainditzen ez bada, kasu hauetan:

–Ondasun higiezinak, betiere aurrekontuan aurreikusita badago.

–Ondasun higigarriak, balio historiko edo artistikoaren deklarazioa dutenak izan ezik, haien besterentzea aurrekontuan ezarri ez bada.

f) Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespenak, espresuki Osoko Bilkuraren eskuetan utzi ez direnean (hasierako onespena), baita hirigintza kudeatzeko tresnena eta urbanizazio proiektuena ere.

2.–Alkateak inoren esku utzi ez dituen eskudantziez baliatuz ematen dituen ebazpenen balio bera izanen dute Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituen erabakiek; nolanahi ere, erabakiak Batzarraren funtzionamendurako arauekin bat hartu beharko dira.

3.–Eskuordetza hori ez da ezeztatuko Alkatetzaren titularra edo Tokiko Gobernu Batzarraren osaera aldatze hutsagatik. Eskuordetza ezeztatu edo aldatzeko, emateko eskatzen diren formalitateak bezalakoak bete beharko dira.

4.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 44.2. artikuluan ezarritako ondorioak izan ditzan. Hala ere, eskudantzien eskuordetze honek dekretu honen dataren biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

5.–Erabaki honen berri ematea Udaleko Osoko Bilkurari, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritakoa bete beharrez deituko den bilkura berezian, haren edukiaren berri izan dezan.

Burlatan, 2015eko ekainaren 17an.–Alkatea, José María Noval Galarraga.

Iragarkiaren kodea: L1509289