2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
VILLATUERTA
Bizitegi erabilerarako itxiturak arautzen dituen ordenantza
Behin betiko onespena
2015eko apirilaren 27ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen Villatuertako bizitegi erabilerarako itxiturak arautzen dituen ordenantza, eta 2015eko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 12an, eta Udaletxeko iragarki oholean argitaratu zen.
Jendaurrean egoteko epea bururaturik inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta ordenantzaren testu osoa ondotik argitaratzen da, ondorio juridikoak izan ditzan.
Villatuertan, 2015eko ekainaren 17an.–Alkatea, Asier Urra Ripa.
ERANSKINA
BIZITEGI ERABILERARAKO ITXITURAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Lehenbiziko artikulua.
Egin nahi den edozein itxiturak bat etorri beharko du finkaren lerrokadura ofizialak ezarritako gehieneko perimetroarekin, eta ez dira hesitzen ahalko planoetan antolamenduaren ondoriozko jabetza publikotzat ageri diren atalak.
Bigarren artikulua.
Finketako itxiturek gehienez 1,85 m-ko garaiera izanen dute espaloiaren sestratik hasita, erdiko puntuan neurtuta, eta 2,00 m-ko garaiera punturik altuenean.
Hirugarren artikulua.
Barneko itxituretan ere irizpide horrixe jarraituko zaio; garaiera erdiko puntuan eta kotarik baxuenean dagoen finkatik hasita neurtuko da (okerrenean). Garaiera hori handitzerik izanen da Udalak on irizten badio eta partikular ukituek idatziz jasotzen badute adostasuna, betiere kotarik altuenean dagoen lurzatiko itxiturak 1,85 m-ko garaiera badu gehienez erdiko puntuan, eta 2,00 m-koa punturik altuenean.
Laugarren artikulua.
Horma mailakatuak egin nahi badira, horien arteko tartea hormarik handienaren garaiera halako bi izanen da, gutxienez.
Bosgarren artikulua.
Finken itxiturak era berekoak izanen dira etxesail bakoitzean, eta bat etorriko dira garaiera, elementu opakuaren kolorea eta elementu arinaren kolorea.
Seigarren artikulua.
Material opakukoak izaten ahal dira (obrakoak) 85 cm-ko garaierara arte. Garaiera handiagoko tarte trinkoak jar daitezke (garaiera hori ez da inoiz izanen gehienez baimendutakoa baino handiagoa) kontagailuak eta harguneak sartzeko, eta ateen ertzetan.
Zazpigarren artikulua.
Honako hauek dira baimendutako materialak:
–Obrako itxitura opakurako: harri-horma, hormigoia ageriko enkofratuarekin, ageriko hormigoi blokea harea kolorekoa edo zuria, ageriko adreiluko fabrika kolore argikoa edo gorria, harri erregularreko plakazko estaldura edo zarpiatu igeltsuztatu eta pintatuz emandako akabera.
–Itxitura guztian edo itxitura opakuaren gainaldean gehieneko garaierara arte: landarezko itxitura, bertako espezieak erabiltzen saiatuz, eta burdin hesia. Xafla apaingarriak jar daitezke, akabera lakatua edo pintatua dutela, hala itxitura gisa nola burdin hesiaren atzean.
–Barneko itxituretan metalezko sarea ere jarri ahalko da.
–Debeku da lurzatien itxiturak egiteko burdin-hari arantzadunak edo beira puskak erabiltzea.
Zortzigarren artikulua.
Zeharbidearekin mugakide diren hiri lurzoruko finketan (AR-1ean sartuetan), errepide horren aldean itxitura diafanoa eginen da, fabrika-obrarekin egiten bada, eta gehienez ere 60 zentimetroko garaierarekin; gutxienez 8 metroko atzeraemangunea egin beharko da errepidearen zabalguneko ertzetik, edo txikiagoa bada, eraikinaren lerrokaduraraino, betiere galtzadaren kanpoko ertzetik 3 metrora gutxienez.
Fabrika-obrakoaren garaiera 60 zentimetro baino gehiago bada, 18 metroko atzeraemangunea egin beharko da errepidearen zabalguneko kanpoko ertzetik neurtuta.
Bederatzigarren artikulua.
Aldaketak Arau Subsidiarioen araudi idatzia ukitzen du, bizitegi erabilerako unitateen itxiturei dagokien atalean eta AR-1eko (Ugarka alderdia) eraikuntzari buruzko ordenantzen 15. artikuluan.
Iragarkiaren kodea: L1509314