144. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Alkatetzaren 11/2015 Dekretua, ekainaren 16koa

Behean adierazten den egunean, Tuterako Udaleko alkate udalburuak honako dekretu hau eman du:

Udalaren Erregelamendu Organikoak 23. (4, 5 eta 6 puntuak), 34., 35. eta 36. artikuluetan zehazten du zinegotzi delegatuen araubidea; aldiz, 82.etik 86.era bitarteko artikuluetan, hartutako eskudantziak erabiltzeko araubide orokorra.

Erregelamenduaren 23.4 artikuluak ezartzen duenez, alkateak Udalaren zenbait jarduera alorretan aritzeko eskuordetze orokorrak egiten ahal ditu Tokiko Gobernu Batzarreko kideen alde; orobat, eskuordetze bereziak edozein zinegotziren alde, alor horien barreneko zenbait gai zuzendu eta kudeatzeko, nahiz eta Gobernu Batzarrekoak ez izan. Kasu horretan, eskuordetze orokorra jaso duen zinegotziak du eskuordetze bereziko zinegotzien jarduketa gainbegiratzeko ahalmena, haren alorreko eginbeharretan ari direnean.

Eskuordetze orokorrak, aipatu Erregelamendu Organikoaren 23.5 artikuluaren arabera, arlo edo gai bati edo gehiagori buruzkoak izanen dira, eta bai zerbitzu orokorrak zuzentzeko bai orokorrean kudeatzeko ahalmena har dezakete, hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena barne. Geroago, 25. artikuluak ezartzen du eskuordetze horiek Udalaren zerbitzu administratiboak antolatzeko alorrei egokituko zaizkiela, Sustapenaren eta Berrikuntzaren Alorra eta Ogasunaren Alorra barne direla, betiere Tuterako Udalaren Antolamendu Administratiboaren egungo Erreglamenduan aurreikusitakoaren arabera.

Eskuordetzeen araubide horretan ezarrita dago (Erregelamendu Organikoaren 35. artikulua) zinegotzi delegatuek eskuordetzearen dekretuan zehaztutako eskudantziak izanen dituztela, eta hartan aurreikusitakoaren arabera erabiliko dituztela.

Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduak, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bitartez onetsitakoak, 43., 44., 45., 120. eta 121. artikuluetan xedapen horiek berresten ditu, eta 114. eta ondoko artikuluetan eskuordetze horiek zein araubide orokorren menpe dauden zehazten du.

Ahalmen horiek erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusita, dekretatu dut:

Lehenbizikoa.–Jarraian azaltzen diren eta Alkatetzari dagozkion eskudantziak, Sustapenaren, Berrikuntzaren eta Gai Ekonomikoen Alorrekoak, Tokiko Gobernu Batzarreko kide den José Ángel Andrés Gutiérrezen esku uztea, modu orokorrean.

–Atxiki zaizkion alorrak berezko dituen arloetako obra, zerbitzu eta jarduketak nahiz egiteko edo betetzeko erabakitzen direnak zuzendu, bultzatu eta ikuskatzea, behar diren aholku teknikoak bilatuz.

–Salmenta, errentamendu, obra, zerbitzu eta horniduretarako enkante eta lehiaketetan buru izatea, eta haiek behin betiko esleitzea, legeei jarraituz, eskuordeturik dituen eskumenen arabera.

–Obren, zerbitzuen, horniduren eta laguntza teknikoaren kontratazioa eta kontzesioa, horien zenbatekoagatik faktura soilik edo faktura gehi kreditu erreserba behar denean, betiere aurrekontuaren oinarrietan gastua baimentzeko xedatutakoa galarazi gabe.

–Gastuak baimendu eta xedatzea aurreko atalean ezarritako mugaren barrenean, eta aurrekontua betearazteko oinarrietan aurreikusten direnak.

–Udal Ordenantzak eta Erregelamenduak betearaztea eta horien eta aplikazio araudiaren aurkako arau-hausteak zehatzea, bere eskuordetzearen barnean, zehapen hori 6.010,12 eurotik goitikoa ez bada eta ahalmen hori beste organo batzuen esku dagoenean salbu.

–Bere eskumeneko udal erabakiak argitaratu, bete eta betearaztea.

Bigarrena.–Eskuordetze hori alorretako zerbitzuak zuzentzeko izanen da, baita haiek orokorrean kudeatzeko ere, hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena barne izanik. Gainera, Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkezten diren gora jotzeko errekurtsoei buruzko txostena egiteko ere izanen da.

Hirugarrena.–Alorreko eskuordetze orokorra duen zinegotziak ahalmena izanen du eskuordetze bereziko zinegotzien jarduketa gainbegiratu eta koordinatzeko.

Hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena alorreko eskuordetze orokorra duen zinegotziaren esku dagoenez, haren eskumen esparrua ukitzen duten ebazpenak eman ditzan proposatuko diote eskuordetze bereziko zinegotziek.

Halaber, Alkatetzari proposatuko diote ebazpenak eman ditzan inoren esku utzi ez diren eskumenak direnean.

Eskuordetze bereziko zinegotziek tramitatu eta proposatuko dituzte Tokiko Gobernu Batzarrean aurkezten diren txostenak, haren eskumeneko gaietan erabakia hartu behar denean.

Laugarrena.–Eskudantzien eskuordetze hau, eraginkorra izateko, zinegotziak onartu beharko du. Eskuordetzea onartutzat hartuko da, inolako adierazpenik egin beharrik gabe, baldin eta, dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik hiru egun balioduneko epean, ez badio Alkatetzari berariaz adierazten ez duela onartzen eskuordetzea.

Bosgarrena.–Indarrik gabe uztea, indarrean uste litekeen orotan, alkateak Udalbatzako kideei eginiko eskuordetze bereziei dagokienez lehenago emandako xedapen guztiak.

Seigarrena.–Dekretu honen berri ematea Udaleko Osoko Bilkurari, egiten duen lehen bilkuran; ukitutako zinegotziari eta alorrei jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta sinatzen denetik aitzina izanen duen indarra.

Horrela agindu eta sinatzen du alkate udalburuak.

Tuteran, 2015eko ekainaren 16an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: L1509260