144. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Alkatetzaren 10/2015 Dekretua, ekainaren 15ekoa

Behean adierazten den egunean, Tuterako Udaleko alkate udalburuak honako dekretu hau eman du:

Tuterako Udalaren Osoko Bilkura 2015eko ekainaren 13an egin bilkura berezian eraturik, maiatzaren 24ko hauteskundeen ondoren, Alkatetza honen egitekoa da indarra duen araudian aurreikusitako gainerako organoak, beharrezkoak zein osagarriak, taxutzea, denek behar den bezala jardun dezaten.

Beharrezko organo horien artean sartzen dira alkateordeak, Udalaren Erregelamendu Organikoaren 3.1. artikuluak dioenaren arabera. Erregelamendu horrek 26., 27. eta 28. artikuluetan alkateordeen araubidea arautzen du. Zehazki, 26. artikuluan jartzen du alkateak libreki izendatu eta kargutik kenduko dituela alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean, eta haien kopurua ezin izanen dela izan Batzarreko kideena baino handiagoa.

Kontuan harturik Alkatetzaren ekainaren 13ko 9/2015 Dekretuaren bidez Marisa Marqués Rodríguez lehen alkateorde izendatu dela.

Halaber, Tokiko Gobernu Batzarra beharrezko organoa da, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20.1,b) artikuluaren arabera, eta partaideak dira alkatea bera, batzarburu, eta hark libreki batzarkide izendatzen dituen zinegotziak, betiere kontuan hartuz izendatuen kopurua ezin dela Udalbatzako legezko kideen herena baino handiagoa izan (lege horren 23.1 artikulua); alegia, kasu honetan, zazpi.

Udalaren Erregelamendu Organikoaren 71. artikuluan ezartzen da Tokiko Gobernu Batzarrak astean behin eginen duela bilkura arrunta, alkateak dekretu bidez ezarriko dituen egun eta orduetan; eta bilkura berezi edo presakoak, berriz, alkateak berak erabakitzen duenean. Aurrekoa gorabehera, alkateak badu ahalmena Batzar hori noiznahi biltzeko, organo horren iritzia edo laguntza beharrezkoa iruditzen zaionean, bere eskumeneko eskudantzien erabileran behar diren ebazpenak eman aurretik.

Aipatu ahalmenak erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusita, dekretatu dut:

Lehenbizikoa.–Tokiko Gobernu Batzarreko kide izendatzea, batzarburu ariko den alkate jaunarekin batera jarduteko, honako zinegotzi hauek:

–Marisa Marqués Rodríguez

–José Ángel Andrés Gutiérrez

–Daniel López Córdoba

–Olga Risueño Molina

–Carlos Moreno Gil

–Irene Royo Ortín

–Gustavo Gil Pérez-Nievas

Bigarrena: Tuterako Udaleko alkateorde izendatzea, ezartzen den hurrenkeran eta lehendik izendatuta dagoen Marisa Marqués Rodríguez lehen alkateordearen atzetik, hemen aipatzen diren Tokiko Gobernu Batzarreko kide hauek:

–Bigarren alkateordea: José Ángel Andrés Gutiérrez

–Hirugarren alkateordea: Daniel López Córdoba

–Laugarren alkateordea: Olga Risueño Molina

–Bosgarren alkateordea: Carlos Moreno Gil

–Seigarren alkateordea: Irene Royo Ortín

–Zazpigarren alkateordea: Gustavo Gil Pérez-Nievas

Hirugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarraren esku eginkizun hauek uztea:

1. Udal ordenantza eta erregelamenduak betearaztea, eskuordeturik dituen eskumenen esparruan.

2. Tokiko Gobernu Batzarrak erabakita gauzatzen edo egiten diren obrak eta zerbitzuak zuzendu, bulkatu eta ikuskatzea.

3. Lantegiak edo industria nahiz merkataritzarako establezimenduak edo beste edozein irekitzeko lizentziak ematea.

4. Obra lizentziak ematea, proiektu teknikorik behar badute eta haien aurrekontua 30.050,61 eurokoa baino handiagoa bada.

5. Esleipeneko gehieneko kopuruak gainditzen dituzten edozein motatako kontratazioak, faktura bidezkoak eta kreditu erreserbarekin, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 73. artikuluaren arabera, betiere aurrekontua gauzatzeko oinarrietan gastua baimentzeko ezartzen dena galarazi gabe.

6. Obren eta zerbitzuen proiektuak onestea, haiek kontratatzeko edo emateko eskumena duenean.

7. Ondasunak eskuratu, erabili eta besterentzea, ondareari buruzko legeriak alkateari esleitzen dionean, baldin eta aurrekontuko baliabide arrunten %1 baino gehiago eta %5 baino gutxiago egiten badute.

8. Aurrekontuaren ohiko garapenari dagozkion fakturak, kontu-hartzailetza zerbitzuek jasotakoak, onestea, betiere Tokiko Gobernu Batzarrak baimenduriko gastuei badagozkie.

9. Alkatetzak eta zinegotzi eskuordeek baimenduriko fakturen zerrenda emanen zaio Tokiko Gobernu Batzarrari, baina bakar-bakarrik horien berri izan dezan.

10. Bere eskumenen esparruan udal ordenantzei dagozkien arau-hausteak zehatzea.

11. Berraztertzeko errekurtsoak ebaztea, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoei buruzko txostenak egitea, eskuordeturiko eskumenak erabiltzean gauzatu egintzen kontra paratzen direnean.

12. Hirigintzako antolamendu eta kudeaketako hitzarmenak eta tresnak onestea, horien gaineko eskumena alkatearena denean.

Laugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarrak, orokorrean, bilkura arrunta eginen du, ostiralero, 13:00etan.

Bosgarrena.–Indarrik gabe uztea, indarrean uste litekeen orotan, Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatzeari eta Alkatetzak bere eskudantziak haren eskutan uzteari dagokionez lehenago emandako xedapen guztiak.

Seigarrena.–Dekretu honen berri ematea Udaleko Osoko Bilkurari eta Tokiko Gobernu Batzarrari, egiten duten lehen bilkuran; ukitutako zinegotziei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta sinatzen denetik aitzina izanen duen indarra.

Horrela agindu eta sinatzen du alkate udalburuak.

Tuteran, 2015eko ekainaren 15ean.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: L1509259