144. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Ordenantza fiskala, Obretarako lizentziak tramitatzeko
eta emateko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Iragarkia argitaratu zen 2015eko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 3an, jendaurrean jartzeko 2015eko ekitaldirako ordenantza fiskaletan aldaketa egiteko osoko bilkuran hartutako erabakia, hasierako onespenari buruzkoa. Aipatutakoa horietariko bat denez, bidezko da hura osorik argitaratzea, tarifak eguneratuta.

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren babesean.

2. artikulua. Ordenantza hau Fiteroko udal mugape osoan aplikatuko da.

3. artikulua. Zerga honen zergapeko egintza da hirigintzako obretarako lizentziak tramitatzea eta ematea edo berritzea, lizentzia behar duen edozein eraikin, instalazio edo obra egiteko, hori luzatzea Fiteroko Udalari badagokio.

Batzuk aipatzearren, tasari atxikitako zergapeko egintzatzat har daitezke hauek:

1. Mota guztietako eraikin eta instalazioak eraikitzeko obrak, eraikuntza berrikoak badira.

2. Lehendik eginak dauden mota guztietako eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.

3. Lehendik dauden eraikinen edo instalazioen egitura edo kanpoko itxura ukitzen duten obrak, aldatzekoak edo berritzekoak, edozein motatakoak direla ere.

4. Eraikinen barreneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere haien erabilera.

5. Behin-behinekoz egin beharreko obrak.

6. Zerbitzu publikoak paratzeko obrak.

7. Lur-erauzketak, hala nola, zelaiketa, hondeaketa eta betelanak, baldin onetsia edo baimendua den urbanizazio edo eraikitze proiektu barneko obra gisa zehaztu eta programatu ez badira.

8. Finken itxiturak.

9. Eraikinak botatzea, aurri egoeran deklaratuak izan ezik.

10. Zorupea ukitzen duten obrak edo instalazioak.

11. Eremu publikotik ikusten diren propagandako kartelak paratzea, betiere lokal itxietan ez badaude.

12. Halako ahalmen ekonomikoa erakusten duten baliabide ekonomikoen inbertsioak berekin dakartzaten obrak, eraikuntzak edo instalazioak, baldin eta obra edo hirigintza lizentzia behar badute.

4. artikulua. Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea, obretarako lizentzia tramitatzetik eta hartzetik salbuetsirik egonen da, baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomi erkidegoak edo toki entitateak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, portu, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatzen dituzten, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziozkoa.

5.1 artikulua. Tasa honen subjektu pasiboak honako hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko nahiz juridikoak, herentzia banatu gabeak, ondasun elkarteak, eta nortasun juridikorik ez dutelarik, obraren jabetasuna duten bertze entitate, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen dutenak.

2. Fiteroko Udalaren aitzinean argi eta garbi egiaztatzen ez bada obren jabea obra horretako eraikinaren jabeaz bertze pertsona bat edo entitate bat dela, obrena bera hartuko da eraikinaren jabetzat.

6. artikulua. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboak dira hartarako lizentzia eskatzen dutenak edo eraikuntza, instalazio edo obrak egiten dituztenak, ez baldin badira zergadunak berak.

7. artikulua. Obra lizentzia ematea edo ukatzea erabakitzen den unean berean izanen da tasaren sorrarazpena.

8.1 artikulua. Tasaren zerga-oinarria eraikin, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa da.

2. Aurreko zenbaki horretan xedatutakoaren ondorioetarako, kostu erreal eta benetakoa exekuzio materialeko aurrekontuaren arabera zehaztuko da, ordainsariak eta industria-mozkina kenduta.

9. artikulua. %0,85eko tasa aplikatuko da. Tasa honen kuota zerga-oinarriari karga-tasa hau aplikatu ondokoa izanen da, honako gutxieneko hauek ezarrita:

2.000 euro bitarte: 35 euro.

2.001etik 5.000 euro bitarte: 65 euro.

5.001etik 9.000 euro bitarte: 80 euro.

Tasa honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikaturik ateratzen dena.

10. artikulua. Aginduzko lizentzia ematen edo ukatzen denean, behin-behineko likidazioa eginen da. Haren zerga-oinarria behar den elkargo ofizialak ikus-onetsita aurkeztu den aurrekontuaren araberakoa izan daiteke, edo, aldiz, exekuzio proiektuaren kostuaren araberakoa, udal teknikarien kalkuluei jarraikiz.

Hasierako proiektua dagokion lizentzia eman ondoren aldatzen bada, lizentzia aldatzeko eskaera aurkeztu behar da, aurrekontu berriarekin batera, behin behineko likidazio berria egiteko, aurrekontuan izandako aldaketaren arabera, hasierakoa gainditzen duen kopuru berean.

11. artikulua. 1. Ikusirik egiazki egin diren eraikuntzak, instalazioak eta obrak, baita horien benetako kostu eraginkorra ere, Udalak, hala behar denean, behin-behineko zerga-oinarria aldatuko du eta behin betiko likidazioa eginen; hori egin ondoren, subjektu pasiboari eskatuko dio paga diezaion edo, hala behar denean, gehiegi jarritakoa itzuliko dio.

2. Aitzineko atalean xedatutakoari dagokionez, obra burutu edo behin-behinekoz jaso eta hurrengo hilabetean, inguruabar horren berri ematen duen deklarazioa aurkeztuko da eta horrekin batera eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako kostu eraginkorra eta obraren zuzendari fakultatiboak emandako ziurtagiria ere bai, bidezkoa denean behar den lanbide elkargoak ikus-onetsia, zeinean obraren kostu osoa egiaztatuko baita.

12. artikulua. Tasaren likidazioaren ondorioetarako, berdin jokatuko da administrazioaren isilbide positiboaz eman diren lizentziekin eta berariaz eman direnekin.

13. artikulua. Lizentziaren titularrak baimendutako obrak, eraikuntzak edo instalazioak egiteari uko egiten badio ere, idatziz aurkeztutako berariazko ukoaz, Fiteroko Udala ez da behartuta egonen ordaindutako tasa itzultzera.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta sortuko ditu erabateko ondorio juridikoak.

Fiteron, 2015eko ekainaren 19an.–Alkatea, Raimundo Aguirre Yanguas.

Iragarkiaren kodea: L1509341