142. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 8/2015 FORU DEKRETUA, uztailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 30.7 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokiola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuak sortu, aldatu, bateratu eta kentzea, eta bakoitzaren izena eta eskumenen esparrua zehaztea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 19.2 artikuluan ezartzen denez, berriz, departamentuak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, hala nola departamentu bakoitzaren eskumena jarduera administratiboaren zein sektoretan arituko den finkatzea, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio eta lehendakariaren foru dekretu bidez egin beharko du.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 30.7 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoaren babesean,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu egitura.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa departamentu hauetan antolatzen da:

–Garapen Ekonomikoa.

–Eskubide Sozialak.

–Ogasuna eta Finantza Politika.

–Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justizia.

–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanak.

–Hezkuntza.

–Osasuna.

–Kultura, Kirola eta Gazteria.

–Landa Garapena, Toki Administrazioa eta Ingurumena.

2. artikulua. Garapen Ekonomikorako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Garapen Ekonomikorako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: jarduera ekonomikoaren plangintza eta programazioa; industria, energia eta meatzaritza; industria jarduera sustatzea; ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza, kalitatea eta lehiakortasuna bultzatzea; energiaren eta meategietako baliabideen kontrola; energia berriztagarriak sustatzea; Nafarroako enpresak nazioartera ateratzeko sustapena; lan harremanak eta ekonomia soziala sustatu eta antolatzea; lan bitartekaritza; Nafarroako turismoaren sektorea antolatu eta sustatzea; barne merkataritza eta eskulangintza antolatu eta sustatzea; Nafarroako errepide sarea proiektatu, gauzatu, zaindu, ustiatu eta defendatzea; interes orokorreko obra hidraulikoak, trenbideetakoak eta aireportuetakoak edo esleitzen zaizkion beste batzuk kudeatzea; geologia eta geoteknia; kartografia; garraioaren arloko politika planifikatu, koordinatu eta gauzatzea; bai eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskudantziak ere.

3. artikulua. Eskubide Sozialetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Eskubide Sozialetako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: familia, kontsumoa eta haur eta nerabeentzako arreta; pertsonen autonomiaren sustapena; hirugarren adinekoen eta desgaitasunak dituztenen beharretarako laguntza; gizarteratzeko lana; immigrazio politiken koordinazioa; garapenerako nazioarteko lankidetza; enplegua sortzeko politika aktiboak sustatzea eta enplegua lortzeko informazioa, orientazioa eta laguntza; bitartekaritza lana lan merkatuan; etxebizitza eskuratzeko bideak sustatzea eta etxebizitzetarako lurzoruaren merkatuan esku hartzea; bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.

4. artikulua. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: ogasun publikoa, aurrekontuen plangintza eta prestakuntza eta kontrol ekonomiko-finantzarioa, politika finantzarioa eta Estatuarekin eta gainerako administrazio publikoekin koordinazio ekonomikoa izatea, ondarea, estatistika; Europako aferak eta haren politikaren jarraipena egitea; bai eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskudantziak ere.

5. artikulua. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: Gobernuko Idazkaritza; erregistro orokorra; administrazioa erraztea eta administrazio elektronikoa garatzea; informazioaren gizartea garatzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea, Nafarroako Aldizkari Ofiziala; gobernu irekia, kode etikoa, jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa; Foru Komunitatearen aholkularitza juridikoa eta ordezkaritza eta defentsa epaiketetan; Nafarroako Zuzenbidea sustatzea; hauteskunde prozesuak; funtzio publikoa; segurtasun politikak; polizia; jokoa eta ikuskizunak; babes zibila eta larrialdietako arreta; Justizia Administrazioa; delituen biktimei laguntzea; delitugileak birgaitu eta gizarteratzea; bai eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskudantziak ere.

6. artikulua. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: hizkuntza politika; gizon eta emakumeen arteko berdintasun politikak; bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei buruzko politikak; ikerlan estrategiakoak; herritarren parte-hartzea bultzatzeko politikak; Gobernuaren eledunaren eginkizunak; lehendakariari laguntzea; Parlamentuarekiko eta Foru Komunitateko, autonomia erkidegoetako, Espainiako eta Europako beste erakunde batzuekiko harremanak; Nafarroako Gobernuaren erakunde irudia babestu, garatu eta sustatzea; Europar Batasuneko erakundeetan parte hartzea; informazio politika koordinatzea; herritarrentzako arreta; hedabideak; Nafarroako Gobernuaren agerpena Interneten eta sare sozialetan; Foru Komunitatetik kanpo bizi diren nafarrekiko eta Nafarroako Etxe eta Zentroekiko koordinazioa; bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.

7. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparrua.

Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: unibertsitateko zein unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza, bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.

8. artikulua. Osasun Departamentuaren eskumenen esparrua.

Osasun Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: osasun publikoa, lan osasuna, osasun laguntza eta osasuna babesteari buruzko eskubideak bermatzea; bai eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskudantziak ere.

9. artikulua. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren eskumenen esparrua.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarrei kulturara sarbidea izateko erraztasunak ematea; kirola; gazteria; bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.

10. artikulua. Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumen-esparrua.

Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenez baliatzea: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura eta landa garapena; Nafarroako Toki Administrazioa; ingurumenaren babesa eta zainketa; baliabide hidrikoak; lurraldearen antolamendua eta hirigintza; eraikuntzen kalitatea kontrolatu eta sustatzea; bai eta indarreko xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Lege erreferentziak.

Indarra duen antolamendu juridikoaren erreferentzia organiko eta funtzionalak Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak emandako foru dekretu honetan ezarritako departamentuei dagozkiela ulertzen da, betiere beren gain hartzen dituzten eskumenen esparruen arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lehentasunak.

Nafarroako Foru Komunitateko lehentasunen araubidearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen 1. artikuluan ezarritakoa izanen da departamentuen ordena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Kreditu egozpena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak emandako foru dekretu honek indarra hartzen duenetik 2015eko aurrekontu ekitaldia itxi arte, aurrekontuetako kreditu xedapenen egozpen organikoa indarra duen sailkapen organikoaren arabera eginen da, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak aginduko ditu beharrezkoak diren egokitzapenak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen bidez sortu edo aldatu diren departamentuen aurrekontu xedapenak kasuan kasuko eginkizunak orain arte bete dituzten departamentuetako bidezko kredituei egotziko zaizkie, 2015eko aurrekontu ekitaldia amaitu arte.

Bigarren xedapen iragankorra.–Berregituraketa eta egitura organikoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen 1. artikuluarekin bat sortu diren edo gaur eguneko departamentuen eskumenak beren gain hartu dituzten departamentuen birmoldaketa edo behin betiko egituraketa egin bitartean, horien mendeko unitate organikoek eta entitateek eskumenak jaso dituzten departamentuetan jarraituko dute lanean eta bertan beteko dituzte beren eginkizunak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera departamentuen berregituraketa egin bitartean, Idazkaritza Tekniko Nagusiek eta horien mendeko unitate organikoek kasuan kasuko eskumenak jaso dituzten departamentuetan beteko dituzte beren eginkizunak, dagozkien arloetan.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Laguntza eta lankidetza.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan adierazten den konfigurazio berriaren araberako departamentuen egiturak onesten ez diren bitartean, bai eta geroko garapenari begira ere, departamentu guztiek laguntza emanen diote elkarri eta behar den sostengua jarriko dute besteen eskura lehenbailehen eta eraginkortasunez ezarri eta lanean has daitezen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu dira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren ekainaren 22ko 11/2012 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen kontrako xedapen guztiak ere, maila berekoak nahiz beheragokoak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari ahalmena ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin ditzaten.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarraldia.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko uztailaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Miren Uxue Barcos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1510554