138. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

353/2015 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, graduatu ondoko beka bat emateko deialdia onesten duena, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiko Atalean aritzeko Laborategiko laguntzaile teknikoaren tituluarekin, edo goi mailako teknikari titulu hauekin: Analisien eta kalitate kontrolaren laborategia, Diagnostiko klinikoaren laborategia, Ingurumen-osasuna, Anatomia patologikoa eta zitologia edo Elikagaien industriako prozesuak eta kalitatea.

Abeltzaintzako Zerbitzuak proposatu du graduatu ondoko beka baten deialdia egitea, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiko Atalean aritzeko, Laborategiko laguntzaile teknikoaren tituluarekin, edo goi mailako teknikari titulu hauekin: Analisien eta kalitate kontrolaren laborategia, Diagnostiko klinikoaren laborategia, Ingurumen-osasuna, Anatomia patologikoa eta zitologia edo Elikagaien industriako prozesuak eta kalitatea.

Kontuan harturik bekadunaren esku uzten diren azterketak eta lanak departamentu honentzat onuragarriak izan daitezkeela, baita bekadunarentzat berentzat ere, horrela lan esperientzia baliagarria lortzeko aukera izanen baitu.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua aplikatuko zaizkio.

Horiek horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluaren bidez eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak azaroaren 15ean eman 424/2013 Foru Aginduaren bidez esleitu zaizkidan eskumenak erabiliz (foru agindu horrek 2014ra luzatutako 2012. urteko Gastuen Aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 kontu-sailari –eta ondorengo ekitaldietako antzeko kontu-sailei– egotzitako gastuak eta ordainketak baimentzeko eskumena departamentuko zuzendari nagusien esku uztea ezartzen du),

EBATZI DUT:

1. Graduatu ondoko beka bat emateko deialdia onestea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiko Atalean aritzeko; haren oinarri arautzaileek ebazpen honen eranskina osatzen dute.

2. 7.616,64 euroko gastua baimentzea, “Bekak” izeneko 700000- 70110-4809-411100 kontu-sailaren kargura, honela banatuta diru-kopuruaren eta denboraren arabera:

–2015eko ekitaldi ekonomikoa: 3.808,32 euro, “Bekak” izeneko 700000- 70110-4809-411100 kontu-sailaren kargura; 600 euroko 6 hileko laguntzak dira, gehi 34,72 euro hilabetean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

–2016ko ekitaldi ekonomikoa: 3.808,32 euro, horretarako gaitzen den kontu-sailaren kargura, betiere aurrekontuan kreditu nahikoa eta egokia badago. 600 euroko 6 hileko laguntzak dira, gehi 34,72 euro hilabetean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora igortzea.

5. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko ekainaren 23an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

ERANSKINA

Beka bat emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategi Atalean aritzeko

Lehena.–Xedea.

Graduatu ondokoentzako beka bat sortzea du xede deialdi honek, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategi Atalean animalien eta landareen osasunari lotutako lanetan aritzeko.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, beka hasten den egunetik 2016ko ekainaren 30era arte. Atalak eskatuz gero, beka luza daiteke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekak 7.616,64 euro izanen ditu, honela banatuta diru-kopuruaren eta denboraren arabera:

–2015eko ekitaldi ekonomikoa: 3.808,32 euro, “Bekak” izeneko 700000- 70110-4809-411100 kontu-sailaren kargura; 600 euroko 6 hileko laguntzak dira, gehi 34,72 euro hilabetean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

–2016ko ekitaldi ekonomikoa: 3.808,32 euro, horretarako gaitzen den kontu-sailaren kargura, betiere aurrekontuan kreditu nahikoa eta egokia badago. 600 euroko 6 hileko laguntzak dira, gehi 34,72 euro hilabetean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

Laugarrena.–Baldintzak.

Prestakuntza beka hartzen ahalko dute baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Espainiako agintariek eman edo homologatutako titulu hauetako bat izatea:

–Laborategiko laguntzaile teknikoa.

–Goi mailako teknikaria honako hauetan:

  • Analisien eta kalitate kontrolaren laborategia.
  • Diagnostiko klinikoaren laborategia.
  • Ingurumen-osasuna.
  • Anatomia patologikoa eta zitologia.
  • Elikagaien industriako prozesuak eta kalitatea.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea du haien esku, Tuterako Foruen Plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina hartarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea.

b) Curriculum vitae-a, egindako ikasketak, egindako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi dituen merezimendu guztiak adierazten dituena.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Seigarren oinarriko 2.II. puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatuak.

f) Jaiotze agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

4. Epe barrenean aurkeztutako eskabidean behar diren datu guztiak jasotzen ez badira, edo eskatutako agiriak erantsi ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpen bat emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute Batzordea:

Batzordeburua: Sagrario Pérez Gómez. Nekazaritzako Elikagaien Laborategi Ataleko burua.

Batzordekidea: Jose Ignacio Pascal Gallegos. Landare Biologiaren Bulegoko burua.

Idazkaria: Pablo Fraile Jiménez de Maquirriain. Nekazaritzako Elikagaien Laborategi Ataleko kimikaria.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2.I.–Espediente akademikoa:

10eko gehieneko batez besteko nota 5 puntu bezala kontatuko da, eta proportzionalki kalkulatuko dira beste kalifikazio batzuk.

2.II.–Beken jardueren esparruari lotutako arloetako prestakuntza:

Ikastaroak: bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak baloratuko dira:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,05 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaroko.

–200 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,2 puntu ikastaroko.

Tituluak:

–Beste titulu batzuk: 0,6 puntu ikastaro osoko. Tituluan badira bekarekin lotura duten edukiak eta ez dutenak, proportzionalki kalkulatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.

2-III.–Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 0,6 puntu emanen dira, edo haren banaketa proportzionala.

2-IV.–Hizkuntzak:

Ingelesa baloratuko da interes zientifikoko hizkuntza bezala: Hizkuntza Eskola Ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduaren arabera onarpena duten erakundeetakoak.

–A1 maila: oinarrizkoa: 0,1 puntu.

–A2 maila: oinarrizkoa: 0,1 puntu.

–B1 maila: oinarrizkoa: 0,3 puntu.

–Goi maila (B2): 0,5 puntu.

–Goi maila (C1): 0,75 puntu.

–Goi maila (C2): puntu 1.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean (González Tablas kalea, 9; Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, bai eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezpenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar den bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Bekak emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritzako zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatu eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu ez bada, eskaerak administrazioaren isiltasunaz ukatutzat joko dira.

3. Bekaren esleipena eta, kasua bada, gainerako eskaeren ezestea interesdunari jakinaraziko zaio, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala, eta, era berean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas kalea, 9, Iruña), bai eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntzarako beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du bere jardueretan edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean. Horrela egiten ez badu, eta ezinbesteko kasuetan edo behar bezala justifikatutako besteren batean izan ezik, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, ezertan ukitu gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.

2. Jarduerak hasten diren unean onuradunek ezin izanen dute bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribaturik jaso.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita haiek gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaie bekadunei.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunek prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko dituzte.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea Administrazio Publikoa izanen da, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F1509830