138. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Tokiko Gobernu Batzarrean eskumenak eskuordetzea

Altsasuko alkateak, 2015eko uztailaren 1ean, ebazpen hau eman du:

Alkatetzaren 2015/802 Ebazpena, uztailaren 1ekoa, Tokiko Gobernu Batzarrean eskumenak eskuordetzen dituena.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 artikuluan eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta ondokoetan esleitutako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tokiko Gobernu Batzarrean ondoko eskudantziak eskuordetzea:

a) Lan publikoaren eskaintza onestea, Osoko Bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea, eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak banatzea.

b) Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespenak, espresuki Osoko Bilkuraren eskuetan utzi ez direnean, baita hirigintza kudeatzeko tresnena eta urbanizazio proiektuena ere.

c) Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, betiere, 6 milioi euro baino gehiago ere; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.

d) Obren proiektuak eta zerbitzuak onestea, kontratatazioa egin edo emateko eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

e) Ondasunak eta eskubideak erostea, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, inolaz ere, hiru milioi euro baino gehiago, baita ondasunaren besterentzea ere, ez aipatu portzentajea ez zenbatekoa gainditzen ez badute, kasu hauetan:

1.–Ondasun higiezinak, betiere aurrekontuan aurreikusia badago.

2.–Ondasun higigarriak, balio historiko edo artistikoaren deklarazioa dutenak izan ezik, haien besterentzea aurrekontuan aurreikusi ez bada.

f) Diru-laguntza deialdiak onestea, Osoko Bilkuraren eskumen ez direnean, eta beraiek ebaztea.

2. Ebazpen honen berri ematea Tokiko Gobernu Batzarrari eta Osoko Bilkurari, jakin dezaten eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Administrazio egintza honen kontra, honako errekurtso hauek aurkeztu ahalko dira:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egile beraren aurrean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aurrean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barrenean.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epearen barrenean, hura jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien epaitegiaren aurrean.

Altsasun, 2015eko Uztailaren 1ean.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

Iragarkiaren kodea: L1509967