133. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

799/2015 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, 2015. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko deialdia onesten duena.

Ebazpen honen xedea 2015. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko deialdia onestea da.

Osasun Departamentua beharturik dago Osasun Zientzien arloko ikerketa Nafarroan sustatzera, zenbait legek ezarritakoarekin bat (Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 1/2007 Legea), eta, orobat, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen Hamargarren Tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa betetzeko.

Ikerketa lana egiten duten profesional asistentzialen masa kritikoa sustatzeko eta eriari bideratutako ikerlanari laguntzeko xedeekin, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 22ko 87/2014 Foru Aginduaren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ikerketa Sustatzeko programa onartu, eta haren arduren egitura funtzionala ezarri zen.

Programa horren 7.2.3. puntuan aurreikusita dago ikerlana areagotzeko prozedura bat abian jartzea, baldintza hauek betetzen dituzten unitate asistentzial jakin batzuen ikerketa lanari sostengua emateko: ikerketarako estrategia oso zehatza izatea, ikerketan ibilbide nabarmena frogatua duten profesionalak izatea, bai eta ikerketarako proiektu aktiboak eta kalitatezkoak ere.

Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen ikerketa lana areagotzeko, beharrezko jotzen da hautatutako ikerlariei jarduera asistentzialaren zati bat kentzea. Horretarako, finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horrek betetzen ez duen jarduera asistentzialari erantzuteko aldi baterako kontratazioak eginez.

Estatu mailan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den indartze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildotik aurreikusten du Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioaren zati bat finantzatuko duela, ikerketa lana areagotzen duten fakultatiboen edo erizaintzako langileen lanaldiaren erdia adinakoa, zehazki.

Azaldutakoaz baliatuta, ikusirik Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearen 22.1 artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2015. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko deialdia onestea. Horretarako prozedura I. eta II. eranskinetan araututa dago.

2. Guztira, 60.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Gastu hori 2015era luzatutako 2012ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ikerketa Sustatzeko Proiektua” izeneko 512002 51350 6095 465100 kontu-sailaren kargura ordainduko da.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Isabel Ansa Erice.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate asistentzialetako profesionalen ikerketa lana areagotzeko finantzaketa 2015ean emateko oinarriak onestea; unitate asistentzial horiek, deialdian eskatutako baldintzez gain, betebehar hauek ere izanen dituzte: ikerketan ibilbide nabarmena frogatua duten ikerlariak izatea, bai eta ikerketarako proiektu aktiboak eta kalitatezkoak ere.

2.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Oinarri hauetan ezarritako ondorioetarako, ikerlana areagotzeko finantzabidea emateko prozeduraren antolaketa eta instrukzio eginkizunak esleitzen zaizkio Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari. Instrukzio organoaren ebazpen proposamena batzorde teknikoak emandako irizpenarekin bat emanen da. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atal horretaz ari da.

Diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

3.–Eskatzaileak eta onuradunak.

3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organiko asistentzialetako arduradunek (zerbitzuak, atalak, ospitale arloko unitateak, osasun mentaleko zentroak edo lehen osasun laguntzakoak) beraien profesionaletako bat ikerketa areagotzeko programan sartzea eska dezakete, baldin eta unitateek hurrengo puntuan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Eskaera egiten duten unitate asistentzialek bete beharko dituzten baldintzak hauexek dira:

–Unitate organikoak bere ikerketa plana izatea, ikerketa ildo batekin edo gehiagorekin eta helburu zehatzekin, hurrengo 3 urteetarako gutxienez.

–Ebaluatutako azken urteko kudeaketa-helburuen betetze mailan ehuneko 80ko gutxieneko puntuazioa erdietsi izana.

3.3. Ikerketa lana areagotzeko programan sartu nahi duten profesionalek, berriz, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Zeregin asistentzialak betetzea, funtzionario, estatutupeko langile edo mugagabeko lan-kontratudun izaerarekin, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organiko asistentzial horretako fakultatibo espezialista, unibertsitateko diplomadun edo erizaintzako gradudun gisa.

–Ibilbide zientifiko frogatua izatea.

–Norgehiagokako deialdi publiko nahiz pribatuan finantzatutako ikerketa proiektu aktibo baten arduraduna izatea, gutxienez, edo, horrelakorik ezean, deialdi horietan 2014an aurkeztutako proiektu batena, betiere proiektu horren kalitatea, kanpoko egiaztatze-erakunde independente baten kalifikazioaren arabera, ona bada edo 70 puntukoa 100 punturen gainetik.

3.4. Unitate organiko bakoitzaren arduradunak izangai bakarra proposatu dezake haren ikerketa lana areagotzeko.

4.–Finantzatzen ahal diren gastuak.

4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 60.000,00 euroko gastua gehienez ere, 2015era luzatutako 2012ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikerketa sustatzeko proiektua” izeneko 512002 51350 6095 465100 kontu-sailaren kargura.

4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotzen duten profesionalek utziko duten lan asistentziala aldi baterako kontratazioaren bidez betetzea; fakultatibo espezialistak, unibertsitateko diplomadunak edo erizaintzako gradudunak izanen dira.

4.3. Unitate organiko bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko diru-zuzkidura 30.000 eurokoa izanen da langile fakultatiboen ordezkapenerako, eta 15.000 eurokoa erizaintzako langileen ordezkapenen kasuan, GIzarte Segurantzako enpresa-kuota barne.

4.4. Ikerketa lana areagotzen duen profesionala atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren langile ordezkoen kontratazioa. 11. atalean deskribatutako prozedurari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.

5.–Kontratuaren ezaugarriak.

5.1. Ordezko langileei administrazio-kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta eta ordeztu beharreko profesionalak urtean duen lanaldi asistentzialaren erdia, gehienez ere, liberatzeari dagokion denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.

5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita. Ordezko langileen kontratazioak etenda emandako denbora ez da berreskuratuko.

6.–Eskaerak.

6.1. Interneteko www.docenciasalud.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan egonen dira eskura agiri normalizatuak.

6.2. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

–1. agiria: eskabidea, ikerketa lana areagotzeko programan sartu beharreko profesionala zein unitate asistentzial organikotakoa den, haren arduradunak izenpetua, ikertzaileak berak sinatua eta unitate asistentzialari dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzaren ikus-onetsia bertan adierazia.

–2. agiria: ikerketa lana areagotzeko programan sartu beharreko profesionala zein unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren ikerketa plana, baldintza hauek betetzen dituena: ikerketa ildo bat edo gehiago izatea, helburu zehatzak hurrengo 3 urteetarako gutxienez, eta azken 5 urteetako memoria zientifikoa.

–3. agiria: Ikertzaileak ikerketa lana areagotzen duen denboran beteko duen jardueraren kronograma eta zehaztasunak.

–4. agiria: Ikerketa lana areagotzeko programan sartu nahi den ikertzailearen curriculum vitae-a, 6.1 atalean xedatutakoaren araberako eredu normalizatuarekin bat bete beharko dena nahitaez, edo Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) elkartearen curriculum vitae normalizatua (CVN), betiere azken horrek bere baitan biltzen badu informazio berbera.

–5. agiria: Norgehiagokako deialdi publiko nahiz pribatuan finantzatutako ikerketa proiektu aktiboaren kopia, edo, horrelakorik ezean, deialdi horietan 2014an aurkeztutako proiektu batena, betiere proiektu horren kalitatea, kanpoko egiaztatze-erakunde independente baten kalifikazioaren arabera, ona bada edo 70 puntukoa 100 punturen gainetik. Proiektuari buruzko informazioan honakoak jaso beharko dira, gutxienez: aurrekariak, helburuak, metodologia, ekintza plana, proiektuaren emaitzen aplikazioak izan lezakeen eragina, eskatutako aurrekontua eta aurkeztu zen deialdian lortutako puntuazioa frogatzen duen agiria.

7.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko dira eskaerak.

7.2. Eskabideak erregistro elektronikoan edo Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskabidea igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

7.3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, instrukzio organoak mezu elektroniko baten bidez eskatuko dio interesdunari gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, beste tramiterik gabe.

8.–Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa.

Batzorde Tekniko batek baloratuko ditu onartutako eskaerak, finantzaketa nori eman proposatzeko. Osaera hau izanen du batzordeak:

–Luis Forga Llenas batzordeko burua izanen da. Nafarroako Ospitalegunea.

–Doña Berta Ibáñez Beroiz. Miguel Servet Fundazioa.

–Don Javier Baquedano Arriazu. Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritza.

–Manuel Cuesta Zorita jauna. Osasun Mentaleko Zuzendaritza.

–Doña Marta Toni García. García Orcoyen Ospitalea.

–M.ª Isabel Rodrigo Rincón. Osasun Departamentuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

–Olga Díaz de Rada Pardo batzordeko idazkaria izanen da. Osasun Departamentuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

9.–Eskaeren balorazioa.

II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratuko dira eskaerak.

Finantzabidea lortzeko, proiektuek gutxienez 15 puntu jaso beharko dituzte 1. atalean (ikerketa lana areagotuko duen langilearen curriculum vitaea), 20 puntu gutxienez 2. atalean (ikerlana areagotzeko denboran bete beharreko jardueraren memoria), eta 20 puntu gutxienez 3. atalean (ikerketa plana hurrengo 3 urteetarako, eta ikerketa lana areagotuko duen profesionala atxikia duen unitate organikoaren azken 5 urteetako memoria zientifikoa).

Batzorde Teknikoak emanen du finantzabidea jasoko duten eskaeren proposamen arrazoitua.

10.–Ikerlana areagotzeko proposamena onartu eta formalizatzea.

Osasuneko zuzendari nagusiak, norgehiagokako araubidea erabili ondoren, ebazpen batean zehaztuko du zein diren ikerketa lana areagotzeko finantzabidea jasoko duten unitate organikoak, Batzorde Teknikoak eginiko proposamen arrazoituari jarraikiz.

Bide elektronikoak erabiliz jakinaraziko zaie ebazpena unitate organikoaren arduradunari, ikerketa lana areagotuko duen profesionalari, eta ikerketa eginen den zentroko zuzendariari, eta Nafarroako Gobernuaren web orrian jarriko da jendaurrean.

Unitate organikoaren arduradunarentzako jakinarazpenari onarpen agiria, finantzaketa egin baino lehen formalizatu beharrekoa, erantsiko zaio; Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera igorriko da, behar bezala beteta.

Eskaera onartzen ez bada, eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzeko epea hilabetekoa izanen da, jakinarazpena jasotzen denetik aurrera.

11.–Finantzaketaren kudeaketa.

Emandako zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko diru-sarreren kontuan ordainduko da, laguntzaren gastuak finantzatzeko.

12.–Ikerketa lana areagotzeko jarduera betetzea.

12.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera deialdi honetan eta unitate organikoko buruak, ikertzaileak, ikerketa egin behar den zentroak eta Osasuneko zuzendari nagusiak horretarako sinatzen duten onarpen agirian aurreikusitako terminoetan garatuko da.

12.2. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren garapenean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro jakinarazi beharko zaio Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari.

Frogatzen bada osorik nahiz zati batean ez direla bete deialdi honetako eta aplikatzekoa den araudiko baldintzak, edo ikerketa lana areagotzeko jardueraren onarpen agirian ezarritakoak, Osasuneko zuzendari nagusiak, behin Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak txosten arrazoitua emanik, finantzazioa eten dezake, eta jasotako zenbatekoa itzul dadila eskatu, galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

13.–Ikerketa lana areagotzeko jardueraren amaiera.

13.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera amaitzen den egunetik, jardueraren onarpen agirian jasotako horretatik, hurrengo hilabeteko epean, unitate organikoko arduradunak Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari igorri beharko dio amaierako memoria bat, bere baitan duela ikerketaren eraginari buruzko atal bat: eragin bibliometrikoa, jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gainekoa, osasunaren gaineko eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorkuntzaren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorkuntzaren gainekoa. Egokitzat jotzen denean, argibide osagarriak eskatzen ahalko dira.

13.2. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren garapenak eskatzen badu, unitate organikoko arduradunak Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalean amaierako memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko du, behar bezala arrazoituta.

14.–Konpromiso osagarriak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen zabalkundean, deialdi honen bidezko finantzabidea izan dela zehaztu beharko da ohar bidez. Produkzio horien berri emanen zaio Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuko dira, kontuan izan gabe amaierako memoria noiz igorri zen.

II. ERANSKINA

Profesionalen ikerketa lana areagotzeko finantzabideak
emateko eskaeren ebaluaziorako baremoa

Eskaerak irizpide hauek aplikatuz ebaluatuko dira:

1. Ikerketa lana areagotuko duen izangaiaren curriculum vitae-a (gehienez ere 30 puntu, eta gutxienez 15 beharko dira).

2. Ikerketa lana areagotzeko denboran beteko den jarduerari buruzko memoria (gehienez ere 30 puntu, eta gutxienez 20 beharko dira).

a. Proposatutako helburuak bat etortzea Osasun Departamentuaren lehentasunezko ikerketa ildoekin.

b. Bete beharreko jardueraren bideragarritasuna: lan plana, atazen banaketa eta kronograma; azpiegitura erabilgarriak.

c. Ikerketa lana areagotzen den denboran ikerketaren arloan espero diren emaitzak. Honako hauek baloratuko dira:

i. Ikerketa sustatzeko jarduerak: norgehiagokako deialdietan aurkeztu beharreko proiektuak, prestakuntza ikerketa arloan, eta abar.

ii. Ikerketa jarduerak ustez izan behar dituen emaitzak.

3. Ikerketa plana, barne direla hurrengo 3 urteetako ikerketa helburuak eta ikerketa lana areagotuko duen profesionala atxikia duen unitate organikoaren azken 5 urteetako memoria zientifikoa (gehienez ere 40 puntu, 20 puntu beharko dira gutxienez).

Iragarkiaren kodea: F1507675