13. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aldaketa, Terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2014ko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta ondotik erregelamenduaren arabera tramitatzea Terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea arautzen duen udal ordenantzako aldaketa.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2014ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 11n, eta Herriko Etxeko iragarki oholean. Jendaurreko epean inork ez dio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Zizur Nagusian, 2014ko abenduaren 22an.–Alkatea, Luis María Iriarte Larumbe.

TERRAZAK ETA BELADOREAK EREMU PUBLIKOAN PARATZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

2011ko abuztuaren 25ean onetsi zen behin betiko, eta 2011ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, irailaren 13an.

Aldaketa honek 10, 11, 21, 23 eta 24. artikuluei eragiten die eta I. eranskina gehitzen du. Helburua du kasu berezietan terrazen instalazioa arautzea eta VII. kapitulua osatzea (arau-hausteak eta zehapenak).

Artikulu bakarra.

10, 11, 21, 23 eta 24. artikuluetan ondoko aldaketa hauek egin dira eta I. eranskina gehitu. Hona hemen:

10. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

10. artikulua. Lizentzia ukatzeko arrazoiak.

Udalaren organo eskudunak terraza beladoredunak eta haien elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du baldin eta interes publikoak, trazadurak, kokalekuak, bide segurtasunak edo bertzelako inguruabarrek hartara behartzen badute, baita honelakoetan ere:

–Instalazioa galtzadan edo ibilgailuak aparkatzeko tokian ezarri nahi denean, salbu eta ordenantza honen 11. artikuluaren 5. idatz-zatian jasotako kasuetan.

–Hartaz arduratzeko, galtzada gurutzatu behar denean.

–Bide segurtasunari kalte egiten zaionean (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen duenean.

–Inguruko eraikinen eta lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

–Ekipamendu edo hornigarrien (bankuak, iturriak, telefono kabinak etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

11. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

11. artikulua. Instalazioak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan.

1.–Instalazioa ez da jarduera nagusia hartzen duen establezimenduaren fatxada baino luzeago izanen, non ez duten haren ingurukoek baimen idatzia ematen; betiere, inguruko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

2.–Ahal dela, luzetara jarriko dira, espaloi ertzarekin hegiz hegi, hartatik 30 zentimetro bederen urrunduta.

3.–Ez da terrazarik paratzen ahalko 3 metrotik beheitiko zabalera duen espaloian edo oinezkoen eremuan. Nolanahi ere, instalazioak tarte bat utzi beharko die oinezkoei, 1,50 metro zabal gutienez ere, fatxadatik, oztoporik gabe, eraikinaren fatxada ondoan, ordenantza honen 6.3 artikuluan agindua ukatu gabe.

4.–Orobat, debeku dira instalazio horiek honako hauen parean: oinezkoen pasabideak, elbarriek aparkatzeko tokiak, larrialdiko irteerak, autobusen geralekuak, taxiek aparkatzeko guneak, zaborra biltzeko edukiontziak, ibilgailuen irtenbideak etab.

5.–Salbuespenez eta arrazoituta, espaloiek ez dutenean behar adinako tamaina terrazak 11.3 artikuluan ezarritako baldintzen arabera paratzeko, udal organo eskudunak, Udaltzaingoaren txosten loteslea jaso ondotik, baimena ematen ahalko du galtzadetan gehigarriak ezartzeko, haien gainean terraza arruntak paratzeko.

a) Oro har, galtzaden gehigarrietan paratzen diren terrazek espaloietako terrazen baldintza orokor berberak bete beharko dituzte, baina muga batekin: oinezkoei eta ibilgailuei ez diete inolaz ere eragotzi behar eremu publikoan normal ibiltzea.

b) Galtzadaren okupazioa egitura eramaile baten bidez eginen da, galtzadaren zoladura ondoko espaloiaren zoladurak duen maila berera igotzeko aukera ematen duena, galtzadetarako sarbidean irtengunerik eta eskailera-mailarik ez duelarik.

c) Instalazioa eginen da metalezko bastidore modularrez osatutako elementuen bidez, espazio erabilgarriaren formara eta neurrietara egokitzen ahal baitira; kanpoaldean erabiltzeko egokia den zurezko zorua jarriko da horien gainean. Bestelako edozein instalazio tekniko paratzeko udal agintaritza eskudunaren baimena beharko da.

d) Betiere, galtzadaren gehigarrietan terrazak instalatzean establezimenduaren fatxadaren parean dauden aparkatzeko tokiak soilik hartuko dira, halakorik baldin badago, eta ez dituzte inola ere okupatuko beste leku batzuetako aparkalekuak. Egituraren neurriak ezin izanen dira inola ere izan establezimenduko fatxadaren zabalera eta aparkatzeko eremu okupatuaren sakonera baino handiagoak, betiere aparkatzeko toki okupatuen tipologia eta ezaugarrietara egokitu beharko baitira (ilaran edo baterian). Elementu islatzaileak paratu beharko dira ertzetan, gutxienez 10X20 cm-koak eta muturrean arriskua adierazteko zutikako seinale bat jarri beharko da, P-17 motakoa, ibilgailuen zirkulazioaren norabidera egokitua. I. eranskina

Baterian aparkatzeko eremu batean jartzen diren terrazen kasuan, terrazako elementuen eta ondoko aparkalekuak inguratzen dituen lerroaren artean gutxienez ere metro bat utzi beharko da. Neurri hori proiekzio horizontalean hartuko da galtzadaren gainean.

e) Galtzadan instalatutako terrazarako sarbide bakarra ondoko espaloitik eginen da; instalazioaren ezaugarriek eragotziko dute fisikoki sartzea galtzadako edo aparkatzeko eremuko edozein puntutatik. Horretarako, eta terrazan daudenek erorikorik izan ez dezaten, inguru guztian babes elementuak edo haize-babesak jarriko dira. Babesteko baranda, egurrezkoa edo metalezkoa, izan beharko du, diseinu egokia izanen duena, eremua mugatuz. I. eranskina

f) Instalazioaren diseinuak aukera emanen du, beti, galtzadako euri urak husteko sistema egokia izateko, baita dagoen bestelako edozein instalazio edo zerbitzu publikotarako ere. Bereziki, terrazak ez du trabarik eginen zerbitzu publikoetako (estolda-zuloak, kutxeten estalkiak, putzuak eta abar) oinarrizko elementuen sarbidean edo funtzionamenduan. Ez da baimenduko toldoa jartzea galtzadaren hegalaren gainean.

g) Instalazio guztia, beste edozein terraza bezala, erraz desmuntatzekoa izanen da eta, beraz, ezin izanen da zoladuran ainguratu, eta diseinuak (neurriak, pisua etab.) aukera emanen du erraz lekualdatzeko; erraz desmuntatzeko baldintza hau terrazak izan ditzakeen elementu edo instalazio guztiei ere aplikatuko zaie.

h) Mota honetako terrazak instalatzeak proiektu teknikoa egitea eskatuko du, teknikari eskudun batek sinatua. Bertan argi eta garbi justifikatu beharko da aurreko zehaztapenak betetzen direla, baita terraza salbuespenezko leku horretan jarri nahi izateko arrazoiak ere. Halaber, proiektu teknikoak funtzionamendu eta segurtasun baldintzak bermatuko ditu eremu publikoan ibiltzen diren oinezkoentzat eta ibilgailuentzat.

21. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

21. artikulua. Instalazioa kentzea.

1. Aurreko artikuluan ezarritako ordutegia amaitutakoan, instalazioaren titularrak terrazako elementuak bilduko ditu: mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak eta abar. Egunero bildu beharko ditu 30 minutu pasa baino lehen, eta kanpoaldean gorde edo pilatu ahalko ditu, txukun eta betiere eremu publikoa trabatu gabe”.

2. Baimenduriko materiala bildutakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.

3. Denboraldia bukatuta, materiala (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak) bildu beharko da eta ez da inola ere eremu publikoan utziko.

23. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

23. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Hona hemen ordenantza honetako arauen kontrako arau-hausteen sailkapena: arinak, larriak eta oso larriak.

1. Hutsegite arinak.

a) Terraza paratzea aginduzko udal lizentziarik gabe, legeztatzen ahal denean.

b) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %30etik beheiti.

c) Ordenantzan xedatutako ordutegia urratzea.

d) Mahaiak eta elementuak lizentzian baimendutako epetik kanpo paratzea.

e) Terraza beladoredunak edo/eta eguzkitakoak edo lizentzian zehazten diren bertze elementu batzuk kokatzeko baldintzak ez betetzea.

f) Bizilagunak gogaitzea.

g) Terrazak edo beladoreak okupatzen duen eremua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik.

h) Hartutako eremua behar bezain garbi ez uztea mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak etab. eremu publikotik kendutakoan.

i) Lizentzian baimendu tokia ez, beste bat okupatzea.

j) Lizentzian jaso baino mahai eta aulki edo osagai gehiago paratzea.

k) Ordenantza honetan eta baimenean jasotako edozein betebehar eta debeku, hutsegite larriaren kalifikazioa ez duena, ez bete eta haustea.

l) Oinezkoen joan-etorriei modu nabarmen eta jarraikian traba egitea.

2. Hutsegite larriak.

a) Terraza paratzea Udalaren aginduzko lizentzia izan gabe eta legeztatzeko aukerarik izan gabe, horrelako instalazioetarako baimenak eskuratzeko baldintzak betetzen ez direlako.

b) Hutsegite arinak bitan egitea.

c) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %30etik goiti.

d) Beladoreak, terrazak edo eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, ez betetzea, horrek kalte larria sortzen dionean interes publikoari edo hirugarrenei.

e) Bizilagunak gogaitzen behin eta berriz aritzea.

f) Ordenantzan ezarritako ordutegia behin eta berriz ez betetzea.

g) Musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

3. Hutsegite oso larriak.

Hiru hutsegite larri egitea.

4. Ordenantza honetan erregulaturiko arau-hausteei dagokienez, hiru urte igarota preskribatuko dira oso larriak, bi urte igarota larriak eta sei hilabete igarota arinak.

Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

Arau-hausteak jarraian egin direnean, preskripzio epea hasiko da arau-haustea dakarren ekintza edo omisioa bukatu edo eteten den mementoan.

24. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

24. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honetan ezarritako aginduak ez betetzeagatik egiten da arau-haustea eta, ondorioz, zehapen espedientea ireki ondotik, hurrengo zehapenak ezarriko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) ezarritako prozedurari jarraikiz. Zehapen horiek ez dira inoiz arau-hausteak arau-hausleari ekarri dion mozkina baino txikiagoak izanen.

Hutsegite arinak: 500 eurorainoko isuna.

Hutsegite larriak: 501etik 1000 euro bitarteko isuna.

Hutsegite oso larriak: emandako lizentzia baliogabetzea.

2. Zehapenen zenbatekoa ezartzerakoan kontuan hartuko da arau-haustearen izaera, eragindako kaltearen larritasuna, erruduntasun maila, behin baino gehiagotan egitea, arau-hausleak atera dezakeen onura eta gainerako inguruabarrak.

3. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak irekitzeko ahalmena Udalbatzako idazkariari dagokio, edo alkateak ebazpen bidez izendatzen duen aholkulariari.

4. Alkateak izanen du zehapen-espedienteak ebazteko eskumena.

5. Zehapen ahalmenaz baliatzeko prozeduraren erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz, prozedura hasitakoan, inputatutako pertsonak onartzen badu gertaeren erantzulea dela eta dagokion zehapena ordaintzen badu, prozedura besterik gabe amaitu eginen da, eta zehapena %30 murriztuko.

I. eranskina.–Gehitu da.

I. ERANSKINA

L1417425_0.pdf

Iragarkiaren kodea: L1417425