13. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGANTZI

Lorategi moduko teilatuen eraikuntza arautzen duen ordenantza Behin betiko onespena

Igantziko Udalak, 2014ko ekainaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen lorategi moduko teilatuen eraikuntza arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2014ko 178. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 11n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Igantzin, 2015eko urtarrilaren 9an.–Alkatea, M. Lourdes Ibarluzea Irureta.

IGANTZI HERRIAN LORATEGI MODUKO TEILATUEN ERAIKUNTZA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen helburua da lorategi moduko teilatuak jarri eta eraikitzeko baldintzak arautzea.

Arautegia gune natural hauek ingurumenean sortzen dituzten onuretan oinarritzen da, airearen kalitatean, euritako uraren irristatzean, tenperaturaren leunketan eta energiaren eraginkortasunean.

Ordenantza honek indarrean dauden ordenantza eta arautegia osatzen ditu.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Lorategi moduko teilatuak ondorengo kasuetan erabiliko dira:

–Oin bakarreko eraikuntzetan, baratzeko etxola, nekazaritza biltegi gisako eraikin osagarri, eraikin osagarri eta lurzoru urbanizaezinaren arautegiko 7, 8, 14 eta 15. artikuluetan definitutako etxeko biltegi gisa erabiltzeko direnetan.

–Hiri lurzoruko oin bakarreko eraikuntza osagarrietan: katalogatu gabekoak, garaje gisa erabiliak, etxeko biltegiak etab.

3. artikulua. Terminologia.

a) Lorategi moduko teilatua.

Lorategi moduko teilatua edo sabai edo kasko berdea da eraikin baten estalkia, erabat edo zati batean landarediaz estalita dagoena, laborantzako ingurune egoki batean, ondoko lurraren jarraian (eraikina lurperatua badago edo erdi lurperatua) edo lurra baino gorago. Ez dagokio teilatu lauak estaltzeko koloreari, ezta loreontziak edo jardinerak jartzeari ere. Funtzio ekologikoa daukaten teknologia eta/edo eraikuntza sisteman integratutako eraikuntzak dira.

b) Lorategi moduko teilatuen elementuak.

Landare teilatu bat ondorengo geruzek osa dezakete (baina ez dira denak derrigorrezkoak).

1. Landare maila: azaleran landatuko diren landare, belar eta loreez osatua.

2. Oinarria: landareak handitzeko materiala, hau da, mintegiko lurraz edo beste konposatu organiko batzuez osatutako nahaste nutritiboa.

3. Filtrazioko geruza edo oihala, lurrari eta sustraiei eusten diena, baina ura pasatzen uzten duena, horrela drainatzeko.

4. Drainatzeko eta euri ura biltzeko geruza, hondarrez edo ura pasatzen uzten duten ale handiko bertzelako material batzuez osatua, baina ez bertzelako konposatu solido batzuez, ura biltegiratzen edo kanalizatzen delarik gero erabiltzeko.

5. Sustraietatik babesteko geruza edo hesia.

6. Teilatuko egiturako zatira ura eta hezetasuna pasatzen uzten ez duen mintz iragazgaitza.

7. Teilatuaren euskarri edo egitura, honako hauek eratua: habexkez osatu forjatua, hormigoizko lauzak, egurra etab.

4. artikulua. Euskarria.

Egiturak edo euskarriak behar bezalako neurriak izan beharko ditu, teknikari eskudunaren aginduari jarraikiz, geruzen, oinarriaren eta landareen pisuari eusteko.

Laua edo maldaduna izan daiteke; hori bai, gehienez ere %40ko malda izanen du.

5. artikulua. Landare maila.

Landareak bertako espezie estaltzaileak izanen dira, zola desberdinekin eta landare apaingarriekin edo baratze moduan, jatekoekin nahasirik.

Zolak zonaldeko harrizkoak, egurrezkoak edo teilazkoak izango dira (inoiz ez plastikozkoak) eta ez dute lorategi moduko teilatuaren azaleraren %10 baino gehiago hartuko.

Teilatuak lurrarekin jarraipenik ez duen guneetan eta 55 cm baino gehiagoko desnibela dagoenean, eusteko elementua jarriko da, landareekin eta/edo CTE-DB-SUA-1.3.ko zehaztapenak betetzen dituzten baimendutako materialekin (metala, egurra etab.) egindako baranda bat.

6. artikulua. Uraren ebakuazioa

Teilatuko euri ura eta ureztatzekoa behar bezala ebakuatuko dira, lurzati barrura botaz edo kanpoko aldera, hau da, euritakoen sarera.

7. artikulua. Ingurumeneko egokitzapena

Jabeak arduratuko dira lorategi moduko teilatuak mantentzeaz, inguruan edo mugako eraikinetan kalterik sortu gabe, ingurumenaren alorrean, estetikan edo bertzelako alderdi batean.

Begi-inpaktu negatibo bat atzemanez gero, Udalak hori zuzentzeko neurriak ezarraraz ditzake.

Iragarkiaren kodea: L1500306