2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
EGUESIBAR
Deialdia, hautaproben bitartez Eguesibarko Udalaren lorezaintzako peoi lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Udalaren Lorezaintza Zerbitzuan sortzen
diren beharrei erantzutearren
Eguesibarko Udalaren Gobernu Batzarrak, 2014ko urriaren 27an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen:
OINARRIAK
1.–Xedea.
1.–Deialdia egiten da hautaproben bidez D mailako lorezaintzako peoi lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Eguesibarko Udalaren Lorezaintza Zerbitzuan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.
Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen ahal diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.
Aurreko atalean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, deialdi honetatik ateratzen den aldi baterako kontratuak egiteko zerrenda berriak lehentasuna izanen du lehendik dagoen beste edozein zerrendaren aurrean.
Peoi lanpostuaren eginkizunak lorezaintzak berezko dituen jarduerekin zerikusia dutenak dira, esan nahi baita, parkeetako mantentze lanak, inausketak, soropila moztea, ureztatzeko instalazioetako mantentze lanak, landaketak, ereintza, lorategien sorrera eta bertako mantentze lanak, oihangintzako lanak eta ingurumena babestekoak etab.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Eskola Graduatuaren titulua edo baliokideren bat izatea, edo hura jasotzeko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen gordekina.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) B1 motako gidabaimena izatea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.
3.–Eskaerak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Eguesibarko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.
Eskabideak I. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
3.2. Azterketa eskubideetarako 6.07 euroko tasa ordaindu beharko da. Ordainketa hori Eguesibarko Udalaren bulegoetan egin beharko da.
3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
b) Eskatutako tituluaren egiaztagiria.
c) B1 motako gidabaimena edo baliokidea.
d) Tasen ordainagiria. Tasak Udaleko Diruzaintzan ordaintzen badira, ordainagiri bat emanen da eta eskabideari erantsi beharko zaio.
3.4. Horretaz gainera, izangaiek eskabidearekin batera frogatu beharko dute euskararen B1 maila edo handiagoa izatearen merezimendua, jatorrizko ziurtagiri ofizialaren edo behar bezala konpultsatuaren bidez. Parte hartzeko eskabidea aurkezteko epea amaitu ondoren aurkezten bada ez da onartuko eta ez da puntuatuko.
3.5. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.
4.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Eguesibarko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren) baita haren webgunean ere (www.valledeegues.com).
Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratzeko aginduko, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.
6.–Epaimahaia.
6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:
Mahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.
Mahaiburuaren ordezkoa: Mikel Echarte Azcárate, Eguesibarko Udaleko zinegotzia.
1. mahaikidea: Juan Jesús Yoldi Jiménez, Eguesibarko Udaleko lorategietako eta ingurumeneko teknikaria.
1. mahaikidearen ordezkoa: lorategietako teknikari bat, titularrak izendatzen duena.
2. mahaikidea: Diego Fernández Rebolé, Eguesibarko Udaleko lorategien arduraduna.
2. mahaikidearen ordezkoa: lorategietako teknikari edo arduradun bat, titularrak izendatzen duena.
3. mahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.
3. mahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.
Mahaikide idazkaria: Jesús Marco del Rincón, Eguesibarko Udaleko idazkaria.
Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa.
6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Eguesibarko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.
Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.
7.1. Hautapen prozesua honako hauek osatzen dute: euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzea, eta lanpostuaren eginkizunei eta gaiei buruzko proba teoriko bat egitea.
7.1.1. Merezimenduen balorazioa.
Euskararen B1 maila edo handiagoa ziurtagiri ofizial baten bidez frogatzen bada: 3 puntu.
Ziurtagiri ofizialik ez dutenek euskara proba egitea eskatzen ahalko dute eskabide orrian, gutxienez ere aipatu maila frogatzeko, eta 3 puntu emanen zaizkie maila hori frogatzen dutenei.
7.1.2. Proba teorikoa.
Galdera laburrei erantzun beharko zaie edo test motakoei. Lorezaintzako eta ingurumeneko gaiei buruzkoak izanen dira, hala nola: soropilak; apaingarriak inaustea; lorezaintzako makinak, erabilera eta mantentze-lanak; ongarritzeak; fitopatologia; landaketak eta ereintzak; oihangintzako landaketak eta apaingarrienak; zoruen tratamendua; lorezaintzako arriskuen prebentzioa; lore apaingarria; ureztapenak; zuhaitzak eta zuhaixkak; heskaiak; konpostajea; baratzezaintza ekologikoa; xerolorezaintza...
Proba honetan 97 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.
Gainditzeko, gutxienez 48,5 puntu eskuratu beharko dira.
Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.
Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
8.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.
8.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Eguesibarko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazio osoaren hurrenkeran, eta alkateari helaraziko dio, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.
8.2. Gainditu duten izangaiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Eguesibarko Udaleko lorezaintza zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.
8.3. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.
Dei egiterakoan, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.
8.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
9.–Agirien aurkezpena.
9.1. Hautatutako izangaiak kontratua sinatu beharko du –beste epe bat ezarri ezean– abisua eman eta bost eguneko epean –edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu–; eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
9.2. Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.
Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Sarrigurenen (Eguesibar), 2014ko abenduaren 18an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.
I. ERANSKINA
Izena: .................... , NAN/nortasun agiria: ...................., jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............ jaioterria ............................. Gaurko helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, solairua) .................................................. Herria .......................... Posta Kodea........................ Telefono mugikorra............. Telefono finkoa............
ADIERAZTEN DUT:
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.
Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Deialdian eskatutako titulazioa dudala, bai eta eskatutako gidabaimena ere, eta biak aurkeztu ditudala.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.
Euskaraz jakitearen gaineko proba egin nahi dudala (bidezkoa dena adierazi): Bai. Ez.
Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).
Minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
ESKATZEN DUT:
Eguesibarko Udaleko lorategietako peoi lanpostua aldi baterako kontratuaren bidez betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdian onar nazatela (.........(e)ko ....... zk.dun Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
Sarrigurenen (Eguesibar), 20....... (e)ko ...........aren ........ (e)an
(Sinadura)
Iragarkiaren kodea: L1417412