127. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Udalaren Osoko Bilkuraren erregelamendu organikoa

Udalbatzak 2015eko apirilaren 27an eginiko Osoko Bilkuran hasiera batez onetsirik (89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2015eko maiatzaren 11koa), eta jendaurreko epea inolako erreklamaziorik gabe iraganda, behin betiko onetsi da, ondoko testuarekin bat:

OSOKO BILKURAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

AURKIBIDEA

Zioen azalpena.

I. TITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

II. TITULUA: ZINEGOTZIEN ESTATUTUA

I. kapitulua: Eskubideak eta betebeharrak.

II. kapitulua: Informazioa eskuratzeko eskubidea.

III. kapitulua: Talde politikoak.

III. TITULUA: OSOKO BILKURAREN ANTOLAMENDUA

I. kapitulua: Osoko Bilkurako Lehendakaria.

II. kapitulua: Osoko Bilkurako Idazkari Nagusia.

III. kapitulua: Bozeramaileen Batzordea.

IV. TITULUA: OSOKO BILKURAREN FUNTZIONAMENDUA

I. kapitulua: Bilkurak.

Lehen atala. Bilkura-motak.

Bigarren atala. Beste xedapen batzuk.

II. kapitulua: Deia eta gai-zerrenda.

Lehen atala. Deia.

Bigarren atala. Gai-zerrenda.

III. kapitulua: Bilkurak egiteko era.

IV. kapitulua: Eztabaidak.

V. kapitulua: Bozketak.

VI. kapitulua: Aktak.

VII. kapitulua: Ordena bilkuretan.

V. TITULUA: ERABAKIAK HARTZEKO PROZEDURA

I. kapitulua: Proposamenak eta proposizioak.

II. kapitulua: Presako mozioak.

III. kapitulua: Zuzenketak.

VI. TITULUA: ARAUAK ONESTEKO PROZEDURA

I. kapitulua: Xedapen orokorrak.

II. kapitulua: Proiektuak.

III. kapitulua: Proposizioak.

IV. kapitulua: Aurrekontuak.

VII. TITULUA: BATZORDEAK

I. kapitulua: Xedapen komunak.

II. kapitulua: Batzorde iraunkorrak.

III. kapitulua: Kontuen Batzorde Berezia.

IV. kapitulua: Batzorde ez-iraunkorrak.

VIII. TITULUA: INFORMAZIO-, SUSTAPEN-
ETA KONTROL-TRESNAK

I. kapitulua: Galderak.

II. kapitulua: Eskaerak.

III. kapitulua: Eztabaida orokorrak udal-politikari buruz.

IV. kapitulua: Adierazpenak.

V. kapitulua: Zentsura-mozioa eta konfiantza-arazoa.

Xedapen Gehigarriak.

Xedapen Indargabetzailea.

ZIOEN AZALPENA

57/2003 Legeak funtsezko aldaketak egin zituen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean. Aldaketok Nafarroan ere gehitu dira 11/2004 Foru Legearen bidez.

Iruñeko Udala Legearen X. Tituluaren aplikazio-esparruak ukitzen du, hots, antolamenduko araubide berariazkoa (121. artikulua) zedarritzen duenak, bai eta 11/2004 Foru Legeak ere, horrexek xedatu baitzuen nola aplikatu behar zitzaion Legea Iruñeko Udalari (9 bis art.).

Berariazko araubide horrek ezaugarri du Korporazio berean integratzea bi botere –bat, betearazlea, eta bestea, legegilea–, halako eran non bereizita gelditzen baitira eginkizun arauemaileak eta betearazleak.

Zioen Azalpenean adierazitakoarekin bat, Osoko Bilkura “egiazko organoa da udala ukitzen dituen tokiko politika nagusiak eztabaidatzeko eta erabaki estrategikoak hartzeko.”

Eta botere betearazleak bi organo nagusi ditu. Alde batetik, Gobernu Batzarra organo betearazlea da erabat, eztabaidarako ez dena, Osoko Bilkuraren aurrean erantzulea eta bere mende duena, zuzenean, administrazio-antolamendua. Beste alde batetik, Alkatea da udal-politikaren eta -gobernuaren zuzendaritzaren titularra, botere betearazleko gobernu-lehendakari baten antzera. Gizartearen aurrean, buruzagia da eta hiriaren ordezkaria. Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen Zioen Adierazpenak honela dio: “udal-politika, -gobernu eta -administrazioko zuzendaritza organo nagusia da, eta eginkizun sinbolikoekin batera –hala nola udalerriaren ordezkaritzarik gorena– baditu eginkizun hori betetzeko behar dituen eskumen betearazleak.”

Marko horretan kokatu behar da Erregelamendu Organiko hau, zeinak erregulatu egiten baitu eztabaidarako udal-organo gorenaren antolamendu- eta funtzionamendu-araubidea.

Halatan, II. Tituluan jasotzen du Zinegotzien Estatutua, eta bertan eransten ditu lege-berrikuntzak atxiki gabeko kideei eta talde politikoetara sartzeari buruz, eta Talde Mistoaren eraketa ere zedarritzen du.

III., IV. eta V. tituluetan Osoko Bilkuraren antolamendua eta funtzionamendua daude jasota, non erantsi baitira Bozeramaileen Batzarraren erregimen berria eta Osoko Bilkuraren izaera parlamentarioari dagozkion mekanismoak, bai eta administrazio-egintzak onesteko prozedura ere.

VI. Tituluan, arauak onesteko prozedura erregulatzen da, arau horien artean sartu dela, besterik gabe sistematizatzearren, aurrekontuen proiektua.

VII. Tituluak arreta jartzen die batzordeetan dauden aukera berriei, hala batzorde iraunkorretan zein ez-iraunkorretan.

VIII. Tituluan jasota gelditu dira kontrol-, sustapen- eta informazio-erak, non hainbat modalitate eransten baitira, hala nola adierazpenak, udal-politikari buruzko eztabaidak, zentsura-mozioa eta konfiantza-arazoa.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1.–Erregelamenduzko xedapen honek xede du Udaleko Osoko Bilkuraren antolamendua eta funtzionamendua zein Zinegotzien Estatutua ezartzea.

2.–Erregelamendua organikoa da, eta ematen da Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 122.3 eta 123.1.c) artikuluen babesean, zeinak erantsi baitziren Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legearen bitartez.

2. artikulua. Osoko Bilkuraren osaera eta izaera.

1.–Osoko Bilkura alkateak eta zinegotziek osatzen dute, eta herritarren ordezkaritza politiko gorena duen organoa da udal-gobernuari dagokionez.

2.–Osoko Bilkurak batzordeak izanen ditu, talde politikoek izendatuko dituzten kideek osatuak, halako eran non bermatuko baita talde politiko guztiak batzorde guztietan egotea, ahaleginak eginen direlarik gordetzeko hala Osoko Bilkurako proportzionaltasuna nola bertako gehiengo politikoak.

3. artikulua. Eskumenak.

1.–Osoko Bilkurari dagozkio Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak biztanle-kopuru handiko udalerriei egotzitako eskumenak eta, horiez gain, ordenamendu juridikoak jasotzen dituen gainerakoak ere.

2.–Osoko Bilkuraren eskumenak batzordeen eskuetan utzi ahalko dira ordenamendu juridikoan ezarritako eran.

4. artikulua. Antolamendua.

Osoko Bilkuraren zuzendaritza-organoa haren lehendakaria da, eta Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiaren eta Bozeramaileen Batzarraren laguntza jasoko du bere eginkizunak betetzerakoan.

II. TITULUA

Zinegotzien estatutua

I. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

5. artikulua. Erregimen orokorra.

Zinegotziek eskubide eta betebehar dituzte indarreko legeetan, erregelamenduetan eta testu honetan ezarritakoak.

6. artikulua. Bertaratzeko eskubidea eta betebeharra.

1.–Zinegotziek eskubidea eta betebeharra dituzte bertaratzeko –boz eta botoarekin– osoko bilkuretara nahiz kide dituzten kide anitzeko organoenetara, salbu bidezko arrazoi batek bertaratzea galarazten badie, eta kasu horretan behar bezain garaiz jakinarazi beharko dute hori kasuan kasuko organoko lehendakariari.

2.–Zinegotzien absentziak Osoko Bilkurako Lehendakariari jakinarazi behar zaizkio –ahoz edo idatziz, dela zinegotziek beraiek adierazita, dela beraien talde politikoaren bozeramaileen bitartez–, baldin eta hamar egun baino gehiagorako joaten badira udalerritik kanpora, absentzien iraupenaz aurreikusten den epea ere zehaztu behar dutelarik.

3.–Zinegotziek, orobat, eskubidea dute bertaratzeko -boz-eskubidearekin baina botorik gabe-udal-batzordeen, erakunde autonomoetako zuzendaritza-organoen eta antzeko beste zenbaiten bilkuretara.

7. artikulua. Eskubide ekonomikoak.

Zinegotziek eskubidea izanen dute jasotzeko –Udalaren aurrekontuaren kargura– dagozkien ordainsariak, kalte-ordainak eta bertaratze-laguntzak, betiere toki-araubideko legeetan, Erregelamendu honetan eta hori garatu eta aplikatze aldera Osoko Bilkurak hartu ditzakeen erabakietan xedatutakoarekin bat.

8. artikulua. Ordainsariak.

1.–Udaleko Osoko Bilkurak zehaztuko du zein den zinegotzien arduraldi- eta ekonomia-erregimena, non arduraldia izan ahalko baita esklusiboa, partziala –arduraldi esklusiboko lanaldiaren heren baten eta bi herenen bitartekoa– edo bertaratze-laguntzetakoa.

2.–Udal-talde politikoek, beren burua antolatzeko duten ahalmena baliatuta, erabakia hartu ahalko dute hiru zinegotzitik –edo kopuru horren zatiki bakoitzeko– batek arduraldi esklusiboan jarduteko, eta, gutxienez, hiru zinegotzitik –edo kopuru horren zatiki bakoitzeko– bat arduraldi partzialean aritzeko, hori guztia udal-alor baten edo batzuen zereginen jarraipenari eta kontrolari ekite aldera eta jarduketak aztertu eta proposatzeko, esparru material jakin batean.

3.–Hala arduraldi esklusiboan nola arduraldi partzialean, ordainsarien kopurua graduatu ahalko da, aintzat harturik zinegotzi bakoitzaren berariazko ardura, hari egotzitako eginkizunak eta, hala badagokio, horiei ekiteko beharrezkoa den ardura-maila.

4.–Ordainsari eta bertaratze-laguntza guztiak lotu beharko zaizkio kasuan kasuko zerga araubideari, eta arduraldi esklusibo eta partzialekoek berekin ekarriko dute alta egin beharra Gizarte Segurantzako kasuan kasuko erregimenean.

5.–Arduraldi esklusiboko ordainsaririk jasotzea bateraezina da administrazio publikoen eta administrazio horien menpeko entitate, erakunde eta enpresen aurrekontuen konturako beste inolako ordainsaririk hartzearekin, bai eta, halaber, beste jarduera batzuetan aritzearekin ere, hori guztia, bateraezintasunei buruzko arauetan xedatutako eran.

9. artikulua. Bertaratze-laguntzak.

Zinegotziek diru-kopuru bat jasoko dute bertaratze-laguntza gisara, baldin eta, arduraldi esklusibo edo partzialik ez dutelarik, korporazioko kide anitzeko organo bateko kide izan eta haren bilkuretara joaten badira.

10. artikulua. Kalte-ordainak.

1.–Zinegotzi guztiek jasoko dituzte kalte-ordainak karguan aritzean egindako gastuak direla medio.

2.–Zinegotzi guztiek izanen dute eskubidea Udalarengandik kalte-ordainak eskuratzeko, karguan aritzean dela haiek beraiek dela beren ondasunek paira ditzaketen kalteak direla medio.

3.–Alkateari dagokio aurreko bi puntuetan aipatutako kontzeptuak direla medio egin beharreko gastua baimentzea.

11. artikulua. Bateraezintasunak.

1.–Zinegotziek beti bete beharko dituzte bateraezintasunari buruzko arauak, eta Udalbatzari eman behar diote bateraezintasuna eragin dezaketen inguruabar ororen berri.

2.–Alkateak aurkeztu behar dizkio Osoko Bilkurari zinegotzi guztien bateraezintasun-egoerei buruzko proposamenak, eta hori hamabost eguneko epean egin behar du, zeinek dagokion egoera erabat bere gain hartu, edo bateraezintasunei buruz egindako aitorpenean gerta daitekeen edozein aldaketaren derrigorrezko jakinarazpena egin, eta biharamunetik aitzina.

3.–Baldin eta bateraezintasun-arrazoi bat suertatu eta Osoko Bilkurak halakotzat jotzen badu, hark ukitutako zinegotziak hamabost eguneko epea izanen du, bateraezintasuna noiz jakinarazi eta biharamunetik aitzina, uko egiteko dela bateraezintasuna eragin duen egoerari dela zinegotzi izateari.

4.–Behin aurreko puntuan aipatutako epea hautua egin gabe iraganez gero, ulertuko da ukitutako pertsonak zinegotzi izateari uzten diola, eta Osoko Bilkurak deklaratu beharko du kargua hutsik dagoela, eta hori Hauteskunde Administrazioari jakinarazi, Hauteskunde-araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 182. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

5.–Baldin eta arduraldi esklusiboa duten zinegotziek nahi badiote ekin beste jarduera bati, ordainpeko beste hondar-jarduera bati, baimena jaso ahalko dute horretarako, Udaleko Osoko Bilkurak emana, Legeak ezarritako baldintzetan.

6.–Alkateak baimena eman ahalko die arduraldi esklusibokoak izatera pasatu behar duten zinegotziei amaitu gabe dituzten lanak amai ditzaten. Baimen horrek zehaztu behar du noiz arte izanen duen indarra, eta kontuan hartuko dira, epe hori ezartzeko, amaitu gabeko lanen izaera eta munta.

12. artikulua. Abstentzioa eta errekusatzea.

1.–Legeak ezarritako bateraezintasun-arrazoiak ezertan galarazi gabe, zinegotziek uko egin behar diote gai bat eztabaidatu, bozkatu, erabaki eta gauzatzeari, baldin eta hura administrazio-prozedurari eta administrazio publikoetarako kontratuei buruzko legeetan ezarritako zioetako batek ukitzen badu.

2.–Interesdunek zinegotziak errekusatzea eragin ahalko dute, baldin eta uste badute badagoela abstentzio-zioren bat.

3.–Osoko Bilkurari dagokio Alkatearen edo zinegotzien kontra proposa daitezkeen errekusatzeak.

13. artikulua. Portaera.

Zinegotziak behartuta daude behar den adeitasuna erakustera eta Udalaren ordena- eta funtzionamendu-arauak betetzera, bai eta jarduketak eta eztabaidak sekretupean gordetzera ere, antolamendu juridikoak hala gordetzekoak direla xedatutako gaietan, eta, edonola ere, Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluan jasotako herritarren oinarrizko eskubidea ukitzen ahal bada.

14. artikulua. Erantzukizuna.

1.–Zinegotziak erantzule dira hala zinegotzi gisara egiten dituzten gauzetan nola egiten ez dituztenetan, eta erantzukizunak eskudun diren auzitegietan eskatuko zaizkie –eta aplikatzekoa den prozedura arruntaren bidez tramitatuko dira–.

2.–Udalaren erabakien erantzule dira haiek onestearen alde bozkatu duten gobernu-organoko kideak.

3.–Udalak erantzukizuna eskatzen ahalko die zinegotziei, baldin eta doloz edo erru larriz korporazioari edo besteri kalteak eta galerak sorrarazi eta korporazioak kalte-ordainak eman behar badizkie.

15. artikulua. Protokolo-ordezkaritza.

1.–Alkateari dagokio udalerriaren ordezkaritza arruntik gorena, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legean ezarritako eran.

2.–Protokolo-ondorioetarako, eta ohituren arabera, Udalbatza osoak ordezkatu ahalko du udalerria.

3.–Horretarako jantziak Osoko Bilkurak onetsiko ditu, eta jantziei ezin izan zaie erantsi beste ezein elementurik.

II. KAPITULUA

Informazioa eskuratzeko eskubidea

16. artikulua. Informazioa eskuratzeko eskubidea.

1.–Udalbatzako kide diren aldetik, zinegotzi guztiek dute eskubidea Udal Gobernu eta Administrazioarengandik eskuratzeko udal-zerbitzuetan dauden aurrekari, datu eta informazioak –edozein dela ere haien tramitazio-egoera–, baldin eta beharrezkoak badituzte beren eginkizunak betetzeko.

2.–Beren eginkizunak betetze aldera, zinegotziek eskubidea dute espedienteetan dauden agiri konkretuen kopiak eskuratzeko, hala euskarri fisiko nola elektronikoetan, betiere itzurita, administrazio-eraginkortasunaren printzipioaren mesedetan, eskaera generikoak edo bereizi gabeak egiteari.

3.–Zinegotziek informazioa eskuratu ahalko dute, gehienez ere bi aholkularik lagundurik, eta horiek behar bezala akreditatuta. Aholkulari horiek nor diren jakinarazi behar zaio Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiari, udal-taldearen bozeramaileak sinatutako idazki baten bidez.

4.–Zinegotziek eta haien aholkulariek betebeharra dute beren eginkizunetarako ematen zaizkien argibideen konfidentzialtasuna gordetzeko. Bereziki eutsi beharko diote diskrezioari herritarrek Konstituzioan aitortuta dituzten eskubide eta askatasunak ukitzen ahal dituen informazioaren kasuan. Ulertuko da konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharrak publikoa ez den informazioa bakarrik ukitzen duela.

5.–Aurreko puntuan xedatutakoa gorabehera, informazioa eskuratzeko eskubidea mugatu ahalko da erabat edo hein batean, legeetan hala aurreikusita dagoen kasuetan.

17. artikulua. Eskubidea egikaritzeko erak.

1.–Zinegotzien eginkizunak kasuan-kasuan zein diren, hona informazioa eskuratzeko eskubidea egikaritzeko erak:

a) Gobernu-erantzukizunak beteta.

b) Kide anitzeko organo bateko kide gisara.

c) Kontrol- eta ikuskatze-eginkizunak beteta.

18. artikulua. Gobernu-erantzukizunak dituzten zinegotziak.

Gobernu-erantzukizunak dituzten zinegotziek argibideak oro eskuratu ahalko dituzte, udal-zerbitzu eskudunengandik zein organo kudeatzaileengandik, betiere argibideok badagozkie beren erantzukizunen esparruko afera eta gaiei.

19. artikulua. Kide anitzeko organoetako kideak.

1.–Zinegotziek, Osoko Bilkurako, haren batzordeetako edo kide anitzeko bestelako organoetako kide gisara, argibideak eskuratu ahalko dituzte kide dituzten organoen bilkuretako gai-zerrendan sartutako gaiei buruz, gai horiei dagozkien espedienteak eskuratuta.

2.–Informazioa eskura edukiko dute bilkuretarako deia egiten den unetik beretik.

20. artikulua. Informazioa kontrol-eginkizunari begira.

1.–Gobernu-organoen kontrol- eta ikuskatze-eginkizunei ekiteko, zinegotziek udal-zerbitzuetan dagoen informazioa eskatzen ahalko dute, eta horretarako idazki bat zuzenduko diote, aukeran, gaiaren arabera eskudun den Zinegotziari, Alorreko Zuzendariari edo Idazkari Teknikoari. Idazkian informazio-eskaeraren xedea zehaztu beharko dute.

2.–a) Informazioa eskuratzeko eskaria administrazio-isiltasun bidez balioesten dela joko da, baldin eta ukatzeko ebazpen adierazirik ematen ez bada bost egun naturaleko epean, eskaera Udaleko Erregistro Orokorrean noiz aurkeztu eta hortik aitzina. Aurrekoa gorabehera, baldin eta eskaera konplitzeko zaila bada –bere hedadura medio–, edo hura betetzeko lanak kalterik ekartzen badio dagokion zerbitzuari, atzeratu ahalko da informazioa ematea, arrazoitutako erabaki baten bidez.

b) Nolanahi den ere, informazioa ukatzeko ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta azaldu beharko du zuzenbidean oinarritutako zer arrazoik galarazten duten eskatutako informazioa ematea.

3.–Gobernu Batzarraren erabakiak eta beren espedienteak zinegotzien eskura jarriko dira onesten diren unetik beretik, salbu isilpeko edukia dutenak, horiei 1. idatzi-zatiko erregimena aplikatuko baitzaie.

21. artikulua. Informazioa eskuratzeko era.

1.–Informazioa eskuratzeko, intereseko agiriak ikusteko eta kontsultatzeko aukera izango da agiriok zer bulegotan dauden eta han, aldez aurretik eskaera eginda kasuan kasuko alorreko idazkari teknikoari.

2.–Zinegotziek eskubidea dute espedienteen kopiak eskuratzeko.

22. artikulua. Printzipioak.

1.–Zinegotziek betebeharra dute beren eginkizunetarako ematen zaizkien argibideen konfidentzialtasuna gordetzeko. Bereziki eutsi beharko diote diskrezioari herritarren oinarrizko eskubideak ukitzen ahal dituen informazioaren kasuan.

2.–Ez bada ebazpen judizial batengatik, espedienteak, liburuak eta agiriak ezin izanen dira irten, inongo kasutan, Udaletxetik edo udal-lokal edo -bulegoetatik.

23. artikulua. Postontzia.

1.–Zinegotzi guztiek postontzi itxi bat edukiko dute Udaletxean hala barneko posta ofizialerako (besteak beste, kide anitzeko organoen bilkuretarako deiak jasotzeko) nola kanpoko postarako.

2.–Halaber, posta elektronikoko kontu bat edukiko dute, bai eta telefono bat eta beste baliabide telematiko batzuk ere.

24. artikulua. Interesen erregistroa.

1.–Zinegotzi guztiek egin behar dute aitorpena bateraezintasuna eragin dezaketen kausei buruz, bai eta diru-sarrerak ematen dizkieten edo ematen ahal dizkieten bestelako jarduerei buruz ere. Orobat, aitorpena aurkeztuko dute beren ondare-ondasunei eta klase orotako sozietateetan duten partaidetzari buruz –informazioa emanez partaide diren sozietateei buruz eta Errentaren eta Ondarearen zein, halakorik izanez gero, Sozietateen gaineko zerga-aitorpenen likidazioei buruz–.

2.–Aitorpenak kargua hartu baino lehen egin behar dituzte, kargua uztean eta izatezko inguruabarrak berez eta funtsezko eran aldatzen badira.

3.–Aitorpenak egiteko, Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiak egin eta Osoko Bilkurak onetsitako ereduak erabiliko dituzte.

4.–Aitorpen guztiak bi erregistro-liburutan inskribatuko dira –jardueren erregistroan eta ondare-ondasunenean– zeinak Udalean eratuko baitira eta non ez baitira agertuko ez ondasunen kokapenari buruzko datuak, ez haien ezaugarri bereziak, hirugarrenen pribatutasuna ere babestuko delarik.

5.–Interesen Erregistroak aztertu eta zaintzea Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiari dagokio, soil-soilik.

25. artikulua. Erregistroen eskuragarritasuna eta publizitatea.

1.–Interesen Erregistro-liburuak jende ororen eskura egonen dira.

2.–Interesen Erregistro-liburuak Udalaren webgunean argitaratuko dira Bozeramaileen Batzordeak zehaztuko duen denbora-tartean.

III. KAPITULUA

Talde politikoak

26. artikulua. Xedapen Orokorra.

Udalbatzan aritzeko, Udaleko zinegotziek talde politikoak eratuko dituzte, salbu atxiki gabeko kidetzat jotzen direnen kasuan.

27. artikulua. Talde politikoei atxikitzea.

1.–Udal-taldeei atxikitzeko erak honako arau hauei eginen die men:

a) Udal-talde bana eratuko dute Udalean gutxienez bi zinegotziren ordezkaritza lortzen duten hautagaitzek.

Ezein alderdi politikok zein hauteskunde-elkarte edo koaliziok ezinen du eratu talde politiko bat baino gehiago.

b) Ezein zinegotzi ezinen da egon atxikirik udal-talde bati baino gehiagori.

c) Ezein zinegotzi ezin izanen da kide izan zer hautagaitzatan aurkeztu eta hori ez besteri dagokion udal-talde batean, ez bada talde mistoan.

Koalizioa osatzen duten hautagai-zerrenden kasuan, koalizioa osatzen duten alderdi politikoetako batek hura uztea erabakitzen badu, haren kideak ez dira atxiki gabeko zinegotzitzat joko, eta talde mistoan sartuko dira.

d) Hautagaitza edo alderdi politiko bereko zinegotziek ezin izanen dute eratu udal-talde bereizirik. Hauteskundeak egitean hautesleen aurrean aurkeztu ez diren alderdi politikoetako zinegotziek ere ezingo dute eratu talde bereizirik.

e) Baldin eta, aurreko idatzi-zatiak aplikatzearen ondorioz, zenbait zinegotzi gelditzen badira ezein talde politikotan sartu gabe, Talde Mistoa eratuko da talde politiko gisara, aipatu zinegotzi horiek osatua.

2.–Atxiki gabeko zinegotziak ezinen dira sartu Talde Mistoan.

28. artikulua. Udal-taldeen eraketa.

1.–Talde politikoak eratzeko, talde bakoitzak idazki bat –kide guztiek sinatua eta Lehendakariari zuzendua– aurkeztu beharko du Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusian, Udalbatza eratu eta ondoko bost egun baliodunetan.

Idazki horretan jasoko dira, taldearen izena, kide guztien izenak eta bozeramailearen zein ordezko bozeramaileen izenak.

2.–Udalbatzako kide Udalbatza eratzeko bilkuraren ondoan egiten direnak hauteskundeetara zer zerrendan aurkeztu eta zerrenda horri dagokion taldean sartuko dira, kide noiz egin eta ondoko bost egunean, Lehendakariari idazki bat zuzenduta non kasuan kasuko taldearen bozeramaileak bere onarpena adieraziko baitu. Haien hautagaitzako kideek ez badute izan beraien talderik sortzerik, Talde Mistoan sartuko dira.

3.–Dagokien taldeari atxikitzen ez diren zinegotziak atxiki gabeko zinegotziak bilakatuko dira.

4.–Talde politikoei dagokie izendatzea –bozeramaileak Alkateari zuzendutako idazki baten bidez– beren kideetako nor izango duten ordezkari Udalbatzako taldeetako kideek osatutako kide anitzeko organoetan.

29. artikulua. Talde Mistoa.

1.–Baldin eta talde politiko bat eratu eta gero –eta Talde Mistoa ez bada– talde horretan bi kide baino gutxiago gelditzen badira, taldea automatikoki deseginen da, eta kideak automatikoki pasako dira Talde Mistoko kide izatera.

2.–Talde bat, eratu ostean eta aldi baterako, bi kide baino gutxiagorekin gelditzen bada, talde politiko izaten jarraituko du zinegotzi berriak kargua hartu eta ondoko bost egunean.

Bost egun horietan zinegotzia ez bada talde horretan sartzen, taldea deseginen da, eta zinegotziak automatikoki pasako dira Talde Mistoko kide izatera.

3.–Aurreko artikuluan aipatutako zinegotziez gain, Talde Mistoko kide izanen dira 27.1.a) artikuluan beraien talde politikoa eratzeko galdatutako kide-kopurua lortzen ez duten alderdi politiko zein hauteskunde-elkarte edo koalizioetako zinegotziak.

4.–Talde Mistoko kideen mintzaldiek eztabaidetan talde politiko baten mintzaldiek beste iraunen dute, oro har hartuta.

5.–Osoko bilkuretan eta batzordeetan, Talde Mistoko kideek mintzatzeko duten denbora hitz egiteko eskaera egin duten kideen artean hainbanatuko da, kideek denbora-tarteak elkarri lagatzen ahal dizkiotelarik.

6.–Talde Mistoko zinegotziei batzordeetan dagozkien postuak haien artean hainbanatuko dira. Horretarako, Talde Mistoak proposamen bat aurkeztu ahalko dio Osoko Bilkurari, Taldeko kide guztiek sinatuta. Proposamenik aurkeztu ezean, Osoko Bilkurak erabakiko du banaketa, Taldeko kideei entzun eta gero.

7.–Talde Mistoaren ekimenak kide guztien ahobatezkoak direla jotzeko, Bozeramaileak espres adierazi beharko du hori.

8.–Aurreko idatzi-zatian ezarritakoaren kalterik gabe, Talde Mistoko kideek ekimenak aurkeztu ahalko dituzte, nork bere izenean sinatuta.

9.–Talde Mistoko kideak txandaka izan ahalko dira bozeramaile, haiek beraiek zehaztutako ordenan.

30. artikulua. Atxiki gabeko zinegotziak.

1.–Atxiki gabeko zinegotziak izanen dira honako hauek: zer hautagaitzatan hautatuak izan eta horrek eratutako talde politikoan sartzen ez direnak, jatorriko taldea uzten dutenak edo taldetik kanporatzen dituztenak. Halako zinegotziak ezin izanen dira beste ezein talde politikoko kide izan.

2.–Baldin eta udal-talde politiko bateko zinegotzi gehienek uzten badute hauteskundeetan parte hartzeko beren hautagaitza aurkeztu zuen alderdi politikoa, edo alderdi horretatik kanporatzen badituzte, alderdi politiko horretan gelditzen direnek izanen dute legitimazioa udal-talde politiko horretako kide izateko, ondorio guztietarako.

Nolanahi den ere, Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiak hautagaitza aurkeztu zuen alderdi politikoaren legezko ordezkariarengana jo ahalko du aipatutako inguruabarren egiaztapena jakinaraz dezan.

3.–Artikulu honetan xedatzen dena ez zaie aplikatuko hauteskunde-koalizio gisa aurkeztutako hautagaitzei, baldin eta koalizioa osatzen duten alderdi politikoetako batek erabakitzen badu hura uztea, eta kideak Talde Mistoan sartuko dira.

4.–Atxiki gabeko zinegotzien eskubide ekonomiko eta politikoak ez dira izanen jatorriko taldean segituz gero edukiko lituzketenak baino handiagoak.

Atxiki gabeko zinegotziek zinegotziei banako gisa erregelamenduz aitortutako eskubide berberak edukiko dituzte. Osoko Bilkurari dagokio erabakitzea eskubide horiek baliatzearen inguruko auziei buruz. Atxiki gabeko zinegotzi bakoitzak eskubidea izanen du batzorde baten kide izateko. Batzordea Osoko Bilkurak zehaztuko du.

5.–Atxiki gabeko zinegotziek izaera horri eutsiko diote legegintzaldi osoan zehar, salbu itzultzen badira hauteskundeetara zer alderdi politikoren hautagaitzan aurkeztu ziren eta horri dagokion taldera, aldez aurretik bozeramaileak adostasun adierazia emanda.

6.–Atxiki gabeko zinegotzia bilakatzeak berekin ekarriko du udalbatzako organo guztietan jatorriko taldeak proposatuta edukitako kargu eta postu guztiak galtzea.

31. artikulua. Bitarteko materialak eta zerbitzuak.

1.–Haien eginkizunak gauzatze aldera, Udalak talde politikoen eskura jarriko ditu, bai eta Udalean ordezkaritza lortu eta Talde Mistoan dauden gainerako alderdi politikoen eskura ere, haien eginkizunei behar bezala heltzeko behar dituzten aretoak zein giza-baliabideak eta bitarteko materialak.

2.–Talde politikoek eta Talde Mistoak egoitza edo bulego independente bana izanen dute, dituzten zinegotzien kopuruaren proportzioan, bilerak eta harrerak egiteko.

Udalak honako elementu hauek jarriko ditu udal-taldeen eskura –baita talde mistoaren eskura ere– beren lana molda dezaten:

–Aretoetako altzariak eta material inbentariagarria, gainerako udal-bulegoetan daudenen bezalakoak.

–Udaleko zerbitzu orokor guztiak: erreprografia, garbiketa, mendekoen zerbitzua eta beste zenbait, bai eta material inbentariaezinaren hornidura ere, hori dena gainerako udal-bulegoen baldintza beretan.

–Udal-aretoen erabilera, hala nola bilera- eta prentsa-aretoak.

3.–Udal-taldeek eskubidea dute langile laguntzaileak edukitzeko administrazio-zereginetarako. Langile horiek plantillan sartuko dira behin-behineko gisara, Bozeramaileen Batzordeak proposaturik eta talde politiko bakoitzeko kide-kopuruaren arabera. Langile horiek izendatu eta kenduko dira zer talderen zerbitzura egon behar duten eta horrek proposamen loteslea aurkeztuta. Behin-behineko langileak izanen dira agintaldiak irauten duen bitarte edo taldea desegin arte, eta halako postu horietarako izendatutakoak Udalaren plantillako funtzionario badira eta beren postuen jabe, zerbitzu berezien egoerara pasatu beharko dute.

4.–Talde politikoek eta Udalean ordezkaritza lortu eta Talde Mistoan dauden gainerako alderdiek ezin izanen dituzte erabili haien eskura jarritako bitarteko materialak eta giza-baliabideak beste ezein xedetarako, beren udal-jarduerak egiteko baino.

5.–Atxiki gabeko zinegotziei Bozeramaileen Batzordeak esleituko dizkie haien eginkizunetarako egoki jotzen dituen bitarteko materialak.

6.–Udal-taldeek eskubidea izanen dute beren jendaurreko agerraldiak Udaleko Komunikazio Zerbitzuak eman ditzan, gobernu-taldearenak egiten diren baldintza beretan.

32. artikulua. Taldeen diru-zuzkidura.

1.–Osoko Bilkurak –Udalaren urteko aurrekontuen kargura eta Alkateak proposatuta– diru-zuzkidura bat esleituko die hala talde politikoei nola Udalean ordezkaritza lortu eta Talde Mistoan dauden gainerako alderdiei, halako eran non parte bat finkoa izanen baita, talde guztientzat berdina, eta beste bat, aldakorra, talde bakoitzeko kide-kopuruaren araberakoa, hori guztia, Estatuko aurrekontu orokorrei buruzko legeetan ezar daitezkeen mugen barruan, eta, betiere, kontuan hartuta diru-kopuru horiek ezin izanen direla erabili Udalbatzaren zerbitzuko ezein motatako langileei ordaintzeko, ez ondareko aktibo finkoak izan daitezkeen ondasunak erosteko.

Atxiki gabeko kideek ez dute eskubiderik izanen aurreko paragrafoan aipatutako diru-zuzkiduraren parte finkoa eskuratzeko, eta parte aldakorraren erdia jaso ahalko dute.

Diru-zuzkidura hiru hilean behin ordainduko da, eta aldez aurretik.

2.–Talde politikoek eta atxiki gabeko kideek berariazko kontabilitate bat eraman behar dute aurreko idatzi-zatian aipatutako zuzkidurari dagokionez, eta Osoko Bilkuraren eskura jarri behar dute hura, eskatzen dien orotan.

III. TITULUA

Osoko bilkuraren antolamendua

I. KAPITULUA

Osoko Bilkurako Lehendakaria

33. artikulua. Eginkizunak.

1.–Osoko Bilkuraren zuzendaritza-organoa haren Lehendakaria da, eta horrek Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiaren eta –behar izatera– Bozeramaileen Batzarraren laguntza jasoko du bere eginkizunak betetzerakoan.

2.–Osoko Bilkuraren zuzendaritza-organo den heinean, Lehendakariak bermatzen du haren lanen garapen egokia, bilkuretarako deia egiten du eta haietan buru aritzen da, eta eztabaidak zuzendu eta ordena gordearazten du haietan.

3.–Lehendakariak erabakiko du, Bozeramaileen Batzordeari entzun eta gero, non kokatuko den zinegotzi bakoitza Osoko Bilkuren aretoan, halako eran non, ahal den neurrian, elkarrekin kokatuko baitira talde bereko kideak.

34. artikulua. Eskuordetza.

Osoko Bilkurarako deia eta bertako buru izatea Alkateari dagokio, baina horrek zinegotzietako bat eskuordetu ahalko du horretarako, egoki jotzen duenean, eta orduan zinegotzi hori arituko da Osoko Bilkurako Lehendakari.

35. artikulua. Ordezkapena.

1.–Alkatetzak ez badu inor ordezkatu buru izateko, eta hura kanpoan edo gaixorik egon edo haren postua huts gelditzen bada, Osoko Bilkurako Lehendakariaren ordez Alkateorde bat arituko da buru, betiere izendapen-ordenari lotuta.

2.–Lehendakaritzarako eskuordetzarik badago, ordezkapena eskuordetzarako aurreikusitakoaren arabera eginen da.

3.–Ordezkapena egin ahalko da hari buruzko berariazko adierazpen baten beharrik gabe.

II. KAPITULUA

Osoko Bilkurako Idazkari Nagusia

36. artikulua. Eginkizunak.

1.–Osoko Bilkurak Idazkari Nagusi bat izanen du, legeak adierazitakoarekin bat batzordeetakoa ere izanen dena, eta hari egokituko zaio, Lehendakariaren zuzendaritzapean, organo horiei ematea laguntza, babesa eta aholkularitza juridiko, tekniko eta administratiboa.

2.–Osoko Bilkuraren Idazkaritza Nagusia haren titularrak eta haren mende dauden eta hura egituratzen duten unitate eta zerbitzuetako udal-langileek osatzen dute.

3.–Baldin eta postua hutsik gelditzen bada, idazkaria kanpoan edo gaixorik badago edo beste edozein arrazoi batek galarazten badio Idazkaritzaren titularrari haren eginkizunei ekitea, eginkizun horiek Idazkariordeak beteko ditu, halakorik badago, eta egon ezean, kasuan kasuko funtzionarioak.

37. artikulua. Eskumenak.

1.–Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Fede publikoaren eginkizuna, Osoko Bilkuraren, batzordeen eta Bozeramaileen Batzordearen jarduketei dagokienez. Horri dagokiolarik, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: aktak idatzi eta zaintzea, eta horiek ikuskatu eta baimentzea, Osoko Bilkurako edo kasuan kasuko batzordeko Lehendakariaren oniritziarekin, eta onetsitako egintzen eta erabakien ziurtagiriak egitea, kasuan kasuko lehendakariaren oniritziarekin.

b) Lehendakariari laguntza ematea bilkuretarako deialdiak, eztabaidetako ordena eta bozketak zuzen egitea bermatze aldera, Osoko Bilkurako eta batzordeetako lanak normaltasunez betetzen laguntzea eta behar diren agiriak eskura paratzea.

c) Osoko Bilkuretako erabakiak jakinarazi, argitaratu eta betearaztea, barne hartuta Estatuko Administrazioari eta Foru Erkidegoko Administrazioari bidaltzea Osoko Bilkuraren egintzen eta erabakien kopia, edo, hala badagokio, haien laburpena.

d) Lege-arloko aholkularitza ematea Osoko Bilkurari eta batzordeei, zeina nahitaezkoa izango baita kasu hauetan:

1.–Lehendakariak agintzen badu, edo kideen heren batek hala eskatzen badu, behar beste denboraz, kasuan kasuko gaia eztabaidatzeko egin beharreko bilkura baino lehenago.

2.–Baldin eta eztabaidatutako puntuak badira gehiengo berezia eskatzen duten gaiei buruzkoak.

3.–Legeren batek hala eskatzen badu, Osoko Bilkuraren eskumeneko gaietan.

4.–Toki-araubideko legeetan aurreikusitako herri-ekimena erabiltzen bada.

5.–Baldin eta, gobernu-organoen kontrol- eta ikuskapen-eginkizunak betetzerakoan, hala eskatzen badu lehendakariak edo, gutxienez, zinegotzien laurden batek.

Puntu honetan xedatutakoa ulertu behar da halako eran non ezertan ez baititu galaraziko Idazkari Nagusiak osoko bilkuretan eta Lehendakariak eskatuta ematen ahal dituen ahozko txostenak.

e) Hauteskunde-legeek udaletako idazkariei esleitzen dizkieten eginkizunak.

f) Udalbatzako kideen interesen erregistroa arteztea eta zaintzea.

g) Zuzentzea Osoko Bilkurako Erregistroaren funtzionamendua.

h) Legeetan ezarritako beste eginkizunak.

2.–Osoko Bilkurako Idazkari Nagusia beregain izanen da bere eginkizunei ekiterakoan, eta, eginkizun horiek betetzeko, behar beste informazioa eskatu ahalko die Udaleko organo eta zerbitzu guztiei.

38. artikulua. Egitura eta hornidurak.

1.–Bere eginkizunak eta eskumenak betetze aldera, Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiak lokal egokiak edukiko ditu, bai eta behar dituen langileak eta euskarri teknikoak ere.

2.–Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiari dagokio administratzea –Osoko Bilkurako Lehendakariaren zuzendaritzapean– Osoko Bilkurak bere eginkizunak betetzeko behar dituen bitartekoak.

39. artikulua. Osoko Bilkurako Erregistroa.

1.–Idazkaritzaren menpe egongo da erregistro bat –berezkoa eta Udaleko gaineko organoetakotik bereizia– non jasoko baitira hala ekimenen idazpenak nola Osoko Bilkurarekin eta haren batzordeekin eta Bozeramaileen Batzordearekin zerikusirik duten agirien sarrerak eta irteerak.

2.–Erregelamendu honetan espresuki aurreikusi ez diren gauza orotan, Osoko Bilkurari eta haren batzordeei dagozkien agiriak aurkezteko araubidea administrazio prozedura erkideari buruzko oinarrizko legeetan ezarritakoa izanen da.

40. artikulua. Txostenak ematea.

1.–Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiak txostenak emateko eskaerak, Lehendakariak edo zinegotziek –37.1.d) artikuluaren 1. eta 5. kasuetan aurreikusitako kopuruan– eginak, Osoko Bilkurako Erregistroan aurkeztu behar dira.

2.–37.1.d) artikuluaren 2., 3. eta 4. kasuetan, dena delako gaia Osoko Bilkurako Erregistroan sartzeak berekin ekarriko du txostena emateko betebeharra, eskaera aurkezteko beharrik gabe.

3.–Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiak manuz eman beharreko txostenak 10 egun balioduneko epean eman behar dira, baldin eta, betiere, Idazkaritzan badaude txostena emateko agiriak eta aurrekariak oro.

III. KAPITULUA

Bozeramaileen Batzordea

41. artikulua. Izaera.

Bozeramaileen Batzordea Alkatearen organo aholku-emailea da, eta –kasuak hala eskatuz gero– Osoko Bilkurako Lehendakariarena, Osoko Bilkuraren funtzionamenduari dagozkion gai guztietan, eta, halaber, talde politikoen arteko harremanetarako eta elkartzeko organoa da.

Orobat, Bozeramaileen Batzordeari dagokio adierazpen politikoak egitea eta Erregelamendu honek egozten dizkion gaiei buruzko erabakiak hartzea, boto haztatua baliatuta.

42. artikulua. Osaera eta eginkizunak.

1.–Bozeramaileen Batzordearen burua Alkatea izanen da –edo hark eskuordetutako zinegotzia– eta –kasuan-kasuan– Osoko Bilkurako Lehendakariak, eta talde politiko guztien bozeramaileek ala beren ordezkoek osatuko dute, Idazkari Osoko Bilkurako bera arituko delarik.

2.–Bozeramaileen Batzordea, arruntean, Udaleko ohiko osoko bilkurak baino hiru egun baliodun lehenago bilduko da, eta ohiz kanpoko eran, hala erabakitzen badu Batzordeko Lehendakariak edo, bestela, bi bozeramailek edo gehiagok –betiere ordezkatzen dituzten taldeetako kide diren zinegotziak, guztira, bederatzi badira, gutxienez–.

3.–Deia, gutxienez, 48 ordu lehenago egin behar da, salbu presako bileren kasuan. Deiarekin batera, gai-zerrenda bidaliko da, bai eta aztertu behar diren aferen edukia edo erreferentzia eta aurreko bileraren akta-zirriborroa ere.

4.–Bozeramaileen Batzordea baliozkotasunez eratu dela ulertuko da, baldin eta, Alkateaz –eta, kasuak hala eskatuz gero, Osoko Bilkurako Lehendakariaz– eta Idazkariaz gain, kideen erdia eta beste kide bat gehiago bertaratzen badira –betiere, horiek, haztapen-sistema baliatuta, Udalbatzako kideen legezko kopuruaren erdia ordezkatu behar dutelarik, gutxienez–.

5.–Lehendakariak eztabaidak zuzendu eta antolatzen ditu, betiere osoko bilkuretan agintzen duten printzipio orokorrei begiraturik baina haiek moldatuta sinplifikatzeko, arintzeko eta administrazio-eraginkortasuna lortzeko beharretara.

6.–Idazkariak bilera bakoitzeko akta eginen du, eta bere zaintzapean gordeko du.

7.–Hona Bozeramaileen Batzordeari dagozkion eginkizunak:

1. Proposatzea batzordeen eta osoko bilkuren araubidea.

2. Erregelamendu honetan jasota ez dauden arau bereziak ematea, beren izaera dela-eta halakorik eskatzen duten gaien eztabaidari begira.

3. Deklarazio politikoak egitea.

4. Entzuna izatea, honako hauek egin baino lehen:

a) Osoko bilkuretako gai-zerrenda finkatu.

b) Mozioen eztabaida-ordena ezarri.

c) Aulkiak talde politikoei esleitu, Osoko Bilkuren Aretoan.

d) Interpretazio idatzi bat egin Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoari buruz.

e) Zinegotziek aretoak erabiltzeko araubidea jarri.

f) Udaleko Osoko Bilkurari ohorezko-sariak emateko proposamenak aurkeztu.

5. Kalifikatzea, Erregelamendu honekin bat, zinegotziek aurkeztutako idazkiak eta agiriak, eta adieraztea halakoak onargarriak diren, edo onartezinak.

6. Erabakitzea zinegotziek aurkeztutako idazki eta agiri guztien tramitazioari buruz, Erregelamendu honetan ezarritako arauekin bat, eta zehaztea –halakorik behar izanez gero– zer batzorde den eskudun gai bakoitzaz arduratzeko.

7. Zehaztea, bilkurak egin baino lehen, talde politikoek haietan egin beharreko mintzaldien iraupena eta ordena.

8. Zehaztea, bilkurak egin baino lehen, presako mozioak tramitatzeko ordena.

8.–Baldin eta talde edo zinegotzi bat ez badago ados Batzordeak arestian aipatutako eginkizunak betetzean hartutako erabaki batekin, errekurtsoa zuzendu ahalko dio Batzordeari berari, bost eguneko epean, erabakia hartu izana noiz jakinarazi eta hortik aitzina, eta Batzordeak erabakiko du horri buruz, behin betiko, ebazpen arrazoitu baten bidez.

IV. TITULUA

Osoko bilkuraren funtzionamendua

I. KAPITULUA

Bilkurak

LEHEN ATALA

Bilkura-motak

43. artikulua. Bilkura-motak.

Osoko bilkurak izan ahalko dira ohikoak, bereziak eta presako bilkura bereziak.

44. artikulua. Ohiko osoko bilkurak.

1.–Osoko Bilkurak, hura eratzeko bilkura egin eta hurren eginen duen bilkuran, zehaztuko ditu ohiko bilkuren kopurua, eguna eta ordua.

2.–Ohiko bilkuren erregimena mugarik gabe aplikatuko da, salbu hauteskunde kanpainak egiten diren aldietan; horietan Alkateak ahalmena izanen du ezein bilkurako deirik ez egiteko.

Halaber, Alkateak ahalmena izanen du ohiko bilkura baterako deirik ez egiteko, baldin eta hori gomendagarria bada gaien garrantzi eskasa edo haien kopuru urria direla medio, betiere ez badute horren kontrako botorik ematen, ez bozeramailetako inork, ez Talde Mistoko ezein kidek, ez atxiki gabeko ezein zinegotzik.

45. artikulua. Presa ohiko bilkuretan.

1.–Salbu presako kasuetan –zeinak nahitaez arrazoitu beharko baitira eta Osoko Bilkurak berak gehiengo osoz berretsi–, ohiko bilkuretan ez da jorratuko gai-zerrendan sartutakoez beste gairik.

2.–Baldin eta gai-zerrendan egon gabe jorratzen ari den gai batek Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren txostenik behar badu, eta txosten hori ezin bada eman unean bertan, organo horien titularrek Lehendakariari eskatu beharko diote gaiaren azterketa atzeratzeko, gaia mahaiaren gainean geldi dadin beste bilkura bat egin arte.

Eskaera horri men egin ezean, Idazkariak hala gertatu dela jasoko du espresuki, aktan.

3.–Baldin eta eztabaidan dudaren bat sortzen bada nahitaezko txostenik behar ez duen proposamen baten legezkotasunari buruz, Alkateak Idazkariari eman ahalko dio hitza ahozko txostena eman dezan. Idazkariak hori egin ahalko du edo, bestela, aurreko idatzi-zatian adierazi den bezala jokatu.

46. artikulua. Gai-zerrendan sartu aurretik irizpenik ez duten gaiak.

1.–Alkateak –presakoak izateagatik eta behar bezala arrazoituta– gaiak sartu ahalko ditu gai-zerrendan, kasuan kasuko batzorde informatiboak haiei buruzko irizpenik eman gabe.

2.–Bilkura batean aurreko idatzi-zatian aurreikusitako gai horietako bat jorratzeko, beharrezkoa izanen da Alkateak proposatu eta Osoko Bilkurak gehiengo soilez onestea gaiaren sarrera gai-zerrendan, salbu, gai-zerrenda osatu ondoren eta bilkura egin baino lehen, gai-zerrendan sartutako gai bati buruz batzorde batek irizpena ematen badu, halako kasu batean ez baita beharrezkoa izanen betetzea idatzi-zati honetan aipatutako bi betekizunetako ezein.

47. artikulua. Osoko bilkura bereziak.

Osoko bilkura bereziak honako kasu hauetan eginen dira: Alkateak erabakitzen badu, Udalbatzako legezko kide-kopurutik laurdenek eskatzen badute –gutxienez– edo lege-xedapen batek hala egiteko ezarria badu.

48. artikulua. Bilkura bereziak, zinegotziek eskatuta.

1.–Ezein zinegotzik ezin izanen du eskatu hiru osoko bilkura berezi baino gehiago egiteko aurrekontu-ekitaldi berean.

2.–Deia egiteko eskaera idatziz aurkeztuko da, eta idazkian zehaztuko da zer dela-eta egiten den eskaera; eta asmoa bada bilkuran erabaki bat hartzea, eztabaidatu eta bozkatzea nahi den testua ere aurkeztuko da.

3.–Behin bilkura eskatuta, gehienez ere hamabost egun balioduneko epean egin behar da. Deian, ekimena nork egin eta horiek proposatutako gai-zerrenda sartuko da; baina Lehendakariak beste gai batzuk ere sartu ahalko ditu, bilkura eskatu dutenek onartzen badiote.

Baldin eta zinegotziek –lehen adierazitako kopuruan– eskatutako osoko bilkura berezia ez bada egiten arestian aipatutako epean, bilkura automatikoki deitua geldituko da epea noiz amaitu eta geroko bosgarren egun baliodunean egiteko, eguerdiko hamabietan, eta hori guztia Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiak jakinaraziko die Osoko Bilkurako kide guztiei, arestian aipatu epearen mugaegunaren biharamunean. Lehendakaria –edo haren legezko ordezkoa– ez badago, Osoko Bilkuraren eraketa baliozkoa izateko Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 79.1 artikuluan eskatutako quoruma behar da; kasu horretan, Udalbatzako kide zaharrena arituko da bilkurako buru.

49. artikulua. Presa, bilkura berezietan.

1.–Bilkura berezietan, ez da jorratuko gai-zerrendan jasotakoez beste gairik, ez bada presakoren bat dela, Udalbatzako kide guztiak bertan daudela eta hori egitea aho batez onesten dutela.

50. artikulua. Presako osoko bilkura bereziak.

1.–Presako osoko bilkura berezietarako deia Lehendakariak egin ahalko du, baldin eta aztertu beharreko gaiaren edo gaien presak ez badu ahalbidetzen deia egitea Erregelamendu honetan ezarritako gutxieneko aurrerapenarekin.

2.–Gai-zerrendaren lehen puntua izanen da presari buruzko erabakia. Osoko Bilkurak ez badu jotzen presarik dagoela, berehala emango zaio amaiera bilkurari.

BIGARREN ATALA

Beste xedapen batzuk

51. artikulua. Bestelako mintzaldiak.

Herritarren parte-hartzea Osoko Bilkuran Herritarren Partaidetzaren gaineko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat arautuko da.

52. artikulua. Bilkurak egiteko tokia.

Osoko bilkurak Udalbatzaren egoitzan egingo dira. Salbuespen gisara, Lehendakariak, Bozeramaileen Batzordeari entzun eta gero, erabaki ahalko du osoko bilkurak egitea horretarako gaitutako beste erakin batean.

53. artikulua. Iraupena.

1.–Bilkura guztiek men eginen diote egintza-batasunaren printzipioari, eta ahaleginak eginen dira hasten diren egun berean amai daitezen.

Behin ordua iritsita gai-zerrendako gairik gelditzen bada eztabaidatu eta bozkatu gabe, Lehendakariak amaiera eman ahalko dio bilkurari, eta kasu horretan bozkatu gabeko gaiak ondoko osoko bilkuraren gai-zerrendan sartuko dira.

2.–Osoko bilkurak dirauen bitartean, Lehendakariak egoki jotako behar beste etenaldi egin ahalko ditu, dela taldeei deliberatzen ahalbidetzeko, dela beste arrazoi batzuk direla medio.

3.–Baldin eta inguruabarrek galarazten edo modu larrian oztopatzen badute osoko bilkurak aurrera egitea, Lehendakariak eten egin ahalko du bilkura, eta erabaki, noiz ekinen zaion berriro etendako bilkurari edo aztertzeke dauden gaiak ondoko osoko bilkuran sartzen diren.

54. artikulua. Publizitatea.

1.–Toki-korporazioen osoko bilkurak jendaurrekoak dira. Hala ere, isilpekoak izan daitezke Konstituzioaren 18.1 artikuluan aipatutako herritarren oinarrizko eskubideari eragin diezaioketen arazoei buruzko eztabaida eta bozketak, gehiengo osoak hala egiteko erabakia hartzen badu.

2.–Osoko bilkuren hedapena handitze aldera, Udalaren webgunearen bidez emanen dira bilkurak.

3.–Herritarrak osoko bilkuretara bertaratzeko ordena errazte aldera, gonbidapen- edo txartel-sistema bat abiarazi ahalko da, zeinak inoiz ez baitu ekarriko tokirik erreserbatzea, salbu bilkura hasteko momentuan.

4.–Ez da onartuko publikoak atsegin- edo atsekabe-adierazpenik egitea. Halako adierazpenik behin baino gehiagotan eginez gero, edo, edozein gauza dela-eta, bilkurak normal aurrera egitea galarazten bada, Lehendakariak, aldez aurretik ohartarazita, jendea kanporatzeko agindua eman ahalko du, eta bilkuraren jarraipenari buruz erabaki, aurreko artikuluan ezarritako baldintzetan.

5.–Komunikabideetako ordezkariek bermaturik eduki behar dute bilkuretara bertaratu eta tokia edukitzeko aukera, beren lana behar bezala egin ahal izateko.

II. KAPITULUA

Deia eta gai-zerrenda

LEHEN ATALA

Deia

55. artikulua. Deia.

1.–Osoko bilkuretarako deia bi egun baliodun lehenago egin behar da gutxienez, salbu presako bilkura berezien kasuan, horiek presakoak direla Osoko Bilkurak berretsi beharko duelarik.

2.–Deiari gai-zerrenda erantsiko zaio, bai eta aurreko bilkuraren aktaren zirriborroa eta Udalaren organo betearazleek emandako ebazpenen eta hartutako erabakien zerrenda ere.

56. artikulua. Banaketa.

1.–Deia eta, halakorik bada, erantsitako dokumentazioa, zinegotziei helaraziko zaizkie. Osoko bilkuretarako deia zinegotzi bakoitzak oro har aldez aurretik finkatutako tokian jakinaraziko zaio, edo, bestela, haren etxean.

2.–Deia baliabide telematikoen bidez jakinarazi ahalko da, eta ulertuko da jakinarazia dela behin eskuragarri egonda halako bide baten bitartez zeinak ahalbidetu behar baitu Udalbatzako kideek jaso izanaren ziurtasuna.

57. artikulua. Gaiei buruzko dokumentazioa.

Gai-zerrendan sartutako gaiei buruzko agiri guztiek zinegotzien eta Tokiko Gobernu Batzarreko kideen eskura egon behar dute, deia egiten den unetik bertatik, Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusian.

BIGARREN ATALA

Gai-zerrenda

58. artikulua. Finkapena.

Gai-zerrenda Lehendakariak finkatuko du –Osoko Bilkurako Idazkariak lagundu ahalko diolarik–, behin Bozeramaileen Batzordeari entzunda.

59. artikulua. Egiturak.

Ohiko osoko bilkurek honako egitura hau eduki ahalko dute:

1.–Aurreko bilkuraren aktaren onespena.

2.–Adierazpen instituzionalak.

3.–Erabakiak hartzeko zatia.

3.1.–Alkatearen proposamenak.

3.2.–Gobernu Batzarraren proposamenak, haren kideenak eta gobernu-ardurak dituzten gainerako zinegotzienak.

3.3.–Talde politikoen proposizioak.

3.4.–Herri-ekimeneko proposizioak.

3.5.–Talde politikoek proposatutako adierazpenak.

4.–Informazio-, sustapen- eta kontrol-zatia.

4.1.–Gobernu-organoen erabaki eta ebazpenen kontu ematea.

4.2.–Galderak eta eskaerak.

4.3.–Gobernu-taldeak informazioa ematea.

5.–Presako mozioak.

60. artikulua. Ekimenen kalifikazioa.

Lehendakariak, behin Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiari eta Bozeramaileen Batzordeari entzunda, aldatu ahalko du ekimen bati egileak emandako kalifikazioa, betiere edukia kontuan hartuta.

III. KAPITULUA

Bilkurak egiteko era

61. artikulua. Eraketa balioduna.

1.–Osoko bilkura formalki hasi baino lehen, Idazkariak egiaztatuko du ea dagoen eraketa baliodun izateko quoruma.

2.–Osoko Bilkuraren eraketa balioduna da, baldin eta bertako kideen legezko kopuruaren heren bat bertaratzen bada. Edonola ere, nahitaezkoa da Osoko Bilkurako Lehendakaria eta Idazkari Nagusia bertaratzea, edo bestela, haien legezko ordezkariak.

3.–Quorumari eutsi behar zaio bilkura osoan zehar.

62. artikulua. Aurreko bilkuraren aktaren onespena.

1.–Osoko Bilkuraren hasieran, Lehendakariak galdetuko du ea Udalbatzako kideren batek oharren bat egin behar duen aurreko bilkuraren aktari buruz –zeina deialdiarekin batera banatuko baita–. Inork egiten ez badu oharrik, akta onetsitzat joko da. Oharrik izanez gero, haiek eztabaidatu, eta behar diren zuzenketak eginen dira.

2.–Inola ere ezin izanen da aldatu hartutako erabakien edukia, eta bakarrik zuzendu ahalko dira akats materialak eta egitatezko errakuntzak.

3.–Akta batean aurrekoaren irakurketa eta onespena jasotzean, ari buruz egindako oharrak eta zuzenketak jasoko dira.

63. artikulua. Gaien ordena.

1.–Gai guztiak eztabaidatuko dira eta bozkatuko dira gai-zerrendan dagokien ordenan. Aurrekoa gorabehera, Lehendakariak, behin Bozeramaileen Batzordeari entzunda, gaien ordena aldatu ahalko du.

2.–Gai batzuk elkarri loturik egonez gero, batera eztabaidatu ahalko dira –Lehendakariak hala erabakitzen badu, behin Bozeramaileen Batzordeari entzunda–, baina haien bozketa banan-banan egin beharko da.

3.–a) Gobernu-organoen erabaki eta ebazpenen berri emateko puntuan, behin bakarrik hartu ahalko da hitza, eta gehienez ere bi minutuz, Udalbatzari jakinarazten zaion erabaki edota ebazpen bakoitzeko.

b) Gai-zerrendan zerbaiten berri ematekoak diren beste puntuetan, beste edozein eztabaidagai arruntetan bezala hartu ahalko da hitza epaien kasuan, eta aurreko paragrafoan bezala, gainerakoetan.

64. artikulua. Erretiratutako gaiak edo mahai gainean gelditutakoak.

1.–Ekimenen egileek erretiratu egin ahalko dituzte, kasuan kasuko gaiari buruzko eztabaida hasi baino lehen.

2.–Lehendakariak gai bat erretiratu ahalko du, baldin eta hura onesteko gehiengo berezia behar eta halakorik ezin bada lortu gai-zerrendan hasiera batean aurreikusitako unean, edo bilkura bitartean adostutakoan, aurreko artikuluarekin bat.

3.–Edozein zinegotzik eskatu ahalko du, eztabaidak iraun bitartean, gai-zerrendan jasota dagoen espediente bat erretiratzeko –espedientean agiriak eta txostenak eranste aldera–, bai eta espedientea mahai gainean uzteko ere –eztabaida hurrengo bilkurara arte atzeratuta–. Bi kasuetan, eskaera bozkatuko da eztabaida amaitu ostean eta edukiari buruzko bozketari ekin baino lehen. Gehiengo soilak bozkatzen badu eskaeraren alde, ez da izanen aukerarik erabaki-proposamena edo -proposizioa bozkatzeko.

IV. KAPITULUA

Eztabaidak

65. artikulua. Eztabaiden antolamendua.

1.–Osoko Bilkurako Lehendakariari dagokio eztabaidak zuzendu eta haietan ordena gordetzea.

2.–Zinegotziek ezin izanen dute hitz egin hitza eskatu eta lehendakariak eman gabe. Zinegotzi batek bakarka aurkeztutako ekimenen kasuan, baldin eta zinegotzia ez badago bilkuran Lehendakariak dei egiten dionean, ulertuko da uko egiten diola hitz egiteari, eta bozketara pasatuko da.

3.–Hizlariari inork ezin izanen dio moztu hitzaldia, salbu Lehendakariak.

66. artikulua. Baiespena.

1.–Gaiak, bozkatu baino lehen, eztabaidatuko dira, salbu inork ez badu hitza eskatzen.

2.–Baiespen bidez onetsitzat joko dira eragozpenik edo aurkako iritzirik sortzen ez duten gaiak. Bestela, bozketa eginen da ondoko artikuluetan ezarritakoarekin bat.

67. artikulua. Eztabaidak antolatzeko arauak.

1.–Eztabaidarik sortzen bada, Lehendakariak honako arauen arabera antolatuko ditu mintzaldiak:

a) Inork ezin izango du hitz egin, aldez aurretik Lehendakariak baimendu gabe.

b) Eztabaida abiatzeko, proposamenaren edo proposizioaren egileak hura azaldu eta justifikatuko du. Azalpen horrek ez dio kenduko txandarik.

Gehienez ere zazpi minutu iraunen du azalpenak.

c) Eztabaidatzen diren gai guztietan, talde politiko bakoitzak hiru txanda edukiko ditu, gehienez.

Lehen mintzaldiak, gehienez ere, zazpi minutu iraunen du.

Talde politiko bakoitzaren bigarren eta hirugarren mintzaldiek, gehienez ere, lau eta bi minutu iraunen dute, hurrenez hurren.

d) Lehendakariak begiratuko du ezein mintzaldik gaindi ez ditzan txandetako gehienezko denborak.

e) Norbaitek bere burua mintzaldi batean aipatua izan dela jotzen badu, eskatu ahalko dio Lehendakariari txanda bat emateko aipatua izateagatik; txanda hori laburra eta zehatza izanen da.

f) Lehendakariak bakarrik egin ahalko du dei ordenari eusteko edo eztabaidatzen ari den gaiari lotzeko.

g) Botoa azaltzeko txandak bi minutu iraunen du, gehienez.

2.–Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiak esku hartu ahalko du, baldin eta Lehendakariak horretarako eskaera egiten badio aholku teknikoa eman edo kontzeptuak argitze aldera. Baldin eta Idazkariak uste badu eztabaidan espresuki eta formalki agertu dela konturen bat non zalantza egiten ahal baita haren legezkotasunari edo aurrekontuko ondorioei buruz, Lehendakariari eskatu ahalko dio hitza, Udalbatzari aholkua emateko.

3.–Baldin eta, indarreko legeetan ezarritakoarekin bat, Udalbatzako kide batek uko egin behar badio eztabaidan eta bozketan parte hartzeari, Osoko Bilkuratik at egon beharko du gaia eztabaidatu eta bozkatu arte.

V. KAPITULUA

Bozketak

68. artikulua. Botoaren izaera eta zentzua.

1.–Zinegotzien botoa pertsonala da, eta ezin da beste inoren esku, salbu kasu eta baldintza hauetan:

a) Amatasuna dela-eta bilkuretara joaterik ez duen zinegotziak bere botoa beste zinegotzi baten esku utzi ahalko du, erditzearen ondorengo sei asteetan.

Aitatasunagatiko baja, edoskitze-aldia edo haurdunaldia ez dira kontuan hartuko boto-eskuordetzea baimentzeko, salbu medikuak behar bezala justifikatutako haurdunaldi arriskutsuaren kasuan.

b) Behar bezala egiaztatutako ospitaleratze baten edo gaixotasun larri baten ondorioz bilkuretara joaterik ez duten zinegotziek beren botoa beste zinegotzi baten esku utzi ahalko dute.

c) Baja medikoa egiaztatzeko, ziurtagiri medikoa aurkeztuko da, sinatua eta elkargokide-zenbakia adierazita, eta, ziurtagiri horretan, gaixotasunaren larritasuna zehaztuko da.

d) Boto-eskuordetzea erabili ahalko da udaleko osoko bilkuretan bakarrik; ez, ordea, batzordeetan, lan bileretan edo bozketa eskatzen duen beste ezein egoeratan.

e) Zinegotzi batek ezinen du eskuordeturiko boto bat baino gehiago izan.

f) Eskuordetutako botoen kopurua ez da izanen, inola ere, udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino handiagoa.

g) Boto-eskuordetzearen epea ezin izanen da, inola ere, urtebete baino gehiagokoa izan.

2.–Botoak baiezkoak edo ezezkoak izan daitezke, eta Osoko Bilkurako kideak abstenitu ere egiten ahal dira.

3.–Bozketa baten emaitza zenbatzeko orduan, ulertuko da zinegotzi bat abstenitu egin dela baldin eta gai baten eztabaida hasi eta gero Osoko Bilkuretako Aretotik irten eta handik at badago, bozketaren unean. Baldin eta Osoko Bilkuretako Aretora itzultzen bada bozketa egin aurretik, bozketan parte hartu ahalko du. Behin bozketa hasita, ez zaio onartuko ezein zinegotziri Osoko Bilkuretako Aretora sartzea.

Bozketa hasitzat joko da Lehendakariak hala dela adierazten duenean, aurretik gaia bozkatu behar dela iragarri eta segundo batzuk igaro eta gero. Halaber, ulertuko da gai bati buruzko lehen bozketa hasten denean ez dagoena ezin izanen dela aretora sartu gai horri dagozkion gainerako bozketak egin bitartean.

4.–Bozketa batean berdinketa egonez gero, beste bozketa bat eginen da, eta horretan ere berdinketa badago, Alkatearen kalitateko botoak erabakiko du.

69. artikulua. Bozketa-motak.

1.–Bozketak ohikoak, izenezkoak eta ezkutukoak izan daitezke.

2.–Ohiko bozketak dira baiespen-, desadostasun- edo abstentzio-zeinu konbentzionalen bidez egindakoak.

3.–Izenezko bozketak dira abizenen ordena alfabetikoz deituta egindakoak, non Lehendakaria, beti, boto ematen azkena baita, eta non Udalbatzako kide bakoitzak, deitua denean, ozenki erantzuten baitu “bai”, “ez” edo “abstenitzen naiz” esanda.

4.–Ezkutuko bozketak dira Udalbatzako kideek txartelak hautestontzi batean sartuta egiten direnak.

70. artikulua. Bozketa-sistema.

1.–Ohiko sistema ohiko bozketa izanen da.

2.–Izenezko bozketa egiteko, zinegotzi batek eskatu beharko du, eta Osoko Bilkurak onetsi, gehiengo soilaz, ohiko bozketa batean. Nahitaez izenezkoak izanen dira Alkatearen kontrako zentsura-mozioaren bozketa eta Alkateak proposatu beharrekoa den konfiantza-arazoarena, hori guztia, hauteskunde-araubide orokorrari buruzko legeetan ezarritakoarekin bat.

3.–Bozketa ezkutukoa izanen da, indarreko legeetan hala ezarrita dagoen kasuetan, gaiari buruzko eztabaida ere ezkutukoa bada eta Alkatea hautatzeko orduan.

Bestalde, bozketa ezkutukoa izan ahalko da, gaiak ukitzen baditu ohorerako, pertsonen edo haien familien intimitaterako edo norberaren irudirako eskubide konstituzionalak.

4.–Gaiak puntuka bozkatuko dira, proposamen-egileek hala erabakitzen badute.

71. artikulua. Erabakiak hartzeko quoruma.

1.–Osoko Bilkurak, oro har, bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Gehiengo soila izanen da, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago badira.

2.–Ulertuko da gehiengo osoa dagoela, baldin eta baiezko botoak Udalbatzako kideen legezko kopuruaren erdia baino gehiago badira.

72. artikulua. Momentua eta manera.

1.–Behin gai bati buruzko eztabaida amaituta, hari buruzko bozketa eginen da.

2.–Behin bozketa hasita, ezin da hura eten, ezein arrazoirengatik ez. Bozketa egin bitartean, ez Lehendakaria ez ezein zinegotzi ezin izanen dira sartu Aretora, ezta bertatik irten ere. Bozketa egin bitartean, Lehendakariak ez dio emanen hitza inori.

3.–Behin ohiko eztabaida amaituta, Lehendakariak erabakitakoa adieraziko du.

4.–Bozketa izenezkoa edo ezkutukoa bada, ordena alfabetikoan eginen da, eta, behin hura amaituta, Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiak emandako botoak kontatuko ditu eta ozenki iragarriko du emaitza, eta, hori ikusita, Lehendakariak hartutako erabakia aldarrikatuko du.

73. artikulua. Botoa ematea.

Botoa ematerakoan, ezin izanen da ezein adierazpenik egin, botoa bera zehazteko egin beharrekoaz landa.

VI. KAPITULUA

Aktak

74. artikulua. Aktak.

1.–Bilkura bakoitzari buruz, akta bat eginen du Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiak, non jasoko baita, osoko bilkura osoaren hitzez hitzezko transkripzioa. Aktan, gainera, honako hauek ere jasoko dira:

a) Bilkuraren data eta hasiera- zein amaiera-ordua.

b) Lehendakariaren eta gainerako parte-hartzaileen izenak.

c) Aztertutako gaien zerrenda.

d) Emandako botoak eta hartutako erabakiak.

VII. KAPITULUA

Ordena bilkuretan

75. artikulua. Hitza hartzea.

a) Zinegotziek hitza hartu ahalko dute, Lehendakariak aldez aurretik baimena emanez gero.

2.–Behin hitza hartuta, Lehendakariak bakarrik moztu ahalko die denbora agortu zaiela esateko, gaiari edota ordenari lot dakizkien agintzeko edo hitza kentzeko –hori bidezkoa izanen delarik behin ezarritako denbora igaro eta amai dezaten esan eta gero–.

76. artikulua. Ordena-arazoak.

Udalbatzako kideek noiznahi eskatu ahalko dute hitza ordena-arazo bat mahaigaineratzeko, zer arau aplikatzea nahi eta horri hel eginda. Lehendakariak ebatziko du zer den bidezkoa, betiere ezin izanen dela, hori dela-eta, ezein eztabaidarik egin.

77. artikulua. Aipamenek eragindako mintzaldiak.

Baldin eta, Lehendakariaren iritziz, eztabaidan zehar aipamenen bat egiten bada –halakoa non balio-iritziak edo baieztapen okerrak baitakartza berekin zinegotzi baten izen onaz edo duintasunaz edo haren jokabideaz–, hitz egiteko aukera emango zaio aipatutako zinegotziari gehienez ere hiru minutuz, eztabaidagaiaren muinean sartu gabe, egindako aipamenei ez besteri erantzuteko.

78. artikulua. Ordenarako deiak.

1.–Lehendakariak ordenarako deia egin ahalko die Udalbatzako kideei, baldin eta honela jokatzen badute:

a) Baldin eta Udalbatzaren, bertako kideen, erakunde publikoen edo beste edozein pertsona edo entitateren izen onarentzat iraingarriak diren hitzak esaten badituzte edo iritziak adierazten badituzte.

b) Bilkuretako ordena hausten badute, etenaldiak eragiten edo beste edozein modutara.

c) Hitz egiten jarraitu nahi badute hitza eduki gabe edo hura kendu eta gero.

2.–Kide bati hiru aldiz egiten bazaio ordenarako deia –bigarrenean ohartarazita hirugarrenaren ondorioei buruz–, Lehendakariak Osoko Bilkuratik alde egiteko agindu ahalko dio, eta egoki jotzen dituen neurriak hartuko ditu kanporaketa gauzatzeko.

79. artikulua. Portaera-arauak.

1.–Aurreko artikuluan araututakoaren ondorioz, betiere kargu publikoen adierazpen-askatasunari arras men eginik, zinegotziek erabateko begirunea zor diote elkarri, pertsona gisara, bai eta adeitasuna ere.

2.–Lehendakariak eztabaidatzeko eta bozkatzeko askatasuna bermatu behar du, eta bilkuretan behar den ordena jarri, adierazpen desegokiei edo alferrikakoei itzurita. Xede horretarako, ez da onartuko modu arranditsuan edo desegokian erakustea ez sinbolorik, ez kartelik, ez ezein filiazio, joera, eskaera edo erreibindikazioren adierazpen grafikorik.

3.–Baldin eta aurreko idatzi-zatian adierazitako gauzetako bat gertatzen bada, Lehendakariak aipatu elementu horiek kentzeko edo ezkutatzeko agindu beharko du, eta, behar izatera, erantzuleak edo eramaileak kanporatuko ditu, aurreko artikuluko bigarren idatzi-zatian aurreikusita dagoen eran jokatuta.

4.–Aurreko idatzi-zatian zehaztutako portaera entzuleei ere galdatu behar zaie, hari eutsi ezean berehala kanporaturik izanen direlarik.

V. TITULUA

Erabakiak hartzeko prozedura

I. KAPITULUA

Proposamenak eta proposizioak

80. artikulua. Ekimena.

1.–Osoko Bilkurak erabakiak hartuko ditu, Alkateak, Gobernu Batzarrak zein bertako kideek, gainerako zinegotziek, talde politikoek, herri-ekimenak eta indarreko legeetan aurreikusitako entitate edo organoek proposatuta.

2.–Alkatearen eta gobernu-taldeko gainerakoen erabaki-proiektuak proposamenak deitzen dira.

3.–Gainerako zinegotzien, talde politikoen, herri-ekimenaren eta indarreko legeetan aurreikusitako entitate edo organoen proiektuak proposizioak deitzen dira.

81. artikulua. Aurkezpena.

1.–Proposamenak eta proposizioak Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiari aurkeztu behar zaizkio, behar besteko aurrerapenarekin, betiere, Osoko Bilkuraren kasuan kasuko batzordearen bilkurarako deiari erantsi beharreko gai-zerrendan sartua izate aldera.

2.–Proposizioak idatzirik aurkeztu behar dira, eta talde politiko proposatzaileen bozeramaileek sinatuta, haien izenean. Zinegotziek ere, banaka edo elkarrekin, proposizioak aurkez ditzakete, hala nahi badute.

3.–Halaber, auzotarrek proposizioak aurkeztu ahalko dituzte, gaiak udal-eskumenekoak badira, eta Tokiko Araubideari buruzko arauetan ezarritako baldintzak eta izapideak betetzen badituzte.

4.–Hala proposamenek nola proposizioek bi parte eduki behar dituzte: zioak adieraztekoa eta erabakia proposatzekoa –azken hori bozkatuko delarik–.

82. artikulua. Irizpenen beharra.

1.–Proposamenei zein proposizioei buruz irizpena eman behar du, beti, gaiaren arabera eskudun den batzordeak.

2.–Salbuespen gisara, Alkateak zenbait gai sartu ahalko ditu gai-zerrendan, behar bezala arrazoitutako presa dela medio, kasuan kasuko batzordearen irizpenik gabe. Halakoetan, kasuan kasuko gaia Osoko Bilkuran jorratua izateko, berretsi beharko da gai-zerrendan sartzen dela –erabakia onesteko gehiengo soila beharko delarik–, eta horretarako, proposamen-egileak egoki jotzen badu, behin mintzatzeko txanda edukiko dute denek: hiru minutu, proposamen-egileak, eta minutu bana gainerako bozeramaileek. Halako bozketarik ez da behar izanen, baldin eta batzorde informatibo batek gaiari buruzko irizpenik ematen badu hura gai-zerrendan sartu ondoren eta Osoko Bilkura baino lehen.

3.–Edonola ere, hala proposamenak nola proposizioak bakarrik onartuko dira, ukitzen dituzten gaiak udal-esparrukoak badira.

83. artikulua. Mintzaldiak.

1.–Proposamenak eta proposizioak Osoko Bilkuran eztabaidatzeko orduan, ekimenaren egilea mintzatuko da lehenik, gero, zuzenketak aurkeztu dituzten taldeak –zuzenketarik badago– eta, azkenik gainerako taldeak, hori guztia Erregelamendu honen 66. artikuluan eta ondokoetan ezarritako eran.

2.–Ezein kasutan ezin izanen da ez eztabaidatu ez bozkatu zinegotzi batek aurkeztutako proposizio bat, egilea aretoan egon gabe. Proposizioa talde politiko batena bada, hura eztabaidatu eta bozkatzeko, gutxienez talde horretako kide batek egon behar du aretoan.

II. KAPITULUA

Presako mozioak

84. artikulua. Tramitazioa.

1.–Zinegotziek mozioak aurkezten ahalko dituzte Osoko Bilkurak azter ditzan, presako arrazoiak direla medio.

2.–Mozioak idatzirik aurkeztuko dira.

3.–Osoko Bilkurak bozketa eginen du eztabaida presakoa egitea egokia denetz erabakitzeko. Bakarrik bozketaren emaitza baiezkoa bada –Osoko Bilkurako kideen gehiengo osoaren baiezko botoekin–, eginen dira kasuan kasuko erabaki-proiektuari buruzko eztabaida eta bozketa, hori guztia, talde politikoen proposizioei buruz aurreikusitako prozedurari jarraituta. Proposamen-egileak hiru minutu edukiko du presa justifikatzeko, eta bozeramaileek minutu bat, erantzuteko.

4.–Presako mozioak behin deialdiaren gai-zerrendako gaiak amaituta aztertuko dira, salbu Lehendakariak kontrakoa xedatzen badu.

III. KAPITULUA

Zuzenketak

85. artikulua. Motak.

1.–Zuzenketa bat da proposamen bat, proposizio bat edo presako mozio bat aldatzeko proiektua, Idazkariari zinegotzi batek aurkeztua.

2.–Zuzenketak osotasunari aurkeztu ahal zaizkio, edo artikuluei.

–Osoko zuzenketak dira proiektu edo proposizioaren egokitasunari, printzipioei edo oinarriei buruzkoak eta haiek itzultzea eskatzen dutenak, edo proiektuaren testuaren aurrean ordezko testu oso bat proposatzen dutenak.

Zuzenketa horiek bozkatzen lehenak izanen dira.

–Artikuluei egindako zuzenketak kentzekoak, aldatzekoak edo gehitzekoak izan daitezke, eta osoko zuzenketen ondoren bozkatuko dira:

a) Zuzenketak ordeztekoak, aldatzekoak edo gehitzekoak izan daitezke. Ordezteko zuzenketek osorik ordeztuko dute proposamena, proposizioa edo mozioa, eta ezin izanen dira puntuka bozkatu; aldatzekoek proposamen, proposizio edo mozioen testuaren parte bat aldatuko dute, eta gehitzekoek testua osorik gorde, eta puntu berri bat erantsiko diote hari.

b) Zuzenketak ordena honetan bozkatuko dira: lehenik eta behin, ordeztekoak; gero aldatzekoak, eta, azkenik, gehitzekoak. Hainbat zuzenketa badaude, kide gehien dituen taldeak aurkeztutakoak bozkatuko dira lehenik, eta irizpide horri jarraituta gainerakoak.

c) Behin zuzenketak bozkatuta, bakarrik bozkatuko da haiei buruzko bozketek proposamenean ukitu gabe utzitako partea.

3.–Ez da onartuko zuzenketarik talde politikoen adierazpen-proposamenei buruz, salbu proposamen-egileek espresuki onartzen badute.

86. artikulua. Tramitazioa.

Zuzenketak Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiari aurkeztuko zaizkio, Lehendakariari zuzendu eta taldeko bozeramaileak sinatutako idazki baten bidez, gaiaren bozketa egin baino lehen.

VI. TITULUA

Arauak onesteko prozedura

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

87. artikulua. Aplikazio-esparrua.

Titulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaio ordenantzak, erregelamenduak eta gainerako xedapen orokorrak zein halakoen aldaketak onesteko prozedurari.

88. artikulua. Arauak onesteko ekimena.

1.–Udal-arauak onesteko ekimena honako hauei dagokie:

a) Tokiko Gobernu Batzarrari.

b) Zinegotziei.

c) Talde politiko bati, bere bozeramaileak sinatuta.

d) Herritarrei, herri-ekimena baliatzen badute indarreko legeekin bat.

2.–Proiektu gisara tramitatuko dira Gobernu Batzarrak aurkeztutakoak.

Gainerakoak proposizio gisara tramitatuko dira.

89. artikulua. Epeak.

1.–Osoko Bilkurako Lehendakariak, behin Bozeramaileen Batzordeari entzunda, titulu honetan ezarritako epeak luzatu edo laburtzea erabaki ahalko du, baldin eta arrazoi batek hori justifikatzen badu.

2.–Salbu ohiz kanpoko kasuetan, luzapenak ezin izanen dira izan ezarritako epeak hartzen duen baino luzeagoak, ezta murrizketak epe horren erdia baino laburragoak ere.

II. KAPITULUA

Proiektuak

90. artikulua. Proiektuaren dokumentazioa.

Gobernu Batzarrak onetsitako arau-proiektuei administrazio-espedientea erantsiko zaio –eta haren barnean, kasuak hala eskatzen badu, txosten juridiko, tekniko eta ekonomikoak–, eta hori dena Osoko Bilkurari zuzenduko zaio Zinegotzi Idazkariaren bidez.

91. artikulua. Hasierako onespena.

Behin Gobernu Batzarrak arau bat onesteko ekimenari helduta, proiektua, agiri osagarriekin batera, Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiari bidaliko dio, eta horrek, berriz, eskudun den batzordeari, zeinak, gutxienez, astebetea izanen baitu proiektua aztertu, zuzendu eta hari buruzko irizpena emateko. Baldin eta kasuan kasuko batzordeko bilkurara bertaraturiko kideen bi herenek hala erabakitzen badute, aipatu epe hori erdira laburtu daiteke.

92. artikulua. Informazio publikoa.

1.–Hasierako onespenaren Erabakian, Osoko Bilkurak xedatuko du, behar izatera, jendaurreko eta interesdunei entzuteko aldia irekitzea, halako eran non aldi horrek, betiere, iraun beharko baitu toki-araubideari buruzko arauetan gutxieneko gisa ezarritako epea.

2.–Legeetan ezarritako bideen bitartez iragarrita izateaz gain, hasiera batez onetsitako arauaren testua Udalaren webgunean ere emanen da argitara.

93. artikulua. Behin betiko onespena, alegaziorik ezean.

Erreklamazio edo iradokizunik aurkeztu ezean, eta, Legearekin bat, behin betiko bihurtu badaiteke araua onesten duen erabakia – une horretara arte behin-behinekoa izan dena–, kasuan kasuko alorrak edo organoak inguruabar hori jakinaraziko dio Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiari, eta horrek behar diren gestioak eginen ditu Osoko Bilkurari jakinarazteko behin betiko onespenaren berri.

94. artikulua. Behin betiko onespena, alegaziorik izanez gero.

Erreklamazio edo iradokizunak aurkeztuak izan badira, kasuan kasuko alorrak edo organoak baloratuko ditu horiek txosten batean, eta txostena Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiari bidaliko dio, Osoko Bilkurak behin betiko onespena eman dezan eskudun den batzordeak irizpena eman eta gero.

95. artikulua. Arauen behin betiko testua argitaratzea eta indarrean sartzea.

Arauen behin betiko testua osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean sartuko da toki-araubideari buruzko legeetan ezarritakoarekin bat.

Halaber, Udalaren webgunean ere argitaratuko da.

Erregela bera aplikatuko zaie arauen aldaketei, horien kasuan ere arauen testu osoa jasoko delarik.

III. KAPITULUA

Proposizioak

96. artikulua. Arau-proposizioak.

Proposizioak tramitatzeko, arau-proiektuetarako Erregelamendu honetan ezarritako arau berek aginduko dute, betiere diferentzia hauekin:

a) Behin proposizio bat aurkeztuta –dagozkion aurrekariekin batera–, hamar eguneko epea izanen da –ezertan galarazi gabe Bozeramaileen Batzordeak epe hori handitzeko aukera– txosten juridikoa emateko, eta, behar izatera, txosten teknikoa eta ekonomikoa egiteko. Behin txosten horiek emanda, Gobernu Batzarrak arau-proiektuak onesteko ezarrita dagoen prozedurari helduko zaio.

b) Jendaurreko eta entzuteko aldia eta gero, kasuan kasuko alorrak edo organoak Osoko Bilkurako batzorde eskudunari bidaliko dizkio erreklamazioak eta iradokizunak –halakorik izan bada, eta, betiere, aldez aurretik txosten juridikoa, eta, behar izatera, txosten tekniko eta ekonomikoak emanda– hark balora dezan eta, behar izanez gero, proposizioaren testu berria egin dezan.

IV. KAPITULUA

Aurrekontuak

97. artikulua. Prozedura berezia.

1.–Udalaren Aurrekontu Orokorraren proiektua kapitulu honetan erregulatzen den prozedura bereziaren arabera tramitatuko da, eta ordezko gisa baliatuko dira Osoko Bilkurak erabakiak onesteko prozedura arruntari dagozkion xedapenak.

2.–Egunetan kontatutako epeen kasuan, ulertu behar da egunak naturalak direla, salbu espresuki kontrakoa esaten bada.

98. artikulua. Proiektuaren aurkezpena.

1.–Aurrekontu Orokorraren proiektua –behin Gobernu Batzarrak onetsita, dokumentazio osoarekin batera– Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusian aurkeztuko da, eta udal-talde politiko guztien eskura jarriko. Aurkezpen-ekitaldian bertan finkatuko da proiektua tramitatzeko egutegia, betiere ondoko artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.–Behin proiektua aurkeztu eta ondoko bi egunak iraganda, eta ezarritako egutegiarekin bat, aurrekontu-gaietako zinegotzi ordezkaria, egoki jotzen duen teknikariek lagunduta, gaian eskudun den Batzordearen aurrean aurkeztuko da egoki jotzen dituen azalpenak emateko eta udal-talde politikoek egin diezazkioten galderei erantzuteko, proiektuaren alderdiei buruz.

99. artikulua. Zuzenketen aurkezpena.

1.–Zuzenketak aurkezteko epea bukatuko da Osoko Bilkurari irizpena aurkeztu behar dion batzordeak noiz bildu behar duen eta data hori baino hiru egun lehenago, kontuan hartuta, betiere, batzordea bilduko dela proiektua noiz aurkeztu eta handik hamabost egunera.

2.–Osoko zuzenketatzat joko dira –proiektua udal-gobernuari itzultzea proposatzen dutenez gain– alor baten aurrekontu osoa itzultzea edo kentzea proposatzen dutenak eta, baita ere, bestelako idazketa bat proposatzen dutenak proiektuaren funtsezko parteetarako –hala nola alor, kapitulu eta halakoetarako–.

3.–Zuzenketa partzialak kentzekoak, aldatzekoak edo gehitzekoak izan ahalko dira; azken bi kasuetan, zuzenketek proposatzen den alternatiba zehatza jaso beharko dute, bai eta finantzamendua ere –behar izatera–, dela hasierako aurrekontu-superabitaren kontura, dela gastuak murrizturik edo sarrerak handituta.

100. artikulua. Eztabaida Batzordean.

1.–Lehenik eta behin, osoko zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dira, Eta Osoko Bilkurari proposatuko zaio Batzordean onetsitako zuzenketak berresteko.

2.–Baldin eta osoko zuzenketak ez badira onesten Batzordean, edo Osoko Bilkurak ez baditu berresten, zuzenketa partzialen eztabaidari eta bozketari ekinen zaie; zuzenketa horiek bloke homogeneotan multzokatu daitezke gaien arabera, eta onesten badira txertaturik joanen dira Batzordeak Osoko Bilkurari aurkeztu behar dion irizpenean.

3.–Batzordean tramitatzeko onartu ahalko dira hala erdibideko zuzenketak –talde politikoek idatzita aurkezten dituztenak, jada aurkeztuta dauden zuzenketen eta udal-gobernuaren proiektuaren arteko adostasuna lortze aldera– nola zuzenketa teknikoak –oker eta akats teknikoak zuzentzeko direnak–.

4.–Oro har, zuzenketaren bat atzera botaz gero, hori proposatu duen taldeak Osoko Bilkuran defendatzeko gorde ahalko du, kontuan hartuta, betiere, horretan ez beste ezein kasutan ez dela aztertuko zuzenketarik Osoko Bilkuran –salbu erdibidekoak eta teknikoak, zeinak aurreikusita baitaude ondoko artikuluaren 6. idatzi-zatian–.

5.–Halaber, Batzordearen irizpenarekin ados ez dauden talde politikoek egoki jotzen dituzten boto partikularrak aurkezten ahal dituzte Osoko Bilkuran defendatzeko, baina, bakarrik, udal-gobernuak aurkeztutako proiektuaren zuzendutako parteari buruz badira.

6.–Osoko Bilkuran defendatuak izateko gordetako zuzenketak eta Batzordearen irizpenari buruzko boto partikularrak edozein unetan aurkeztu behar dira Batzordeko eztabaida egin bitartean, edo bestela eztabaida hori bukatu eta ondoko 24 orduko epean.

101. artikulua. Eztabaida Osoko Bilkuran.

1.–Osoko Bilkurako eztabaida hasteko, gaian eskudun den zinegotzi ordezkariak Batzordearen irizpena defendatu behar du, horretarako hamar minutuko txanda bakar bat edukiko duelarik.

2.–Batzordearen irizpenari buruzko boto partikularrik ez badago eta zuzenketarik ez bada gorde Osoko Bilkurarako, irizpena osorik eztabaidatu eta bozkatuko da.

3.–Osoko zuzenketak defendatzeko, talde politiko guztiek hamar minutuko txanda bana edukiko dute, eta erantzuteko beste txanda bat, bost minutukoa; behin eztabaida bukatuta, banan-banan bozkatuko dira, eta haietako bat onetsiz gero amaitutzat emanen da eztabaida.

4.–Zuzenketa partzialak defendatzeko, talde politikoek bost minutuko txanda bana izanen dute, eta beste bat, bi minutukoa, erantzuteko; hori bera aplikatuko zaio Osoko Bilkuran eztabaidatzeko aurkeztutako boto partikularren defentsari.

5.–Talde politikoak ezin izanen dira mintzatu, zuzenketarik gorde edota boto partikularrik aurkeztu ez badute –Osoko Bilkuran eztabaidatze aldera–, salbu irizpena defendatu behar duen zinegotzi ordezkaria, zeinak bere zuzenketak eztabaidatzeko talde politikoek dituzten txanda eta denbora berberak izanen baititu, erantzuteko eta erantzunei erantzuna emateko.

6.–Eztabaida egin bitartean, Lehendakaritzak tramiterako onartu ahalko ditu zuzenketa teknikoak –oker eta akats teknikoak zuzentzeko direnak–, bai eta erdibideko zuzenketak ere –gordetako zuzenketen eta Batzordearen irizpenaren arteko adostasuna lortzeko direnak–, baina, horretarako, idatziz aurkeztu behar dira halakoak, eta transakzioan adostu beharreko zuzenketak bertan behera utzi.

7.–Behin zuzenketei eta boto partikularrei buruzko bozketa amaituta, txanda bat zabalduko da talde guztiak mintza daitezen, eta horren ostean, zuzenketak eta azken emaitza den irizpena bozkatuko dira.

VII. TITULUA

Batzordeak

I. KAPITULUA

Xedapen komunak

102. artikulua. Motak.

Osoko Bilkurak hainbat batzorde izanen ditu, eta horiek iraunkorrak eta ez-iraunkorrak izan daitezke.

II. KAPITULUA

Batzorde iraunkorrak

103. artikulua. Eginkizunak eta aldizkakotasuna.

1.–Iraunkorrak dira honako eginkizun hauei eskuarki heltzeko batzordeak:

a) Osoko Bilkuraren erabakipean jarriko diren gaiak aztertu, horien gainean txostena egin eta horietaz aholkua ematea.

b) Alkatearen zein bere gobernu-taldearen kudeaketaren segimendua –ezertan galarazi gabe, betiere, Osoko Bilkurari oro har dagozkion maila handiagoko ikuskapena eta fiskalizazioa–, agerraldiak barne hartuta.

Udal-gobernuaren kudeaketari dagozkion kontuei buruz argibideak eskatze aldera, eskatu ahalko da ager daitezen gobernu-ardurak dituzten zinegotziak eta Udalaren zuzendaritza-organoetako titularrak –baldin eta eskuordetuak badira argibideen xedea den kontuari dagokionez–.

Agerraldia kasuan kasuko organoko lehendakariak onetsiko du, dela gobernu-ardurak dituen zinegotziak, dela argibideen xedea den kontuari dagokionez eskuordetua dagoen Udalaren zuzendaritza-organoko titularrak, dela beste edozein talde politikok –bere bozeramailearen bitartez– eskatuta.

c) Osoko Bilkurak haiei eskuordetzan emandako ebazpen-eginkizunak.

2.–Halaber, iraunkorrak dira Kontuen Batzorde Berezia, Iradokizun eta Erreklamazioen Batzorde Berezia eta Kontratazioak Zaintzeko Batzordea. Horiek guztiek eskuarki beteko dituzte Erregelamendu honek egozten dizkien eginkizunak, eta hirugarren batzordearen kasuan, hari buruzko erregelamendu bereziak egotzitakoak.

104. artikulua. Eraketa-erabakia.

Agintaldi baten hasieran, eta Lehendakariak proposatuta, Osoko Bilkurak batzorde iraunkorrak eratzea erabakiko du.

Prozedura bera baliatuta aldatu ahalko da, gero, haiek eratzeko erabakia.

105. artikulua. Antolamendua.

1.–Erregelamendu honen 104. artikuluaren lehen idatzi-zatian zerrendatutako eginkizunak bere gain dituzten batzordeak zein Kontuen Batzordea osatuko dituzten kideak talde politikoek izendatuko dituzte 2.2. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.–Batzordeek Lehendakari eta Lehendakariorde bana izanen dituzte, Osoko Bilkurako Lehendakariak izendatuta.

3.–Batzordeetako Idazkaritza Osoko Bilkurako Idazkari Nagusiari dagokio, edo ordezkapena dela medio dagokion funtzionarioari.

106. artikulua. Funtzionamendua.

1.–Batzordeen funtzionamenduak honako arau hauei eginen die men:

a) Bilkuretarako deia bilkura bat noiz egin behar den eta, gutxienez, bi egun baliodun lehenago egin behar da, salbu presako bilkuren kasuan.

b) Batzorde baten eraketa balioduna da, baldin eta bertaratzen badira bertako kideen legezko kopuruaren heren bat eta Batzordeko Lehendakaria eta Idazkaria –edo haien legezko ordezkariak–.

Quorum horri eutsi behar zaio bilkura osoan zehar.

c) Bozketa batean berdinketa egonez gero, beste bozketa bat eginen da, eta horretan ere berdinketa badago, Batzordeko Lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.

d) Batzorde bateko Lehendakariak galdatu ahalko du, bere kabuz edo udal-talde batek eskatuta, batzorde horretako kide ez diren pertsonak bertaratzea.

e) Gai-zerrendan, puntu bat izanen da galdera eta eskaeretarako.

f) Zinegotzi guztiek dute eskubidea batzorde guztietako bilkura guztietan egoteko.

2.–Gainerako alderdietan, Erregelamendu honetan Osoko Bilkurarako ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie batzordeei.

3.–Bidezkoa izanen da batzordeen bilkurak publikoak izatea, baldin eta Osoko Bilkurak eskuordetzan emandako erabakitzeko eginkizunetan ari badira, bai eta agerraldietan, mozioetan eta adierazpenetan ere.

Hala ere, isilpekoak izan daitezke herritarren oinarrizko eskubideei eragin diezaieketen arazoei buruzko eztabaidak eta bozketak, gehiengo osoak hala egiteko erabakia hartzen badu.

107. artikulua. Eskumena.

1.–Batzorde bakoitza arduratuko da bere eskumenei berez dagozkien gaiez.

2.–Baldin eta gai batek bi batzorderi edo gehiagori dagokien eskumena ukitzen badu, batzorde horietako lehendakariek erabakiko dute baterako bilkura egiten duten edo zer batzordek aztertuko duen. Adostasunik ez badago, Osoko Bilkurako Lehendakariak erabakiko du.

108. artikulua. Izendapena.

Alkateak izendatuko ditu batzordeak osatuko dituzten pertsonak, haiek eratzeko Osoko Bilkurak hartu beharreko erabakian zehaztuko den osaerari begiratuta. Horretarako, aldez aurretik eskatuko zaie talde politikoei bost eguneko epean proposa dezaten nor nahi duten izendatzea haien ordezkari.

109. artikulua. Arauen irizpena.

Arauak lantzeko prozeduran, batzorde baten irizpenak barne hartuko ditu proiektuaren edo proposizioaren jatorrizko testua, eta, halakorik badago, gehitutako zuzenketek eragindako aldaketak.

110. artikulua. Erabakien irizpena.

1.–Erabakiak hartzeko prozeduran, batzorde baten irizpenak ez du zertan jaso xedea den proposamenarekiko adostasunaz edo desadostasunaz besteko ezer.

2.–Irizpena ez da loteslea.

111. artikulua. Batzordeen erabakiak eta irizpenak.

Erabakiak hartu eta gaien irizpena egiteko, proposamenak, proposizioak, adierazpenak eta mozioak aurkeztu ahalko dira batzordeetan; horiek bideratzeak men eginen dio Erregelamendu honen V. eta VIII. tituluetan halako ekimenetarako xedatutakoari, eta horretarako, kasuan kasuko bilkuraren gai-zerrendan sartuko dira.

III. KAPITULUA

Kontuen Batzorde Berezia

112. artikulua. Arauketa.

1.–Kontuen Batzorde Bereziaren osaera, antolamendua eta funtzionamendua Erregelamendu honetan Osoko Bilkurako gainerako batzordeetarako ezarritako xedapenek gidatuko dituzte.

Batzordearen bilkuretan, Kontu-hartzailea egongo da.

2.–Toki-entitateetako kontabilitatea arautzen duten xedapenek egotzitako funtzioak dagozkio Kontuen Batzorde Bereziari.

3.–Kontuen Batzorde Bereziaren bileren aldizkakotasuna hura eratzeko erabakian ezarriko dena izanen da, edo, halakorik izanez gero, hura aldatzeko erabakian ezarritakoa.

V. KAPITULUA

Batzorde ez-iraunkorrak

113. artikulua. Sorrera.

Batzorde ez-iraunkorrak dira Osoko Bilkuraren erabaki baten bidez gai jakin batetarako eratzen direnak, gai hori aztertzeko, hari buruzko proposamenak egiteko edo halako beste helburu batzuetarako, betiere erabakirik hartu ezin dutelarik.

Haiek osatzeko erabakiak gidatuko ditu osaerari, antolamenduari eta funtzionamenduari dagokienez, eta, osagarri gisa, batzorde iraunkorrak erregulatzen dituzten arauek.

Automatikoki iraungiko dira behin haiek sortzeko arrazoi izandako eginkizunak betetzen amaitutakoan.

VIII. TITULUA

Informazio-, sustapen- eta kontrol-tresnak

I. KAPITULUA

Galderak

114. artikulua. Hartzailea, forma eta edukia.

1.–Zinegotziek galderak egin ahalko dizkiote gobernu-taldeari, ahoz edo idatzita.

2.–Idatzizko galderak Osoko Bilkurako Idazkaritzan aurkeztu behar dira.

3.–Galderak laburrak izanen dira, gai bakar bati buruzkoak, halako eran non galdekizun izanen baitute egintza bat, egoera bat edo informazio bat, horiek guztiak udal-eskumeneko esparrukoak.

4.–Ahoz egindako galderei ahoz erantzunen zaie, eta idatziz egindakoei honela eman ahalko zaie erantzuna, gobernu-taldearen irizpidea zein den: ahoz, Osoko Bilkura berean edo hurrengoan, edo, bestela, dagokien batzordean, edo idatziz, gehienez ere 30 eguneko epean. Azken bi kasuetan, erantzunaren berri emanen da hurrengo osoko bilkuran, baldin eta udal-gobernuaren jardun politikoari bakarrik badagokio, eta ez baditu ukitzen herritarren oinarrizko eskubideak.

115. artikulua. Eztabaida.

1.–a) Idatzizko galdera bati osoko bilkura batean erantzuten bazaio, horrek bidea emanen du kasuan kasuko zinegotziak galdera egiteko labur, eta gobernu-taldeko batek erantzunen du gobernu-taldearen izenean.

b) Ahoz egindako galderei Osoko Bilkura berean edo hurrengoan erantzunen diete Alkateak edo dagokion Zinegotzi Ordezkariak.

2.–Ondoren, galdera egin duen zinegotzia mintzatu ahalko da berriro galdetzeko edo aurka egiteko, eta, jarraian, gobernu-taldeko norbaitek erantzunen du, horrek emanen diolarik amaiera eztabaidari.

3.–Galdera bakoitza bideratzeko denbora ezin izanen da izan sei minututik gorakoa, denbora hori erdibana banatuko diela Lehendakariak mintzatu behar duten bi parteei.

II. KAPITULUA

Eskaerak

116. artikulua. Eskaerak.

1.–Eskaerak udal-jarduketak egiteko proposamenak dira, Osoko Bilkurako edozein kidek eginak eta Udaleko gobernu-taldeari zuzenduak.

2.–Idatziz egiten badira, Osoko Bilkurako Idazkaritza Nagusiari aurkeztu behar zaizkio zein bilkuratan eztabaidatu behar diren eta hori egin baino, gutxienez, 24 ordu lehenago.

3.a) Eskaerak eztabaidatu eginen dira, baina ez dira, inola ez, bozkatuko. Eztabaida bilkura berean edo hurrengoan eginen da, gobernu-taldearen irizpidearen arabera.

b) Eztabaidan, eskaeraren egilea bi minutuz mintzatuko da, eta gero gobernu-taldea, hori ere beste bi minutuz.

III. KAPITULUA

Eztabaida Orokorrak Udal Politikari buruz

117. artikulua.

1.–Urtean behin, Osoko Bilkurak eztabaida bat eginen du politika orokorrari buruz. Bilkura berezia izanen da, eta monografikoa, eta bertan ezin izanen da landu beste ezein gairik. Halako eztabaidarik ez da eginen Udal Hauteskundeak diren urteetan.

2.–Eztabaida orokorrak egiten ahalko dira, Alkateak eskatu edo Osoko Bilkurako Lehendakariak erabakitzen badu.

3.–Gobernuak planak edo programak bidali ahalko ditu Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, bai eta erabakitzeko eskatu ere; Lehendakaritzak erabakiko du, behin Bozeramaileen Batzordeari entzunda, nora bideratu Osoko Bilkurara edo batzorde batera.

118. artikulua. Antolamendua eta Eztabaida.

Prozedurari Alkatearen mintzaldiak emanen dio hasiera, denbora-mugarik gabe. Gero, 30 minutuko etenaldia eginen da.

Horren ondoren, oposizioko taldeetako bozeramaileak arituko dira. gehienez ere hogeina minutuz. Jarraian, Alkateak ihardetsi ahalko du, egoki jotzen badu, denbora-mugarik gabe. Haren ostean, gobernu-taldeari eusten dioten taldeko edo taldeetako bozeramailea edo bozeramaileak arituko dira, hogei minutuz. Dela Alkateak ihardetsi duela, dela ez duela egin, hamarna minutuko txanda izanen dute oposizioko taldeek. Segituan, Alkateak, nahi badu, berriro erantzuteko txanda erabili ahalko du, denbora-mugarik gabe. Hori gertatu zein ez, gobernu-taldeari eusten dioten taldeak mintzatuko dira, hamarna minutuz. Baldin eta Alkateak berriro erantzuteko txanda erabili badu talde guztietako bozeramaileek hiru minutuko txanda edukiko dute.

Eztabaidari Alkateak emanen dio amaiera.

IV. KAPITULUA

Adierazpenak

119. artikulua.

1.–Talde politikoek eskubidea izanen dute gehienez ere bi adierazpen-proposamen aurkezteko, bilkura baten gai-zerrendan sartzeko.

2.–Baldin eta adierazpen-proposamenak Udaleko talde-guztiek sinatzen badituzte, adierazpen instituzionaltzat joko dira, Osoko Bilkurako Lehendakariak irakurriko ditu eta bozkatu eginen dira, aurretik eztabaidarik egin gabe.

V. KAPITULUA

Zentsura-mozioa eta konfiantza-arazoa

120. artikulua. Bozketaren izaera eta arauetara bidaltzea.

Alkatearen kontrako zentsura-mozioaren zein Alkateak proposatu beharrekoa den konfiantza-arazoaren bozketak publikoak izanen dira, izenez izen deituta eginen dira eta men egiten diote orotan hauteskunde-lege orokorretan xedatutakoari.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria

Herritarren partaidetza.

Herritarren partaidetzak udal-organoetan men eginen dio Herritarren Partaidetza arautzen duen Erregelamendu Organikoan xedatutakoari.

Bigarren xedapen gehigarria

Toki Entitateen Antolaketa, Jarduna eta Araubide Juridikoa arautzeko Erregelamenduaren aplikazioa.

Erregelamendu honen xedapenek lehentasuna izanen dute, aplikatzeko orduan, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak onetsi zuen Toki Entitateen Antolaketa, Jarduna eta Araubide Juridikoa arautzeko Erregelamenduan jasotakoen aurretik.

Hirugarren xedapen gehigarria

Interpretazioa.

Lehendakariari dagokio erregelamendu hau bete eta betearaztea, hura interpretatuz, zalantzarik izanez gero, eta hura osatuz, hutsunerik egon ezean.

Laugarren xedapen gehigarria

Udalak Protokolo, Ohore eta Sari Ohoregarrieiburuzko Erregelamendu bat onetsiko du.

Bosgarren xedapen gehigarria

Udal Administraziotzat jotzen dira, 16. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Udala bera, haren erakunde autonomoak, Udalaren %50etik gorako partaidetza duten enpresak, fundazioak eta enpresa-entitate publikoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indargabetutako xedapenak.

Behin Erregelamendu hau indarrean sartuz geroztik, indargabeturik gelditzen dira haren kontra doazen, harekin kontraesanean dauden edo harekin bateraezinak diren Iruñeko Udalaren xedapenak.

Iruñean, 2015ko ekainaren 15ean.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L1509082