127. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1042/2015 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazten dituena.

2015eko ekainaren 3ko Foru Dekretuak Alfonso Carlosena García jauna izendatu zuen Unibertsitateko errektore, unibertsitate komunitateak sufragio unibertsalaren bidez hautatu baitzuen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek zehazten dute errektorea, errektoreordeak, idazkari nagusia eta Unibertsitateko kudeatzailea direla eremu orokorreko pertsona bakarreko gobernu-organoak, eta haiek osatzen dutela errektoretza taldea deitzen dena. Estatutuen arauak idazkari nagusiari eta Unibertsitateko kudeatzaileari dagozkien eskumenak zehazten ditu, adierazten du errektoreordeen eginkizuna Unibertsitatea gobernatzeko lanetan errektoreari laguntzea dela, ematen zaizkien zereginak koordinatuz eta zuzenduz, eta errektorearen ordezkaritza eginez hura delegatzen zaienean, eta hala errektorearen nola errektoreordeen edo idazkari nagusiaren laguntzaile izan litezkeen beste hainbat figura aurreikusten du.

Ebazpen honek onesten du Unibertsitateko errektoretza taldearen egitura orokorra, osatzen duten kideek zer eskumen duten garatzen du, eta kide hauei laguntza ematen dieten karguak zein diren zehazten du. Administrazio-egintza honen bidez, lehendik ezarritako eskumen-antolamenduaren parterik handienak berdin jarraituko duela ontzat emanez, aurrera egin gogo da administrazio-egitura ireki eta zalu baten diseinuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ebatzi behar dituen arazoei irtenbidea emateko.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, bere 12. eta 13. artikuluetan, arautzen du organo administratiboei emandako eskumenak beste organo administratibo bati delegatzeko figura, halakorik egitea gomendagarria denean. Horregatik, unibertsitatearen antolamendua zaluagoa izan dadin, bidezkoa da zehaztea Unibertsitateko errektoreak errektoreordeei eta kudeatzaileari zer baldintzatan delegatuko dizkien eskumenak. Aldi berean, ez daudenean edo gaixo daudenean, errektorearen eta errektoreordeen ordezkapena nola egingo den zehaztea ere bidezkoa da.

Abenduaren 21eko 6/2001 Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 20. artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–Errektoreordeek, idazkari nagusiak eta kudeatzaileak, eta, kasua zein den, errektoreari atxikiek, laguntzen diote Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari bere eginkizunak betetzen, eta denek batera errektoretza taldea osatzen dute.

Bigarrena.–1. Honako hauek dira jardun eremu oinarrizkoak, zeinen inguruan hezurmamitzen baita Unibertsitateko Zuzendaritza Kontseiluaren egitura:

–Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaiak.

–Unibertsitatearen Zabalkundea eta Harreman Instituzionalak.

–Ikerketa.

–Irakaskuntzak.

–Ikasleak, Enplegua eta Ekintzailetza.

–Nazioartekotzea.

2. Errektoreorde bat izango da aipatu oinarrizko jardun eremu bakoitzeko burua. Hala ere, errektoreak, nahi duenean, arloak aldatzen ahalko ditu, eta horiek zuzentzeko errektoreordeak izendatuko.

Unibertsitateko errektoreak errektoreari atxikiak izendatzen ahalko ditu, lehen esandako jardun eremu oinarrizkoetan sartuta ez dauden jardun eremu zehatzetarako.

3. Errektoreordeek eskatzen ahal dute arlo zuzendarien izendapena, idazkari nagusiak idazkariorde baten izendapena eta kudeatzaileak kudeatzaileorde baten izendapena. Halaber, hala badagokio, Unibertsitateko antolamenduaren beharrek hala eskatuta, sor litezkeen beste gainontzeko egituretako arduradunen edo zuzendarien izendapenak proposatuko dituzte.

Hirugarrena.–Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen Gaietako Errektoreordetzak jardun eremu hau hartzen du bere baitan:

–Nafarroako Gobernuarekin sinatutako finantziazio-hitzarmena.

–Beste finantzaketa-iturri batzuk.

–Unibertsitateko aurrekontua diseinatzea eta banatzea Kudeatzailetzarekin lankidetzan.

–Harreman ekonomikoak erakundeekin eta organismoekin.

–Unibertsitateko campusa eta azpiegiturak planifikatu eta garatzea Kudeatzailetzarekin lankidetzan.

–Hainbat urtetarako programazio ekonomikoa.

–Titulazio-maparen prospektiba.

–Unibertsitatearen plangintza estrategikoa.

–Erakunde ebaluazioa.

–Web orrialdea.

–Irakasleak eta ikertzaileen plantilla.

–Irakasleen eta ikertzaileen erregimena: irakasle funtzionarioen eta kontratupekoen lanpostuak, hautaketa, administrazio egoera, bateraezintasunak eta betebeharrak.

–Irakasle eta ikertzaileen lizentziak, baimenak eta mugikortasuna.

–Irakasleen kalitatea eta zehapen-erregimena.

–Irakaslanaren jarraipena, ebaluazioa eta kontrola.

–Harremanak irakasle eta ikertzaileen ordezkaritza-organoekin.

Laugarrena.–Unibertsitate Zabalkunderako eta Harreman Instituzionaleko errektoreordetzak jardun eremu hau hartzen du bere baitan:

–Unibertsitateko gizarte erantzukizuna.

–Unibertsitatea presentzia publikoa gizartearen eta kulturaren arloan.

–Kultura jardueren eta unibertsitate zabalpeneko jardueren programazioa, jarraipena eta kontrola.

–Arte ondarea.

–Unibertsitateko gizarte ekintza.

–Gizarte eta kultura proiekzioari lotutako katedrak eta fundazioak.

–Unibertsitatearen adiskideak.

–Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Plana.

–Unibertsitateko boluntariotza.

–Iraunkortasuna eta ingurumen-estrategia campusetan.

–Kirola politika.

–Tuterako campusa.

Bosgarrena.–Ikerketarako Errektoreordetzak honako jardun eremu hau hartzen du bere baitan:

–Ikerketaren eta ezagutzaren bestetaratzearen programazioa, promozioa eta sustapena.

–Harremanak I+G erakunde eta organismo publiko zein pribatuekin.

–Ikerketa Batzordea.

–Nafarroako Doktoretza Eskola.

–Doktoretza titulazio ofizialen disenua, egiaztatzea, ezartzea, jarraitzea eta akreditatzea.

–Etika, abere-esperimentazio eta biosegurtasun batzordea.

–Argitalpen Kontseilua.

–Ikerketa azpiegitura eta ekipamendua. Ikerketari Laguntzeko Zerbitzua.

–Doktoretza aurreko eta doktoretza ondoko bekak.

–Ikerketa institutuak eta ikerketarako beste ikastegi batzuk.

–LOUko 83. artikuluaren araberako kontratuak.

–Informazio zientifikorako sarrera edukitzeko politika eta liburutegia.

–Liburutegiaren Kontseilua.

–Zientzia hedapena eta zabalkundea.

–Ikertzaileen prestakuntza eta mugikortasuna.

–Patenteak eta balioespena.

–Ikerkuntza lehentasunezko xede duten fundazioak.

Seigarrena.–Irakaskuntzako Errektoreordetzak jardun eremu hau hartzen du bere baitan:

–Gradu eta master titulazio ofizialen diseinua, egiaztatzea, ezartzea, jarraitzea eta akreditatzea.

–Zikloko titulazio ofizialen iraungitzea.

–Unibertsitateko irakaskuntzaren plangintza, antolaketa eta jarraipena.

–Ikastegietako eta sailetako irakaslana koordinatzea.

–Hezkuntza-Berrikuntza Zentroko zuzendaritza.

–Ikasketen kalitatea.

–Ikasgelategi bituala.

–Irakasle eta ikertzaileen prestakuntza iraunkorra.

–Hizkuntza Plangintza.

–Harremanak Euskalgintzan lan egiten duten erakunde publiko zein pribatuekin.

Zazpigarrena.–Ikasleen Gaietarako, Enplegu eta Ekintzailetza Errektoreordetzak honako jardun eremu hau hartzen du bere baitan:

–Sarrera, harrera eta matrikula prozedurak.

–Ikasleei harrera egin eta argibideak ematea, bai eta aholkularitza eta orientabideak ematea ere.

–Ikasketen eta iraunkortasunaren erregimena. Irakaskuntza-disziplina.

–Ikasleen Kontseilua. Harremanak ikasleen elkarteekin.

–Bekak eta ikasteko laguntzak.

–Orientazio profesionaleko politikak.

–Enplegua.

–Ikasle ohiak.

–Estatuan mugitzeko programak.

–Ekintzailetza.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren spin-off izenekoak.

–Unibertsitate-Gizarte Fundazioa.

–Etengabeko Prestakuntza eta Ikasketa Berekiak.

Zortzigarrena.–Nazioartekotzeko Errektoreordetzak jardun eremu hau hartzen du bere baitan:

–Nazioartekotzeko Batzordea.

–Unibertsitatearen nazioartekotzeko politika koordinatzea.

–Nazioarteko unibertsitate, erakunde eta instituzioekiko harremanez arduratzea. Nazioarteko foroak.

–Nazioarteko mugikortasun-programak.

–Garapenerako unibertsitate lankidetza.

Bederatzigarrena.–Unibertsitateko errektorearen jarraibideak aintzat hartuz, errektoreordeek unibertsitateko politika, urteko planak eta urteanitzeko programazioak proposatzen dituzte; hori guztia beren jardun eremuaren barruan eta gainontzeko errektoreorde eta errektoretza taldeko kideekin koordinaturik.

Hamargarrena.–Idazkari nagusiak Unibertsitateko Idazkaritza Nagusia zuzentzen du eta Estatutuetako 42. artikuluak ematen dizkion gainerako eginkizunak garatuko ditu, eta, edonola ere, ondoren aipatzen diren beste hauek ere:

–Legez dagozkion aktak, Unibertsitateko gobernu erakundeenak, bete eta gordetzea.

–Unibertsitateko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintzen edo gertaeren dokumentuak eta egiaztagiriak ematea.

–Azterketen kalifikazio aktak jaso eta gordetzea.

–Hitzarmenak eta itunak, Agiritegi Nagusia, zigilu ofiziala, Unibertsitateko Urrezko Liburua eta “Honoris Causa” doktoretzarena gordetzea.

–Ekitaldi ospetsuak eta protokoloa.

–Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta errektorearen ebazpenak argitaratzea, bidezkoa bada.

–Titulu ofizialak ematea.

–Zerbitzu Juridikoaren, Agiritegi Nagusiaren, Tituluen Agiritegi Nagusiaren eta Unibertsitateko Erregistro Orokorraren zuzendaritza.

–Unibertsitateko jardueren urteko oroitidazkia egitea.

–Kanpoko eta barneko komunikazioa eta informazioa.

–Unibertsitatearen Egoitza Elektronikoa.

Unibertsitateko idazkariorde nagusiak idazkariari laguntzen ahalko dio bere eginkizunak betetzen.

Hamaikagarrena.–Unibertsitateko Kudeatzaileak Unibertsitateko administrazioa zuzentzen du, eta Unibertsitatearen Estatuetako 43. artikulak ematen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu, eta, edonola ere, ondoren aipatzen diren hauek:

–Unibertsitatearen administrazio zerbitzuak kudeatzea.

–Zerbitzuen kalitate-plana.

–Unibertsitatearen ondarea eta aurrekontua administratu eta kudeatzea.

–Unibertsitate-gizarte Fundazioaren aurrekontu eta ekonomia gorabeherak.

–Unibertsitateko ondarearen inbentarioa egitea.

–Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendaritza.

–Mantentzea, Obrak eta Zerbitzu Orokorrak.

–Unibertsitate egoitza.

Hamabigarrena.–Eskumenak delegatzea.

1. Orokorrean, honako hauek delegatuko zaizkie errektoreordeei eta kudeatzaileari:

–Gastua baimentzeko edo esleitzeko eskumenak, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontu araudiak urtero ezarriko den arautze espezifikoak xedatzen duen moduan.

–Beste unibertsitate eta erakunde publiko zein pribatuekin hitzarmenak gauzatzea, beren eskudantzien alorrean, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.

–Bere jardun eremuko prozesuei egiten zaizkien erreklamazioak ebaztea, edo, bidezkoa bada, dagokion erabaki proposamena organo eskudunei igortzea.

2. Ikerketa alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskumen guztiak Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen Gaietarako errektoreordeari delegatzen zaizkio:

–Unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuetan sartzeko lehiaketetarako, irakasle eta ikertzaileen lanpostuetan sartzeko lehiaketetarako edo bestelako hautaketa-sistemetarako deialdiak egitea, baita irakasle eta ikertzaileen administrazio-bizitza ukitzen duten administrazio-agiriak gauzatzea ere, irakasle funtzionarioak izendatzeari eta kargutik kentzeari buruzkoak izan ezik.

3. Ikerketa alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskumen guztiak Ikerketaren errektoreordeari delegatzen zaizkio:

–Unibertsitateko doktoretza ikasleen matrikulazioaren prozesua ebaztea.

–Doktoretza ikasleen espedienteen lekualdatzeak ebaztea.

–Ikerketa Batzordeko, Etika, Abere-esperimentazio eta Biosegurtasun Batzordeko eta Argitalpen Kontseiluko eta Liburutegiko Batzordeko burutzak.

–Ikerketa-proiektu zientifikoa edo teknikoak garatuko dituzten ikertzaileak kontratatzeko lehiaketetarako edo bestelako hautaketa-sistemetarako deialdiak egitea, baita ikertzaile horien kontratazioari eta lan kontratuak iraungitzeari buruzko agiriak gauzatzea ere.

–LOUko 83. artikuluaren babesean egindako kontratuak, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.

–Doktoretza titulazio ofizialen diseinua, egiaztatzea, ezartzea, jarraitzea eta akreditatzea.

4. Ikerketa alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskumen guztiak Irakaskuntzako errektoreordeari delegatzen zaizkio:

–Gradu eta master titulazio ofizialen diseinatu, egiaztatu, ezarri, jarraitu eta akreditatzeko prozesuak ebaztea.

–Irakasleak eta ikertzaileak prestatzeko ikastaroak eta programak antolatzea.

–Egutegi akademikoa, administrazio prozeduren egutegia eta Unibertsitateko ikasleak onartzea eta matrikulatzea arautzen duten irizpideak ebaztea.

–Unibertsitateko irakaskuntza-programazioaren proposamena egiteko eta haren doiketak tramitatzeko prozedurak.

–Graduondoko Ikasketa Batzordearen burutza.

5. Irakasleen alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskumen guztiak Ikasleen Gaietarako, Enplegu eta Ekintzailetza errektoreordeari delegatzen zaizkio:

–Unibertsitateko ikasle sartu berrien onarpen-prozesua ebaztea.

–Unibertsitateko doktoretza ikasleen matrikulazioaren prozesua ebaztea.

–Lekualdatze espedienteak eta bigarren zikloetarako sarrerak ebaztea.

–Ikasle trukeen prozedurak ebaztea, nazioko truke programen eta hitzarmenen eremuan.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Spin Offs Batzordeko burutza.

6. Alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskumen guztiak Nazioartekotzeko errektoreordeari delegatzen zaizkio:

–Ikasle trukeen prozedurak ebaztea, nazioko truke programen eta hitzarmenen eremuan.

–Nazioartekotzeko Batzordeko burutza.

7. Unibertsitateko Kudeatzailetza eta Administrazioaren alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskumen guztiak Unibertsitateko kudeatzaileari delegatzen zaizkio:

–Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendaritza organikoa eta funtzionala, bidezkoa bada.

–Unibertsitateko administrazioko funtzionamendua antolatzea eta lan moduak zehaztea.

–Segurtasunaren eta Osasunaren Batzordeko burua izatea, eta eremu horretako erabaki eta negoziazio ahalmenak edukitzea.

–Administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuetan sartzeko lehiaketetarako edo bestelako hautaketa-sistemetarako deialdiak egitea, baita administrazio eta zerbitzuetako langileen administrazio-bizitza ukitzen duten administrazio-agiriak gauzatzea ere, funtzionarioak izendatzeari eta kargutik kentzeari buruzkoak izan ezik.

–Aurrekontuen Exekuzio Oinarriek berariaz esleitzen dizkioten eskumenak.

Hamahirugarrena.–Delegatzeko araubidea.

Eskudantziak delegatzeko erregimena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak ezartzen duenari egokituko zaio.

Eskumen-delegazio hori betez hartzen diren adminstrazio-ebazpenetan berariaz aipatuko da delegazioa dagoela, eta ebazpen honi buruzko aipua egingo da.

Errektoreordeek eta kudeatzaileak informazioa emango diote errektoreari delegazio honen arabera egiten diren ebazpen eta egintza administratiboei buruz.

Aurreko artikuluak aipatzen duen eskudantzia delegazioa erabiliz hartuko diren ebazpenek eta ekintza administratiboek delegazioak egin duen organoek egin izan balute edukiko luketen ondorio juridiko berberak edukiko dituzte, eta hortaz, administrazio bidea agortuko dute; horren ondorioz, administrazio bidean aurkaratzen ahalko dira errektorearen aurrean aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarriz, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, dagokioen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriz.

Hamalaugarrena.–Eskumenak bereganatzea.

Errektoreak, edozein unetan, bereganatzen ahalko du delegatua izan den auzi baten gaineko ebazpen-ahalmena, inguruabar tekniko, sozial edo juridikoek hori komenigarria dela erakusten dutenean.

Hamabosgarrena.–Ordezkotza.

Oro har, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea ez badago, postua hutsik badago edo gaixo badago, baita Unibertsitatearen Estatutuetako 36.3 artikuluak aurreikusten dituen kasuetan ere, berak izendatutako errektoreordeak ordezkatuko du errektorea, eta halakorik ez bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle lanetan antzinatasun handiena duen errektoreordeak, betiere Unibertsitateko katedraduna denean.

Baldin eta ordezkapena egin behar duen errektoreordea ere ez badago, Unibertsitateko Irakaskidegoetako irakasle lanetan antzinatasunik handiena duen hurrengo irakasleak egin beharko du ordezkapena, eta horrela hurrenez hurren.

Idazkari nagusia ez badago, bere eginkizunak Unibertsitateko idazkariorde nagusiak beteko ditu.

Unibertsitateko kudeatzailea ez badago, postua hutsik badago edo gaixo badago, kudeatzaileordeak ordezkatuko du, eta hau ez badago, Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen Gaietarako errektoreordeak ordezkatuko du.

Unibertsitateko errektoreorde bat ez badago, postua hutsik badago edo gaixo badago, dagokion errektoreordetzako titularrak ordezkatuko du, lehentasunezko ordena honen arabera:

–Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaiak.

–Unibertsitatearen Zabalkundea eta Harreman Instituzionalak.

–Ikerketa.

–Irakaskuntzak.

–Ikasleak, Enplegua eta Ekintzailetza.

–Nazioartekotzea.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra ebazpen honek.

Iruñean, 2015eko ekainaren 24an.–Errektoreak, Alfonso Carlosena García.

Iragarkiaren kodea: F1509741