120. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

263E/2015 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, beroaren hiri sareak energia efizientziazko irizpideekin berritzeko laguntzen deialdia onesten duena.

2020rako Nafarroako III. Energia Plana 2011ko maiatzaren 9an onetsi zuen Nafarroako Gobernuak. Haren helburuetako bat da energia efizientziaz kontsumitu dadila sustatzea. Ildo berean, Energia efizientziari buruzko 2012/27/EB Zuzentarauaren 14. artikuluak ezartzen du berotu eta hozteko hiri sistema efizienteak sustatu behar direla.

Diru-laguntza deialdi honen bidez, beroaren hiri sareen energia kontsumoa murriztu nahi da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Beroaren hiri sareak energia efizientziazko irizpideekin berritzeko laguntzen 2015eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA
KOD.

EKITALDIA

ZENBATEKOA

180003-18330-7800-425200: Energia aurreztu eta efizientziaz erabiltzeko jarduketak

5054

2015

500.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 16n.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea inbertsioak sustatzea da, beroaren hiri sareen efizientzia hobetzeko, modu horretan energia gutxiago kontsumitu dadin, 2020rako Nafarroako III. Energia Planak zehaztutako helburuekin bat.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Edozein pertsona fisiko zein juridiko izan daiteke onuradun, baldintza hauek betez gero:

a) Instalazioaren jabea izatea, energia zerbitzuen enpresek (EZE) egindako inbertsioak izan ezik; izan ere, halako kasuetan jabetza enpresarena izan daiteke, baina laguntzaren onuraduna izanen da instalazioaren amaierako erabiltzailea.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatuko da hori.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskaerak berarekin dakar departamentuari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

2. Jabeen elkarteak onuradun izan daitezke, betiere onuraduna izateagatik dagozkien eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkari bakar bat izendatzen badute.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira diru-laguntzaren eskabidean elkartekide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak. Halaber, laguntza emateko ebazpenean elkartekide bakoitzak aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa jasoko da. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. oinarria Beroaren hiri sareak.

Deialdi honen ondorioetarako, kontsumo unitatetzat hartzen da sareko zerbitzu termikoaren hartzaileetako bakoitza. Unitate horri dagokio zerbitzua ordaintzea, zerbitzuaren hornitzailearen eta sarearen erabiltzaileen arteko harremanak arautzen dituen estatutu edo bestelako dokumentuetan ezarritako moduan. Arau orokor gisa, etxebizitza bat kontsumo unitate bat da.

Orobat, beroaren hiri saretzat edo berotzeko hiri sistematzat hartzen da energia termikoaren banaketa, lurrun edo ur bero gisa, produkzioaren iturri zentral batetik hainbat eraikuntza edo kokapenetara sare baten bidez, eraikuntzetako pertsonek eskatzen dituzten ongizate termikoa eta higienea asetzeko.

Eskaera horren %50, gutxienez, bizilekuetako kontsumo unitateetatik etorri beharko da. Halaber, sareak erabilera publikoko espaziotik igaro behar du, hein batean gutxienez, eta energia termikoa 1.000 kW-ko edo hortik gorako potentzia ezarria duen sortze iturri batetik banatu.

4. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Baldintza hauek betetzen dituzten elementu edo lanen kostua izanen da soilik diru-laguntzen xede:

a) Energia efizientziari buruzko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren betearazpena errazteko aurretiko jarduketak.

b) Beroa banatzeko sareen efizientzia hobetzeari zuzenean lotutako jarduketak, betiere sareek Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (EITE) ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori, eta gero aldaketa batzuk izan ditu.

2. Betiere, diru-laguntza jaso dezaketen inbertsio eta gastuek 30.000 eurotik gorakoak izan beharko dute (BEZa kanpo).

3. Leasing bidez finantzaturik eskuratzen diren aktiboak diru-laguntzaren xede izanen dira, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

4. Ez dira behin ere diru-laguntzen xede izanen:

a) Instalazio termiko kolektiboak deszentralizatzeko jarduketak (hots, instalazio zentralizatuak banakako bihurtzekoak).

b) Etxebizitza edo kontsumo unitate bakoitzean kontsumitutako energia arautu, kontrolatu edo neurtzeko jarduketak.

c) Sarea mantentzeko jarduketak.

d) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

e) Balio erantsiaren gaineko zerga.

f) Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

g) Oro har, argi eta garbi zehazten ez diren gastuak edo inbertsioaren helburu energetikoak lortzeko xede zuzena ez dutenak. Betiere Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren irizpidea nagusituko da, dudarik izanez gero.

5. Diru-laguntzaren xedekotzat hartutako jarduketak gauzatzeko aurrekontuari %15 gehitzen ahalko zaio, gehienez, “gastu orokor eta industria mozkin” kontzeptu gisa, eta emaitza horri, berriz, %10 “obraren proiektu eta zuzendaritza” kontzeptu gisa.

5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta inbertsioak gauzatzeko epea.

1. Diru-laguntzaren xedekotzat hartutako gastuaren %40 lagunduko da diruz, betiere 250.000 euro gainditu gabe eskaera bakoitzean. Hala ere, deialdian baimendutako gastua diru-laguntzak izateko eskubidea duten eskaera guztiei erantzuteko adinakoa bada, gainditzen ahalko da 250.000 euroko muga hori, baina ez diru-laguntzaren xedekotzat hartutako gastuaren %40koa.

2. Diru-laguntzaren onuraduna enpresa bada, 13. oinarrian ezarritakoa bete beharko du.

3. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da inbertsioak gauzatzeko epea, eta 2015eko abenduaren 11n bukatuko, bi egun horiek barne.

6. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko dokumentazioa.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hortaz, argitaratzen den hileko egun berberean bukatuko da, baina hurrengo hilabetean.

2. Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala izan beharko da.

3. Eskaera honako dokumentazio honekin batera aurkeztuko da, eta agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira zein bere izenarekin (ad.: “erantzukizuneko aitorpena”, “azalpen memoria” eta abar):

a) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela egiaztatzen duen erantzukizuneko aitorpena.

b) Sarearen jabeak erreforma egitearekin ados daudela egiaztatzen duen agiria.

c) Jarduketaren proiektu edo azalpen memoria, ondoko hauek barnean hartuta:

–Beroaren hiri sarearen ezaugarriak eta haren egoeraren deskribapena, jarduketaren aurretik eta ondoren, ondoko hauek barne: zerbitzua jasotzen duten kontsumo unitateak eta azalera, antzinatasuna, potentzia eta egindako erreformak.

–Sareak zerbitzua ematen dion eremuaren planoa, ondoko hauen kokapena barne: zentral sortzailea, adarrak, lotura puntuak.

–Jarduketaren aurrekontu zehaztua.

–Urtean gutxi gorabehera aurreztuko den energiaren kalkulua, jarduketa egin aurreko energia kontsumoarekin alderatuz (unitate energetikotan eta eurotan).

4. Sistema zentralizatuak berritu nahi dituzten jabe elkarteetan, eskabidea elkartearen izenean aurkeztu beharko da, 2. oinarrian ezarritako moduan.

5. Diru-laguntza eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen edo dokumentazioa osorik ez badago, organo eskudunak eskatzaileari eskatuko dio, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez (www.navarra.es), okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko gehieneko epean, errekerimendua argitaratzen denetik hasita, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

7. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan baloraziorako ezarritako irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten eskaerei aplikatuko zaie 5. oinarrian ezarritako laguntzaren zenbatekoa, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Balorazio irizpideak hauek dira:

a) Zaharberritu beharreko sarearen antzinatasuna: gehienez 10 puntu.

–40 urte baino gehiago: 10 puntu.

–31 eta 40 urte bitarte: 7,5 puntu.

–21 eta 30 urte bitarte: 5 puntu.

–11 eta 20 urte bitarte: 2,5 puntu.

–10 urtetik behera: 0 puntu.

Ondorio horietarako, sarearen antzinatasuna kalkulatuko da lehenbizikoz abian jartzen denetik, gero handitu den ala ez kontuan hartu gabe.

b) Sareak zerbitzua ematen dien etxebizitza edo kontsumo unitateen kopurua: 10 puntu emanen zaio kopuru handiena duen sareari, eta 0 puntu kopuru txikiena duenari, eta proportzio zuzenean gainerako eskaerei.

c) Berotutako azalera (m²): 10 puntu emanen zaio azalera handiena berotzen duen sareari, 0 puntu azalera txikiena berotzen duenari, eta proportzio zuzenean gainerako eskaerei.

d) Berokuntzaren eta ur bero sanitarioaren hornidura batera egiten duten sareak: 10 puntu.

3. Berdinketa izanez gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa nagusituko da. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera aurkeztearen hurrenkerari jarraituko zaio.

8. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta argitaratuko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Diru-laguntza hauek emateko prozeduran onesten diren ebazpen guztien jakinarazpena Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren bidez eginen da (www.navarra.es). Laguntzen organo kudeatzaileak argitalpen horren berri eman diezaieke interesdunei, diru-laguntzaren eskabidean adierazitako helbide elektronikoan.

4. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galtzen badute batzuk, edo zenbait onuradunek uko egiten badiote, eta kopuru horiek askatuz gero, gehienez ere 2015eko irailaren 30era arte, aurrekontuetan kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

9. oinarria. Egindako inbertsioaren justifikazioa.

Diru-laguntza kobratzeko eskubidea izateko, onuradunek oinarri honetan ezarritakoa bete beharko dute, jarraian adierazten diren moduan eta epeetan.

1. Onuradunek egindako inbertsioa justifikatu beharko dute, 2015eko abenduaren 11n beranduenez. Horretako, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 6.2 oinarrian adierazitako moduan:

a) Egindako jarduketa deskribatzen duen txostena, argazkiak barne; kasua bada, eskabidearekin batera aurkeztutako memoriaren eta azkenean egindako jarduketaren artean dauden aldeak nabarmenduko dira, bereziki energia aurrezteko aurreikusitakoari/lortutakoari dagokionez (gomendatutako gehieneko luzera: bi orrialde). 2 orrialde.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren iritziaren arabera, aldaketa horiek funtsezkoak badira, bidezkoa izanen da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzea edo hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzea.

b) Diruz lagundutako gastuari dagozkion fakturen eta fakturak ordaindu izanaren frogagirien fotokopia. Fakturak diru-laguntza eskatu duenaren izenean egonen dira, salbu eta energia zerbitzuen enpresek egindako instalazioak badira.

Jabe elkarteek egindako instalazioetan, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatu ahalko da, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, argitzeko ordainketen eta gastuen trazabilitatea eta horrek diru-laguntzaren xedeko instalazioarekin duen lotura.

c) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia, laguntzen fitxan dagoena. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla.

d) Energia zerbitzuen enpresek egindako inbertsioen kasuan, honako hauek ere aurkeztu eta bete beharko dira:

–Energia zerbitzuaren prezioaren kalkulu zehaztua.

–Energia zerbitzuaren prezioen taula, inbertsioa berreskuratzeko epea jasoko duena.

–Errendimendu energetikoaren kontratuetan edo aurreztea bermatzen duten kontratuetan, Aurreztea bermatzen duten zerbitzu energetikoen kontratuen erregistroan erregistratu beharko da kontratua. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez sar daiteke hara (www.navarra.es).

–Energiaren hornidura-kontratuetan: instalazioaren erabiltzailearekin sinatutako kontratuaren fotokopia, non argi eta garbi azalduko baitira eskaintzen diren baldintza ekonomikoak.

–Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea” inprimakia (originala), laguntzen fitxan baitago, diru-laguntza zein kontutan sartu behar den jakiteko.

f) Kasua bada, diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Orobat, instalazioa egin dela frogatzeko, onuradunak 6.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du, beranduenez 2016ko urtarrilaren 31n, zein den haren erregistro zenbakia, zein lortzen baita instalazioaren ziurtagiria tramitatzean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat (2015eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).

10. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Justifikazio agiriak azterturik eta instalazioaren erregistro zenbakia egiaztaturik, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpen proposamena igorriko dio Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste 11.1.a) oinarriko nahitaezko gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

2. Diru-laguntza hiru hilabeteko epean ordainduko da, diru-laguntzaren xedeko jarduketa egin dela frogatzen duten agiriak aurkezten direnetik hasita.

3. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu edonoiz; hain zuzen ere, diru-laguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, baita, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

11. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona juridikoen kasuan, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Nafarroako Gobernuak Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura duen ereduaren araberakoa.

Betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diruz lagundutako jarduera egin dela 9. oinarrian ezarritako moduan eta epeetan frogatzea.

c) Egindako jarduketen emaitzen txosten-memoria aurkeztea 2016an, 2017an eta 2018an, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen, beroaren sarearen kontsumo energetikoak eta gastu ekonomikoak adierazita, aurreko egoerarekin konparatuz.

d) Deialdi honen 2. oinarrian jasotzen den salbuespenarekin, diru-laguntzaren xedeko instalazioen jabe izatea eta haiek abian mantentzea gutxienez ere bost urtez, laguntza ematen duen ebazpenetik hasita, leasing kontratuen kasuan izan ezik, orduan epea kontratua bukatzen den egunetik kontatuko baita.

e) Energia zerbitzuen enpresek egindako instalazioen kasuan, onuradunak EZEari diru-laguntzaren pareko zenbatekoa ordaindu izanaren bankuko frogagiria aurkeztu beharko du, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

12. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak ondasun berentzat emandako edozein diru-laguntzarekin.

Diru-laguntza bateragarriak direnean, beste entitate batzuek emanak izateagatik, diru-laguntza baten edo guztien zenbatekoak ezin du inola ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

13. oinarria. ‘’De minimis” laguntzak.

Laguntza hauen onuradunak enpresak badira, “de minimis” laguntzak izanen dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskabidean aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

14. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

15. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) jarriko ditu jendaurrean esleitutako diru-laguntzak, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1509197