Iragarkia
119. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
371E/2015 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Lekarozen Aroztegia jauregiaren turismo, hotel, kirol eta egoitza eremua ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Proiektua Palacio de Arozteguia SLk sustatu du.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan sektoriala onestearekin batera edo lehenago.
2014ko uztailaren 31n, ingurumen ebaluazio estrategikoaren tramitaziorako aurkeztu zen Lekarozen Aroztegia jauregiaren turismo, hotel, kirol eta egoitza eremua ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Palacio de Arozteguia SLk sustatua. Ingurumen ondorioen azterlana zeukan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Antolamendu desberdina izanda baina eremu bertsuari buruz Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 17ko 368/2010 Ebazpena eman zuen, “Baztango Udal Planaren aldaketa puntuala Lekarozko Aroztegia jauregiaren esparruan” izenekoaren Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena zenbait baldintzarekin egiten zuena. Sustatzailea Palacio de Aroztegia SL enpresa zen.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zuen 2014ko irailaren 5ean osatu behar ziren zenbait punturi buruz. Honako hauek nabari dira: zarata (argitzea zer neurri hartu den N-121-B saihesbideko zortasun akustikora egokitzeko), paisaiaren integrazioa (paisaiaren simulazio bat gehitzea, ikuspegi zabalena duten tokietatik, batik bat errepidetik), zuhaitzen ukipenak ikuskatzeko programa ingurumenaren aldetik (bideek edo eraikuntzek zuhaitzei egiten dieten ukipena zenbatu eta zuzendu), erreken ukipenak (tarte zabala uztea lurzorua aldatu gabe eta paisaiak kalitatea edukita 01 Berdegunean, bizitegitarako lurzatien ondoan), bideen sarea (ukipenak murriztea bi tartetan, zelaigunearen zabalera mehartuz), eta argiteria publikoa (neurri berriak argiaren kutsadura eta faunaren ukipena murrizteko).
Aurreko errekerimenduari erantzuteko dokumentazioa 2014ko urriaren 13an aurkeztu zuen sustatzaileak, eta urriaren 22an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egindako txostenean adierazi zen espedienteak araudian aurreikusitako eduki guztiak dakartzala eta Ingurumen ondorioen azterlana onartzen dela tramitaziorako.
Nafarroako Gobernuak, 2014ko abenduaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, Lekarozen Aroztegia jauregiaren turismo, hotel, kirol eta egoitza eremua, Palacio de Arozteguia SLk sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren ondorioetarako, eta jendaurrean jarri zen berrogeita bost egunez, 2015eko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 19koan, iragarki bat jarriz martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen ondorioetarako.
Jendaurreko epean ingurumenaren arloko edukia duten alegazioak aurkeztu dituzte Baztango Udalak, “Aroztegia eta gero zer?” izeneko plataformak eta Sustrai Eraikuntza fundazioak. Alegazioen laburpena ebazpen honen eranskinean bildu da.
Plana Lekarozko Aroztegia jauregiaren ingurunean garatzen da, Baztanen, Lekarozko eta Elizondoko hiriguneen artean, N-121-B errepidetik iparraldera (Irurita-Elizondoko saihesbidea). Proposamenaren esparrua 448.650,40 m² (44,8 Ha) da guztira.
Kirol eremuan golf zelai bat izanen da, 9 zulokoa, praktiketarako zelai bat, golf eskola bat eta lorazaintzako beste bat, haiei lotutako instalazioekin. Antolamenduko iparralde-hegoaldeko zerrenda nagusian garatuko da eremu hau, ingurune honetan aldapa txikiena duten lurretan. Gaur egun larreak daude bertan.
Hotelaren eremua golf zelaiaren erdian kokatzen da. Aroztegia jauregia zaharberritu nahi da, eta hotel-bainuetxe-spa baten beharrei egokitu: 4 izarrekoa izanen da, 135 gela arteko edukiera izanen du, bai eta jatetxe bat ere, ekitaldiak eta biltzarrak hartzeko.
Bizitegitarako eremua hiru eremu desberdinetan garatzen da, planeko ipar-ekialdean, ipar-mendebaldean eta hego-ekialdean. Eremu horietako bakoitza bizitegitarako zenbait lurzati/unitate morfologikotan banatzen da, eta, guztira, 228 bat etxebizitza kokatuko dira haietan. Aurreikusitako etxebizitzen tipologia eta eraikinen solairu kopurua honako hauek dira: familia bakarreko etxebizitzetan eta binakako etxeetan behe solairua + 1 + estalpea, eta etxebizitza kolektiboetan (blokeetan), behe solairua + 2.
Sarbide gisa, bi lotura eginen dira N-121-B errepideko biribilguneetara (Irurita-Elizondo saihesbidea), zehazki Lekarozko hirigunerako eta enpresen campuserako biribilgunera eta Elizondoko ekialderako biribilgunera. Hornidura akuiferoetatik eginen da, putzuak irekiaz. Horietatik ura ponpatu daiteke biltegi batera eta edateko uraren tratamendurako estazio batera, biltegiratzeko eta edateko ur bihurtzeko.
Plana lau fasetan gauzatzea aurreikusten da: lehenbizikoan hotela, golf zelaia eta egoitzarako lurzatiren bat eginen da. Gainerako faseetan Lurzoruaren Foru Bankuaren lurzatia (2. fasea) eta egoitzarako gainerako lurzatiak egonen dira.
Indarra duen Lurralde Antolamenduko Planarekin bat (Nafarroa Atlantikoko LAP 2), eremu horretako parte baita, UPSak antolamendurako egiturazko elementu gisa hartzen ditu hura zeharkatzen duten errekak eta kasuan-kasuan urak har ditzakeen eremuak, uren kalitatea eta funtzionaltasun anitza murrizten duten eraikuntzarik gabe.
2015eko martxoaren 11n, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen, erantzuna emateko Nafarroako Gobernuak proposamena Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzeko abenduaren 23an hartutako Erabakian eskatutakoari eta horretarako emandako sektore txostenei.
2015eko apirilean, aurreko alegazioei eta txostenei erantzuteko, Ingurumen ondorioen azterlan berri bat aurkeztu zen. Ondoko ataletan daude zuzendutako edo osatutako determinazioak:
–1. puntua. Lege esparrua, xedea eta aukeren azterketa: 1.1 atala (Aukeren azterketa) eranstea (antolamendurako 5 aukera posible konparatzen dira).
–3. puntua. Azterketa eta diagnosia. 3.3 atala (Fauna) eranstea.
–4. puntua. Eraginen identifikazioa. 4.4 puntua (Ingurumeneko eragina landarerian eta faunan) zabaltzea Faunaren atalean.
–5. puntua. Jarraibideak eta neurri zuzentzaileak. 5.6 atala (Igarabaren presentzia aztertzea obrak egin baino lehen) eranstea.
–II. eranskina (Fauna) eranstea.
Ingurumen ondorioen azterlanean lurzoruaren erabilera eta ingurumenaren balio nagusien inbentarioa eta karakterizazioa egiten dira, UPSa dela-eta lurraldea okupatzeak eta horri lotutako erabilerek eta azpiegiturek ingurumenean sortzen dituzten ondorioak aztertzen dira, neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak adierazten dira, eraginak murriztu edo galarazteko, eta ingurumenari jarraipena egiteko plan bat prestatzen da. Orobat, zaratari buruzko azterlan bat badauka.
UPSak ez du naturgune babesturik ez abelbiderik ukitzen, eta ez da garatuko Natura 2000 Sareko Batasunaren intereseko lekuetan ageri diren lurretan. Zuhaitzen eremuan duten garrantzia dela eta, inbentario osatu bat egin da eraginari buruzko azterlanean. Kartografia hori oinarria izan da deskribatutako ingurumen unitateak zehazteko, UPSa egokitzeko eta ahal dela zuhaizti onenak eta alerik baliotsuenak kontserbatzeko.
Ingurumen ondorioen azterlanak, halaber, UPSko habitatak aztertzen ditu, zehazki, txilardi atlantikoak eta mediterraneoak (4030 habitata), ibai ertzeko haltzadiak (91E0 habitata) eta ameztiak (9230 habitata), eta zehazten du haietako zenbateko azalera geldituko den ukiturik.
UPSko bi erreketako uholde arriskuari buruzko azterlana egin da eta urak har dezakeen eremua mugatu. UPSko antolamendua hari egokitzen zaio, eta, hartara, urak har ditzakeen eremuetan ez dago eraikuntzarako erabilerarik.
Babeserako bi zerrenda zehaztu dira, 5 metro zabalekoak, erreketan zehar, ibilgua osatzen duen ezpondako gainaldetik abiatuta. Haietan ezin izanen da lur-erauzketarik ez lur-mugimendurik egin, behar-beharrezkoak ez badira instalazioak edo zubiak handik gurutzatzeko.
UPSak duda ezinezko aldaketa bat ekarriko du paisaian, landa paisaia bat urbanizatuta dagoen beste batekin ordeztuko baita. Zehatzago, golf zelaiaren eremuan, berdeguneetan eta ekipamenduetan ez da funtsezko aldaketarik izanen. Nolanahi ere, jauregia eta haren ingurunea urbanizatzeak, bideen sareak eta bizitegitarako lurzatiek aldatu eginen dute egungo paisaia. Ondorioen azterlanak moderatutzat jotzen du paisaiaren gaineko eragina.
Ondorioen azterlanean adierazten da lurren mugimendua apala izanen dela hala bideak nola bizitegitarako eraikinak egitean. Ez da aurreikusten kanpoko lurren ekarpenik edo hondakindegira eramateko soberakinik. Eraikuntzak mailakatuko dira topografiara egokitzeko. Eraikuntzari buruzko ordenantzetan jasotzen den bezala, eusteko elementuen garaiera 3 metrora mugatzen da, bideetako eustormak direnean edo, horretaz gain, eraikinaren beraren hormak direnean, eta 2 metrora, berriz, tarteko eustormak edo lurzatien artekoak direnean.
Ur horniduraren irtenbidea, euriaz (8 hilabetera bitarte urtean) eta putzu berekiez (udako hilabeteetan) baliatuta ordenagailu bidez ureztatzeko sistema batekin eta estazio meteorologiko batekin, kontsumoa gutxitu eta hobetzeko proiektatu da. Eraikuntzan eta mantentze lanetako operazioan, jasangarritasunari eta ingurumenaren integrazioari buruzko alderdiak hartuko dira kontuan, Golf Environment Organization (GEO Legacy) eta Audubon International izenekoetan bilduak.
Hondakin urak finkan bertan dagoen kolektore baten bidez bilduko dira, eta handik kolektore batera eramanen, Oharrizko araztegiraino.
Zarataren azterlanean aurreikusitako egoeraren kalkuluaren emaitzen arabera, hartzaileek bete egiten dituzte kalitate akustikoaren helburuak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzeko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua aldatzen duen uztailaren 6ko 1038/2012 Errege Dekretuak ezarritakoak.
Argiteria publikoaren argi kutsadura murrizteko, azpiegituren eranskinean –nahiz eta ez den jasotzen ondorioen azterlanean–, urbanizazio proiektuan kontuan hartu beharreko baldintzak jaso dira: UPS osoan ezartzen da goiko hemisferioko fluxua %1ekoa edo txikiagoa izanen dela. Orobat, murrizten da lanparen ukipena faunaren espezieen gainean (lanparen erradiantzia espektroak mugatzea 525 nm-tik beherako uhin-luzeran).
Honako hauek dira prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak: zuhaitzak mantentzea eremu urbanizatuan, uholde arriskua duten azalerak zehazki doitzea, Telleria errekako haltzadia lehengoratzea, zuhaitz autoktonoak mantentzea berdeguneetan eta ekipamenduko eremuan, ameztia lehengoratzea berdegunean, obrak egin baino lehen igarabak nolako presentzia izan duen aztertzea, eta kulturaren elementuak kontserbatzea.
Espedientean jasota daude Uraren Zerbitzuaren 2015eko urtarrilaren 27ko eta maiatzaren 7ko txostenak, uholde arriskuaren azterlanari buruzkoak, sustatzaileak eginak UPSko eremuaren barnean dauden Telleria eta Labadero erreketarako. Horietako lehendabizikoan, adierazten da zerrenda bat ezarri behar dela ibaiaren ingurunea errespetatzeko (PD01 eta PD03 unitateetan), eta beste bi zubi jarri behar direla simulazioaren ereduan. Bigarren txostenean egiaztatzen da babes eremua handitu dela errekan horretarako zehaztu zen tartean, aurreikusitako 5 metrotik 10 metrora bitarte. Bestalde, azterlan hidraulikoko aldaketa aztertuta, hauteman da zubien modelizazioa ez dela behar bezala egin eta baldintza batzuk ezarri dira, ebazpen honen xedapen zatian jasotzen direnak.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egindako txostenean, zehaztu da nola egin den Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, nola erantsi diren prebenitzeko eta zuzentzeko beharrezko neurriak ingurumenaren integrazioa hobetzeko eta neurri gehigarriak gehitu dira, besteak beste, paisaiaren eta landareen gaineko ukipenak murrizteko.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Lekarozen Aroztegia jauregiaren turismo, hotel, kirol eta egoitza eremua ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egitea. Proiektua Palacio de Arozteguia SLk sustatu du.
2. UPSa garatzeko, Ingurumen ondorioen azterlanean prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko sartutako neurriak hartzeaz gain, ondoko baldintza hauek bete behar dira:
–Ahalik eta zuhaitz gehien kontserbatzeko asmoz egungo zuhaitzen inbentarioko 23. zuhaiztian (ikus ondorioen azterlaneko planoak), eraikuntzarik gabe mantenduko dira X=619.074 eta Y=4.777.863 koordenatuen ondoko bi lurzatiak (kudeaketako 4. fasean mendebaldeen dauden lurzatiak). Nolanahi ere, birprofilatzeko jarduketak baimenduko dira ertzean, trantsizioa egokia izan dadin inguruneko topografia berriarekin (bideak eta mugakidea den lurzati eraikigarria).
–Bi errekek bat egiten duten tokian dagoen haltzadia (Baztango 15. poligonoko 331. lurzatia) egun dagoen bezala mantenduko da, eta edozein ukipen mota saihestuko, zuzena edo zeharkakoa izan.
–1. eremutik 7.era (Ingurumeneko kalitatea izeneko O.22 antolamendu planoan kartografiatuak), saihestuko da zuhaixkak erabat garbitzea eta soropila ezartzea (bateragarria da hautazko garbiketa egitea leku murriztuetan, bai eta suteak prebenitzeko ondotik adieraziko diren neurriak ere). Helburua da egungo biodibertsitateari eustea, espezie autoktonoek osatutako belarren, zuhaixken eta zuhaitzen estratu batekin. 1. eremuan, sasiak lehendik garbituak baitira, zuhaixka berriak landatuko dira.
–Zuhaitzak kontserbatzea basoko suteak prebenitzearekin uztartzeko, neurri nagusia izanen da suteak prebenitzeko ur sarea ezartzea (0.23-1 antolamendu planoa). Halaber, sustatzaileak ezarritako jarraipen horizontala eta bertikala hausteko neurriak ezarriko dira (Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Babes Zibilerako Zuzendaritzak egindako txostenari 2015eko martxoan emandako erantzuna), baina lehenetsiko da, hala ere, zuhaitzak inaustea botatzea baino. Zuhaiztietan, 30 metroko zerrenda batean jardunen da bakarrik, eraikuntzaren kanpoko mugatik neurtuta: gainerako zuhaiztiak (marraztatua O.23-2 planoan) zuhaitzen eta oihanpearen egungo dentsitateari eutsiko dio.
–Paisaiaren integrazioa eta lur-mugimenduak hobetzeko, lorategia etxebizitzen atzeko plataforma zelai batean diseinatzearen ondoriozko lur-erauzketak murriztuko dira. Asmoa da lurraldean esku hartzen den bakoitzean hura beharrezkoa izatea eraikinak kokatzeko eta sarbideak egiteko. Alde horretatik, plataformak ondokoetan egokitu behar dira hobeki topografiara: 1. ardatza (198. atala), 2.2 ardatza, 2.3 ardatza, 3. ardatza (201. atala), 4.6 ardatza (214. atala), 4.7 ardatza (208. atala) (ikus antolamendu planoak: O.13.1 zeharkako sekziotik O.13-4ra bitarte).
–Gauzatu beharreko azken fasea, UPSko hegoaldean, hau da, 4. fasea (G.02 kudeaketa planoa), belarrez estalita egonen da gauzatu arte. 4. faseko eremutik lur mailegu bat egin behar bada beste faseetarako, landare lurraren geruza zabalduko da segituan, azalera handi bat narriaturik geldi ez dadin (4. fasea) UPSa gauzatzeko egutegi osoan.
–Zubiak diseinatzeko, ez da ur gainazala handitu edo txikituko modurik nabarmenean haietatik gora, eta sartzeko ezpondak eta argia behar bezala eginen dira. Zubien diseinu zehatza urbanizazio proiektuaren fasean egin daiteke; izan ere, Labadero eta Telleria erreketako uholdeek ez dute era nabarian ukitzen aurreikusitako antolamendua.
–Igarabaren presentziari buruzko azterlana, sustatzaileak proposatua, ur-ipurtatsarekin ere eginen da.
–Urbanizazio proiektuan, zein igorri beharko baita Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin dezan, fitosanitarioak eta ongarriak erabiltzeari buruzko alderdiak zehaztuko dira, baita golf zelaian ur kontsumoari buruzkoak ere.
–Ingurumena zaintzeko planean, neurriak sartu beharko dira uraren kontsumoari eta nitratoen kutsadurari dagozkien jarraipenaz eta kontrolaz. Ongarriaren dosia mugatuko da nitratoen kutsadura ekarriko ez dutela bermatuko duten horietara. Golf zelaiaren funtzionamendurako faseko Ingurumena zaintzeko plana Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura igorriko da, horrek onets dezan, eta uraren kalitateari buruzko aldian aldiko txostenak prestatzeko proposamena ekarriko du.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Baztango Udalari, Lekarozko herriari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko maiatzaren 13an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
ERANSKINA
Ingurumen arloko edukia duten alegazioen laburpena
Baztango Udalak aurkeztutako alegazioak
–Zazpigarren alegazioa:
Alegazioak dioenez, Udalez gaindiko Plan Sektorialean aurkeztutako dokumentazioa bete gabe dago edo legezko agindua ez du biltzen, Ingurumen ondorioen azterlana berariaz aipatuta, eta zehatzago, aukeren azterketa falta du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarri den bezala, era arrazoizkoan zehaztu ahal izateko zein den oro har ingurumenaren gainean eragin txikiena dakarren aukera.
Erantzuna:
2010ean, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 17an emandako 368/2010 Ebazpena argitaratu zen, Baztango Udal Planeko aldaketaren Ingurumen ondorioen aldeko adierazpena zenbait baldintzarekin egiten zuena. Urte horretatik hona, planaren lurralde eremua aldatua dago, eta zenbait alternatiba aurkeztu dira antolamendurako. 2015ean berrikusitako Ingurumen ondorioen azterlanean, sustatzaileak alternatibei buruzko kapitulu bat erantsi zuen, non ageri baitira zer proposamen hartu diren kontuan eremu horretan. Aztertutako alternatiba guztiak kokaleku bererako egin dira, irizten baita ez dagoela ingurumen arloko muga kritikorik, ingurumenaren ikuspegitik UPSa bideraezin bihurtuko duenik.
–Hamabigarren alegazioa:
Haien iritziz, Ingurumen ondorioen adierazpenari buruzko agiriak ez ditu betetzen agiri mota horien legezko betebeharrak, eta nahikotasunez ere ez die heltzen horiei. Hori guztia oinarri hartuta eranskin gisa sartutako agiria, “Palacio de Arozteguía SLk sustatutako turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren UPSaren prozedurak sortutako ingurumeneko informazioaren azterketa” izenekoa (2015eko otsaila).
Erantzuna:
“Aroztegia eta gero zer?” izeneko plataformaren eta Sustrai Eraikuntza fundazioaren alegazioetan ere erantzuten da ingurumen arloko azterketa hori, hortaz, haiekin batera joanen da.
“Aroztegia eta gero zer?” izeneko plataformaren eta Sustrai Eraikuntza fundazioaren alegazioak, baita Baztango Udalaren parte batena ere.
–Lehenengo eta hirugarren alegazioak:
Beste plan eta programa batzuekiko interakzioen azterketa bat aurkeztu da. Garrantzizko zenbait gabezia atzeman dira, nahiz eta LAP 2ko zenbait punturi heltzen zaien. Alegatzaileen iritziz, ez da kontuan hartu Udal Plan Orokorreko Lurraldea Okupatzeko Estrategiak eta Ereduak Lekarozerako ezartzen duena.
Zehazten dutenez, ez dago justifikaturik golf zelaian erabiliko diren ongarriek eta herbizidek ez dietela eraginen lur gaineko urei eta akuiferoari. Bestalde, haien ustez, ez dago jasota nolako eragina egiten ahal dion Labadero errekako akuiferotik eta haren hartzaile den Baztan BILetik eta Artesiaga errekatik ura ateratzeak uraren kalitate orokorrari.
Adierazi dutenez, proiektatutako jarduerak, eragin handiagoa edo txikiagoa duela, zuzenean ukitzen ditu lur azpiko urak, bai kantitatean bai kalitatean (putzutik egiten den hornidura, hondakin uren araztegira isurtzen dena, kutsadura lausoa golfeko lurretan), eta, zeharka, berriz, lur gaineko urak, isurtzeko bideak aldatzeko gai delako (eremu urbanizatuak eta golf zelaia).
Alegazioan planteatu denez, ez da karakterizazio klimatikorik egin ureztatu beharra justifikatzeko, eta, hortaz, gerta daiteke udan ureztatzeko premiak handiagoak izatea, eta garrantzizkoagoa, halaber, freatikoaren gaineko ukipena. Alegatzaileen iritziz, ingurumen eraginaren azterlanean ez da aztertu nitratoen gehiegizko ekarpena lur azpiko uretan, eta, horrenbestez, sor daitekeen kutsaduraren bidez erabili ezinean geldi daiteke akuiferoko ura ureztaketarako edo beste gauza batzuetarako.
Erantzuna:
Tratamendu fitosanitarioei dagokienez (fungizidak, herbizidak eta intsektizidak), zehaztu behar da golf zelaien araudia irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretua dela, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duena. Aroztegian ezarritako estrategiak ekartzen du izurriteen kudeaketa integratuko programa bat hartzea; hartara, produktu horiek ia-ia ez dira erabiliko. Plana diseinatzeko hasierako fasetik aurrera, helburu horretarako hautatu dira soropileko eta apaindurarako espezie guztiak; izan ere, eskualdeko kliman eta lurzoruan ongi moldatzen diren espezieak hautatu dira. Drainatzeko proiektatutako sistemak, orobat, drainatutako uren portzentaje altua eramaten du zelaietako aintziretara, ureztaketan berriz erabil daitezen.
Nutrizioari dagokionez, gainazaleraren arabera (kaleak, roughak, abiapuntuak eta greenak), sustatzaileak zehaztu du ongarri organikoa edo jariatze mantsoko ongarriak dosi txikietan aplikatuko dituela; hortaz, planteamendu horrekin eta ezarriko diren xehetasun teknikoekin, ez luke eragin negatibo nabarmenik izan beharko eremuko lur azpiko uretan eta lur gaineko ibilguetan.
Helburu hori edukita, Ingurumen ondorioen adierazpeneko baldintzetan ezarri da sustatzaileak, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igorri beharreko urbanizazio proiektuan, dokumentazio zehatza erantsi beharko duela, non justifikatuko baitira hura bermatuko duten behin betiko xehetasunak. Baldintzen barnean daude ingurumen arloko jarraipena eta frogagiriak, golf zelaiaren jarduera martxan hasita igorri beharrekoak.
–Bigarren alegazioa:
Alegatzaileek adierazi dutenez, UPSko ingurumen eraginaren azterlanak ez du aztertzen hondakin uren araztegiaren gainean sor daitekeen eragina, ezta jarduketan sortutako emaria bere gain hartzeko gaitasuna ere. Ez da berretsi Oharrizko hondakin uren araztegia gai izanen den UPSaren isurketak arazteko.
Erantzuna:
NILSAren 2014ko urriaren 8ko txostenean adierazten da ezen, eremuan garraiatzeko eta arazteko dauden instalazioen gaitasunak berraztertuta, ez dela atzeman inolako problemarik Aroztegia jauregia eremuko hondakin uraren isurketa kudeatzeko, eta, horrenbestez, berretsita gelditzen da instalazio horren nahikotasuna.
–Laugarren alegazioa:
Aurreikusi da lurpeko urak ateratzea, eta horrek inpaktu inportanteak eragin ditzake eskualdeko errekastoetan.
Erantzuna.
Jarduketaren barnean zenbait helburutarako kontuan hartu diren uren kontsumoei dagokienez, arlo horretan eskudun diren erakundeek txostenak igorri dituzte, eta haietan ez da jasotzen inolako gorabeherarik edo errekerimendurik.
Golf zelaia ureztatzeko sistemak bide ematen du kontsumoak kontrolatzeko eta lurreko sentsore iraunkorrak dakartza hezetasuna, gazitasuna, pHa, asetasuna, tenperatura eta abar neurtzeko. Gainera, estazio meteorologikoa dauka, parametro bereki guztiekin (haizea, plubiometria, ebapotranspirazioa) eta ekaitz, euri, haize eta abarretarako alarmekin. Orobat, hura hobetzeko aukera badago, merkatuan ateratzen diren tresna teknologiko berriak erantsiz.
Planak aurreikusten du maiatzetik irailera ureztatzea bakarrik, gehieneko kontsumoa 23.654,64 m³-koa dela urtean, eta hori txikiagoa izanen da urte frankotan.
Kantauriko Ur Konfederazioak, 2014ko urriaren 3ko txostenean, ondorioztatzen du behar bezala justifikaturik dagoela beharrezko ur baliabideen jatorria UPSko determinazioekin bat datozen premiei heltzeko.
–Seigarren alegazioa:
Alegazioan adierazten denez, nahiz eta ingurumen eraginaren azterlanak ingurumeneko unitate egokiak ezartzen dituen, ez dira kontuan izan LAPek ezartzen dituen bi kategoria, eta ez dira zehaztu proiektuak kategorien balioetan eta funtzioetan sor ditzakeen eraginak. Honako hauek dira bi kategoria horiek, PN3 babes bereziko eremuan zehaztuak: ibar-beheko belardi eta alorrak eta ingurumen eta ekoizpen balioko basoak. Orobat adierazi denez, nahiz eta ingurumen eraginaren azterlanean behar bezala jaso diren UPSko eremuaren barnean Habitatei buruzko zuzentarauak babesten dituen hiru habitatak, ez da behar bezala aztertu haien gaineko eragina, moderatutzat hartzen bada ere.
Erantzuna:
Nafarroako Natura 2000 Sareak ordezkaritza bat dauka, Habitatei buruzko zuzentarauaren eranskinetan zehazten diren habitat motak eta Batasunaren intereseko fauna eta flora espezieak kontserbatzea bermatzen duena. Nolanahi ere, arreta berezia eman behar zaio habitat horien kontserbazioari, Natura 2000 Saretik kanpo bada ere, kasu honetan bezala. Ingurumen ondorioen azterlanak UPSko habitatak aztertzen ditu, zehazki txilardi atlantikoak eta mediterraneoak, ibai ertzeko haltzadiak eta ameztiak. Azterketa hori lotuta dago landareen azterketarekin. Han eremuko landare unitateak ezartzen dira eta era kualitatiboan aztertzen da nola dauden azterlanean deskribatutako habitatek osatzen dituzten unitate horiek.
Azterlanak berak landare mota horiek doitzen ditu (jatorrizko 1:50.000 eskalatik) UPSko eskalara, eta kontuan hartua izan da haietako batzuk planteatutako jarduketaren diseinuaren beraren barnean integratzeko orduan.
Jasotako habitatetako azaleren zati bat, batik bat ibai ertzeko haltzadiak, integratuak daude eta lehengoratzeko modukoak dira jarduketaren eremuan, hortaz, nahiz eta horien aldaketa aitortzen den, irizten da moderatua izanen dela.
Bestalde, ingurumen ondorioen adierazpenak determinazio bat dakar egungo biodibertsitateari eusteko, espezie autoktonoen belarren, zuhaixken eta zuhaitzen estratu batekin (1. eremutik 7.era, O.22-Ingurumeneko kalitatea izeneko antolamendu planoan kartografiatuak).
–Zazpigarren alegazioa:
Alegazioan adierazi denez, espedienteak paisaiari buruzko azterketa egoki bat falta du, eta, hortaz, funtsik gabekoak dira ukipena ukatzen duten ondorioak. Osatu gabekotzat hartzen da, ez baititu aztertzen sakontasunez paisaiako osagaiak eta ez baitakar ikus-arroen azterketarik. Horren barnean, eraikuntzaren tamaina, forma eta garaiera aztertu behar dira. Zehaztu denez, halako azterlan baten emaitzak sendotu lezake hura apaltzeko neurri zuzentzailerik ez dagoen ondorioa.
Erantzuna:
Ingurumen ondorioen azterlanak aitortzen du proposamenak eragina duela paisaiaren gainean, urbanizazio jarduketa baita landa ingurune batean.
Azterlanak moderatutzat hartzen du ukipen hori, lortu delako egungo paisaia osatzen duten elementu batzuk integraturik gelditzea eta, are gehiago, horiei balio handiagoa ematea, narriatu ez daitezen (Aroztegia jauregiarekin berarekin gertatu den bezala). Egungo zuhaiztiei eusteak eta golf zelaiko kale franko egungo belardien gainean diseinatzeak ekarri dute eremuko landa paisaiaren egungo elementu bereizgarri ugari kontserbatu ahal izatea.
Sustatzaileak simulazioak erantsi ditu, jendaurreko epea iragan ondoren, eremutik kanpoko ikuspegi esanguratsuenetatik hartuak: Lekarozko herria eta errekaren gaineko bidezubia, eremuko hegoaldean, Elizondoko biribilgune aldera.
–Zortzigarren alegazioa:
Alegazioan irizten denez, ez da azterketa egokirik egin faunaren gaineko eraginaz.
Erantzuna.
Atal hori osatzeko, 2015eko apirileko ingurumen ondorioen azterlanak faunari buruzko atalak zabaldu ditu (diagnostikoa, eraginak eta neurri zuzentzaileak), horretarako oinarri hartuta Nafarroako Gobernuko Biodibertsitate-Datuei buruzko Azpiegituran egindako kontsulta XN17 UTM laukirako, bertan kokatzen baita UPSko eremua.
Informazio hori aintzat hartuta, adierazten da espezierik berezienak igaraba eta ur-ipurtatsa direla. Ingurumenaren azterlanean kontuan hartzen da espezie horiek bizileku duten habitata kontserbatzea, hau da, bi errekei lotutako ibai ertzeko landareak, biek bat egiten duten puntuan dagoen haltzadia barne dagoela. UPSak planteatutako jarduketek tarte zehatzak aldatuko dituzte (4. eremua edo Routin pasabideak, O.22-Ingurumeneko kalitatea izeneko antolamendu planoan), eta badaude habitata hobetzeko neurriak espezie autoktonoak landatuz, hala nola, haltzak, lizarrak eta sahatsak. Bestalde, zubi berriak ertzean pasabide lehor bat dutela diseinatu dira, espezie horiek korridore ekologikoa izan dezaten, ibilgailuek harrapatzeko arriskua saihestuz.
Azkenik, neurri zuzentzaile gisa erantsi da obrak egin aurreko azterlan bat prestatu beharra ingurumeneko jarraipena egiten den bitartean, ebaluatu ahal izateko espezie horiek dauden ala ez planaren eremuaren barnean, eta egonez gero horien gaineko eraginaren maila neurtu ahal izateko, baita neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko ere, haien gaieneko ukipena saihestu edo murriztu dadin.
–Bederatzigarren alegazioa:
Alegazioetan adierazi denez, ez da alternatiben azterketa egokirik egin, zeinetan zero aukera kontuan hartu beharko baitzen. Ingurumenean eragin txikiena sortzen duen aukera zehazteko, UPSko aukera posible guzti-guztiak aztertu behar dira benetan. Gainera, eszenatoki desberdinen azterketa egin behar da klima aldaketaren testuinguruan.
Azkenik, zenbait ohar egiten dira azterlan hidraulikoari buruz eta UPSak ibaietako esparruan eta ur jabari publikoan dituen ondorioei buruz. Zehaztu denez, bi erreketako ibilguen zeharkako osagai guztiak aztertu behar dira, eta urbanizazioak arriskuko eta ingurumenaren balioko eremuei ez diela eraginen bermatu.
Erantzuna:
Alternatiba posibleak aztertzeari dagokionez, erantzunda dago alegazioa aurreko ataletan. Bi erreketako ibilguen ukipenari dagokionez, adierazi behar da alegatzaileek zehaztutako puntuak Uraren Zerbitzuak aztertu dituela 2015eko maiatzaren 7ko txostenean, eta ebazpen honen baldintzetan ezarri da zenbait puntu osatu behar direla.
Iragarkiaren kodea: F1507336
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
