Iragarkia
119. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
294/2015 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da kirol klubei eta kirol klub filialei diru-laguntzak emateko deialdia, banakako ebaluazio araubidean, baldin 2015eko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean parte hartzen badute nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera kirola hiritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera bat, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura erraztu, osasun publikoa hobetu eta garapen ekonomikoa sustatzen ditu.
Foru legeak modu berri batean jorratzen du goi mailako kirol jarduera, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Nafarroako Foru Komunitatea nazioartean ere ordezkatu eta sustatzeko gaitasuna ere aitortzen zaio, eta, horrenbestez, hura sustatu eta garatzea bultzatzen da.
Nafarroako Kirolaren Plan Estrategikoa Nafarroako Gobernuaren 2009ko irailaren 7ko Erabakiaren bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren urriaren 19ko 318/2009 Foru Aginduaren bidez onetsi zen, eta gero Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen, 2010eko ekainaren 23an.
Plan horretan Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak azpimarratzen dira, heziketari eta bizi kalitateari dagokienez, eta helburu nagusi hauek finkatzen dira: Nafarroako irudia proiektatzea eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru bat sortzea.
Bestalde, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.
Gobernuak 2015eko otsailaren 4an hartutako Erabakiaren bidez, Gizarte Politiketako kontseilariari baimena eman zitzaion kirol klubei eta kirol klub filialei diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdia onesteko, baldin 2015eko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean parte hartzen badute nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan.
Klubek nazioarteko lehiaketetan parte hartzeagatik izaten dituzten gastuak partez ordaintzeko laguntza emateko tresna bat da 2015erako deialdi hau.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak (urriaren 17ko 111/2012 Foru Dekretuaren bidez aldatua) emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Kirol klubei eta kirol klub filialei diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, baldin 2015eko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean parte hartzen badute nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan. Orobat, foru agindu honetako eranskinak ere onesten dira, kontuan izanik laguntza horiek emateko beharrezkoa izanen dela diru-izendapena izatea aurrekontuan.
2. Deialdi hau aurrera eramateko, 50.000,00 euroko gastua baimentzea. Diru hori ordainduko da 2015era luzatutako 2012ko Aurrekontuetan “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko 940002-95120-4819 336109 kontu-sailaren kargura.
3. Foru agindu hau eta 1. eta 2. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatutako agiriak eta eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web orrian eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.
Iruñean, 2015eko maiatzaren 8an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
1. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1.–Xedea.
1.1. Oinarri hauek helburu dute kirol klubei eta kirol klub filialei diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko prozedura ezartzea, baldin 2015eko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean parte hartzen badute nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan. Horretarako, eranskineko baldintzak bete behar dituzte eta kreditu erabilgarria egon behar da aurrekontuan.
Modalitatearen egutegia 2015eko irailaren 30ean baino geroago bukatzen denean, egun hori arte egiten diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke diru-laguntza. Horren ondoren egiten direnak 2016ko deialdian hartuko dira kontuan, hala balegokie.
1.2. Diru-laguntza horiek emanda, xedea da klub horiek babestea nazioarteko lehiaketetan parte hartzen dutenean, lehiaketa horietan parte hartzeko joan-etorriek sortzen dituzten gastuak partez ordaintzeko.
2.–Onuradunak eta betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden irabazi asmorik gabeko kirol klubek eta kirol klub filialek, kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2015eko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean parte hartu badute oinarri hauetako ondoko baldintzan zehazten diren lehiaketetan. Nafarroan kirol federaziorik ez badago, klubek Espainiako Federazioarekin tramitatuko dute lizentzia, beren kluben bidez. Klub horiek Espainiako Federazioari atxikita egonen dira.
2.2. Espainiako Federazioaren edo egoki den nazioarteko federazioaren bidez frogatu behar dute 3.1 oinarriko lehieketetako bat dela.
2.3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren diru-laguntzen onuradun izan.
2.4. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izan behar dituzte.
3.–Diru-laguntza jaso dezaketen lehiaketak eta gastuak.
3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntza jaso dezakete ondoren azaltzen diren lehiaketek, baldin kategoria absolutuak badira.
a) Munduko edo Europako txapelketa.
b) Munduko edo Europako Kopa.
c) Horietarako sailkatzeko lehiaketak.
3.2. Egoki den diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, bakar-bakarrik kontuan hartuko dira inskripzio, joan-etorri, ostatu eta mantenurako egindako gastuen zenbatekoak, 2. eranskineko mugekin.
3.3. Diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean tramitatuko dira, eta erabiliko dira diru-laguntza jaso dezaketen lehiaketetan parte hartzeak sortzen dituen gastuak partez ordaintzeko. Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.
4.–Diru-laguntzen zenbatekoa.
4.1. Deialdi honetarako onetsitako gastua 50.000,00 eurokoa da. 2015era luzatutako 2012ko aurrekontuetako “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko 940002 95120 4819 336109 kontu-sailaren kargura izanen da.
2015eko ekitaldian kontu-sail horretan aurrekontu erabilgarria izanez gero, deialdi honetan aurreikusitako gastua handitzen ahalko da, 25.000,00 euro gehienez.
4.2. Diru-laguntzaren zenbatekoa deialdi honetako 2. eranskinean deskribatu eta garatzen diren aplikazio irizpideei jarraituz zehaztuko da, kasuan kasuko lehiaketaren arabera, eta behar adinako kreditu egokia izanez gero.
5.–Eskaeren aurkezpena, epea eta forma.
5.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren (aurrerantzean NKGI) Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25, 1. solairua), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideetako edozeinen bitartez.
Eskabideak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta 2015eko urriaren 20an amaituko, betiere diru-laguntzaren xede den kirol jarduera edo proba 2015eko urriaren 1a baino lehen egin bada. Eta hori hala izanen da, nahiz eta proba edo jarduera oraindik bukatu gabeko txapelketa batekoa izan.
Modalitatearen egutegia 2015eko irailaren 30ean baino geroago bukatzen denean, 2015eko urriaren 1aren aurretik egiten diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke diru-laguntza. 2015eko irailaren 30aren ondoren egiten diren kirol probak ez dira deialdi honetan sartuko.
5.2. Diru-laguntza eskatzeko, beharrezkoa izanen da eskaera inprimakia betetzea (3. eranskina), klubeko buruak eta idazkariak zigilatua eta sinatua. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan lor daiteke, baita web orrian ere: http://www.deporte.navarra.es Horri, 6. oinarrian adierazitako dokumentazioa erantsiko zaio.
6.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Diru-laguntzaren eskatzaileak, honako hau aurkeztu beharko du:
a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela ziurtatzen duen agiria, hiru hilabete lehenago emana gehienez.
b) Erantzukizuneko aitorpena, bertan adierazita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik ez dela urratzen, onuradun izateko.
c) Gardentasunari buruzko aitorpena, 12. oinarriaren araberakoa.
d) Helbide elektroniko bat, horren bidez eskaeraren akatsak zuzen daitezela eskatzeko, halakorik badago, oinarri hauetako 7.1 klausularekin bat.
e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala behar denean.
f) Behar den federazioaren egutegi ofiziala eta egiaztagiria, frogatzen duena diru-laguntzaren xede den lehiaketetan parte hartu dela, 3.1 oinarrian adierazi bezala.
g) Lehiaketen akten edo emaitzen fotokopiak, edo sailkapena eta parte hartzen duten kirolarien identitatea jasotzen dituen agiria. Aktetan lehiaketa baten emaitza guztiak agertzen badira, argi eta garbi nabarmendu beharko dira diru-laguntza eskatzen duen klubeko kirolariak.
h) Kasuan kasuko federazioaren bidez emandako lizentzien zerrenda.
i) Diru-laguntza jaso beharreko jardueraren memoria laburra.
j) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa eta kontzeptua.
k) Fakturak edo lege eta merkataritza trafikoan balio frogagarri bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste dokumentu batzuk, inskripzio, joan-etorri eta ostaturako egindako gastuei dagozkienak, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu. Fakturak eta gastuen frogagiriak diru-laguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.
l) Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakien bidez zehaztuta.
Aurreko guztiaren fotokopiak erantsiko dira, jatorrizko agirien hurrenkera berean.
7.–Antolamendua eta instrukzioa.
7.1. Diru-laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna NKGIko Kirol Zuzendariordetza Nagusia izanen da.
Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.
Eskatutako dokumentazio administratiboa osorik aurkezten ez bada edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.
7.2. Organo horrek ahalmena du klub eskatzaileei eskatzeko aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela.
7.3. Dokumentazioa osatu edo zuzentzeko aurreko lerroaldean ezarri den errekerimendua jakinarazpen elektronikoaren bidez egiten ahalko da, eskaeran eskatzaileak adierazitako helbide elektronikora zuzendua. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da soilik eskatzaileak berariaz adierazi badu, 3. eranskineko aitorpena sinatuz.
Alde horretatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua interesdunari pertsonalki egin zaiola ulertuko da, legezko ondorio guztietarako, berak emandako helbide elektronikora bidalitako mezu elektronikoa eskuratzen duen unean.
Mezu elektronikoa eskuratzeak pentsarazten du jakinarazitako egintza administratiboaren edukia eskuratu dela eta interesduna dela eduki hori eskuratu duena.
Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena jaso dela jakinda, hamar egun naturaleko epean edukia eskuratzen ez bada, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezua eskuratzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.
8.–Balorazio batzordea.
Eskaeren gainean ebazteko Balorazio Batzorde bat eratuko da eta honako kide hauek izanen ditu: NKGIko Kirol zuzendariorde nagusia, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Ataleko burua, Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Federazioen Bulegoko burua, “Larrabide Estadioa’’ Kirol Teknifikazioaren Zentroko zuzendaria, Laguntzako Unitate Teknikoko burua eta Kluben eta Kirol Errendimenduaren Bulegoko burua. Ahalmena izanen du aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko, deialdiaren oinarriekin bat, txostena egiteko eta ebazpen proposamena igortzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearekin bat.
9.–Diru-laguntza emateko ebazpena.
9.1. NKGIko zuzendari kudeatzaileak laguntzak ematearen gaineko ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen du, eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
9.2. Deialdi honetan emandako diru-laguntzak, haien onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda (ukoaren arrazoia adierazita) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko eta Kirol Etxeko iragarki oholetan jarriko dira.
9.3. Laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta NKGIko iragarki oholean (Arrieta kalea, 25) iragarkiak jarriz jakinaraziko da. www.navarra.es web orriaren bidez emanen da horren berri.
9.4. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere diru-laguntzarik eskuratzeko.
10.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diru-laguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 6. oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bi hilabeteko epean ordainduko da, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik hasita.
11.–Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean diru-laguntzak jasotzen dituzten klubek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzak adierazten diren xedeetarako erabili, helburuak betetzen dituztela agiri bidez frogatu, eta NKGIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.
b) Zein den kasua, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera, merkatuko prezioetan, kontratatu direla frogatu beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluaren arabera.
c) Zuzeneko eta zeharkako diru-sarrera guzti-guztiak adierazi beharko dira. Ematen den diru-laguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin.
Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.
d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren edozein eratako publizitatean, NGKIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.
e) Erraztasunak ematea NGKIri dagozkion kontrol eginkizunetan, diruz lagundutako lehiaketari buruz, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.
f) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki betetzen direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki eta gorde beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.
g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.
h) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzea.
12.–Gardentasun-betebeharrak.
12.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun-betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrak arautzen dituen foru dekretua). Urtean 20.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, eta onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa duten entitate onuradunek, honako informazio hau eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari:
a) Entitateen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten bazkideen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptutan banatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.
12.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, hala dela dioen aitorpen bat aurkeztu beharko du.
12.3. Atal honetan aipatutako informazioa diru-laguntza onesteko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.
12.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako diru-laguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
12.5. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.
12.6. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
13.–Ez-betetzeak.
Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo diru-laguntzaren xedea NKGIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta kasu horretan diru-laguntza eman den egunetik sorraraziko dira berandutza interesak. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako diru-laguntza eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.
14.–Errekurtsoak.
14.1. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
14.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen bidez foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
15.–Legeria.
Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.
2. ERANSKINA
Diru-laguntza kalkulatzeko metodoa
Aplikatzeko irizpideak
Kontuan harturik diru-laguntzaren xede izan daitezkeen zer lehiaketatan (1. eranskineko 3. oinarri arautzailean deskribatu dira) parte hartu den, baita sailkapena ere, 2. eranskin honen irizpideen arabera kalkulatuko da diru-laguntza, eta nahitaezkoa izanen da aurretik eskaera aurkeztea, 3. eranskineko inprimakia betez.
Hala, eskaera bakoitzean banaka ebaluatuko dira hartan zerrendatutako kirol lehiaketak, Nafarroatik atera beharra eskatu dutenak.
Lehiaketen mailak
a) 1. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa batean, baldin modalitate olinpikoa bada.
b) 2. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa batean, baldin modalitate olinpikoa ez bada.
c) 3. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Lehiaketa baterako sailkatzeko lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa baterako, baldin modalitate olinpikoa bada.
d) 4. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Lehiaketa baterako sailkatzeko lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa baterako, baldin modalitate olinpikoa ez bada.
Diru-laguntzaren kalkulua
Ordaindu beharreko diru-laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da, lehenik, dagokion koefizientea, segun eta diruz lagunduko den jarduera zer lehiaketa mailakoa den. Hartara:
–Lehiaketako 1. maila = 1,00.
–Lehiaketako 2. maila = 0,70.
–Lehiaketako 3. maila = 0,50.
–Lehiaketako 4. maila = 0,30.
Gehienez ere diru-laguntza hauek emanen dira:
a) Banaka parte hartzeko kiroletan: 200 euro bider kirolari kopurua, bider lehiaketa egunak eta bider egoki den maila. Gehieneko zenbatekoa: 1.000 euro lehiaketa eta kirolari bakoitzeko.
b) Taldekako kiroletan: 200 euro bider kirolari kopurua, bider lehiaketa egunak eta bider egoki den maila. Gehieneko zenbatekoa: 3.000 euro lehiaketako.
Kirolariak edo taldeak lehiaketako zenbat egunetan parte hartu duen zehazteko, kontuan hartuko da aktetan edo lehiaketako emaitzetan azaltzen dena.
Nolanahi ere, inskripzio, joan-etorri, ostatu eta mantenurako egindako gastuen frogagiriak bakarrik hartuko dira kontuan behin betiko zenbatekoa ordaintzeko, eta, betiere, gutxienez diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa adina izanen dira.
Iragarkiaren kodea: F1507254
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
