2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FITERO
Ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena
Fiteroko Udalak, 2015eko martxoaren 30ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia 2015eko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 16an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araubidea betez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea, Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak banatzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota.
2. artikulua. Titularrak.
Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:
1.–Ondoko egoera hauetakoren batean daude pertsona fisiko desgaituak:
a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua dutenak. (Eranskin honetan jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan).
b) Begirik onenean ikusmen-zolitasuna, zuzendua, 0,1ekoa edo beheragokoa dutenak, edo ikus-eremu murriztua 10 gradukoa edo gutxiagokoa dutenak.
Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.
2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.
3. artikulua. Erabilerarako baldintzak.
Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.
Aurreko artikuluko 2. ataleko balizkoan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori soilik mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da soilik ibilgailuak halako pertsonak garraiatzen dituenean egiazki.
Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.
4. artikulua. Balio epea.
Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: 10 urte.
Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.
Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.
Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarraldian jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.
Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea artikulu honetan aipatutako balio epea baino epe motzagoa bada, txartelaren balio epea bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.
5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.
Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.
Halako egoerak osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiriek eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzaren balidazioa eduki beharko dute.
Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta epe bererako luzatu ahalko dira, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.
Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egin ahalko ditu eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
6. artikulua. Txartela emateko prozedura.
Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.
Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honetako I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.
Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:
–Eskatzailearen izen-deiturak.
–Bi argazki, nortasun agirirako tamainakoak.
–NANa.
–Herrian erroldaturik dagoelako ziurtagiria.
–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.
–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa kalifikaziorako eta desgaitasun maila aitortzeko talde multifuntzionalek bete beharko dute.
Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatu ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatu ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.
–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuek baliozkotua.
–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.
Eskatzen diren baldintzak betez gero, behar den aparkatzeko txartela luzatuko da.
Fiteron, 2015eko maiatzaren 25ean.–Alkate udalburua, Francisco Javier Yanguas Fernández.
Iragarkiaren kodea: L1507933