119. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

178/2015 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez zehazten da Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean espezialitateetan hutsik dauden ikaspostuen urteko eskaintza, eta Hezkuntza Departamentuari baimena ematen zaio haiek malgutzeko.

Abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako ikasketa profesionalen curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dira. Aipatu errege dekretuaren 10. artikuluak ezartzen duenez, hezkuntzako administrazioei dagokie ikasleen matrikulazio prozesuak arautzea.

Nafarroako Foru Komunitaterako musikako ikasketa profesionalen curriculuma ezarri zuen ekainaren 29ko 21/2007 Foru Dekretuaren 10. artikuluak adierazten du Hezkuntza Departamentuak arautuko dituela ikasleen matrikulazio prozesuak.

Halaber, musikako ikasketa profesionaletan sartzea arautzen duen ekainaren 29ko 78/2007 Foru Aginduaren 10. artikuluak adierazten du Hezkuntza Departamentuak bere eskumeneko ikastetxeetan hutsik dauden ikaspostuen kopurua ezarri ahal izanen duela espezialitate eta kurtso bakoitzerako. Bestalde, aipatu foru aginduaren 12. artikuluak ikastetxean ikasketak egiten ari diren ikasleen ondorengo ikasturterako matrikulazioari eta plaza gordetzeari buruzko alderdiak jasotzen ditu.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 321/2013 Ebazpenaren bidez zehaztu zen Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean espezialitateetan hutsik dauden ikaspostuen urteko eskaintza, eta Hezkuntza Departamentuari baimena eman zitzaion haiek malgutzeko.

Gaur egun egiaztatu da desoreka zerbait dagoela urtean eskainitako ikaspostuen eta ikastetxerako sarrera proba egiten duten ikasleen eskaeraren artean, eta, gainera, instrumentuen espezialitate batzuetan eskaintzen diren ikaspostu kopurua ez dela nahikoa orkestra eta bandako irakasgaien orekarako eta funtzionamendu egokirako.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da urtean hutsik dauden ikaspostuen eskaintza berriz ere malgutzea zenbait espezialitatetan eta musikako irakaskuntza profesionaleko lehen ikasmailara sartzeko baldintza zehatz batzuetan.

Ikusita Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalaren txostena, musika ikasketa profesionalen sarrera probei buruzkoa eta azken ikasturteotan Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko espezialitate eta kurtsoetan bete eta hutsik gelditu diren ikaspostuen banaketari buruzkoa.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean ezarritako espezialitateetan kurtso bakoitzean hutsik dauden ikaspostuen urteko eskaintza onestea. Ebazpen honi gehitutako eranskinean azaltzen dira.

2. Oro har, eranskinean adierazitakoa izanen da musikako ikasketa profesionalen lehen kurtsora sarrera probaren bidez sartzen diren ikasleendako espezialitate bakoitzerako ikaspostuen urteko eskaintza.

3. Musikako ikasketa profesionalen espezialitate guztien gainontzeko kurtso bakoitzerako, matrikula berriak onartuko dira soilik ikastetxean ikasten duten ikasleekin ebazpen honen eranskinean ezarritako mugak bete ez badira, ikaspostua erreserbaturik edukitzeko eskubidean oinarrituta, 78/2007 Foru Aginduaren 12. artikuluan jasota baitago. Matrikula berririk bada, muga hori jo arte onartuko dira.

4. Behin aurreko puntuen araberako matrikula eginik, Hezkuntza Departamentuak ebazpen honen eranskinean ezarritako urteko eskaintza malgutzen ahalko du, salbuespenez, honako hasu hauetan:

a) Baldintza hauek batera gertatzen direnean:

–Matrikula gutxiko espezialitateak izatea.

–Espezialitate bakoitza egin dezaketen ikasleen kopurua ez gainditzea, hau da, espezialitate bakoitzeko urteko ikaspostuen eskaintza musikako ikasketa profesionalen kurtso guztien kopuruaz biderkatuta aterako litzatekeena, eta beraz, ez handitzea ikasleen guztirako kopurua betetzeko behar den irakasle plantilla.

–Betiere, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean hurrengo ikasturterako ezarrita dauden espezialitateetan hutsik dauden ikaspostu hutsen urteko eskaintza errespetatzea.

b) Baimentzen da eskainitako ikaspostuen kopurua 1/2 handitzea lehen ikasmailara sartzeko klarineteko espezialitatean, eta eskainitako ikaspostuen kopurua 1/3 handitzea lehen ikasmailara sartzeko haize-instrumentuko gainerako espezialitateetan, Orkestra eta Bandako esparruan, baldin ez badira eskainitako ikaspostu guztiak betetzen espezialitate guztietan.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta Bizikidetzaren Atalera eta Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera, eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

7. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 15ean.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

ERANSKINA

Akordeoia 6.

Harpa 3.

Kantua 6.

Klarinetea 6.

Klabea 3.

Kontrabaxua 6.

Fagota 6.

Moko txirula 3.

Zeharkako txirula 6.

Gitarra 6.

Oboea 6.

Organoa 3.

Perkusioa 6.

Pianoa 15.

Saxofoia 6.

Tronboia 6.

Tronpa 6.

Tronpeta 6.

Tuba 6.

Txistua 3.

Biola 6.

Biolina 12.

Biolontxoeloa 6.

Guztira: 138.

Iragarkiaren kodea: F1507523