115. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Udalaren Musika Eskolako barne araubidearen erregelamendua. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2015eko otsailaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Castejongo Udalaren Musika Eskolako barne araubidearen erregelamendua.

Iragarkia 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean.

Hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, erregelamendua behin betikoz onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, erregelamenduaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Castejonen, 2015eko maiatzaren 11n.–Alkatea, Yolanda Manrique Albo.

CASTEJONGO UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO BARNE ARAUBIDEKO ETA FUNTZIONAMENDUKO ERREGELAMENDUA

Castejongo Udaleko Osoko Bilkura.

I. KAPITULUA

Musika Eskolaren definizioa

1. artikulua. Ikastetxearen xede pedagogikoak.

Musika Eskola sortu da erantzuteko Castejonen den musika eskaerari, izanik eskari hori beren heziketa orokorraren osagarri musika hezkuntza jaso nahi duten ikasleena edo, beren gaitasunak eta ardurak hartaraturik, heziketa hori etorkizuneko irteera profesional bati begira zabaldu nahi dutenena.

Plan pedagogikoan jasoko dira eskolan eman beharreko eduki pedagogikoak.

2. artikulua. Hezkuntza komunitatea.

Hezkuntza jarduerek jomuga izanen dituzte ikaslearen nortasuna garatzea, bizimodu demokratikoa eta, aukera berdintasunean, ikaslea bizitza aktiboan sartzeko bidea emanen duen prestakuntza.

Hezkuntzaren ingurumaria izanen da tolerantzia eta askatasuna, errespetua eta partaidetza demokratikoa.

Ikastetxeak ikaslearen sentiberatasuna garatu beharko du, baita haren trebetasun teknikoa eta sormena ere.

Ikasleek, gurasoek, irakasleek eta irakaskuntzaz kanpoko langileek osatzen dute eskola komunitatea. Haren kide guztien arteko harremanak bultzatu eta erraztuko dira.

Eskola komunitateko kide guztiek dute, beren ordezkarien bitartez, Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordeak hartzen dituen erabakietan parte hartzeko eskubidea.

Denek dute eskubidea beren iritziak adierazteko eta defendatzeko, errespeturik handiena agertzen badute pertsonen duintasunaren aldera.

Ikastetxeak ahaleginak eginen ditu zerbitzatzen duen komunitatean txertatzeko eta, hartara, harremanak izanen ditu hezkuntza, kultura eta gizarte arloko bertzelako erakundeekin.

3. artikulua. Ikastetxean erabiltzeko ondasunak.

Musika Eskolaren ondasunen kudeaketa Musika Eskolako Gobernu Batzarrari dagokio. Hezkuntza komunitateko kideek ondare hori errespetatu eta zainduko dute, eta ahaleginduko dira ahalik eta gehien aprobetxatzen.

Ikastetxeko zuzendariaren baimenik gabe debeku da partiturak uztea edo fotokopiatzea bai ikastetxeko jendearendako bai kanpoko jendearendako, helburua fotokopiak ikastetxetik kanpora erabiltzea bada.

4. artikulua. Erregelamendu honen aplikazio eremua.

Barne araubidearen erregelamendu honen arauak eskola komunitateko kide guztiei dagozkie, eta indarra dute ikastetxeko esparru fisiko osoan eta bertze nonahi, bere hartan irakasleak, zerbitzuetako langileak, ikasleak edo ikasleen gurasoak ikastetxeak antolatzen dituen jarduerak egiten ari badira.

Barne araubidearen erregelamendu honek onesten denetik izanen du indarra, eta hala egonen Musika Eskolako Gobernu Batzarrak aldatzen edo berrikusten ez duen bitartean.

II. KAPITULUA

Funtzio pedagogikoko organoak

5. artikulua. Ikastetxeko organoak.

Ikastetxeak organo hauek izanen ditu:

–Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordea.

–Zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasleen Klaustroa.

Eskolako zuzendariak izendatuko ditu ikasketaburua eta idazkaria, eta Musika Eskolako Gobernu Batzarrak berretsiko.

6. artikulua. Zuzendariaren eskumenak.

–Araudia bete eta betearaztea.

–Ikastetxeko jarduera pedagogikoa zuzendu eta koordinatzea.

–Organo kolegiatuek bakoitzak bere eskumenen esparruan hartzen dituzten erabakiak betearaztea.

–Eskola komunitateko sektore guztien partaidetza koordinatzea eta, hartara, bakoitzaren eskumenak ahalik eta modurik eraginkorrenean betearazteko behar diren baliabideak jartzera ahalegintzea.

–Irakasleen klaustroarekin batera ikastetxearen urteko jardueren proposamena prestatzea.

–Ikastetxearen eta inguruko erakunde eta lantokien arteko harremanak sustatzea eta bultzatzea, batez ere hezkuntza arloan ardurako lanak egiten dituzten erakunde publikoekin.

–Zuzendaritzako organo kolegiatu nahiz pertsona bakarrekoek eta hezkuntza erakunde eskudunek eskatzen dizkioten argibideak ematea.

–Ikastetxeko bizitzaren eta eskola komunitateko sektore guztien berri ematea bere hezkuntza erakunde eskudunei.

–Irakasleen, administrazioko eta zerbitzuetako langileen, ikasleen eta ikasleen gurasoen biltzeko eskubidea erraztea, Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoan xedatuari jarraikiz.

–Irakasleen klaustroak espezialitate guztien gainean prestatzen duen urteko programazioa zuzentzea.

7. artikulua. Zuzendariaren ordezkapenak.

Ezinbertzekoetan, zuzendariak ikasketaburuaren edo irakasle baten eskuetan utziko ditu bere eskumenak, egoera honek irauten duen bitartean.

8. artikulua. Ikasketaburuaren eskumenak.

–Ikastetxeko jardueren urteko programazioari dagokionez ikasle eta irakasleek egiten dituzten jarduera akademikoak koordinatzea eta egin egiten direla zaintzea, zuzendariaren orientabideei jarraikiz.

–Ordutegi akademikoak prestatzea, elkarlanean gainerako organo pertsona bakarrekoekin, eta horiek hertsiki betetzen direla zaintzea.

–Orientazio lanak koordinatzea, baita ikastetxeari eragiten dioten laguntza zerbitzuen jarduerak ere, zuzendariaren orientabideei jarraikiz.

–Irakasleen klaustroak ikasleen ebaluazio lanen gainean finkatzen dituen irizpidea betetzen dela zaintzea.

–Irakasmateriala zaintzea eta haren erabilera xedatzea.

–Eskolako jarduera osagarriak programatu eta koordinatzea, irakasleen klaustroaren eta Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordearen jarraibideei jarraikiz.

–Zuzendariaren orientabideekin bat, mintegi eta tutoretza guztien funtzionamendua koordinatzea, baita hezkuntzako programazioa ere.

–Egintza akademikoak antolatzea.

–Zuzendariak bere eskumeneko eremuan ezartzen ahal dion beste edozein eginkizun.

9. artikulua. Irakasleen klaustroa.

Ikastetxean zerbitzu egiten duten irakasle guztiek osatuko dute klaustroa, eta zuzendaritza-taldea izanen du buru.

Irakasleen klaustroaren eskumenak:

–Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordeari proposatzea ordutegien programazioa, ikasle taldeen antolaketa, ikasgaien irakaskuntzaren banaketa eta irakasleen beste ardura batzuk.

–Ikasleen ebaluazioari eta errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea eta koordinatzea.

–Esperimentazioko edo ikerketako ekimenak proposatzea, arlo pedagogiko nahiz didaktikoan.

–Ikasturte bakoitzeko emaitzak eta urratutako bidea baloratzea eta, hartara, gai honen gaineko saio berezi bat egitea ikasturtearen amaieran.

–Gai edo irakasgai berrien sarrerari buruzko proposamenak egitea, eta berdin bizi akademikoari eragiten dioten bertzelako jarduerei buruz.

–Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordeari proposamenak egitea jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoez, bidaiez, egintza akademikoez eta abarrez.

Funtzionamenduaren araubidea.

Irakasleen klaustroaren bilerek jarraian azaltzen diren funtzionamendu arauak beteko dituzte:

–Klaustroko kide guztiek nahitaez joan behar dute bertara.

–Lehen deialdian quorumik ez bada, ulertuko da bigarrena egina dagoela ordu erdi gerorako.

–Bileren deialdia zuzendaritza taldeak egiten du eta haietan bera da buru.

–Deialdia eginen du bilera eguna baino 48 ordu lehenago, gutxienez, gai zerrenda eta guzti.

–Zuzendariak hezkuntza gaietako adituak gonbidatu ahalko ditu.

–Klaustroak erabakiak hartzeko gehiengo soila behar du.

–Klaustroa hilabetean behin bederen bilduko da, eta, betiere, zuzendariak deitu edo gutxienez kideen herenak eskatzen duenean. Nolanahi ere, klaustroak bilkura bat egin beharko du ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran.

–Klaustroko kide batek idazkari lana egin beharko du eta bileraren akta eginen du; hura hurrengo bileran onetsi beharko da, eta zuzendaritza taldearen oniritzia izanen du.

10. artikulua. Ikasleen gurasoen bilerak.

Zuzendariak gurasoen bilera orokor baten deialdia eginen du, ikasturtearen amaieran, informazioa xede.

Gurasoek eta ikasleek ikastetxeko lokalak erabiltzen ahalko dituzte beren ordezkariekin bilerak egiteko, non eta ez dioten traba egiten eskola jardueren ohiko bideari. Ezinbesteko baldintza izanen da zuzendariari aitzinetik aditzera ematea.

III. KAPITULUA

Hezkuntza komunitatearen eskubideak eta betebeharrak
eta funtzionamendu arauak

11. artikulua. Ikasleen eskubideak.

Ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko urriaren 28ko 1543/1988 Errege Dekretuko puntu garrantzitsuenak biltzen ditu artikulu honek (1988ko 309. “Estatuko Aldizkari Ofiziala”, abenduaren 26koa, astelehena).

–Ikasle guztiek oinarrizko eskubide eta betebehar berdinak dituzte, adinaren eta egiten ari diren ikasketen ondoriozkoak kenduta, bestelako bereizkuntzarik gabe.

–Ikasleek beren eskubideez baliatzeko, hezkuntza komunitateko kide guztien eskubideak onartu eta errespetatuko dira.

–Ikasleek beren nortasuna guztiz garatuko duen prestakuntza hartzeko eskubidea dute. Horretara bideratuko da beti ikastetxeen programazio orokorra. Ikasleek ere parte hartuko dute hura onesten, Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordearen bitartez.

–Ikasle guztiek eskubidea dute beren kontzientzia askatasuna eta erlijio, moral edo ideologiari buruzko iritziak errespeta diezazkieten, baita beren intimitatea ere, sinesmen edo iritzi horiei dagokienez.

–Ikasleek ikastetxeen funtzionamenduan eta bizitzan, eskola jardueran eta haien kudeaketan parte hartzeko eskubidea dute. Ikasleek Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordean parte hartuko dute, gaiari buruz indarra duten xedapenei jarraituz.

–Ikasleek beren ordezkariek emandako informazioa jasotzeko eskubidea dute.

–Ikasleek elkartzeko eskubidea dute, hau da, ikasleen elkarteak, federazioak eta konfederazioak sortzeko.

–Ikasleek zilegi dute ikastetxean bilerak egitea eskolako jarduerak nahiz eskolaz kanpokoak egiteko, baita hezkuntzari edo prestakuntzari lotutako helburua dutenetan jarduteko ere, betiere aldez aurretik zuzendaritzari eskaera eginda.

Ikastetxeko zuzendariak bermatuko du ikasleek biltzeko duten eskubidea. Ikastetxeko programazio orokorrean ezarriko da eskubide hori baliatzeko ordutegia eskolaldiaren barrenean, ikastetxeko jardueren ohiko garapena kontuan hartuta. Horretarako, eskola orduak ez diren beste batzuk erabiliko dira.

–Ikasleek beren eskola errendimendua objektibotasun osoko irizpideen arabera baloratua izateko eskubidea dute. Ikaslearen etengabeko ebaluazioaren prozesua aplikatzeko, ikasketa planeko irakasgai guztietarako programatutako klase eta jardueretan erregulartasunez hartu beharko du parte. Ikasleek, gurasoek edo tutoreek eskubidea dute irakasleei argibideak eskatzeko kurtso bakoitzeko jarduera akademikoen edo ebaluazio partzialen edo bukaerakoen kalifikazioari buruz; horretaz aparte, haiek edo haien legezko ordezkariek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte ebaluazioen kalifikazioen kontra, ezarritako epean eta moduan.

–Ikasleek eskola orientazioa zein lanbideei dagokiena hartzeko eskubidea dute, ahalik eta garapen pertsonal, sozial eta profesionalik handiena iristeko, haien gaitasun, gogo edo interesen arabera.

Hezkuntza komunitateak behar diren jarduerak antolatuko ditu haiek lortzeko.

–Hezkuntza komunitateko kide guztiak behartuta daude aipatu Errege Dekretuan ezarritako eskubideak errespetatzera.

12. artikulua. Ikasleen betebeharrak.

Ikastea ikasleen oinarrizko betebeharra da. Betebehar horrek honako hauek ditu ondorio:

–Klasera etorri eta ikasketa planak garatzeko diren jardueretan parte hartzea.

–Ikastetxeko jarduerak garatzeko onetsitako ordutegia betetzea.

–Ikasketari buruzko irakasleen jarraibideei segitzea.

Ikasleen betebeharra da bizikidetzako arauak errespetatzea ikastetxe barrenean. Betebehar horrek honako hauek ditu ondorio:

–Kontzientzia askatasuna eta erlijio edo moralari buruzko iritziak errespetatzea, baita hezkuntza komunitateko kide guztien duintasuna, osotasuna eta intimitatea ere.

–Hezkuntza komunitateko kiderik ez baztertzea jaioterri, arraza, sexu, hizkuntza edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozial dela-eta.

–Ikastetxeko ondasun higigarriak, tresnak eta instalazioak errespetatu eta behar bezala erabiltzea.

–Ikastetxeko bizitzan eta funtzionamenduan parte hartzea.

13. artikulua. Ikasleen gurasoen eskubideak.

Hezkuntza komunitateko partaide diren aldetik, honako eskubide hauek dituzte:

–Haien seme-alabek hezkuntza integrala jasotzea, ikastetxearen berezko izaeran definiturik dagoen bezala.

–Ikastetxearen funtzionamenduaren berri eta hezkuntza proiektua aplikatzeko moduaren berri izatea.

–Aldian behin informazioa jasotzea, beren seme-alabek ikasketetan nahiz heldutasun afektibo eta soziala lortzeko prozesuan aurrera egiten duten jakiteko.

–Irakasleekin harremanak izatea ikasleen heziketa integrala elkarrekin sustatzeko, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.

–Ikastetxea kudeatzen parte hartzea, Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordean dituzten ordezkarien bitartez.

–Ikastetxean bilerak egitea seme-alaben hezkuntzaren inguruko gaiak aztertzeko, zuzendariak baimena eman ondoan.

–Proposamenak edo errekurtsoak egitea kasuan kasuko pertsona bakarreko gobernu organoari zein organo kolegiatuari.

14. artikulua. Ikasleen gurasoen betebeharrak.

Ikastetxeari dagokionez, ikasleen gurasoen betebeharrak hauek dira:

–Ikastetxeko hezkuntza eredua ezagutu eta errespetatzea.

–Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordeak edo bestelako zuzendaritza organoek deitzen dituzten bileretan parte hartzea.

–Hezkuntza komunitateko gainerako estamentuekin elkarlana egitea ikastetxea zaindu beharrez.

15. artikulua. Irakasleen eskubideak.

Langile guztiei lan-araubidean aitorturiko eskubide guztiak eta bereziki:

–Klaustroko eta Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordeko kide izatea.

–Hezkuntza komunitateko kide guztiek errespetatzea.

–Ikastetxeko instalazio eta materialak erabiltzea, ezarritako ordutegiak eta arauak begiratuta.

–Eskolen errekuperazioa finkatzea. Ikasle bat bertan ez egoteak ez dakar eskola baten errekuperazioa.

–Ikastetxearen barnean berritze eta hobetze profesionala egin ahal izatea, betiere horretarako jarduerak antolatzea posible bada eta aurrekontuan horretarako dirurik aurreikusi bada.

16. artikulua. Irakasleen betebeharrak.

–Ikastetxera garaiz iristea, eskola ordutegiaren barnean.

–Bidezko arrazoiengatik huts egin beharra izanez gero, aitzinetik zuzendaritzari iragarri beharko zaio, baita honek baimena eman ere, eta ordezko irakaslearendako jarraibide zehatzak utzi, laneko legeriari jarraikiz.

–Ikaslea garaiz etortzen ez bada, irakasleek gehienez ere 10 minutuz itxaronen diote, eta gainerakoan aurreikusitako ordutegiari segituko diote.

–Ikasleak errespetatzea, entzutea eta haiekin solastea, hobeki ezagutzeko, ezarritako ordutegiaren barnean.

–Ikasleen hutsegiteak kontrolatzea eta horien justifikazioa eskatzea.

–Ikasle batek baja ematen badu, denbora hori beste ikasle batzuekin edo beste jarduera batzuetan erabiliko du irakasleak, ematen duen gaiarekin ikusteko zuzena baldin badute (eskolak, materiala etab. prestatzea).

–Ikasleak ebaluatzea ezarritako epeetan, klaustroak finkatutako irizpideak erabiliz. Irakasleek ondotik adieraziko den bezala kalifikazioak emateaz landara, beren hiruhileko txostena prestatzen ahal dute, ikasleen garapena azaltzearren. Txosten horiek gurasoek sinaturik itzuliko dira.

–Orientazioa eta aholkua ematea ikasleei haien hezkuntza edo lanbide aukerei buruz.

Ebaluazioa irizpideak:

Irakasgai guztiak honela kalifikatuko dira:

0tik 5 baino gutxiagora: Gutxiegi.

5etik 6 baino gutxiagora: Nahiko.

6tik 7 baino gutxiagora: Ongi.

7tik 9 baino gutxiagora: Oso ongi.

9 eta 10: Bikain.

–Ikastetxeko zuzendaritzak deitutako klaustro eta bileretara joatea.

–Klaustroan eta Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordean edo Musika Eskolako Gobernu Batzordean hartutako erabakiak errespetatu eta betetzea.

–Beren irakasgaia programatzea, eskolak prestatzea, maila eta zikloko gainerako lankideekin koordinatzea, ikastetxeko planeko jarraibideei eta programa ofizialei jarraikiz.

–Irakaslan objektiboa egitea, ikaslea hezkuntza sistemaren ardatz gisa harturik.

–Ikasleen adierazpen askatasuna errespetatzea eta haien iritziak, proposamenak, erreklamazioak eta abar biltzea zuzendariari, Batzorde Pedagogikoari edo dagokionari eramateko.

17. artikulua. Irakaskuntzaz kanpoko langileen eskubideak eta betebeharrak.

“Irakaskuntzaz kanpoko langileen eskubide eta betebeharrei” dagokienez, Irakaskuntza Pribatuaren Hitzarmenean ezarritakoari jarraituko zaio.

18. artikulua. Administrazio-langileak. Eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak.

Lanpostuari dagozkion eginkizun guztiak eginen dituzte, baita Zuzendaritzak emanak eta Musika Eskolako organo kolegiatuek ezarriak ere.

19. artikulua. Hutsegiteak, zehapenak eta arau-hausteak. (aipatu Errege Dekretuaren 24.etik 31.era bitarteko artikuluak, biak barne).

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke:

Hona hemen hutsegite arinak:

–Berandu etortzea, justifikatu gabe.

–Klasea huts egitea, justifikatu gabe.

–Ikastetxeko tokiak, haren materiala edo hezkuntza komunitateko beste kideen gauzak edo ondasunak nahita hondatzea, baina ez modu larrian.

–Justifikatu gabeko edozein egintza, ikastetxeko jarduerak arinki galarazten dituena.

Arau-hauste arinen zehapenak:

–Kargu-hartze pribatua.

–Kargu-hartzea, gurasoei jakinaraziko zaiena adingabea denean.

–Arau-hauste arinetako hirugarren atalean aipatzen denari buruz, hondatzen direnak konpontzen laguntzea, eskola ordutik kanpo.

–Ikastetxeko jarduerak hobetu eta garatzen laguntzen duten lanak egitea.

Kasuan kasuko irakasleak zehatuko ditu arau-hauste arinak edo ikasketaburuak, kasuko arau-hausteari hala badagokio.

Kasuan kasuko irakasleak zuzenduko ditu arau-hauste arinak izatera iristen ez diren egintzak.

Hona hemen hutsegite larriak:

–Behin eta berriz, justifikatu gabe klasera huts egitea, irakasgai bakoitzari dagozkion orduen %20tik gora, ebaluaketa bakoitzeko. Justifikatu gabeko puntualtasun faltak klasearen iraupenaren %30 gainditzen duenean, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

–Gelakideen ikasteko eskubidearekiko errespetu falta behin eta berriz eta etengabe adieraztea.

–Hezkuntza komunitateko kideen kontrako laido eta ofentsa, eta diziplinaren kontrako egintza larriak.

–Hezkuntza komunitateko beste kideen kontrako eraso fisiko larria.

–Ikastetxearen jarduneko egintzetan beste pertsona baten itxurak egitea eta agiri akademikoak faltsutzea edo ebastea.

–Ikastetxeko tokiak, haren materiala edo hezkuntza komunitateko beste kideen gauzak edo ondasunak nahita eta larriki hondatzea.

–Justifikatu gabeko edozein egintza, ikastetxeko jarduerak larriki galarazten dituena.

–Hutsegite arinak behin eta berriz eta modu sistematikoan egitea ikasturte akademiko berean.

Arau-hauste larrien zehapenak:

–Ohartarazpena, ikaslearen banakako espedientean agertuko dena justifikatu gabe klasera hutsegiteak behin eta berriz egiten badira; bertan ikasgaiko irakaslearen, tutorearen eta ikasketaburuaren txosten zehaztua jasoko da, jarrera horri buruz.

–Eragindako kalte materialak konpontzen laguntzeko lanak egitea, halakorik behar bada, edo ikastetxeko jarduerak hobetu eta garatzen laguntzen duten lanak egitea. Lan horiek eskola orduetatik kanpo eginen dira, bi ebaluazioren arteko denboran gehienez ere.

–Ikaslearen gela edo talde aldaketa, maila edo kurtso bereko beste talderik baldin badago.

–Ikastetxera edo eskola jakin batzuetara etortzeko eskubidea etetea, ikasle zehatuak dituen irakasgaien bi eskola egunetan gehienez ere. Horrek ez du ukatzen etenak irauten duen denboran ikasleak etxeko lanak edo agintzen zaizkionak egin behar izatea.

–Hutsegite larriak, zehapena ezartzeko, ikasketaburuak eta zuzendariak baloratu beharko dituzte.

Hona hemen hutsegite oso larriak:

–Hezkuntza komunitateko kideen kontrako laido eta ofentsa, eta diziplinaren kontrako egintza oso larriak.

–Hezkuntza komunitateko beste kideen kontrako eraso fisiko larria.

–Hezkuntza komunitateko kideen osasunari eta osotasun pertsonalari larriki kalte egiten dioten jarduketetara bulkatzea.

–Larritzat jotzen diren hutsegiteak, inguruabar hauek gertatzen direlarik: kolektibitatea eta/edo asmo gaiztozko publizitatea.

–Hiru hutsegite larri egitea ikasturte berean.

Zehapenak arau-hauste oso larrietan:

–Ebaluazio etengaberako eskubidea galtzea kasuan kasuko ikasturtean, hiru ohartarazpen egin badira, aurreko ataleko lehenengo puntuan adierazitako horietarik. Kasu horretan, ikasleak ezartzen zaizkion probak egin beharko ditu.

–Eragindako kalte materialak konpontzen laguntzeko lanak egitea, halakorik behar bada, edo ikastetxeko jarduerak hobetu eta garatzen laguntzen duten lanak egitea. Lan horiek eskola orduetatik kanpo eginen dira, sei hilabeteko denboran gehienez ere.

–Ikastetxera edo eskola jakin batzuetara etortzeko eskubidea kentzea, ikasle zehatuaren irakasgaietan, gehienez ere bost eskola eguneko denboran. Ez du ebaluazio etengaberako eskubiderik galduko eta bestetik, horrek ez du ukatzen etenak irauten duen denboran ikasleak etxeko lanak edo agintzen zaizkionak egin behar izatea.

Hutsegite oso larriak eta horien zehapenak Musika Eskolako Patronatuaren edo Gobernu Batzordearen eskumena izanen dira, eta horrek arestian aipatutako Errege Dekretuaren 25.3 eta 4 eta 26.2 eta 3 artikuluetan ezarritakoari jarriatuz jardungo du.

20. artikulua. Matrikulazioa. Deuseztapenak.

Ikastetxean urri diren edo batere ez diren instrumentu plazak osa daitezen, eta musika talde ezberdinak eratu ahal izateko, instrumentu bakoitzerako matrikulazioa mugatuko da irakasleek hartzen ahal duten ikasle kopurura.

Ikasleak ikastetxean segitzeko eskubidea galduko du, ikasturte batean musika-errendimendu txikia ikusten bazaio. Dagokion tutoreak horretarako txostena eginen du ikastetxeko ikasketaburuarendako, eta honek, zuzendariaren ikus-onespenaz, Musika Eskolako Kudeaketa Pedagogikoaren Batzordera igorriko du, balorazioa egin dezan.

Errendimendu txikiagatik ikastetxetik kanporatu diren ikasleek aukera gutxiago izanen dute berriz ere sartzeko, sarrera eskabide berrien aldean.

21. artikulua. Irakasgaiak.

Ikastetxeko irakasleendako, ikasturtea irailaren 15ean hasiko da eta ekainaren bigarren astean bukatuko. Eskolak irailaren 15etik ekainaren lehenengo astera arte emanen dira.

Irakaskuntza orokorrean herriko ikastetxeetan zer egutegi den, harexekin bat prestatuko du berea Musika Eskolak, eta Batzorde Pedagogikoak onetsi beharko du.

Irakasgai bakoitzerako 30 saio izanen dira, instrumentuen kasuan; 60, musika-hizkuntzaren kasuan, eta gutxienez 30, taldeetarako eta irakasgai kolektiboetarako (kontzertuak prestatzeko beharren arabera eta abar).

Gelako, gehienez ere 20 ikasle izanen dira eta gutxienez 4.

Musika hastapeneko hiru-lau ikasturte izanen dira, aukerakoak, musika-hizkuntzako lehen maila hasi aurretik.

Musika-hizkuntzako 6 ikasturte izanen dira.

3. eta 6. mailak bukatzean, ikasleek ziklo bukaerako azterketa bat gainditu beharko dute.

Abesbatza astean 30 minutuz emanen da musika-hizkuntzako 5. eta 6. mailetan eta ondorio guztietarako irakasgai osagarritzat joko da (talde bakarra soilik).

IV. KAPITULUA

Ikastetxearen menpeko musika taldeen funtzionamendua

22. artikulua. Kideak.

Taldeko zuzendari-arduradunak proposaturik zuzendaritzak baimentzen dituen salbuespenak izan ezik, taldeetako kide guztiek ikastetxean matrikulaturik egon behar dute, talde horretan jo behar duten instrumentuan.

Taldeko zuzendari-arduradunak izendatuko ditu taldekideak, bakoitzaren instrumentuko tutoreak proposaturik. Premiarik bada, hautapen proba erabiliko da horretarako.

Matrikulazio berezia egin ahal izanen da ikastetxeko ikasle ohiendako, musika-talderen batean parte hartu nahi badute, aldez aurretik sartzeko proba eginda zuzendari-arduradunaren gainbegiradapean. Hark txostena luzatuko dio ikastetxeko zuzendariari. Kasu horretan, zenbateko berezia kobratuko da.

Taldeko zuzendari-arduradun bakoitzak ikasturtean egin beharreko lan eta jarduera programa aurkeztuko du.

23. artikulua. Taldekideen eskubideak.

–Programatzen diren kontzertuak egiteko bidaia eta emanaldietan parte hartzea.

–Ateraldietan, etxetik kanpora lo egin behar bada, horretarako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten tokietan eginen da.

–Taldeetako arduradunek zaintzea, etxetik kanpo egiten diren egonaldiak ahalik eta modu egokienean egin daitezen.

–Beren emanaldietan irabazten diren diruak ikastetxeak norako dituen, horren berri izatea.

24. artikulua. Taldekideen betebeharrak.

–Taldeko arduradunarengandik hartzen dituzten jarraibideei beti kasu egitea.

–Egiten diren entseguetara joatea eta haietan jotzea.

–Programatzen diren kontzertu eta emanaldietara joatea eta haietan jotzea. Taldekideren bat entsegu edo kontzertuetara joaten ez bada, komeni diren zehapen neurriak hartuko ditu irakasleen klaustroak.

Egiten diren ateraldi edo egintza guztietan, portaera egokia izan beharko da, ikastetxearen izenak kalterik har ez dezan.

Entseatu beharreko obra guztiak ikastea, eta entsegua edo kontzertua egiteko beharrezko diren instrumentu edo materialak prest edukitzea.

Entseguetara joaten ez den ikasleak edo obrak behar bezala prestatzen ez dituenak kontzertuetan parte hartzeko eskubidea galduko du, eta egiten diren bidaietatik kanpo geldi daiteke.

Halaberean, suspentso jarriko zaio Instrumentua eta Musika-hizkuntza irakasgaian.

25. artikulua.

Kontzertuak emateko egiten diren ateraldiek, kontzertua bera emateaz gain, taldekideen arteko elkarbizitza garatzea eta kultura aldetik aberastea izanen dute xede.

Musika Eskolako taldeen irteera guztietan, ikasle adingabeei, aitak, amak edo legezko tutoreak sinatutako baimena eskatuko zaie.

Erregelamendu hau nahitaez bete beharko dute Musika Eskolako kide guztiek eta, artikuluren bat betetzen ez bada, dagokion zehapena ezarriko da, hutsegitearen ezaugarriak edo larritasuna kontuan hartuta.

Erregelamendu honen aldaketa oro Musika Eskolako Gobernu Batzordeak onetsi beharko du.

Iragarkiaren kodea: L1507159