2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AGEZA
Ordenantza, Seme-alaba ikasleak eskolaz kanpoko jardueretan dituzten familiendako laguntzak arautzen dituena Behin betiko onespena
Agezako Kontzejuko Batzarrak, 2015eko otsailaren 12an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Seme-alaba ikasleak eskolaz kanpoko jardueretan dituzten familiendako laguntzak arautzen dituen ordenantza.
Onespen horren iragarkia 2015eko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 31n, baita hogeita hamar egunean ikusgai eduki ere Kontzejuaren iragarki oholean, interesdunek azter zezaten eta, nahi izanez gero, erreklamazioak, kexak eta oharrak aurkez zitzaten.
Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsi da aipatu ordenantza eta argitara eman, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz.
Agezan, 2015eko maiatzaren 12an.–Alkate kontzejuburua, Javier Marco Apesteguia.
ORDENANTZA, DERRIGORREZKO HEZKUNTZAN, LANBIDE HEZIKETAN EDO BATXILERGOAN IKASTEN ARI DIREN ETA ESKOLAZ KANPOKO JARDUERAK EGITEKO AGEZATIK IRTEN BEHAR DUTEN IKASLEEN FAMILIENDAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
I. KAPITULUA
Zioen azalpena
1. artikulua. Araudi honen xedea da irizpideak arautu eta finkatzea, baita laguntzak emateko prozedura ere, derrigorrezko hezkuntzan, lanbide heziketan edo batxilergoan ikasten ari diren eta eskolaz kanpoko jarduerak egiteko Agezatik irten behar duten ikasleen familiendako laguntzei dagokienez (Agezan bizi diren familiak izanen dira).
2. artikulua. Gaur egun, derrigorrezko hezkuntzan, lanbide heziketan edo batxilergoan ikasten ari den Agezako edonork, eskolaz kanpoko jardueraren bat egin nahi badu, beste herri batera joan behar du, eta horrek eragozpenak sortzen ditu, baita hezkuntzako gastu handiagoa ere, eta hori ez litzateke gertatuko jarduerak herrian bertan eginez gero.
Kontzeju honen nahia da ohiko bizilekutako Ageza aukeratu duten familiek bertan jarrai dezatela, eta etorkizunean izan daitezkeen familiek beraien haurrekin ohiko bizilekua Agezan finka dezatela, betiere bertan bizitzeak ez dakarrelarik beste herri batzuetan bizi diren haurrekiko konparaziozko bidegabekeriarik. Horiek horrela, derrigorrezko hezkuntzan, erdi mailan edo batxilergoan ikasten ari diren seme-alabak dituzten familiendako laguntzen araudi hau onetsi da.
II. KAPITULUA
Beharrezko baldintzak
3. artikulua. Derrigorrezko hezkuntzan, erdi mailan edo batxilergoan ikasten ari diren seme-alabak dituzten familia guztiek eskatzen ahal dituzte laguntzak, baldin eta seme-alabak 7. artikuluan ageri diren eskolaz kanpoko jardueretan ari badira.
4. artikulua. Eskaera familiaburuak eginen du. Laguntzak eskuratzeko ezinbestekoa izanen da baldintza hauek betetzea:
1.–Familiaburuak eta laguntzaren xede diren seme-alabak Agezan erroldaturik egotea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.
2.–Familia unitateak (5. artikuluan definitzen baita) bere bizilekua egiazki Agezan ezarria izatea.
3.–Familia unitateak Kontzejuan ordainketak eguneraturik izatea.
5. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, familia unitatetzat hartuko da higiezin berean bizi eta erroldako orri berean dauden lagun guztiak.
III. KAPITULUA
Laguntzen zenbatekoa
6. artikulua. Seme edo alaba bakoitzeko 250 euroko laguntza emanen da.
Dena dela, zenbateko hori Kontzejuak urtero xede horretarako bideratzen duen aurrekontuko kontu-sailaren menpe egonen da. Eskabideen kopuruak ezarritako kontu-sailaren zenbatekoa gainditzen badu, eskabideen artean modu berdinean banatuko da.
7. artikulua. Eskolaz kanpoko mota honetako jarduerek hartzen ahal dute laguntza:
a) Kirol jarduerak.
b) Musika.
c) Hizkuntzak.
d) Informatika.
e) Arte jarduerak.
IV. KAPITULUA
Kudeaketa eta tramitazioa
8. artikulua. Laguntzak eskatzeko, araudian eta dagokion deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dira.
9. artikulua. Eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.–Kontzejuak ezarritako eskaera orria, beteta.
2.–Eskolaz kanpoko jarduera zein entitatetan egiten den, haren ziurtagiria.
10. artikulua. Eskaerek urtebeteko indarraldia izanen dute.
11. artikulua. Laguntzak urtea bukatuta jasoko dira, ordainketa bakarrean.
12. artikulua. Kontzejuak laguntza uka dezake, baldin eta Kontzejuko Batzarrak uste badu eskaera ez dela ordenantza honetan ezarritako helburuetarako egin.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1507562