2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AGEZA
Ordenantza, seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familiendako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Agezako Kontzejuko Batzarrak, 2015eko martxoaren 12an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familiendako laguntzak arautzen dituen ordenantza.
Onespen horren iragarkia martxoaren 30ean argitaratu zen, 2015eko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, baita hogeita hamar egunean ikusgai eduki ere Kontzejuaren iragarki oholean, interesdunek azter zezaten eta, nahi izanez gero, erreklamazioak, kexak eta oharrak aurkez zitzaten.
Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsi da aipatu ordenantza eta argitara eman, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz.
Agezan, 2015eko martxoaren 12an.–Alkate kontzejuburua, Javier Marco Apesteguia.
ORDENANTZA, SEME-ALABA IKASLEAK GOIKO MAILAKO IKASKETETAN EDO UNIBERTSITATEKOETAN DITUZTEN FAMILIENDAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
I. KAPITULUA
Zioen azalpena
1. artikulua. Araudi honen xedea da Agezan bizi diren eta seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familiendako laguntzak arautzea eta horretarako irizpideak eta prozedura finkatzea.
2. artikulua. Gaur egun, goiko mailako ikasketak edo unibertsitatekoak egiten ari den Agezako pertsona orok beste herri batera joan beharra du eta horrek gastuak handitzen ditu, dela garraioagatik dela gaua kanpoan eman behar duelako.
Kontzeju honen nahia denez Ageza ohiko bizilekutako hautatu duten familiek bertan jarraitzea eta beste familia batzuek ere geroan beren bizilekua Agezan ezartzea eta Agezan bizitzeak gastu gehiago ez ekartzea beste herrietan bizi diren familien aldean, bada, onetsi da seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familiendako laguntzen araudi hau.
II. KAPITULUA
Betebeharrak
3. artikulua. Laguntzak eskatu ahalko dituzte seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familia guztiek.
4. artikulua. Eskaera familiaburuak eginen du. Ezinbestekoa izanen da, laguntzak eskuratzeko, baldintza hauek betetzea:
1.–Familiaburuak eta laguntzaren xede diren seme-alabak Agezan erroldaturik egotea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.
2.–Familia unitateak (5. artikuluan definitzen baita) bere bizilekua egiazki Agezan ezarria izatea.
3.–Familia unitateak Kontzejuan ordainketak eguneraturik izatea.
5. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, familia unitatetzat hartuko da higiezin berean bizi eta erroldako orri berean dauden lagun guztien multzoa.
III. KAPITULUA
Laguntzen zenbatekoa
6. artikulua. Seme-alaba bakoitzeko 250 euroko laguntza emanen da.
Dena dela, zenbateko hori Kontzejuak urtero xede horretarako bideratzen duen aurrekontuko kontu-sailaren menpe egonen da. Eskabideen ondoriozko zenbatekoak kontu-sailekoak baino handiagoak badira, hainbanaketa eginen da laguntza eskatu dutenen artean.
IV. KAPITULUA
Kudeaketa eta tramitazioa
7. artikulua. Laguntzak eskatzeko, araudian eta dagokion deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dira.
8. artikulua. Eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.–Kontzejuak ezarritako eskaera orria, beteta.
2.–Ikasketak zein entitatetan egiten diren, haren ziurtagiria.
9. artikulua. Eskaerek urtebeteko indarraldia izanen dute.
10. artikulua. Laguntzak urtea bukatzean jasoko dira, ordainketa bakarrean.
11. artikulua. Kontzejuak laguntza uka dezake, baldin eta Kontzejuko Batzarrak uste badu eskaera ez dela ordenantza honetan ezarritako helburuetarako egin.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1507561