115. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGEZA

Ordenantza, 0tik 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiendako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Agezako Kontzejuko Batzarrak, 2015eko otsailaren 12an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen 0tik 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiendako laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Onespen horren iragarkia martxoaren 31n argitaratu zen, 2015eko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, baita hogeita hamar egunean ikusgai eduki ere Kontzejuaren iragarki oholean, interesdunek azter zezaten eta, nahi izanez gero, erreklamazioak, kexak eta oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsi da aipatu ordenantza eta argitara eman, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz.

Agezan, 2015eko maiatzaren 12an.–Alkate kontzejuburua, Javier Marco Apesteguia.

ORDENANTZA, 0TIK 3 URTE BITARTEKO SEME-ALABAK DITUZTEN FAMILIENDAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Zioen azalpena

1. artikulua. Araudi honen xedea da Agezan bizi diren eta 0tik 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiendako laguntzak arautzea eta horretarako irizpideak eta prozedura finkatzea.

2. artikulua. Kontzeju honen nahia denez Ageza ohiko bizilekutako hautatu duten familiek bertan jarraitzea eta beste familia batzuek ere geroan beren bizilekua Agezan ezartzea eta Agezan bizitzeak konparaziozko bidegabekeria ez ekartzea beste herrietan bizi diren haurren aldean, bada, onetsi da 0tik 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiendako laguntzen araudi hau.

II. KAPITULUA

Betebeharrak

3. artikulua. Laguntzak eskatu ahalko dituzte 0tik 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familia guztiek.

4. artikulua. Eskaera familiaburuak eginen du eta ezinbestekoa izanen da, laguntzak eskuratzeko, baldintza hauek betetzea:

1.–Familiaburuetako bat behintzat eta seme-alabak Agezan erroldaturik egotea. Familiaburuaren erroldatzeak urtebeteko antzinatasuna izanen du gutxienez.

2.–Familia unitateak Kontzejuan ordainketak eguneraturik izatea.

5. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, familia unitatetzat hartuko da higiezin berean bizi eta erroldako orri berean dauden lagun guztien multzoa.

III. KAPITULUA

Laguntzen zenbatekoa

6. artikulua. 0tik 3 urte bitarteko seme-alaba bakoitzeko 250 euroko laguntza emanen da.

Dena dela, zenbateko hori Kontzejuak urtero xede horretarako bideratzen duen aurrekontuko kontu-sailaren menpe egonen da. Eskabideen ondoriozko zenbatekoak kontu-sailekoak baino handiagoak badira, hainbanaketa eginen da laguntza eskatu dutenen artean.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa eta tramitazioa

7. artikulua. Laguntzak eskatzeko, araudian eta dagokion deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dira.

8. artikulua. Eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

1.–Kontzejuak ezarritako eskaera orria, beteta.

9. artikulua. Eskaerek urtebeteko indarraldia izanen dute.

10. artikulua. Laguntzak urtea bukatzean jasoko dira, ordainketa bakarrean.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1507560