1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
206/2015 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren hamargarren edizioaren Atal Ofizialaren oinarriak onesten dituena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko baimena ematen duena.
Kultur Ekintza Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du. Bertan, aipatu zinemaldiaren oinarriak azaltzen dira.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren hamargarren edizioaren Atal Ofizialaren oinarriak onestea.
2. Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. 21.150 euroko gastua baimentzea 2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Sariak” izeneko A20002 A2010 4809 334100 kontu-sailaren kargura, edo 2016ko aurrekontuan ondorio horietarako gaitzen denaren kargura, betiere hartarako kreditu nahikoa eta egokia badago.
4. Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio-ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazten denetik hasi eta hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau Kultur Ekintza Zerbitzuari, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko ekainaren 8an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.
NAFARROAKO GOBERNUKO KULTURAKO, TURISMOKO ETA ERAKUNDE HARREMANETAKO DEPARTAMENTUAK PUNTO DE VISTA ZINEMA DOKUMENTALEKO NAZIOARTEKO X. JAIALDIA ANTOLATU DU, OINARRI HAUEI JARRAIKIZ
Atarikoa
Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia zinema dokumentalaren joera berriak ezagutzeko topalekua da. 2005ean sortu zenetik, Jean Vigoren konpromiso etiko eta zinematografikoa izan du erreferentetzat. Urtero egiten da, Iruñean, otsailean, Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Erakundeekiko harremanetarako Departamentuak antolatuta.
2016. urtean, jaialdia otsailaren 8tik 14ra eginen da Iruñean, Baluarte Kongresu Jauregi eta Auditorioan.
Sail ofiziala arautzen duten oinarriak
1.–Lanak onartzea eta haien edukia.
1.1. 2013ko abuztuaren 1etik aurrera egindako film dokumentalek har dezakete parte lehiaketan, edozein delarik ere haien nazionalitatea. Ez dira onartuko ez fikziozko filmak, ez instituzionalak edo publizitatekoak, ezta erreportajeak edo kazetaritzako lanak ere.
1.2. Ez dago mugarik gaiei, iraupenari eta jatorrizko hizkuntzari dagokienez.
1.3. Hizkuntzari dagokionez, jatorrizkoa ingelesa, gaztelania edo euskara ez bada, lana ingelesezko edo gaztelaniazko azpitituluekin aurkeztuko da.
1.4. Filma ez da onartuko baldin eta, aldez aurretik, Espainiako zinema-areto komertzialetan eman bada, komertzialki argitaratu bada edo Espainiako telebista-kateren batek eman badu, edo jaialdia baino lehen ematekoa bada. Puntu hau betetzen ez duten filmak jaialdiko Sail Ofizialetik kenduko dira.
1.5. Zilegi izango da erakunde publikoen nahiz pribatuen bestelako sariak (1.4 puntuan adierazitakoa izan ezik) edo diru-laguntzak jasota izanik ere lehiaketa honetan parte hartzea.
2.–Eskabideen aurkezpena.
2.1. Pelikularen izena haren eskubideak dauzkaten ekoizle edo egileek eman behar dute. Izen-ematea doakoa da, eta jaialdiaren web-orrian egin behar da (http://www.puntodevistafestival.com/indexEU.asp), pelikula erregistratzeko jarriko den sisteman.
2.2. Jaialdiaren antolatzaileek suposatzen dute izena ematen duten ekoizle edo egileek aurkezten dituzten obrak erakusteko eskubideak dauzkatela. Edozein modutan, oinarrietako puntu hau hautsiz gero, jaialdiko antolatzaileek ez dute inolako erantzukizunik izango.
2.3. Jaialdiak izen-ematea sinatu duena hartuko du pelikularen parte-hartzearekin zerikusia duten gaiak negoziatzeko hizketakide bakartzat, eta hura izango da pelikularen ekoizpenean parte hartu duten enpresa edo pertsonen aurrean erantzule bakarra.
2.4. Web-orrian pelikulen izena emateko epea 2015eko irailaren 30ean amaituko da.
Izena emateko formularioan pelikula ikusteko eta jaisteko url esteka eta dagokion pasahitza jarri behar dira. Ez dira onartuko DVDen kopiak; filmen ikuskapena interneteko esteken bitartez egingo da.
2.5. Jaialdiko antolatzaileek ziurtatzen dute jasotako kopia aukeraketa batzordeak bakarrik jaitsi eta ikusiko duela. Aukeraketa-prozesua amaitu ondoren, pelikula guztiak ezabatu egingo dira, aukeratutakoak izan ezik.
2.6. Pelikulen izena ematerakoan, pelikularen ekoizle edo banatzaileak zinpeko aitorpena egin behar du, adierazteko pelikula ez dela Espainiako areto komertzialetan estreinatu, ezta komertzialki editatu, Espainiako telebista-kateren edo Interneteko plataforma batean eman ere; aitortu behar du, baita ere, filma jaialdirako aukeratuz gero, ez dela horrelakorik gertatuko 2016ko martxoaren 1a bitartean.
2.7. Jaialdiko antolatzaileek pelikula erregistratu eta jaso dutenaren ziurtagiria (mezu elektronikoa) bidaliko diote lehiakideari.
3.–Hautaketa.
3.1. Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendariak batzorde bat izendatuko du aurkeztutako lanen artean hautaketa egiteko. Jaialdiaren Zuzendaritzako kideek eta ikus-entzunezkoen arloko aditu batzuek osatuko dute batzorde hori.
3.2. Batzordeak lanak hautatuko ditu, jaialdiaren asmoei eta kalitate eta sormen irizpideei jarraituz.
3.3. Hautapenaren emaitzak 2015eko abenduaren 20a baino lehen jakinaraziko zaizkie parte-hartzaileei, posta elektronikoz edo interesatuak jakinarazpena jaso izana frogatzen duen edozein bideren bitartez. Egun hori pasatzen bada interesaturen bati hautapenaren emaitza espresuki jakinarazi gabe, haren lana ez dela hautatu ulertuko da.
3.4. Obra aukeratuz gero, lehiakideak filma formatu ofizial hauetakoren batean bidali beharko du: DCP edo bereizmen handiko fitxategi digitala (jaialdiko sail teknikoak ezarritako ezaugarri teknikoekin). Jaialdiak hautatutakoei markarik gabeko segurtasun-kopia eskatuko die, behar den besteko kalitatea duen formatu batean.
3.5. Jaialdiko zuzendaritzak sail teknikoak kontrola egin ondoren emanaldia egiteko desegokitzat jotako kopiak ez onartzeko eskubidea dauka. Kopiak egokiak ez badira, jaialdiko zuzendaritzak txosten teknikoa bidaliko die pelikulen titular edo ordezkariei.
3.6. Atal Ofizialerako aukeratutako obrak bidaltzeko gastuak jaialdiaren kontura izango dira. Pelikulak DCP formatuan bidaliz gero, KDMak egiteko gastuak pelikularen ekoizle edo ordezkarien kontura izango dira. Kopien aseguruaz jaialdia arduratuko da, egoitzara heltzen direnetik bueltatzen diren arte.
3.7. Hautatutako lanak erakusteko kopiek Iruñera ailegatu behar dute 2016ko urtarrilaren 20a baino lehen. Helbide honetara bidaliko dira:
–Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Jaialdia.
–Palacio de Congresos y Auditorio Baluarte.
–Plaza del Baluarte. 31002 Iruña (Nafarroa).
–Espainia.
3.8. Kopiari gaztelaniazko azpitituluak jartzeko gastua jaialdiaren kontura izango da. Horretarako, pelikularen behin betiko jatorrizko bertsioaren bereizmen handiko fitxategi digitala eta gaztelania, euskara edo ingelesezko azpitituluen zerrenda eskatuko dira, eta jaialdirako bakarrik erabiliko dira.
3.9. Jaialdiak hautatutako obren bi emanaldi publiko antolatuko ditu eta horiengatik ez du emanaldi-eskubiderik ordainduko.
3.10. Lehiakideak filmeko bi irudi eta haren laburpena igorri beharko ditu, gero katalogoan ager daitezen. Halaber, jaialdian zehar hedabideei banatuko zaien informazio materiala eman beharko du, eta antolatzaileei baimena, ikus-entzunezko hedabideek bere dokumentalaren hiru minutuko zatia erabil dezaten.
3.11. Erreferentzia katalogoan sartu ondoren, ezinezkoa izango da parte bakar batek filma lehiaketatik kentzea.
3.12. Jaialdiak aukeratutako pelikularen ordezkari baten Iruñerako bidaia eta ostatu hartzea ordainduko ditu (gehienez hiru gau), jaialdira etortzen bada.
4.–Epaimahaia.
4.1. Nafarroako Kultura zuzendari nagusiak ofizialeko epaimahai bat izendatuko du, arlo horretako aditu eta profesionalak hautatuz. Jaialdiaren Zuzendaritzak izendatuko du epaimahaiko idazkaria, boto emateko eskubiderik gabe eztabaidetan parte hartuko duena.
4.2. Ofizialeko Epaimahaiak bere epaia Nafarroako Punto de Vista 2016 Zinema Dokumentaleko Jaialdiaren ixteko galan jakinaraziko du, eta saritu bakoitzari buruzko justifikazio labur bat emango du.
4.3. Epaimahaiaren erabakiak apelaezinak izango dira.
5.–Gazteen Epaimahaia.
5.1. Gazteen Epaimahaia 18 eta 25 urte arteko 50 gaztek osatuko dute. Gazteen Epaimahaian borondatez parte hartuko dute eta epaimahaikideek Atal Ofizialeko pelikula guztien emanaldietara joan behar dute, goizeko saioetan. Epaimahaiko kide izateko izena jaialdiaren web-orrian eman behar da, 2015eko azaroaren 2tik aurrera. 50 gaztek baino gehiagok ematen badute izena, epaimahaikideak jaialdiko zuzendaritzak aukeratuko ditu.
6.–Sariak.
6.1. Ofizialeko Epaimahaiak sari ofizial hauek emango du:
–“Punto de Vista” sari nagusia, film onenarentzat: 10.000 euro. Epaimahaiak jaialdiko sail ofizialeko lanik onenari emango dio saria, lanaren iraupena eta nazionalitatea gorabehera.
–Zuzendari onenaren Jean Vigo Saria, 5.000 eurokoa. Sariak Jean Vigori egiten dio ohore, eta Atal Ofizialean haren lanen balio etiko eta formalak egokien irudikatzen dituen filmaren zuzendariari emango zaio.
–Film laburrik hoberenarentzako saria: 3.000 euro. Saria 35 minutuko iraupena edo laburragoa duen filmik onenari emango zaio.
–Aipamen bereziak: epaimahaiak bi aipamen berezi eman ditzake (ez dute sari ekonomikorik).
Hiru Sari Ofizialek lan desberdinetarako izan beharko dute; ez da zilegi izango film edo zuzendari batek era horretako sari bat baino gehiago irabaztea.
6.2. Epaimahaiak eman gabe utzi ahal izango du edozein sari.
6.3. Sari berezi hauek ere emango dira:
–Ikusleen sari berezia, film onenarentzat: 1.650 euro.
–Pelikula onenaren Gazteen Saria, 1.500 eurokoa.
6.4. Ikusleen Sari Berezia emateko araudia jaialdiko zuzendaritzak zehaztuko du, eta aukeraketa-prozesuan parte hartu nahi duten ikusleek emango dute, jaialdiko zuzendaritzak ezarriko duen prozeduraren bitartez.
6.5. Gazteen Saria Gazteen Epaimahaiak emango du, jaialdiko zuzendaritzak ezarriko duen prozeduraren bitartez.
6.6. Sari bereziak jaialdiaren amaiera-ekitaldian ezagutarazi eta emango dira.
6.7. Sariak zenbateko garbiak dira eta ez zaie atxikipen fiskalik aplikatuko. Banku transferentzia bidez ordainduko dira, gehienez ere bi hilabeteko epean, jaialdiko sariak banatzeko ekitaldi ofizialaren egunetik hasita. Ordainketa egiteko, lanak oinarri hauetako 7.2 puntuan adierazitako formatuetan eman behar dira, eta kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da.
6.8. Sariak erdi bana emango zaizkie, %50 film irabazlea ekoitzi duen sozietateari edo hura ustiatzeko eskubideak dituen pertsona titularrari, eta gainerako %50 filmaren zuzendariari, zuzendari hoberenarentzako Jean Vigo sariaren kasuan izan ezik, hori osorik emango baitzaio film irabazlearen zuzendariari.
6.9. Sariren bat jaso duten pelikulen ekoizle eta ordezkariek pelikula horiei buruzko publizitatean eta prentsa-materialean saria jaso dutela aipatuko dute; horretarako, epaimahaiaren epaia hitzez hitz jarri eta jaialdiko logotipoa erabiliko dute (logotipoa jaialdiko antolatzaileek helaraziko diete).
7.–Saritutakoen konpromisoa eta lanen zabalkundea.
7.1. Jaialdiaren antolatzaileek konpromisoa hartzen dute aurkeztutako lanak osorik ez daitezen kopiatu edo zabaldu, lanak haien ardurapean dauden bitartean. Aukeratutako lanen zatiak hedabideetan erabili ahal izango dira, jaialdiaren berri emateko (oinarri hauen 3.10 puntuan zehaztutakoaren arabera).
7.2. Saritutako filmen egileek konpromisoa hartzen dute haien kopia bat DCP edo bereizmen handiko fitxategi digitala formatuan (jaialdiko sail teknikoak ezarritako ezaugarri teknikoekin) uzteko jaialdiaren bideotekan. Kopia honek gaztelaniazko azpitituluak eduki beharko ditu; horretarako, Jaialdiak, aldez aurretik, srt artxiboa bidaliko du hizkuntza horretako azpitituluekin. Film horiek Nafarroako Gobernuak antolaturiko beste jaialdi eta irabazi asmorik gabeko kultur ekintza batzuetara aurkeztu ahal izango dira, beti ere jasotako sarien aipamena eginez.
8.–Lanak itzultzea.
Hautatu ondoren lanen kopiak lehiakideei itzuliko zaizkie, 2016ko martxoaren 15a baino lehen, inskripzioan zehaztutako lekura. Igortzeko gastuak jaialdiaren kargura izango dira.
9.–Oinarrien interpretazioa eta errekurtsoak.
9.1. Lehiaketara obrak aurkezteak esan nahi du oinarri hauek onartzen direla. Oinarriak interpretatzea eta aplikatzea jaialdiko zuzendaritzari dagokio.
9.2. Arau hauen interpretazioan desadostasunik sortuz gero, gaztelaniazko testua aplikatuko da.
9.3. Arau hauen interpretazioan zalantzarik sortzen bada, jaialdiko zuzendaritzari dagokio argitzea.
Argibideak:
–Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Jaialdia.
–Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atala.
–Navarrería, 39, 31001 Iruña (Nafarroa).
–Espainia.
–www.puntodevista.navarra.es.
–Helbide elektronikoa: info@puntodevistafestival.com.
Iragarkiaren kodea: F1508871