1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
187/2015 FORU AGINDUA, maiatzaren 15ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, maiatzaren 11ko 186/2011 Foru Agindua aldatzen duena. Haren bidez, herrilurretan edo parekatuetan presiozko sareen bidezko barne-banaketarako inbertsioen finantzaketa arautu zen, nekazaritza azpiegituren xedeko jarduketa eremuetan lurrak ureztalur bihurtu edo ureztatzea modernizatzen denean.
Martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 11n eman 186/2011 Foru Aginduaren bidez, herrilurretan edo parekatuetan presiozko sareen bidezko barne-banaketarako inbertsioen finantzaketa arautu zen, nekazaritza azpiegituren xedeko jarduketa eremuetan lurrak ureztalur bihurtu edo ureztatzea modernizatzen denean.
Foru aginduaren 2. artikuluko 2.1.2 atalak ezartzen du lurzatiko instalazioan egindako inbertsioaren kostu osoaren %15eko diru-laguntza gehigarria eman ahalko dela, herrilurren edo berdinetsitako lurren %60, gutxienez, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat katalogatuta dauden nekazaritzako ustiategiei esleituta badago. Orobat, artikulu horretako 2.1.3 atalak adierazten du diru-laguntzari lurzatiko instalazioaren kostu osoaren %10 gehitu ahalko zaiola, ezarritako baldintzak betetzen direnean.
Neurria arrazionalizatzeko eta bateratzeko, onuradun publiko eta pribatuentzako laguntzen zenbatekoak hurbilduz, aldatu da jaso beharreko gehieneko portzentaje osagarria, eta, ezin izanen da lurzatiko instalazioan egindako inbertsioaren kostu osoaren %5etik gorakoa izan.
Hori dela eta, jaso beharreko diru-laguntzaren gehieneko portzentajea izanen da herrilurretan edo parekatuetan presiozko sareen bidezko barne-banaketarako inbertsioen %55ekoa, nekazaritza azpiegituren xedeko jarduketa eremuetan lurrak ureztalur bihurtu edo ureztatzea modernizatzen denean.
Foru agindu horretako jarduketak Inbertsioak herrilurretako ureztalurretan izeneko 4.3.3 azpineurrian daude sartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren Inbertsioak aktibo fisikoetan izeneko neurriaren barruan, zein FEADERrek kofinantziatua izanen baita, aurreikusten denez, Europako Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onetsi ondoren.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 11ko 186/2011 Foru Agindua aldatzea. Haren bidez, herrilurretan edo parekatuetan presiozko sareen bidezko barne-banaketarako inbertsioen finantzaketa arautu zen, nekazaritza azpiegituren xedeko jarduketa eremuetan lurrak ureztalur bihurtu edo ureztatzea modernizatzen denean. Hona hemen:
1. Maiatzaren 11ko 186/2011 Foru Aginduaren 2. artikuluko 2.1.2 atala, finantzabidearen zenbatekoari buruzkoa, aldatzen da, eta honela agertuko da:
“2. Lurzatiko instalazioan egindako inbertsioaren kostu osoaren %5eko diru-laguntza, ureztalur bihurtutako berdinetsitako lurren edo herrilurren %60, gutxienez, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat katalogatuta dauden nekazaritzako ustiategiei esleituta badago eta ondokoa betetzen badu:
a) Diru-laguntzarako eskaeraren xede diren herrilur loteen edo parekoen esleipen-hartzaileen %75ek, gutxienez, ureztaketak eta ongarridun ureztaketak programatzeari buruzko prestakuntza ikastaro homologatuak egin dituztela. Ikastaro horiek amaitzeko urtebeteko epea izanen da, herrilurretako lurzatiko interes orokorreko obrak, proiektu bakoitzari dagozkionak, entregatzen diren egunetik hasita.
b) Diru-laguntzarako eskaeraren xede diren herrilur loteen edo parekoen esleipen-hartzaileen %75ek, gutxienez, frogatu behar dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ur kontsumorako ezarritako jarraibideak betetzen dituztela, dela lehenbiziko ureztatze-kanpaina osoan, behin Administrazioak toki erakundearen edo parekoaren esku utzi ondoren proiektu bakoitzean herrilurretako lurzatian egindako interes orokorreko obrak, dela obren entrega hori egin eta hurrengo urte naturalean (urtarriletik abendura).”
2. Maiatzaren 11ko 186/2011 Foru Aginduaren 2. artikuluko 2.1.3 atala, finantzabidearen zenbatekoari buruzkoa, kentzen da.
3. Maiatzaren 11ko 186/2011 Foru Aginduaren 2. artikuluko 2.2.2 atala, eskabideak aurkezteari buruzkoa, aldatzen da, eta honela agertuko da:
“Inbertsioaren kostu osoaren %5eko diru-laguntza osagarria jasotzeko eskabideak aurkezteko epea hiru urtekoa izanen da, Administrazioak obrak toki entitatearen edo pareko erakundearen esku uzten dituenetik hasita.”
Azken xedapen bakarra.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2015eko maiatzaren 15ean.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.
Iragarkiaren kodea: F1507676