113. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

114/2015 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Barneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira joko sistemek eta elementuek izan beharreko baldintza eta ezaugarri teknikoak, sistema interaktiboen eta kanal telematikoen bidez apustuak ustiatzeko.

Nafarroako Apustuen Erregelamendua onesten duen martxoaren 21eko 16/2011 Foru Dekretuak, 25. artikuluan, aurreikusten du apustuak ustiatu ahal izatea urrutitik, elektronika erabiliz eta formatu birtualean, eta, hirugarren eta laugarren xedapen gehigarrietan, honako hauek ezartzen ditu: sisteman sartzeko eragiketei dagozkien beharkizunak, apustuak ustiatzeko erabilitako plataforma teknologikoen gutxieneko edukia eta funtzioak. Orobat, apustulariak balioztatzeko pasabidearen beharkizunak ezartzen dira.

Halaber, aipatutako erregelamenduaren 19. artikuluak xedatzen du ezen apustuak joko elektroniko gisa ustiatzeko sistemek, materialek eta instalazioek eta domeinuaren formatuak eta edukiak bat etorri behar dutela homologatutako ereduekin, edo indarreko araudia betetzen duten egiaztatzeko adostasun frogak gainditu beharko dituztela.

Horregatik, beharrezkoa da egoki diren xedapenak ezartzea sistema horien baldintza eta ezaugarri tekniko eta funtzionalak arautzeko, eta, horretaz gain, enpresaren orri ofiziala bere baitan hartzen duen webgunearen domeinuaren formatua eta edukia ere arautzeko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Sistema interaktiboen eta kanal telematikoen bidez apustuak ustiatzeko erabilitako joko sistemek eta elementuek izan beharreko baldintza eta ezaugarri teknikoak onestea. Ebazpen honi gehitu zaizkio eranskin gisa.

2. Ebazpen hau igortzea Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuari eta Joko, Ikuskizun Publiko eta Josteta Jardueren Atalari.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 22an.–Barneko zuzendari nagusia, Francisco José Fernández Elizalde.

ERANSKINA

Sistema interaktiboen eta kanal telematikoen bidez apustuak ustiatzeko erabilitako joko sistemek eta elementuek izan beharreko baldintza
eta ezaugarri teknikoak

1. Baldintza orokorrak.

1.1. Bermeak.

Sistema telematikoen bidez apustuak ustiatzeko erabiliko diren joko sistemek betebehar hauek dituzte:

a) Jokoaren eta haren prozeduraren fidagarritasuna, segurtasuna eta gardentasuna segurtatzea, baita haren ondoriozko finantza transakzioenak ere.

b) Esku hartzen duten pertsonen eta jasotako datu pertsonalen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzea, eta jokalariarekin izaten diren komunikazioen segurtasuna bermatzeko mekanismoak izatea.

c) Segurtatzea ezen apustuaren emaitza independentea izanen dela apustulariak erabilitako gailuetatik, eta jokalariaren sistema telematikoen bidezko loturaren kalitateak edo distantziak ez dutela eraginen emaitza horietan, eta, orobat, joko sistemaren eta apustulariak erabilitako gailuaren arteko komunikazio bidearen beste edozein ezaugarrik ere ez duela eraginen.

d) Behin apustua formalizaturik, berrespen elektronikoa jasotzeko aukera ematea, apustu txarteletarako ezarritako gutxieneko edukiarekin.

e) Sariak ordainduko direla bermatzea, baita jokatutako zenbatekoak itzuliko direla ere, apustuak bertan behera uzten badira.

f) Behar diren funtzioak izatea helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duten erabiltzaileek egindako eragiketen emaitzak bereizteko.

g) Egindako transakzioa identifikatzeko eta fidelki berregiteko behar den informazio guztia aurkeztea, izan daitezkeen erreklamazioen ondorioetarako.

1.2. Joko sistemaren arkitektura eta baldintzak.

1.2.1. Aurreko atalean ezarritako bermeak betetzeko, joko sistemen arkitektura honako elementu hauen arabera egituratuko da:

a) Jokalarien kontu bereizien sistema.

b) Erabiltzailea sartzeko eta erregistratzeko kontrol sistemak.

c) Joko partidak eta eragiketak artxibatzeko eta egiaztatzeko sistemak.

d) Segurtasunerako, prebentziorako eta datuak berreskuratzeko sistemak.

1.2.2. Ondorio horietarako, joko sistemek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kopia bat izatea, apustuaren garapenari jarraipena emateko, sistema nagusia gaizki dabilenerako.

b) Egindako apustuen eragiketen erregistroari buruzko trazabilitaterako mekanismoak izatea, halako moduz non bermatuko baita eragiketa guztien historia, kokapena eta ibilbidea ezagutzea, segida kate osoan, baita sistemak biltegiratutako edozein eragiketa osoki berreraikitzeko ahalmena ere.

c) Ahultasunak berehalakoan zehazteko eta zuzentzeko aukera ematea.

d) Babesa emateko elikadura sistemak izatea, bermatuko dutenak ekipoek eta plataformek funtzionatzen segituko dutela nahiz eta matxura bat izan hornikuntza elektrikoan.

e) Apustuak ustiatzeko enpresaren kontrol eta zaintza pean izatea bulegoak, eta, zehazki, ekipoen eta plataformen osagaietarako sarbidea kontrolatuko dela bermatuko duten gailu fisikoak izatea.

f) Egiten diren apustuei dagozkien datu guztiak integratzea Apustuen Unitate Nagusian, erabilitako kanala edo modalitatea edozein izanik ere.

1.3. Kontrol administratiboa.

1.3.1. Joko sistemek bermatuko dute ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek, hain zuzen ere apustuak eta horien emaitzak ikuskatzearen, kontrolatzearen eta segimendua egitearen ondorioetarako jokoaren arloan eskudun direnek, sarbidea izanen dutela.

1.3.2. Joko sistemak ahalbidetuko du Administrazio Publikoarekin linea bidezko konexioak egitea, egiaztatu dadin erabiltzaileak jokoan sartzeko baldintzak betetzen direla.

1.3.3. Sistema teknikoak konexio informatiko segurua ezarriko du, jokoaren arloan eskudun diren Administrazioko organoen sistemekin bateragarria izanen dena, ahalbidetuko duena honako hauek ezagutzea, denbora errealean: ustiatze egoera, jokatutako zenbatekoak, emandako sariak eta egindako joko eragiketen erregistroak kontrolatzea eta segimendua egitea.

2. Webgunea.

2.1. Enpresaren domeinua eta identifikazioa.

2.1.1. Apustu enpresek webgunea izanen dute, eta hara iristeko domeinuaren izenak apustu enpresaren merkataritzako marka identifikatuko du, eta “.es” motako domeinua edukiko. Web orria ezin izanen da webgune horretakoak ez diren beste batzuetara berrelbideratu, salbu domeinu nagusiaren edo web orria identifikatzen duen merkataritzako markaren azpidomeinuetara.

2.1.2. Web orrian honako hauek kontsignatu beharko dira: baimenaren titularra den enpresaren izena, helbide soziala, IFK, posta elektronikoaren helbidea eta apustuetarako lokal baimenduen zerrenda, baita apustuak ustiatzeko baimen administratiboaren data eta hura eman zuen organo administratiboaren izena ere.

2.2. Mugak eta arduraz jokatzea.

2.2.1. Orri nagusian, toki ikusgarrian, honako informazio hau agertuko da:

a) Adingabeek apustu egiteko debekua, eta behar ez bezala jokatzeak adikzioa edo ludopatia sor dezakeela dioen ohartarazpena.

b) Apustuetan parte hartzeko debekuak, martxoaren 21eko 16/2011 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Haren bidez Nafarroako Apustuen Erregelamendua onetsi zen.

c) Jokalari bat Nafarroako Jokorako Sarbideko Interdikzioen Erregistro Orokorrean –Jokoaren arloan eskudun den Administrazioko organoak kudeatua– sartzeko jarraibideak. Lotura bat gaituko da eskaera webgunetik beretik tramitatzeko, telematikoki.

d) Arduraz jokatzeko printzipioak.

e) Erabiltzailearen joko ahalmena mugatzeko prozedura, egunean eta astean apustuak egiteko mugak ezarriz.

f) Jokoarekin lotutako arazoetan laguntza emateko elkarte espezializatuak. Jokoaren mendekotasunaren kontrako borrokan espezializatutako web orrietarako loturak jarriko dira.

2.2.2. Webguneak nahiz web orriak ez du izanen jokalariei finantza zerbitzuak emateko entitateen merkataritzako publizitaterik.

2.3. Erakundearen datuak.

Orri nagusian edo lotura bidez orri nagusitik zuzenean iristeko beste orri batean, honako informazio hau agertu beharko da:

a) Nafarroako Apustuen Erregelamenduaren testu ofiziala, martxoaren 21eko 16/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsia, baita ebazpen honena ere.

b) Baimena ustiatzen duen enpresaren barne araudia, joko arauekin.

c) Jokoaren arloan eskudun den Administrazioko organoak duen eskubidea jokalariari eta haren apustuei buruzko datuetara iristeko, kontrolaren eta ikuskapenaren ondorioetarako.

d) Apustuak egiteko jarraibideak, barnean direla erabiltzaileak erregistratzeko prozedura eta apustuak ordaintzeko eta sariak kobratzeko mekanismoak.

e) Apustuen izaera eta motak, apustu bakoitzeko baimendutako gehieneko zenbatekoa, horiek formalizatzeko baldintzak, balioztatutako emaitzak zehaztea, sariak ordaintzeko modua eta kredituarekin jokatzeko debekua.

f) Web orriaren bidez erreklamazio orriak aurkezteko prozedura.

3. Erabiltzaileen erregistroa eta jokalariaren kontua.

3.1. Erregistroa eta kontua irekitzea.

3.1.1. Apustu bat formalizatzeko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik apustuen enpresak erregistratzea, eta jokalari kontua izatea.

3.1.2. Ezin izanen da erregistrorik egin ez jokalari kontua ireki, baldin erabiltzaileak aurretik ez badu berariaz eskaerarik egin.

3.1.3. Erregistratu aurretik, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, interesdun bakoitzari espresuki, zehazki eta argi eta garbi azalduko zaio honako hau:

a) Haren datu pertsonalak fitxategi batean jaso eta tratatuko direla, eta kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa hura babesteko erabiliko dela, baita sariak kobratuko dituela bermatzeko ere, eta datu horietarako sarbidea izanen dutela interesdunak berak, jokoaren arloan eskudun diren Administrazioaren organoek eta apustuak ustiatzen dituen enpresak.

b) Lortutako datuak, komunikazioak eta apustuen garapena gorde eginen direla jaso eta ondoko bi urtean.

c) Datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubideak erabil daitezkeela.

3.1.4. Jokalari gisa erregistratzeko, erabiltzaileak honako datu hauek eman beharko dizkio enpresa ustiatzaileari:

a) Izena, deiturak, nortasun agiri nazionala (NANa), atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIT), jaioteguna, helbidea eta posta elektronikoko helbidea.

b) Erabiltzaileak bere burua identifikatzeko eta apustuen sisteman parte hartzeko aukeratu duen izena edo gakoa.

3.1.5. Jokalari kontua irekitzeko, erabiltzaileak hau egin beharko du:

a) Jokoaren baldintza orokorrak irakurri eta onartu.

b) Erantzukizuneko aitorpena, honako hauei buruzkoa: adinez nagusia izatea, helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea eta Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 32. artikuluan apustuak egiteko ezarritako debekurako zergatietako batean ere ez egotea.

c) Baimena ematea bere datu pertsonalak Administrazio publiko eskudunei lagatzeko, bakar-bakarrik egiaztatzeko ezen jokoan aritzeko baldintzak betetzen direla.

d) Baimena ematea bere datu pertsonalak, jokalari kontua eta egindako apustuak artxibatzeko eta biltegiratzeko.

3.1.6. Apustuak egiteko enpresek, erregistratu eta jokalari kontua ireki aurretik, Administrazio publiko eskudunekiko linea bidezko konexio sistemen bitartez, egiaztatuko dituzte aurreko atalean aipatutako erantzukizuneko aitorpenean ezarritako inguruabarrak.

3.1.7. Behin aurreko ataletan ezarritako egiaztapenak eginik, apustuen enpresak erregistroa egin eta jokalari kontua irekiko du, hari erabiltzaile izen bat eta sarbiderako gako bat emanez.

3.1.8. Jokalari kontua irekitzean, apustuen enpresak erabiltzaileari aukera emanen dio jokatzeko ahalmena mugatzeko, eguneko eta asteko mugak ezarriz haren jokatzeko ahalmenari.

3.2. Jokalari kontuaren kontzeptua eta edukia.

3.2.1. Jokalari kontua tresna bat da zeinak titularrari aukera ematen baitio hura jokatzeko funtsez hornitzeko, saria kobratzeko, bere funtsen egoera egiaztatzeko eta horietara iristeko. Jokalari kontuan erregistraturik gelditzen dira jokoa dela-eta egiten diren ordainketen eta diru-sarreren eragiketak. Joko enpresa bakoitzarekin erabiltzaileak kontu aktibo bakarra izan dezake.

3.2.2. Erabiltzen den transakzio ekonomikoetarako sistemak exijituko du ezen apustuaren ordainketa, sarien kobrantza eta jokatutako zenbatekoen itzulpena benetan egin dadila jokalari kontuaren bidez.

3.2.3. Jokalari kontuan datu hauek agertuko dira:

a) Izena, deiturak, nortasun agiri nazionala (NANa), atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIT), helbidea, jaioteguna eta posta elektronikoa.

b) Identifikatzailea, jokalariari bere kontuan sartzea ahalbidetzen diona.

c) Kontua irekitzea onartu zen eguna.

d) Erabiltzailearen kontua funtsez hornitzeko modua.

e) Apustuak egiteko ahalmenari jokalariak ezarritako mugak, eta onarpenaren eguna.

f) Historiala, gutxienez urtebetekoa, honako hauena: jokalariak izandako irabaziak eta galerak, jokalariaren kontura zenbat aldiz sartu den eta egindako finantza transakzioak.

3.3. Jokalari kontuaren funtzionamendua.

3.3.1. Jokalari kontuak banakako kontuak izanen dira, eta joko enpresak ezin izanen du hango funtsetara sartu salbu jokatutako zenbatekoak ateratzeko. Gordailututako funtsak babesteko bermeak emanen ditu joko enpresak, baita sarien ondoriozko diru-sarrerak egiteko ere.

3.3.2. Erabiltzailearentzat bakarrik egonen da kontua osoki eskuragarri, eta noiznahi sartzen ahalko da hartara eta hartan gordailututako funtsetara.

3.3.3. Jokalariak noiznahi eskatzen ahalko du bere joko ahalmenari jarritako mugak aldatzeko. Operadorea beharturik dago eskaera horiek berehalakoan onartzera.

3.3.4. Erabiltzaileak funtsak sartu eta atera ditzake bere jokalari kontutik, bankuko mugimenduen bidez edo ordaintzeko legezkoak diren beste bitarteko batzuen bidez. Bide horiek, betiere, jokoaren arloan eskudun den Administrazioaren organoak berariaz baimendu behar ditu.

3.3.5. Apustua egiteko, jokalariak behar adinako saldoa izan beharko du jokalari kontuan, jokaldia edo apustua estaltzeko.

3.3.6. Enpresa ustiatzaileak jokalari kontuan sartuko ditu irabazitako apustuen sariak, apustuaren xedea den ekitaldiaren emaitza balioztatu eta 24 orduko epean.

3.3.7. Baliogabetutako edo bertan behera utzitako apustuen zenbatekoa jokalari kontuaren bidez itzuliko dira.

3.3.8. Erabiltzaileak noiznahi atera ditzake jokalari kontuan gordailututako funtsak. Halaber, bere jokalari kontua deuseztatzen ahal du, salbu ebatzi beharreko apustuak edo kontuan saldoa baditu.

3.3.9. Jokalariak bere jokalari kontuan sartzen den aldiro, apustuen enpresek egiaztatuko dute, eskudun diren Administrazio publikoekiko linea bidezko konexio sistemen bitartez–aurreko atalean aipatutakoak–, jokalaria ez dagoela Nafarroako Jokorako Sarbideko Interdikzioen Erregistro Orokorrean –Jokoaren arloan eskudun den Administrazioko organoak kudeatua–.

3.3.10. Erabiltzailea bere jokalari kontura sartzen den aldiro, informazioa emanen zaio jokatzeko debekuei eta joko arduratsuaren printzipioei buruz, jokoaren arloan eskudun den Administrazioak ezarritako formatuan.

3.4. Jokalari kontua deuseztatzea.

3.4.1. Apustuak ustiatzen dituen enpresak jokalari kontua deuseztatu beharko du honako kasu hauetan:

a) Erabiltzaileak berariaz eskatu duenean eta ebatzi beharreko apusturik eta kontuan saldorik ez duenean.

b) Egiaztatzen duenean edo ohartzen denean sartzeko baldintzak ez direla bete, edo Apustuen erregelamenduaren 3.1 artikuluan ezarritako apustuak egiteko debekurako zergatietako batean dagoela.

c) Egiaztatzen denean jokorako sarbiderako baldintza zehatzen beste edozein ez-betetze gertatu dela, jokalari kontua irekitzeko betebeharrei dagokienez.

d) Hala erabakitzen duenean, ebazpen bidez, jokoaren arloan eskudun den Administrazioko organoak, apustuak ustiatzen dituen enpresak hala eskaturik, funtsatutako arrazoiengatik, aldez aurretik espediente administratiboa instruiturik eta interesdunari entzutea emanik.

3.4.2. Orobat, apustuak ustiatzen dituen enpresak jokalari kontua deuseztatzen ahalko du honako kasu hauetan:

a) Erabiltzailea ez bada jokalari kontuan sartzen bi hilabeteko epean, sartzeko erabiltzaile izena eta gakoa eman zitzaizkionetik.

b) Jokalariak ez badu apustu bat ere formalizatzen urtebeteko epean.

3.4.3. Jokalari kontua deusezteko unean jokalariaren aldeko saldo positiboa badago, joko enpresak berehalakoan itzuli beharko dio, erabiltzailearentzako inolako gastu gehigarririk gabe, kontuko saldoa, enpresaren antolakuntza arauetan aurreikusitako edozein bitarteko erabiliz.

4. Artxibatzeko eta biltegiratzeko sistemak.

4.1. Informazioaren kontrola.

4.1.1. Artxibatzeko eta biltegiratzeko sistemek ahalbidetu behar dute denbora errealean erregistratzea honako datu hauek:

a) Jokalari kontua eta haren historiala.

b) Erabiltzaileak konektatzeko eta bere jokalari kontuan sartzeko erabiltzen duen terminaleko “IPa”.

c) Egindako apustuen eta horiei lotutako eragiketen erregistroa.

4.1.2. Artxibatzeko eta biltegiratzeko sistemaren euskarriak honako hau bermatuko du:

a) Datu horiek babestea eta gordetzea, baita horiek kontsultatzea, ateratzea, administratzea eta kudeatzea ere.

b) Datuen segurtasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko neurri fisiko eta logikoak.

c) Jokoaren arloan eskudun den Administrazioko organoak biltegiratutako datuetarako sarbidea izatea, bai euskarria edo biltegiratze gunea dagoen bulegoetatik bai datu horiek urrutitik deskargatuz; horretarako, datuak ateratzeko eta balioztatzeko tresnen bertsio bat eman beharko du apustuen enpresak.

4.2. Informazioa gordetzea.

Aipatutako 4.1 ataleko datuak bi urtez gorde behar dira. Jokalari bakoitzak emandako datu pertsonalen kasuan, jokalari kontua deuseztatzen denetik zenbatuko da bi urteko epea.

5. Apustuak ustiatzea linea bidezko konexiorik gabe.

5.1. Administrazio publiko eskudunei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik oraindik inplementaturik ez badago edo funtzionatzeari uzten badio eranskin honen 3.1.6 atalean aipatutako linea bidezko konexioa, apustuen enpresak ez dira beharturik egonen hartan adierazitako erantzukizuneko aitorpeneko inguruabarrak egiaztatzera, konexioa ezgaiturik dagoen bitartean. Modu berean jokatuko da eranskin honen 3.3.9 atalean xedatutakoari dagokionez.

5.2. Aurrekoa galarazi gabe, kontuan izanik aurreikusten den deskonexioaren iraupena, jokoaren arloan eskudun den Administrazioaren organoak prozedura alternatibo bat aktiba dezake, apustuen enpresei bidaltzeko Nafarroako Jokorako Sarbideko Interdikzioen Erregistro Orokorraren fitxategi eguneratu bat, hartan daudenek ez dezaten jokoan parte hartu.

Iragarkiaren kodea: F1508250