113. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17E/2015 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, elikagaien artisautza enpresen elkarteei Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2015eko laguntzak emateko diru-laguntzen deialdia onesten duena. Laguntzak “de minimis” araubidearen araberakoak dira.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru antolamenduaren indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak interes berezia du nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko. Horri dagokionez, argi dago garrantzitsua dela kalitatezko nekazaritza produktuen merkaturatzea hobetzeko sustapen ekimenak bultzatzea laguntza ekonomikoen bidez. Produktu horien artean daude nekazaritzako elikagaien artisautzan egindakoak.

Nekazaritzako elikagaien artisautza Nafarroan arauetan onartutako kategoria da, zehazki Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza arautzen duen maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuan, uztailaren 29ko 298/1996 Foru Dekretuak eta azaroaren 5eko 318/2001 Foru Dekretuak aldatutako horretan.

Nekazaritzako elikagaien artisau-enpresek beraiek izandako ekimenaren ildotik, Nafarroako Foru Komunitateak “Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” izeneko marka sortu zuen 2000. urtean, eta horixe da, hain zuzen, dagokion erregistro ofizialean artisau-enpresa gisa izena emanda dauden enpresen nekazaritzako elikagaiek etiketan daramaten bereizgarria.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iritziz oso garrantzitsua da nekazaritzako elikagaien artisautza enpresak diruz laguntzea, ekoizleek eta egileek kalitatezko ekoizpen mota horretan parte har dezaten sustatzeko eta produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzeko, kontuan hartuta kontrolatutako eta bermatutako ezaugarri bereziak dituztela eta kalitate handikoak direla, ekoizpen eta prestaketarako arau zorrotzagoen menpe baitaude.

Ildo horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien eta nekazaritzako elikagaien enpresa txikien bideragarritasunaren hobekuntza bultzatu nahi da, beste ekintza ildo batzuekin, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria eta bizi-kalitate baldintza egokiak mantentzen direla bermatzeko.

Gainera, laguntza publikoak ahalik eta eraginkorrenak izatea ziurtatzeko, komeni da diru-laguntzak bideratzea, bereziki, legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisau-enpresen elkarteei.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude; araubide hori Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 EE Erregelamenduan dago jasoa, zeina Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorean “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa baita, “Aplikazio eremua” 1. artikuluaren c) puntuan ezarritako salbuespenekin bat.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/20015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen ekainaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Elikagaien artisautza enpresen elkarteei Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2015eko laguntzak emateko diru-laguntzen oinarria arautzaileak eta deialdia onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen dira.

2. Ebazpen honetatik datozen konpromisoei aurre egiteko, 10.000 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Nekazaritzako elikagaien artisautza enpresen elkarteentzako laguntzak” izeneko 720003 72220 4819 413102 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko apirilaren 20an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Juan Pablo Rebolé Ruiz.

I. ERANSKINA

Elikagaien artisautza enpresen elkarteei Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2015eko laguntzak emateko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak. Laguntzak “de minimis” araubidearen araberakoak dira

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Oinarri hauen xedea da elikagaien artisautza enpresen elkarteei Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2015eko laguntzak arautzea.

2. Laguntza hauen helburu nagusia da nekazaritzako elikagaien artisautza enpresen elkarteak laguntzea, artisautza produktuen prestaketan eta eraldaketan kalitatea sustatzeko eta ezaugarri bereziak dituzten produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzeko.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Onuradunak legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisautza enpresen elkarteak izan daitezke.

2. Ebazpen honetan ezarritakoaren ondorioetarako, merkataritzako jarduerak eginagatik ere, ateratako irabaziak oso-osorik entitatearen merkataritzakoak ez diren xedeetan inbertitzen baldin badira, entitate horiek irabazi-asmorik gabekotzat hartuko dira.

2. Laguntzen araubide hau Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren menpean dago (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua). (L 352 AO, 2013ko abenduaren 24koa).

3. Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan.

Hirugarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Diru-laguntza jaso dezakete “Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” kalitateko bereizgarriaren babeseko produktuak sustatzeari eta merkaturatzeari lotutako jarduerek, kontzeptu hauetarako, besteak beste:

–“Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” markaren plan estrategikoak eta sustapen planak egitea, baita Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautzaren kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuen merkatu-azterketak ere.

–Ezagutzak enpresen artean trukatzeko foroak eta merkataritzako misioak antolatzea, baita lehiaketak, produktuen erakustaldiak eta feriak ere.

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuak sustatzeko ekitaldiak, salmenta-puntuetako ekintzak eta saltzeko azoka txikiak antolatzea.

–Kalitateko bereizgarriaren babeseko produktu horien kontsumoa suspertzen duten argitalpen, katalogo eta eskuorrien edizioa, baita produktu eta ekoizleen informazioa aurkezten duten web orriak ere.

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuen kontsumoa suspertzen duten publizitate kanpainak, prentsan, irratian, telebistan, interneten edo beste hedabide batzuetan oinarritutakoak.

–”Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuen ezagutza eta salmenta sustatzen duten alderantzizko misioak antolatzea.

Laugarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira “Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuak sustatu eta merkaturatzeko jarduketei dagozkienak, entitate onuradunek proposatuak, helburu horretarako eginak eta hirugarren oinarrian jasoak.

Bosgarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen %50 izanen da laguntza.

Seigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

1. Ekintzak ebazpen honekin bat burutzea eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak diru-laguntzak emateko oinarri izan zen helburuan, ezarritako moduan eta epeetan, erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu badira, haien berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari eta, jaso badira, baita ere.

5. Jaso duen diru-laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar zergalditan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

8. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Zazpigarrena.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Ekintza deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskaerarekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:

a) IFKren kopia.

b) Laguntza hauek eskatzeko erabakia biltzen duen agiria, entitateko lehendakariak edo legeak gaituriko pertsona batek sinatua.

c) Elkarte eskatzailearen estatutuak eta hura eratzeko eskriturak, eta jarduera, bazkideen motak eta kopurua eta helburuak biltzen dituen informazioa.

d) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz kobratuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zein kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero.

e) Balio Erantsiaren gaineko Zerga osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.

2. Argibide hauek entitate onuradunari buruz:

a) Zer sektoretan diharduen.

b) Negozio bolumena.

c) Langileen plantilla, kontratu moten arabera sailkatua.

3. Sustatzeko eta merkaturatzeko jardueren gaineko informazioa:

a) Egin beharreko ekintzen deskripzioa, egutegia, horiek egiteko arrazoia eta horien balorazio ekonomikoa biltzen dituen memoria. Horretarako, beharrezko aurrekontuak aurkeztuko dira, edo proformako fakturak, eta aukeratutako aurrekontuaren justifikazioa, ekonomikoki mesedegarriena ez bada.

b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzea, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokienez, aurreikusten diren gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean, aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek zerbitzuetan, entitate eskatzaileak hornitzaile batzuei eskaturiko eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Diru aldetik abantaila gehien eskaintzen dituen enpresa hautatu ezik, horretarako zergatikoak adierazi beharko dira espresuki memorian.

4. Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak:

a) Erantzukizuneko aitorpena, dioena helburu bererako ez duela bestelako laguntzarik eskatu edo hartu, ez eta eskatuko ere.

b) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean (eskaeraren egunaren aurretik) “de minimis” araubideko laguntza guztiei buruzko idatzizko aitorpena.

c) Onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ..............., nire izenean (edo ....................... ordezkatuz) baimena ematen diot Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, nekazari kooperatibendako enpresak kudeatzeko planetarako laguntzen ekitaldi honetako deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko”.

e) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

Zortzigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari zuzenduko zaizkio eta Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoaren bidez.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da. Harekin batera, 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

4. Laguntzen diren jarduerak egin baino lehen aurkeztu beharko dira eskaerak.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:

a) Entitate eskatzaileko kide diren artisautza enpresen kopuruaren arabera:

–30 bazkidetik gora: 10 puntu.

–20-29 bazkide: 8 puntu.

–10-19 bazkide: 5 puntu.

b) Azpisektoreen arabera:

–Elkarteak hiru azpisektore baino gehiagoko operadoreak ordezkatzen baditu: 5 puntu.

Azpisektoreak Nafarroako Nekazaritzako Artisautzaren berezko araudian jasotzen dira.

c) Jarduketen xedeko merkatuen arabera:

–Espainiatik kanpo egindako jarduera bakoitzarengatik: 10 puntu.

–Nafarroatik kanpo egindako jarduera bakoitzarengatik: 5 puntu.

–Gainerako ekintza orokorrak: 2 puntu.

3. Eskaerek puntuazio bera lortuz gero, 2.a atalean puntu gehien duena lehenetsiko da eta, hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2.b atalean puntu gehien duena.

Hamargarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Agiri guztiak ez badaude, hamar egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, zeina jakinaraziko baitzaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, egiaztatuko da betebehar guztiak betetzen dituztela. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskabideak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak diru-laguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Laguntza eman baino lehen, enpresak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturiko gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

5. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 200.000 euroko muga hiru zergaldiko edozein denboralditan, eta 1407/2013 EB Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

6. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du diru-laguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko ditu ezetsi diren eskaerak.

7. Prozeduraren gainean ebazteko epea hogeita hamar egunekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat jotzen ahalko da eskabidea, administrazioaren isiltasunagatik.

Hamaikagarrena.–Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

1. Diru-laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, betiere 2015ko ekitaldiko abenduaren 10a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztuko ditu:

a) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, diru-laguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeetan arabera multzokatu eta sailkaturik.

b) Egindako jardueren deskribapena duen memoria, lorturiko emaitzen eta jardueren zabalkundearen balorazioa barne.

c) Diru-laguntzaren xedeko jarduerak egin direla egiaztatzen duten agiriak: memoriak, argazkia, publizitateko euskarri eta materialak, txosten eta azterlanen kopiak, argitaratutako materiala, etab.

d) Erantzukizuneko aitorpena, eskaera egindako egunaren ondoren xede bererako edo “de minimis” araubidearen menpeko beste edozein laguntza eskatu edo jaso izanari buruzkoa.

2. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak agiri guztiak miatuko ditu eta onetsiko ditu aurkezturiko gastuak, frogagirien balioa eta beste agirien askitasuna. Halaber, aipatutako zerbitzuak egiaztagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako agiriak zehaztu, argitu edo osatzeko asmoz.

Hamabigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Laguntzak ematen diren urte berean pagatuko dira, egoki diren egiaztapenak egiteko behar diren frogagiriak behin aurkeztuta.

2. Pagatu beharreko zenbatekoa ezarririko laguntza portzentajea laguntza jaso dezaketen egiazko gastuei aplikaturik aterako da. Lehenago onartu zena izanen da gehieneko kopurua.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Ekintza beretarako, ebazpen honen bidez arautzen diren laguntzak bateraezinak dira legez ezarririko beste edozeinekin.

Hamalaugarrena.–Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.

Hamabosgarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, zerbitzuen katalogoan, elikagaien artisautza enpresen elkarteei Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2015ean ematen diren laguntzei dagokien fitxan.

Iragarkiaren kodea: F1507598