113. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1222/2015 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, garraio kudeaketako teknikariaren lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dituena. Zerrendetako bat aldi baterako kontratazioetarako da eta, bestea, prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran aritzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda berri bat garraio kudeaketako teknikariaren lanpostuan prestakuntzan aritzeko, zerbitzu berezietako egoeran, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatu lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren menpe daudenetan.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.–DEIALDIA, GARRAIO KUDEAKETAKO TEKNIKARI GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA OSATZEKO

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da, garraio kudeaketako teknikariaren lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez betetzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da zerrenda (salbu eta Osasun Departamentuan).

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Garraioko eta Logistikako teknikariaren titulua edo Garraioaren Kudeaketako goi mailako teknikariarena (Merkataritza eta marketinaren lanbide arlokoa) edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den tituluaren betekizuna agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 arauan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesteko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II.
GARRAIO KUDEAKETAKO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTUAK PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIEN EGOERAN BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da garraio kudeaketako teknikariaren lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat hautaproben bidez betetzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da zerrenda (salbu eta Osasun Departamentuan).

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Garraioko eta Logistikako teknikariaren titulua edo Garraioaren Kudeaketako goi mailako teknikariarena (Merkataritza eta marketinaren lanbide arlokoa) edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den tituluaren betekizuna agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 arauan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita deia egiten denean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan aritzen diren langileek, ezta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.
BI DEIALDIEN ARAU KOMUNAK

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Eskabideak II. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioko izangaien kasuan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasuna eta nazionalitatea frogatzen dituen agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute bakarrik, eta, hala badagokio, aldi baterako kontratatuak izateko deialdiaren 2.1.a) oinarrian nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betekizunen frogagirienak.

Garraio kudeaketako teknikariaren lanpostuan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera adierazten denean.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) argitaratuko ditu (deialdiaren aipamenean), deialdi hauetan ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betekizunak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, betekizunen bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako hautapen prozesuan bi proba eginen dira.

a) Lehenbiziko proba: aukera anitzeko 50 galderako sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Gaiak ebazpen honetako I. eranskinean ageri direnak izanen dira. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Proba 50 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Erantzun oker bakoitzak erantzun zuzenaren balioaren erdia kenduko du.

b) Bigarren proba: 5 kasu praktiko ebatzi beharko dira, ebazpen honen I. eranskineko gaitegiarekin lotuak. Kasu praktiko bakoitzari 10 puntu emanen zaizkio gehienez.

Bi probak egun berean eginen dira. Epaimahaiak erabakiko du zenbat iraunen duen bi probetariko bakoitzak, hasi baino lehen.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

4.2. Hautaketa prozesuan 100 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, eta bazterturik geldituko dira hautaprobako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría, Sustapen Departamentuko Garraio Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko mahaiburua: Raquel Bujanda Perales andrea, Sustapen Departamentuko Plangintza eta Modernizazio Ataleko burua.

Mahaikidea: María Jesús Gutiérrez Gutiérrez andrea, Sustapen Departamentuko Garraioaren Ikuskapen Bulegoko burua.

–Ordezko batzordekidea: Ángela Sanz Rives andrea, Sustapen Departamentuko Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Mahaikidea: Carmen Castiella Sánchez andrea, Sustapen Departamentuko Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.

–Ordezko batzordekidea: Francisco Javier Ordóñez Rivera jauna, Sustapen Departamentuko administraria.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

–Ordezko batzordekidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: María Rosario Loitegui Biurrun andrea, Sustapen Departamentuko Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Ordezko mahaikide idazkaria: María Senosiáin Labat andrea, Sustapen Departamentuko Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu proba guztietarako edo baten baterako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak:

a) Aldi baterako kontrataziorako deialdia: probaren lehenbiziko partean lortutako notarik handienaren arabera hautsiko dira berdinketak.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraituz gero, lehenbiziko proban puntu gehiago lortu duenaren alde joko da.

c) Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.

6.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es, deialdiaren aipamena):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Garraio kudeaketako teknikariaren lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez izangaien zerrendak onetsiko dira. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es, deialdiaren aipamena).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen dutenek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Garraioko eta Logistikako teknikariaren tituluaren fotokopia konpultsatua edo Garraioaren Kudeaketako goi mailako teknikariarena aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratuak.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Garraio kudeaketako teknikariaren lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldia lortzen duten izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 25ean.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Gaitegia (garraio kudeaketako teknikaria)

1. gaia.–Lurreko garraioaren kudeaketa eta gainbegiratzea. Araudia. Garraio motak.

2. gaia.–Garraio baimenak. Motak. Lortzeko baldintzak. Araubide juridikoa. Batasuneko lizentzia.

3. gaia.–Lurreko garraioaren ikuskapena: legezko araubidea, kontzeptua eta eginkizunak. Zehapen araubidea. Arau-hausteak eta zehapenak.

4. gaia.–Gidatzeko eta atseden hartzeko denborei buruzko araudia. Takografoa eta abiaduraren mugatzailea.

5. gaia.–Kontrolerako beste tresna batzuk: gidariaren ziurtagiriak eta kontrolerako dokumentazioa.

6. gaia.–Nazioarteko eta kabotajeko garraioa: kontzeptua, modalitateak eta berariazko araudia. Salgai arriskutsuen eta galkorren garraioa.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontratazioaren eskabidea

Deialdiaren datuak:

Lanpostua

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua. Zk.:

Eguna

Datu pertsonalak.

Izen-deiturak

NANa

Nazionalitatea

Jaioteguna

Helbidea (kalea, zenbakia, atea...)

Herria

Posta kodea

Probintzia

Telefonoak (3 gehienez)

Posta elektronikoa

Baimena ematea.

Baimena ematen diot Nafarroako Gobernuari espedientea tramitatu eta ebaztearren beste administrazio publiko batzuen datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko, hauexek kasu honetan: NANa eta deialdian eskatzen den titulazio akademikoa.

Desgaitasunaren egiaztapena (bidezko denean, bakarrik):

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, desgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Halaber, honako hau adierazten dut:

Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa badudala.

Ez nagoela eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua, ezta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ere.

Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Ez dudala Espainiako nazionalitatea. Zin egiten edo hitzematen dut ez dudala .................................ko (sorterria) funtzio publikoan sartzeko diziplina zehapenik edo zigor penalik. (Sorterria).


Tokia eta eguna Sinadura

Oharrak:

Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, adierazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002, Iruña.

III. ERANSKINA

Eskabidea

Prestakuntzarako zerbitzu bereziak
(Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoek baino ez)

Deialdiaren datuak:

Lanpostua

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua. Zk.:

Eguna

Datu pertsonalak:

Izen-deiturak

NANa

Nazionalitatea

Jaioteguna

Helbidea (kalea, zenbakia, atea...)

Herria

Posta kodea

Probintzia

Telefonoak (3 gehienez)

Posta elektronikoa

Baimena:

Baimena ematen diot Nafarroako Gobernuari espedientea tramitatu eta ebaztearren beste administrazio publiko batzuen datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko, hauexek kasu honetan: NANa eta deialdian eskatzen den titulazio akademikoa.

Lanpostuaren datuak:

Departamentua: ..................................................................................

Zerbitzua: ...........................................................................................

Lanpostua: ..........................................................................................

Maila: ..................................................................................................

Desgaitasunaren egiaztapena (bidezko denean, bakarrik):

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, desgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Halaber, honako hau adierazten dut:

Nire lanpostuan jardunean egoteko tituluez gain, deialdian eskatzen diren tituluak ere baditudala eta deialdiko baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.


Tokia eta eguna Sinadura

Jakingarri:

Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, adierazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002, Iruña.

Iragarkiaren kodea: F1508251