113. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEITZA

Aldaketa, Herrilurren ordenantzan. Behin betiko onespena

Leitzako Udalak, 2015eko martxoaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leitzako herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituzten ordenantzen testu bateratua aldatzea.

Erabaki hau apirilaren 13an argitaratu zen, 2015eko 69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Epe hori iragandakoan eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betikoz onetsirik gelditu da aipatu ordenantzaren aldaketa; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion testuaren ariora.

Leitzan, 2015eko ekainaren 4an.–Alkatea, Arantxa Iparragirre Baleztena.

LEITZAKO UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUZTEN ORDENANTZEN TESTU BATERATUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Leitzako udal mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzen dituzten ordenantzak bakar batean bateratzea da Ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak bestereduezinak, preskribaezinak eta bahiezinak dira eta ez dute tributurik ordainduko.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz, Leitzako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Leitzako Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Leitzako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapean edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzultzea gertatzen bada, ondasunak Leitzako Udalaren ondarera itzuliko dira, herrilurretako ondasun gisa. Hasierako prezioari esleipenaren ondoko urteetan diruaren balioak izan duen gorakada aplikatuta eginen litzateke itzultzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2. artikuluak ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Leitzako Udala herrilurretako ondasunek zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Leitzako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Leitzako Udalak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurren mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien inguruan Leitzako Udalbatzaren akordioa beharrezkoa da.

10. artikulua. Eskualdatzerik egin nahi izanez gero, Leitzako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du ondasunak herri ondarearentzat berreskuratzeko.

11. artikulua. Leitzako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Leitzako Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Leitzako Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

14. artikulua. Herrilurretan debeku dira eraikuntza mota guztiak. Ordenantzak indarra hartu baino lehen baimendu ziren eraikuntzetan mantentze lanak egin ahal izanen dira, Leitzako Udalak aldez aurretik baimena emanda eta behar den obra lizentzia ordainduta.

IV TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I KAPITULUA

Xedapen orokorrak

15. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantza herrilurren aprobetxamenduak.

b) Herrilarreen aprobetxamenduak.

c) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

d) Herrilurren larre aprobetxamenduak.

e) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

16. artikulua. Leitzako Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

17. artikulua. 1. Orokorrean, Leitzako herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabe izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunaz.

c) Urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian Leitzan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak, Leitzako Udalean inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri aprobetxamenduen onuradunentzat.

f) Hogei ardi buru edo gehiago edo horren baliokidea izatea Nafarroako Gobernuko abereen erroldan erregistraturik, nagusiki bazka ekoizten duten herri aprobetxamenduen onuradunentzat. Beste azienda mota izatekotan, erleak, txerriak, hegaztiak edo beste batzuk, batzordeak kasu bakoitzean baloratuko du.

g) Ez da aprobetxamendua emango eskatzaileak azken lau urtetan (eskaera egin aurretik) antzeko lurrak saldu izan baditu.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Leitzako Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan Mendi Batzordearen txostena egin ondotik.

18. artikulua. Leitzako Udalak zuzenean esleitutako lur guztien erregistroa eramanen du eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, lurraren azalera eta kokapena eta izandako aldaketak.

II KAPITULUA

Laborantza eta belar sorotako herrilurren aprobetxamendua

19. artikulua. Herrilurren aprobetxamendua zuzenean esleituko zaie famili unitateko titular diren bizilagunei, ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, Mendi Batzordeak aldez aurretik aldeko iritzia emanda.

20. artikulua. Herrilurrez baliatzeko esleipenean, Leitzako Udalaren irizpideak berdintasuna eta zuzentasuna izanen dira, eta lehentasuna ematen die baldintza hauek betetzen dituzten famili unitateko titular bizilagunei:

a) Diru iturri nagusia nekazaritza edo abeltzaintza izatea.

b) Jabetzan edo beste nolanahi ezaugarri bertsuko lurrik ez izatea.

c) Herrrilurretan bestelako aprobetxamendurik ez izatea.

21. artikulua. 1. Aprobetxamendu mota honetarako, Leitzako Udalak urteko sari bat ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da. Zenbatekorik batere zehazten ez bada, aurreko urtean indarra zuen saria aplikatuko da, bizitzaren kostuak duen gorakadari egokituta, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen ariora.

2. Urte bakoitzari dagokion saria epe bakarrean ordainduko da.

22. artikulua. 1. Herrilurren aprobetxamendu epea 10 urtekoa izanen da, beste 5 urtez luza daitekeena Mendi Batzordeak berraztertu ondoren. Mendi Batzordeak bost urtean behin berraztertuko ditu emandako aprobetxamenduak eta bertan behera utzi ditzake emandako baldintzetan betetzen ez badira.

2. Partikularrek herrilurretan izandako gastuengatik ez dute diru-laguntzarik jasotzeko eskubiderik izango aprobetxamendu epea bukatzen denean edo baldintzak behar bezala ez direlako bete aprobetxamendua ezeztatzen denean.

23. artikulua. 1. Herrilurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendurik egiteko edo beste batzuei lagatzeko.

2. a) Aprobetxamenduak esleitzeko garaian lehentasuna izango dute diru-sarrera nagusiena abeltzaintzatik hartzen dutenek.

b) 20.000 m²-tik gorako esleipenetan kanona handitu eginen da, 10.000 m²-ko hain zuzen ere (20.000 m², 30.000 m²). 40.000 m²-tik gora, berriz, kopurua progresiboki handituko da, orduan ere 10.000 m²-ko.

c) Emandako lur eremua udalak markatuko du eta gastuak adjudikaziodunaren kargura geldituko dira.

3. Leitzako Udalak honelako baliokidetzeak finkatu ditu azienda mota bakoitzeko:

a) Behi buru bat 10 ardi buru adina da.

b) Zaldi-azienda buru bat 0,75 behi-azienda adina da.

c) Ahuntz buru bat ardi buru bat adina da.

24. artikulua. 1. Leitzako Udalak egoki juzgatzen dituen frogapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela egiaztatzeko.

2. Ondoko kasu hauetan ulertuko da herrilurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:

a) Nekazaritzako makinaria izanik, esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez denean.

b) Nafarroako Gobernuko Landazaintza Zerbitzuaren edo mendizainaren edo Leitzako Udaleko Mendi Batzordearen txostenari jarraituz, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik egonda.

d) Laborantzako lurren jabeak izanik, hirugarrenei errentan utzita dituztenean.

e) Bazka ekoizten duten herrilurren esleipen hartzaileak izanik, aziendak Udal honetako abere aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenean.

25. artikulua. Onuradunek zuzen behar dituzten laborantzako herrilurrak landu eta aprobetxatu.

26. artikulua. Onuradunek herrilurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, esleipenekoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.

27. artikulua. 1. Esleitutako herrilurretan itxiturak egiteko Leitzako Udalaren baimena beharrezkoa da. Itxiturak zurezkoak izan daitezke edo taketak burdin hariekin eta landareekin ere. Debekatuta daude fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, hormigoi-blokezkoak edo antzekoa ere, eta dagokion txaparekin identifikatuko dira.

2. Pasabideak eta bideak errespetatuko dira. Atakak jartzeko baimena eman ahal izango da interesatuak hura eskatu eta justifikatu ondoren eta Mendi Batzordeak kasu bakoitza aztertuta.

28. artikulua. Herrilurrak jabego pribatuko lurrekin batera itxi ahal izango dira, betiere mugarriekin behar bezala seinaleztatuta eta herrilurrak direla adierazten duten txapak jarrita.

29. artikulua. Herrilurren aprobetxamendua ezin izanen da trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesatuek eskaria egin gabe eta Leitzako Udalak baimenik ematen ez badu.

30. artikulua. Leitzako Udalak, onuradunei hiru hilabete lehenagotik gaztigatuta, aprobetxamenduaren esleipenak bertan behera uzten ahalko ditu arbolak landatzea sustatzen badu edo herrilurretan bestelako hobekuntzak egin nahi baditu. Ohartarazi behar da laborantzako herrilurren herritarren aprobetxamendua galtzeak ez diola onuradunari inolako kalte ordainik ekarriko. Hobekuntzek Nafarroako Gobernuaren baimena behar dute aldez aurretik.

II KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

31. artikulua. Leitzako Udalaren herrilurretako larreek ustiapen unitate bat bakarra osatzen dute, udalerriko herrilur guztiak harrapatzen dituena.

32. artikulua. Herrilurretako larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

33. artikulua. Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak diren herritarrak dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren onuradunak.

34. artikulua. Herrilurretako larreen esleipenean, Leitzako Udalak erabiliko dituen irizpideak nekazari-abeltzaintza eta gizarte arlokoak izanen dira. Nagusiki nekazaritzan edo abeltzaintzan aritzen diren famili unitateek eta ekonomikoki apalenak direnek izanen dute lehentasuna.

35. artikulua. Aurreko lerroaldean aipatutako famili unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Leitzako Udalak irizpide objektiboei jarraituko die, hala nola pertsona fisikoen gaineko errentaren aitorpena, landalurraren, abeltzaintzaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen beste edozein datu.

36. artikulua. Herritar abeltzainek zuzenean erabiliko dituzte larreak, ez baita zilegi besteri errentan eman edo lagatzea. Horri dagokionez, Leitzako Udalak kontsideratuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Nafarroko Gobernuko abereen erroldatik.

37. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta aipatu Foru Legeko nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

38. artikulua. Debeku da larreak zerri aziendarentzat erabiltzea.

39. artikulua. 1. Larreen onuradunek azienda buru bakoitzeko ordaindu behar duten saria urtero finkatuko du Leitzako Udalak azienda mota bakoitzarentzat. Zenbatekorik batere zehazten ez bada, aurreko urtean indarra izan duen saria aplikatuko da, bizitzaren kostuak duen gorakadari egokituta, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen ariora.

2. Urte bakoitzari dagokion saria epe bakarrean ordainduko da.

3. Leitzako Udalak tasa bat kobratuko du hektarea bakoitzeko, herrilarreen aprobetxamenduaren gainean Europako Batasunaren Nekazaritza Politika betetzeko luzatzen duen ziurtagiriengatik.

IV KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

40. artikulua. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Leitzako Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

41. artikulua. Leitzako Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hau, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

42. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

43. artikulua. Esleitu diren epaitzetatik kanpora, botatzeko arbolen enkantea eginen du, urtero, Leitzako Udalak.

44. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Udalak, kontuan harturik zein izan diren epaitzak markatzeak, bideak konpontzeak eta bestelako lanek ekarritako kostuak, betiere behar bezala justifikaturik badaude eta epaitzei zuzenean egozten ahal bazaizkie. Saririk finkatzen ez bada, ordaina egun bateko auzolana egitea izanen da, Udaleko langileek onuradunei errekerimendu egiten dieten egunean eta halabereko tokian.

45. artikulua. Epaitzak zozketaz esleituko dira; behar adina epaitza ez badago, daudenak zozketatuko dira eta hurrengo epaitzetan zerrendako gainerako eskatzaileek izanen dute lehentasuna.

46. artikulua. 1. Epaitza biltzeko epea zortzi hilabetekoa da zozketaren egunetik kontatzen hasita, Alkatetzak emandako baimen esplizituaren kasuan izan ezik.

2. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik gelditzen diren adarrak eta zotzak bildu eta pilatzera. Hondakin horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udalak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie.

Debekatuta dago hondakinak mendian bozatzea (plastikoak, latak, etab.). Horiek bildu eta dagozkien zaborrontzietara bota beharko dira.

3. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetez ukatuko zaie aprobetxamendu honen kontzesioa, eta %100eko errekargua izanen dute sarian, edo auzolan bi egun gehiago.

4. Adjudikaziodunen batek ez badu aprobetxatzen emandako lotea eta hurrengo urtean beste bat eskatzen badu, berriz esleituko zaio aurreko urtekoa, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, adjudikaziodunak ezin eskatuko du etxerako beste loterik, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geldituko da.

5. Kontzesiodunak mendiaren aprobetxamenduagatik eragin litzaketen kalte-galeren erantzuleak izango dira eta kalte horiek eta dagozkien zehapenak ordaindu beharko ditu.

6. Aspaldiko ohitura denez, baliaezintasun iraunkorra duten auzokideek gaitz egurra eskatzeko eskubidea izango dute. Mendi Batzordeak erabakiko du izandako eskaeren arabera.

V KAPITULUA

Leitzalarreko herri-mendiko aprobetxamenduak

47. artikulua. 1. Leitzalarrean aurri zorian ez dauden bordak aprobetxamendu historikotzat hartuko dira. Ez dira aprobetxamendu gehiago emango borda berriak eraikitzeko.

2. Leitzalarrean aurri zorian dauden borden aprobetxamendua galdutzat ematen da. Batzarrak borda hauen inbentarioa onartuko du.

3. Leitzalarrean ez da lur trukaketarik bideratuko.

47 bis. artikulua. 1. Erabilera pribatiboa duten gainerako eraikinak —etxebizitza gisa, aisialdirako edo industria jardueretarako erabiliko direnak—, haien egoera arautzen den bitartean, aldi baterako aprobetxamendutzat hartuko dira, dagokien kanonarekin.

2. Energia elektrikoa sortzeko instalazioak ere, eguzki-iturri natural alternatiboetan oinarrituak, aprobetxamendutzat hartuko dira, dagokien kanonarekin.

48. artikulua. Herriko bizilagunetan inork ezin izanen dizkio eskuratutako eskubideak kanpotar bati besterenganatu, hau da, herriko bizilagun ez den bati. Hala eginez gero, Leitzako herrilurren aprobetxamendurako edozein eskubide galduko du.

49. artikulua. Bizilagun batek bordaren gozamenerako eskubidea beste bati laga edo eskualdatzeko, baita aita-amek seme-alabei ere, Udalak esku hartu eta onartu beharko du.

VI KAPITULUA

Larre aprobetxamenduak

50. artikulua. Abeltzainen batzorde bat osatuko da larreetako batzordeak bilduz abeltzaintza zein egoeratan dagoen jakiteko. Honakoek osatuko dute: larreetako batzordetako kide bana.

51. artikulua. 1. Batzordearen iritzia jakin ondoren, Udalak behar den abere multzoa asignatuko du lurrak larrerako duen ahalmenaren arabera, kontuan hartuta %50eko portzentajea erabateko dedikazioa duten abeltzainentzako izango dela eta besteentzako %50ekoa.

2. Udalari dagokio batzordearekin kontsultatu ondoren abereak larretatik sartu eta ateratzeko datak ezartzea.

3. Abere kopuru muga ezarriko da lurrak larrea izateko duen ahalmenaren arabera, eta beti ahalegina egingo da behar adinako abere eramaten aprobetxamendua egokia izateko.

4. Onuradunek urteko kanon bateratua ordainduko dute abelburu bakoitzeko. Ateratzen den zenbatekotik larreak ongarritu eta aztertuko dira eta bestelako gastuak ere ordainduko dira. Abeltzainek auzolanean eginen dituzte larreen mantentze eta itxitura lanak.

52. artikulua. 1. Abere guztiek indarrean dauden osasun arauak bete behar dituzte eta hori egiaztatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ez dira onartuko abere ibiltariak.

2. Era berean, abere berriak debekatuta daude, bereziki ferietatik ekarritakoak. Derrigorrezkoa dute berrogeialdia edota segurtasun neurriak betetzea, gaixotasunak ez kutsatzeko edo ez zabaltzeko.

53. artikulua. Udalak kobratuko dio abeltzain bakoitzari batzarrak tasak onartzerakoan ezartzen den kanona. Kanon hori urtero eguneratu daiteke.

54. artikulua. 1. Larreak egoera onean mantentzeko lanak auzolan bidez eginen dira, eta hauek azienda kopuruaren arabera izanen dira, jarraian esaten den proportzioan:

–Ardiak: Auzolan egun bat, 1etik 50 burura arteko artaldeentzat.

  • Bi auzolan egun, 51tik 100 buru arteko artaldeentzat.
  • Hiru auzolan egun, 101etik 150 buru arteko artaldeentzat.
  • Lau auzolan egun, 151tik 200 buru arteko artaldeentzat.

–Behiak/Behorrak: Auzolan egun bat, 1etik 5 buru arteko taldeentzat.

  • Bi auzolan egun, 6tik 10 buru arteko taldeentzat.
  • Hiru auzolan egun, 11tik 15 buru arteko taldeentzat.
  • Lau auzolan egun, 16tik 20 buru arteko taldeentzat.

2. Auzolana bakarka egin daiteke, aldez aurretik Jarraipen Batzordeko arduradunari jakinarazita.

3. Auzolanak beti larreen mantentzerako izanen dira. Auzolan bat bikoitza bezala hartuko da abeltzainak bere lan makina eramaten badu.

4. Urte naturala bukatutakoan auzolanean egindako lanak zenbatuko dira eta udalak norbaitek huts eginez gero ordenantza hauetan ezartzen den isuna jarriko dio huts egindako egun bakoitzeko. Auzolanen kontrola Jarraipen Batzordeak eramanen du.

Abeltzainen batzordeek urtero emanen diote Udalari, abenduaren hasieran, abeltzainen jarraipen batzordeko kideek sinatutako orri bat, abeltzain bakoitzak egindako lanak jasoko dituena.

Dagokien auzolana egin ez duten abeltzainek ordainketa bat egin beharko dute, honakoa hain zuzen ere: egin ez den auzolan-egun bakoitzeko, D mailako langile baten lanegun bateko soldatari dagokion kopurua.

Larre hesituen aprobetxamenduak

55. artikulua. Abeltzain bakoitzak 200 ardi larratu ahal izango ditu mendi honetan, edo haien baliokidea behi edo behorretan, hau da, 20 behi eta 15 behor.

56. artikulua. Aritzko itxituraren kasuan, denboraldia maiatzaren 15ean hasiko da eta abenduaren 31n bukatuko da, baina Udalak aldatu ditzake data horiek.

Abeltzainek larreak ustiatzeko Jarraipen Batzorde bat izendatuko dute. Batzorde hau bost kidek osatuko dute eta gutxienez bi urtetik behin berrituko dira bertako bi ordezkari. Batzordearen izendapen berriak egiten diren aldioro, Udal erregistroan idatziz aurkeztu beharko da Batzordearen konposizio berria, berau osatzen duten kide guztiak identifikatuz.

Batzordearen eginbeharrak hauek izanen dira, besteak beste: Auzolanak proposatzea; Auzolaneko lan egunen kontrola eramatea; Azienden kontrola. Batzordeak kide baten edo batzuen esku utzi dezakeelarik kontrolaren ardura; larreen hobekuntzak gauzatzea, betiere udal Mendi Batzordearen aurretiazko oniritziarekin.

57. artikulua. Beste bi batzorde osatuko dira: Aizan mendiko batzordea eta Urdolakoa, bakoitza hiru kidez osatuta.

VII KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

58. artikulua. 1. Ehiza-ustiapena, herrilurretan dauden barrutietan, gai hori arautzen duen foru araudia betez eginen da.

2. Era berean, onuradunek barrutiak seinaleztatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izango dute.

V TITULUA

Esleitzeko jardunbidea

59. artikulua. Aprobetxamenduen eskabideekin batera ondoko alderdien gaineko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:

a) Leitzako bizilaguna izatea, hiru urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabete udalerrian bizitzea.

b) Udalerri honekin eta onuradunak loturak dituen toki entitateekin zerga betebehar guztiak eguneratuak izatea.

c) Udalerri honetan eta beste batzuetan lurren jabea baldin bada, horien azalera eta lur mota (baratzak, belar soroak, etab.).

d) Errentan edo bestela erabiltzen diren lurrak.

e) Azienda buruen kopurua, horien espeziea eta osasun ziurtagiria, larreen erabilpena eskatzen denean.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Leitzako Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko.

VI TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

60. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

c) Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

d) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

e) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

g) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

h) Edozein eraikuntza mota zutitzea.

i) Auzolanean lanik ez egitea, horretarako behartuta dagoen kasuetan.

j) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

61. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–a), b), c), d), e) eta f) letretako arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko zaio, Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak deusetan ukatu gabe. Gainera, egindako kaltearen balioaren gutxienez halako 5 eta gehienez halako 10 ordaindu beharko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 1.200 euro bitarteko isuna jarriko da.

–g) eta h) letretako arau-hausteengatik egindako kaltearen balioaren gutxienez halako 5 eta gehienez halako 10 ordaindu beharko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 12.000 euro bitarteko isuna jarriko da.

Aurretik esandakoa ulertzen da batere ukatu gabe kalteak kitatu beharra eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

1. xedapen gehigarria.–Erregelamendu honek aipatzen duen saria IV. Tituluko III. Kapituluan herrilurretako larreak aprobetxatzeagatik aipatzen den sariaren osagarria izanen da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe geldituko da Leitzalarreko herri-mendiko lurzatiak emateko Udalaren erregelamendua, Nafarroako Gobernuak 1929ko martxoaren 20an onetsi zuena, bai eta testu bategin honi aurka egiten dion xedapen eta ordenantza oro.

1. ERANSKINA

Leitzalarreko mugaketa

Eranskin hau Leitzalarrean sartzen diren lurrak mugatzen dituen planoa da.

TARIFEN ERANSKINA

a) Lantzeko lurrak (baratzak, alorrak): 0,06 euros/m².

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten langileentzako Gizarte Segurantzako sistema berezian altan daudenak, 0,03 euro/m².

b) Larreak:

Barrutiak: 53,84 euro hektareako.

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten langileentzako Gizarte Segurantzako sistema berezian altan daudenak, 26,92 euro hektareako.

c) Artegia herrilurretan: 1 euro/m².

–Eraikinaren azalera osoa aziendaren heiarako ez bestetarako erabiltzen denean, 0,1 euro ordaindu beharko da metro koadroko.

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten langileentzako Gizarte Segurantzako sistema berezian altan daudenak, 0,05 euros/m².

–Eraikinaren azaleraren zati bat bakarrik aziendaren heiarako erabiltzen denean, 0,5 ordaindu beharko da metro koadroko.

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten Gizarte Segurantzako langileentzako sistema berezian altan daudenak, 0,25 euros/m².

d) Erabilera pribatiboa duten eraikinak –etxebizitza gisa, aisialdirako edo industria jardueretarako erabiliko direnak–: 5 euro/m².

e) Arboladiak:

Arboladiak: 49,85 euro hektareako.

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten Gizarte Segurantzako langileentzako sistema berezian altan daudenak, 24,92 euro/ha.

f) Belarsoroak:

Belarsoroak: 79,76 euro hektareako.

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten Gizarte Segurantzako langileentzako sistema berezian altan daudenak, 39,88 euro/ha.

g) Erlauntzak:

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten Gizarte Segurantzako langileentzako sistema berezian altan daudenak, 0,58 euro bakoitzeko.

h) Energia elektrikoa sortzeko instalazioak, eguzki-iturri natural alternatiboetan oinarrituak: 0,20 euro/m².

i) Ur-belarrak:

Herrilarreetan sartzen den ardi eta ahuntz bakoitzeko: 1,2 euro.

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten Gizarte Segurantzako langileentzako sistema berezian altan daudenak, 0,6 euro.

Herrilarreetan sartzen den behor eta behi bakoitzeko: 11,96 euro.

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten Gizarte Segurantzako langileentzako sistema berezian altan daudenak, 6,00 euro.

j) NPB (PAC)eko subentzioan deklaratzeko zeditzen den lurra:

Orokorrean: 3 euro hektareako.

Gizarte segurantzan, nekazaritza arloan jarduten duten norberaren konturako langileentzako sistema berezian altan daudenak 0 euro.

k) Egur loteak:

Auzolanean egun bat edo D mailako langile baten egun bateko soldata.

Epez kanpo eskatzen denean: auzolanean bi egun edo D mailako langile baten bi eguneko soldata.

l) Bi hektarea baino handiagoak baina zazpi hektarea baino txikiagoak diren aprobetxamenduetan, aplikatu beharreko tarifa geometrikoki handituko da, era honetan: gehitutako hektarea bakoitzeko %10.

Zazpi hektarea edo gehiago duten aprobetxamenduetan, aurreko tarifa geometrikoki handituko da, era honetan: gehitutako hektarea bakoitzeko %30.

Tarifa hau aplikatzerakoan kontuan hartuko da lehendabizikoa larreari dagokion azalera.

Iragarkiaren kodea: L1508739