113. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Establezimenduetako errotulazio elementuak euskaraz
paratzeko diru-laguntza deialdia, 2015ekoa

Baztango Udalak euskararen gizarte ezagutza handitzeko eta erabilera sustatzeko konpromiso irmoa du. Izan ere, euskara Baztango hizkuntza izanik ere, hainbat gizarte esparrutan toki txikia du eta egoera ahulean dago.

Horregatik, Baztango udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantzak Udaleko zerbitzu guztietan ez ezik udalerriko gizarte bizitzan ere euskararen erabilera piztea eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea ditu xede.

Ahalegin horren barnean udalerriko hizkuntza paisaian eragitea dago eta helburu horretara zuzendurik dago merkataritza arloko errotulazio elementuak euskaraz paratzeko diru-laguntzak ematea. Diru-laguntza horiek arautzeko Baztango Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2015/05/22an egindako bilkuran honako baldintza eta irizpide hauek onartu ditu.

Baztanen, 2015eko maiatzaren 22an.–Alkatea, Garbiñe Elizegi Narbarte.

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea Baztango Udalak udalerriko establezimentuetako errotulazio elementuak euskaraz paratzeko emanen dituen diru-laguntzak arautu eta bideratzea da. Diru-laguntza hauen arrazoia diren jarduerek euskararen gizarte erabilera sustatu eta hedatzea izanen dute helburu berariazko.

2.–Diru-laguntzaren gaiak eta kontzeptuak.

Diru-laguntza errotulazio elementu hauei dagokie: merkataritza eta ostalaritza establezimenduetako, enpresetako nahiz elkarteetako errotuluei eta toldoei, atarien ondoko profesionalen plakei (betiere kanpoko aldekoak badira, hau da, karrikara ematen badute) eta ibilgailu komertzialen errotulazioari.

3.–Onuradunak.

3.1. Pertsona edo entitate onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zergen ordainketa eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean eduki.

b) Baztango Udalarekin ordaindu gabeko zorrik ez izan.

c) Errotulua euskaraz idatzi, zuzen eta egoki. Euskarazko testuek piktogramak edo irudiak izan ditzakete lagun.

d) Errotulua ele bitan idatziz gero euskarari lehentasuna eman behar zaio. Lehentasuna honela ulertuko da:

–errotuluko testuak dituen hitz gehienak euskaraz egotea. Hori ebazteko bi elementu hauek ez dira aintzat hartuko: 1) izen bereziak (antroponimo, toponimo nahiz markak); eta 2) euskaraz eta gaztelaniaz berdintsu ahoskatzen diren eta soilik grafia desberdin duten hitzak (erraterako: arkitektura, informatika, enpresa...).

–hizkuntza bat goitin eta bertzea beheitin paratuz gero, euskara goikoa izatea;

–hizkuntzak elkarren alboan paratuz gero, euskara ezkerrekoa izatea;

–euskarazko testuaren letraren neurria edota lodiera erdarazkoarena baino handiagoa izatea;

–euskarazko testuaren kolore kontrastea erdarazkoarena bera edo hobea izatea.

3.2. Onuradunek errotulazio elementuak euskaraz paratzeko gastua deialdirako eskabideak aurkezteko epea akitzen den urte naturalean egina izan behar dute.

3.3. Ez da diruz lagunduko:

a) Izen bereziren bat (jabearen izena edo abizena, edo toponimo bat) baizik ez duten errotuluak. Langintza edo jarduera profesionalaren adierazleari begiratuko zaio.

b) Euskaraz gaizki idatzirik dauden edo oker gramatikalen bat duten errotuluak. Hizkuntza zuzentasun eta gramatikaltasun irizpideak Euskaltzaindiak ezarritakoak dira.

c) Beharrezko Udal baimenak ez dituzten elementuetako errotulazioak.

3.4. Baztango Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, errotulazioa euskaraz paratu nahi dutenei itzulpen eta aholkularitza zerbitzua doan eskainiko die.

3.5. Udalak eskatzaile bakoitzari behin bakarrik emanen dio errotulazio elementu jakin bat euskaraz paratzeko diru-laguntza. Bere aldetik, diru-laguntzaren onuradunak konpromisoa hartuko du diruz lagundutako errotuluak hortik aitzaina hala izaten jarraitzeko, inoiz erdarazko errotulua paratzeko aukera guztiz bazterturik.

4.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

4.1. Diru-laguntza hauek 2015 urteko aurrekontuen diru-laguntzen sailaren kargura joanen dira, zehazki, merkataritzako errotuluak euskaraz paratzeko diru-laguntzen deialdira. Horretarako 2.000 euroko aurrekontua dago.

4.2. Diru-laguntzak bi kategoriatan emanen dira:

a) Euskara hutsean idatzitako errotulazio elementuek sortutako gastuaren %50 bitarteko diru-laguntza jasoko dute, gehienez 500 euro.

b) Euskaraz eta erdaraz idatzitako errotulazio elementuek, betiere euskarari lehentasuna emanik, egindako gastuaren %25 bitarteko diru-laguntza jasoko dute, gehienez 250 euro.

4.3. Diru-laguntzak errotulazio elementu bakoitzari aplikatuko zaizkio.

4.4. Aurrekontuetan aurreikusi den diru-kopurua, behar den epean eta behar den moduan aurkezten diren eskaeren artean zatituko da, deialdiko baldintzak betetzen dituztenen artean betiere. Zatiketa euskara hutsezko eta ele biko kategorietara aurkeztu diren eskaeren proportzioaren arabera eginen da.

5.–Deialdiaren publizitatea.

Deialdi hau honako hauetan iragarriko da: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean eta udaletxeko iragarki-oholean.

6.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2015eko azaroaren 27ko 14:00etan akituko da.

7.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskatzaileek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Baztango Udaletxeko erregistroan:

a) Diru-laguntza eskabidea, honekin batera doana, behar bezala beterik.

b) IFKren fotokopia.

c) Fakturaren fotokopia eta ordainketaren egiaztagiria.

d) Errotuluaren argazkia.

e) Aitorpena, administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako diru-laguntza ororen gainekoa, deialdi honen xedearekin zerikusia duena. Eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden adierazi beharko da. Azkenengo kasu horretan kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia erantsiko da.

Hori dena zuzenean edo 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen dituenak aurreikusitako beste prozeduraren bat erabiliz egin ahal izanen da. Hona helbide postala eta gainerako datuak:

Baztango Udala. Euskara Zerbitzua.

Foru plaza, zk.g.

31700 Elizondo.

Telefonoa: 948 580 006.

Faxa: 948 45 22 69.

E-posta: euskara@baztan.eus.

8.–Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan okerrik dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, hamar egun natural emanen zaizkio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo agiriak osatzeko. Epe hori igaro eta akatsa.

Zuzendu edo agiriak osatu ez badira, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

9.–Ebazpena.

Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko erabakia Baztango Udaleko alkate-udalburuak edo berak eskuordetzan ahalmen hori eman dion organoak hartuko du. Erabaki hori interesdun guztiei jakinaraziko zaie.

10.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, haiek emateko erabakia hartu ondoren; banku transferentziaz eginen da eskatzaileek adierazitako kontu korrontearen zenbakian.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok zein pribatuk helburu berberaz emandakoekin, betiere gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada.

12.–Diru-laguntzen itzulketa.

Onuradunek diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko dute ondoan azaltzen diren kasuetako baten bat gertatzen bada:

a) Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

b) Eskatzen diren agiriak ez aurkeztea horretarako ezarritako epean.

c) Diru-laguntzaren xedea den jarduerak, errotulazio elementuak euskaraz paratzeak, bertze diru-laguntzaren bat izan badu eta gehiegizko finantzaketa gertatzen bada.

d) Nahitaez onartu behar diren egiaztapenak ez onartzea edo oztopatzea.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, xedatutakoak aginduko du.

14.–Datuen babesa.

Eskatzaileen datuak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

15.–Aplikatuko den araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako Toki-Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, aplikatuko dira.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiko administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Establezimenduetako errotulazio elementuak euskaraz paratzeko diru-laguntzak.

Eskabidea

Ayudas para la colocación en euskera de elementos de rotulación,

Instancia de solicitud

Eskatzailearen datuak:

Datos del/de la solicitante:

Izen-abizenak:

Nombre y apellidos:

IFK:

CIF:

Helbidea:

Dirección:

Posta kodea eta herria:

Código postal y localidad:

Telefonoa:

Teléfono:

Helbide elektronikoa:

Dirección electrónica:

Kontu korrontearen zenbakia:

Número de cuenta corriente:

2015ean errotuluak euskaraz paratzeko egindako gastuak, guztira:

Gasto total realizado en 2015 para la colocación de los rótulos en euskera:

............................. euro

(Data eta sinadura)

(Fecha y firma)

Iragarkiaren kodea: L1508564