113. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

52/2015 FORU AGINDUA, maiatzaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren lanbide heziketako prestakuntza programak, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloak” deituak, arautzen dituena hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzat, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak hasierako lanbide kualifikazioko programak ezarri zituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan graduatu titulua lortzen ez duten hamasei urtetik gorako ikasleentzat, hamabost urtekoentzat salbuespen gisa, eta aldi berean xedatzen zuen autonomia erkidegoei zegokiela programa horiek erregulatzea. Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 4ko 109/2008 Foru Aginduaren bidez arautu ziren Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak Nafarroan.

2014-2015 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak ezarri direnez, Hezkuntza Departamentuak erabakia hartu du otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian “lanbide lantegiak” izenarekin adierazitako lanbide heziketako programak Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko baldintzak bete ez eta, lehenago, hasierako lanbide kualifikazioko programetako lanbide lantegiaren modalitatean sartzen ahal ziren ikasleen prestakuntza eta kualifikazio beharrei erantzutearren.

Orobat, Hezkuntza Departamentuak, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian ere oinarrituta, erabakia hartu du lanbide heziketako beste programa batzuk, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloak” izenekoak, arautu eta ezartzeko 2015-2016 ikasturtean, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen prestakuntza eta kualifikazio beharrei erantzutearren.

Ikusita Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren lanbide heziketako prestakuntza programak, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloak” izenekoak Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arautzearen aldekoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren lanbide heziketako prestakuntza programak arautzea du xede foru agindu honek, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzat.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu hau hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzat lanbide heziketako berariazko programak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuetan aplikatuko da, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ikastetxe horiek funts publikoekin sostengatuak izanik.

3. artikulua. Xedea eta helburuak.

1. Lanbide Heziketa Bereziko zikloak lanbide heziketako prestakuntza programak dira, hezkuntza behar bereziak, aldi baterakoak edo iraunkorrak, dituzten gazteen prestakuntza eta kualifikazio beharrei erantzutea helburu dutenak; gazte horiek, haien berariazko hezkuntza beharren ondorioz, hezkuntza arloko sostengu eta arreta jakin batzuk behar dituzte eta haien autonomia pertsonala eta sozialak arrazoizko itxaropenak ematen dizkie zenbait lanpostu eskuratzeko.

2. Lanbide Heziketa Bereziko zikloek helburu hauek dituzte:

–Lanpostu bat eskuratzeko eta gizartean aktiboki parte hartzeko beharrezkoak diren lanbide gaitasunak eta etengabeko ikaskuntzarenak lortzea.

–Ikasleen garapen pertsonalean eta autoestiman, autogidaritzan eta autonomia pertsonalean eta sozialean laguntzea.

–Ikasleek lanbide heziketaren hezkuntza sisteman eta enplegurako lanbide heziketaren sisteman aurrera egiten laguntzea, baita ikaskuntzan ere bizitzan zehar.

–Beharrezko ohitura eta jarduerak eskuratzen laguntzea, lan jardueraren ondorioz gertatzen ahal diren arriskuen aurrean neurriak hartuz eta segurtasunez lan egiteko.

–Lan esperientziak eskaintzea lantokiko prestakuntza izeneko moduluaren bidez, lortutako prestakuntzaren eta lanbide gaitasunen arabera.

–Ikasleen laneratzea erraztea, tutoreen laguntza eta banakako orientabide soziolaboral eta akademikoaren bitartez, arreta berezia emanez haien garapen pertsonalari, ikaskuntzei, lan merkatuaren ezagutzari eta lan bilaketa aktiboari.

4. artikulua. Modalitateak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 75. artikuluan ezarritakoa garatuz, Lanbide Heziketa Bereziko (LHB) zikloak Nafarroako Foru Komunitatean emanen dira, bi modalitatetan:

–A modalitatea: ikastetxe arruntetan ematen dena da. Desgaitasunari lotutako hezkuntza behar bereziak izan eta Curriculum Bereziko Unitateetan edo Curriculum Egokitzapen Garrantzitsuak dituzten ikastetxe arruntetan eskolatu direnentzat da.

–B modalitatea: hezkuntza bereziko ikastetxeetan ematen dena da. Derrigorrezko etaparen ondotik desgaitasunari lotutako hezkuntza behar bereziak dituztenentzat da, haien egokitzeko abileziek, autonomiak eta desgaitasun mailak laguntza orokor eta jarraituak eskatzen dituztelako, lanerako ikastegi batean, enplegu zentro berezi batean edo beste enplegu modalitate batzuetan sartzeko aukera arrazoizkoak izanik.

5. artikulua. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan sartzeko baldintzak.

Oro har, aldi berean hurrengo baldintzak betetzen dituzten ikasleak sartzen ahalko dira ziklo hauetan:

–Adina: hamaseitik hogeita bat urte bitarte izatea, biak barne, Lanbide Heziketa Bereziko zikloa hasten den urteko abenduaren 31 baino lehen.

–Desgaitasunari lotutako hezkuntza behar bereziak izatea eta ikastetxe arruntetan, Curriculum Bereziko Unitateetan edo Curriculum Egokitzapen Garantzitsuak dituztenetan, edo hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatuak izatea, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortu ez izatea.

II. KAPITULUA

Inskripzioa, prozedura eta onartzeko irizpideak

6. artikulua. Ikasleak onartzeko prozedura.

1. Ikasleak onartzeko prozedura apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1., 2., 4. eta 5. ataletan ezarritakoaren arabera eginen da. Foru dekretu horren bidez, arauak ematen dira Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatez kanpoko irakaskuntza ematen duten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko.

2. CREENA Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren bidez ezarritakoa da Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan ikasleak sartzeko prozedura, eta ikasleak ikasturte hasieran sartuko direla bermatzen duen epean bukatuta egon beharko du.

7. artikulua. Inskripzio epeak, jarraibideak eta tramitazioa.

1. Epe bakar bat dago Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan inskribatzeko, eta CREENA Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak ezarriko du ikasturte bakoitzerako.

2. CREENA Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak finkatuko ditu ikasturte bakoitzeko prozesua zehaztuko duten jarraibideak.

3. CREENA Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroan eginen da inskribatzeko eskaera, eta hark inskripzio eskaerak igorriko dizkie ikastetxeei.

4. Ikastetxeek EDUCA informatika-aplikazioaren bidez eginen dute eskolatze prozesuaren tramitazio osoa.

8. artikulua. Onarpena eta matrikulazioa.

1. Ikasleak Lanbide Heziketa Bereziko ziklo batean onartutzat joko dira horrela agertzen direnean ikasle onartuen behin betiko zerrendan, edo Hezkuntza Departamentuak ikastetxe batean plaza esleitzen dienean.

2. Onartua den ikastetxean eginen du matrikula ikasleak, CREENA Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak ezartzen dituen epeetan.

3. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez arautuko dira Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko irizpideak.

9. artikulua. Espedientea eta haren lekualdaketa.

1. Desgaitasunak izan eta Curriculum Bereziko Unitate batean ikasketak egin dituzten ikasleei buruzko informazioa zuzenean igorriko da ikastetxeetako orientabideko profesional batzuen eskuetatik besteenera, eta Bigarren Hezkuntzaren bukaerako sintesi txostena erantsiko zaio, Lanbide Heziketa Bereziko ziklorako.

2. Desgaitasunari lotutako hezkuntza behar bereziak izan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Curriculum Egokitzapen Garrantzitsuekin egin dituzten ikasleen kasuan, txosten pedagogikoa, ezarriko den ereduaren araberakoa, igorriko da CREENAra.

CREENA Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa arduratuko da informazioa ikastetxe hartzaileari emateaz, inskribatu eta matrikulatu aurretik.

10. artikulua. Informazioa Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

Ikastetxeek eta Hezkuntza Departamentuko zerbitzuek beren eginkizunei buruzko txostenak emanen dizkiote Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari, eskatzen dizkienean.

III. KAPITULUA

Lanbide Heziketa Bereziko zikloen diseinua eta antolaketa

11. artikulua. Lanbide Heziketa Bereziko zikloen antolaketa eta egitura.

1. Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa garatuz, Lanbide Heziketa Bereziko zikloen egitura 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluez eta beste prestakuntza-modulu batzuez osatzen da; horien helburuek ikasketa emaitzetan, ebaluazio irizpideetan eta edukietan zehaztuta egon beharko dute, indarra duen araudian ezarritakoari jarraituz.

2. Lanbide Heziketa Bereziko zikloek egitura hau dute:

a) Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak, honela:

–Oinarrizko Lanbide Heziketako titulu batean integratuta.

–Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalari buruzko 1. mailako beste gaitasun unitate batzuei egokituta izatea.

b) Etengabeko ikaskuntzaren gaitasunei lotutako lanbide moduluak, ikasleen berariazko beharrei egokituak:

–Modulu soziolinguistikoa.

–Modulu zientifiko-teknologikoa.

c) Autonomia pertsonala eta laneko orientabidea izeneko lanbide modulua.

d) Lantokiko prestakuntza izeneko lanbide modulua. Nahitaezkoa izanen da, eta zikloko azken bi ikasmailetan garatzen ahalko da, 300 orduz. Azken ikasmailan, Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzen ahalko dira.

e) Tutoretza.

3. Orobat, Lanbide Heziketa Bereziko ziklo bakoitzaren oinarrizko curriculumak beste modulu batzuk, zikloko lanbide profilarekin zerikusia duten gaitasun unitateei lotu gabeak, jasotzen ahalko ditu.

12. artikulua. Moduluen iraupena, sekuentziazioa eta denbora banaketa.

1. Lanbide Heziketa Bereziko zikloek 4.000 orduko iraupena izanen dute, lau ikasturte osoetan banatuta.

2. Lanbide Heziketa Bereziko zikloen ordu kopurua, oro har, honela banatuko da ikasturte bakoitzean:

a) 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak: hamabost ordu astean.

b) Etengabeko ikaskuntzaren gaitasunei lotutako lanbide moduluak, eta autonomia pertsonala eta laneko orientabidea izeneko modulua: hamalau ordu astean.

c) Lantokiko Prestakuntza izeneko lanbide modulua. Nahitaezkoa izanen da, eta zikloko azken bi ikasmailetan garatzen ahalko da, 300 orduz. Azken ikasmailan, Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzen ahalko dira.

d) Tutoretza: Ordubete astean.

3. Ikastetxeek eta entitateek Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan Lanbide Heziketa Bereziko zikloentzat ezarritako iraupena, sekuentziazioa eta denbora banaketa aldatzeko eskatzen ahalko diote Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, erabakitzen den prozedurari jarraituz. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez baimendu beharko da aldaketa hori.

13. artikulua. Moduluen antolaketa prestakuntza unitatetan.

1. Prestakuntza bultzatu eta ikasleen berariazko behar berezietara egokitzearren, eta ikastetxeen antolaketa eta kudeaketarako autonomia erraztearren, Lanbide Heziketa Bereziko ziklo bateko lanbide modulu baten edo gehiagoren edukia hainbat prestakuntza unitatetan banatzen ahal da, horiek bereizita emateko, eta kidego eta espezialitate desberdineko irakasleek ematen ahalko dituzte.

Ofizioz edo ikastetxeek eskaera arrazoituta antolatzen ahal da modulu bat zenbait prestakuntza unitatetan; Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari egin beharko zaio eskaera, erabakitzen den prozedurari jarraituz. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez baimendu beharko da antolaketa hori.

2. Prestakuntza unitateak lanbide moduluan lortzen ahal diren gaitasun pertsonalei, sozialei eta etengabeko ikaskuntzari lotutako ikaskuntza-emaitza bat baino gehiago jaso beharko ditu.

3. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan du balioa. Lanbide modulu bat osatzen duten prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, modulu horren ziurtapenerako eskubidea ematen du.

4. Antolakundeak ziurtatu behar du ikasleak modulua osatzen duten prestakuntza unitate guztiak eginak dituenean haren curriculumaren eduki guztiei dagokien prestakuntza jasoa izanen duela. Gainera, prestakuntza unitateen ordu guztien batura, gutxienez ere, dagokion zikloan indarra duen curriculum garapenean modulurako aurreikusitako ordu kopuru adinakoa izanen da.

14. artikulua. Lanbide moduluak.

1. Lanbide Heziketa Bereziaren zikloko lau ikasmailetan garatuko dira 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak, lanbide modulu soziolinguistikoa, lanbide modulu zientifiko-teknologikoa eta autonomia pertsonala eta laneko orientabidea izeneko lanbide modulua.

2. Lanbide modulu horiek, arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla eta, lau prestakuntza unitatetan banatzen ahal dira, lau ikasmailetako bakoitzean garatzeko.

3. Prestakuntza unitate bakoitzak bere programazio didaktikoa izan beharko du, eta kasuan kasuko lanbide modulua osatzen duten beste prestakuntza unitateekin koherentzia gordeko du.

4. Beren lanbide moduluei lotutako 1. mailako gaitasun unitateak 1. mailako kualifikazio oso edo ez oso batean sartzen ahal dira Lanbide Heziketa Bereziko zikloaren curriculumean.

5. Gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak gainditzeak dagozkion gaitasun unitateak egiaztatzen ditu, indarra duen araudian ezarritakoari jarraituz.

6. 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak gainditzeak ziurtagiri akademiko baterako eskubidea emanen du; horrexek, dagozkion ondorio akademikoez gain, lanbide-gaitasuneko unitateak metatzeko orduan izanen ditu ondorioak Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalean.

7. Ofizioz edo ikastetxeek eta entitateek eskaera arrazoituta sortzen ahal dira prestakuntza unitateak, beste espezialitate bateko irakasleek ematen ahal dituzte eta prestakuntza unitateen erreferentziako iraupena aldatzen ahal da; Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari egin beharko zaio eskaera, erabakitzen den prozedurari jarraituz. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez baimendu beharko dira proposamen horiek.

8. Modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateak programatzeko, koordinazioa beharko da haiek ematen dituzten irakasleen artean, irakaskuntza horien printzipio globalizatzailea manten dadin; gainera, modulu horien ikaskuntza-emaitza guztiak lortzen direla bermatu beharko da eta, betiere, haietarako guztira ezarritako iraupena errespetatu.

15. artikulua. Lantokiko prestakuntza izeneko modulua.

1. Oro har, lanbide modulu hau, nahitaezkoa denez, zikloko azken bi ikasmailetan eman beharko da, 300 orduz. Azken ikasmailan, Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzen ahalko dira.

2. Dena dela, Lanbide Heziketa Bereziko zikloaren ezaugarriengatik hala iritziz gero, ikastetxeak beste denbora banaketa bat proposatzen ahalko du; horretarako, ikastetxeak proposamen arrazoitu bat aurkeztu beharko du eta Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza nagusiak baimendu.

16. artikulua. Tutoretza eta Lanbide Orientabidea.

1. Tutoretza eta Lanbide Orientabidea bereziki hartuko dira kontuan ziklo hauetan. Tutore lanak gidatuko du ikasleen hezkuntza-prozesua, bai bakoitzarena, bai taldearena. Ikasleen berariazko beharrei egokituz burutuko dira tutoretza eta lanbide orientabidea.

2. Laugarren ikasmailan bereziki kontuan hartuko da hurrengo erabakiak hartzeko orientabidea, prestakuntzan jarraitzeari dagokionez; horretarako, jarraitzen ahal diren ibilbideak eman beharko zaizkie ezagutzera ikasleei, eta lan munduaren informazio eguneratua eskainiko zaie, hezkuntzan zein lanbide arloan etorkizuna kudeatze aldera.

3. Lanbide Heziketa Bereziaren zikloko tutorea ikasleez arduratzen den irakasle taldeko kide bat izanen da, eta, ahal dela, pertsona bera izanen da lau ikasmailetan. Tutoreak irakasle guztien hezkuntza lana koordinatuko du, eta harreman malgua izanen du familiarekin. Dena dela, zikloa ematen duen irakasle taldeko kide guztiek parte hartuko dute ikasleen tutoretza eta orientazio lanetan, ikasleen prestakuntza prozesu osoan.

4. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan tutore lana garatzeko, koordinazio jarduketak ezarriko dira zikloko tutorearen eta orientabide departamentuaren artean, indarra duen araudiak ezartzen duen moduan.

5. Ikasturte bakoitzean tutoretzan egiten diren jarduerak taldeko berariazko programazio batean planifikatuko dira, eta haren parte izanen dira, tutoretza planaren arabera. Programazio horretan bisitak sartu beharko dira inguruko enpresetara, ikasleak lan mundura hurbil daitezen.

6. Gainera, taldeko irakasle tutoreak bere gain izanen du lantokiko prestakuntza izeneko lanbide moduluaren tutoretza azken bi ikasmailetan.

17. artikulua. Zeharkako elementuak.

1. Lanbide Heziketa Bereziko zikloek zeharka jasotzen ahalko dituzte moduluen multzoan honako alderdi hauek: talde lana, laneko arriskuen prebentzioa, ekintzailetza eta enpresa jarduera; horiek zehazteko, erreferenteak izanen dira Lanbide Heziketa Bereziko ziklo horietarako ezarritako curriculumaren garapena eta lanbide profilaren zein produkzioaren errealitatearen eskakizunak.

2. Gainera, ingurumena errespetatzearekin zerikusia duten gaitasun eta ezagutzei buruzko alderdiak sartzen ahalko dira, eta, nazioarteko erakundeen gomendioei eta Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoari jarraituz, burutzen den jardueraren araberako ariketa fisikoa eta dieta osasungarria sustatzeko alderdiak.

3. Orobat, zeharkako tratamendua izaten ahalko dute irakurriaren ulermenari, ahozko eta idatzizko adierazpenari, ikus-entzunezko komunikazioari, IKTei eta gizarte eta konstituzio hezkuntzari lotutako gaitasunek.

4. Ikastetxeek eta entitateek gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna eta genero indarkeriaren prebentzioa sustatzen dituzten balioak garatuko dituzte, baita edozein egoera pertsonal edo soziala dela-eta tratu berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioari lotutako balioak ere.

IV. KAPITULUA

Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan jarduteko printzipioak
eta metodologia arlokoak

18. artikulua. Curriculumaren eta metodologiaren antolaketa.

1. Lanbide Heziketa Bereziko zikloek hezkuntzarako eskubidea ematen dute eta, horri esker, ikasleek dagokien ziurtagiria eskuratzen dute.

2. Ikastetxeek aniztasunari arreta emateko neurri metodologikoak ezartzen ahalko dituzte, haiei esker, duten autonomia baliatuz, ikasleen ezaugarriei egokitutako Lanbide Heziketa Bereziko zikloak antolatzeko, hartutako neurriek ikasketen ebaluazioa gutxitzea ekarri gabe.

3. Aniztasunari arreta emateko neurriak ikasleen hezkuntza behar zehatzei erantzutera bideratuko dira eta Lanbide Heziketa Bereziaren zikloko lanbide gaitasunei lotutako ikaskuntza-emaitzak lortzera.

4. Ziklo horiek osatzen dituzten moduluak garatzean, beharrezko egokitzapenak hartuko dira kontuan hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei arreta emateko. Nolanahi ere, gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak gainditzeko beharrezkoa izanen da indarreko araudiak modulu horietarako ezartzen dituen ikaskuntza-emaitza guztiak lortzea.

5. Ikastetxeak edo entitateak ematen dituen gainerako moduluen programazioak haietan kontuan hartzen diren aurreikuspenak jaso beharko ditu, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei arreta emateko.

6. Aniztasunari arreta ematen dion hezkuntza erantzun egokia emateko, foru agindu honetan ezarritakoaz gain, Nafarroan aniztasunarekiko arreta erregulatzen duen araudian xedatutakoari jarraituko zaio Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako ikasleentzat.

19. artikulua. Printzipio metodologikoak.

1. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak banakakoa izan behar du, eta ikasleen behar eta ezaugarrietarako egokia. Horretarako, tutoreak, irakasle taldearekin batera, prestakuntza plan pertsonalizatuak prestatuko ditu ikasleentzat, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako gaitasun unitateak egiaztatzen dituzten lanbide moduluak gainditu ditzaten.

2. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan erabiltzen den metodologiak lagundu egin beharko die ikasleei haien gaitasunak eta ikaskuntza-emaitzak eskuratzen. Zikloaren lanbide profilak lanbide kualifikazio desberdinetako gaitasun unitateak baditu ere, zikloaren izaera unitarioa mantendu beharko da, hari esker osotasunean hartuta lortuko baitira helburuak.

3. Ziklo horien antolaketa malgua izanen da, ikasleen egoera desberdinetara egokitzearren.

4. Ziklo horietako metodologia orohartzailea izanen da, eta haien parte diren lanbide moduluen gaitasun eta edukiak integratzera joko du. Izaera orohartzaile horrek gidatu beharko ditu modulu bakoitzaren programazioa eta irakaslana.

5. Ikasleen konpromisoa bilatuko da, autogidaritzaren bitartez, beren prestakuntza pertsonal eta profesionalaren prozesuaz jabetu eta arduratu daitezen.

6. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan erabiltzen den metodologiak “egiten ikasi, eginez”, “ikasten ikasi” eta ikaskuntza funtzionalaren printzipioak jarraituko ditu.

7. Ikasleak sozializazio prozesuei aurre egin diezaioten prestatuko dira, bai lanerako bai bizitza independentea izateko.

8. Ahal dela, talde egonkorrak sortuko dira Lanbide Heziketa Bereziko zikloak lau urtean emateko.

20. artikulua. Ikasleen ratioa taldeko.

1. Orokorrean, taldearen ratioa hauxe izanen da: gehienez 10 ikasle eta gutxienez 5. Maila desberdineko hezkuntza beharrak dituzten ikasle taldeetan, taldearen ratioa 8 ikaslerena izanen da gehienez, eta 4koa gutxienez.

2. Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko du aurreko atalean ezarritakoa ez den beste ikasle kopuru bateko taldeekin funtzionatzeko, haien ezaugarriak eta hezkuntza plangintzaren ondoriozko beharrak kontuan izanda.

V. KAPITULUA

Ebaluazioa eta ikasketen ziurtagiria

21. artikulua. Ebaluazioa.

1. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako ikasleen ebaluazioa etengabea, prestakuntzakoa eta integratzailea izanen da, aukera emanen du haien ikaskuntzak eta hezkuntza programazioak orientatzeko, eta lanbide moduluen arabera eginen da. Modulu bakoitzaren azken kalifikazioa zenbaki bat izanen da, batetik hamarrera bitartekoa (dezimalik gabe); salbuespena izanik lantokiko prestakuntza izeneko modulua, hartan, kalifikazioa “Gai” edo “Ez gai” izanen baita. Lanbide Heziketa Bereziko zikloaren azken kalifikazioa zikloaren moduluetan lortutako kalifikazioaren batez besteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin.

2. Lanbide Heziketa Bereziko zikloaren helburu orokorren esparruan, ebaluazioa egiteko, lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza-emaitzak eta ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentzia gisa; gainera, zer gaitasun profesional, pertsonal eta sozial eskuratu diren, zer gaitasun etengabeko ikaskuntzarako bizitza osoan eta ziklo horietako zer zeharkako gaitasun; hori guztia, Europako Batzordeak definitutako gaitasun nagusien esparruan, hezkuntza etapen curriculumetan baitaude.

22. artikulua. Memoria.

Zikloa bukatzean, irakasle taldeak memoria bat prestatuko du eta, hartan, honako hauek jasoko ditu, gutxienez ere:

a) Programazioetan ezarritako helburuak zenbateraino lortu diren.

b) Lantokiko prestakuntza izeneko modulurako helburuak zenbateraino lortu diren.

c) Ikaskuntzaren emaitzak; ikasleen aurrerabideari buruzko txosten orokorra eta emaitzen balorazioa.

d) Irakaskuntza prozesuaren eta irakaslanaren ebaluazioa, foru agindu honen 23. artikuluan aipatzen dena.

e) Ikasleei eta familiei emandako orientabidea, etorkizun akademikoari edo/eta profesionalari buruz.

f) Zikloaren balorazio orokorra.

g) Irakasleek erabilitako metodologiaren, materialen eta baliabideen egokitasuna.

h) Zailtasun eta beharren identifikazioa eta hobetzeko proposamenak.

i) Interesgarritzat jotzen diren beste datu batzuk.

23. artikulua. Irakaskuntza prozesuaren eta irakaslanaren ebaluazioa.

Irakasleek irakaskuntza prozesuak eta beren irakaslana ebaluatuko dituzte. Ebaluazio horietan, gutxienez ere, elementu hauek sartuko dira:

a) Irakaslanak aspektu hauetan egindako ekarpena:

–Ikasleen garapen pertsonala eta soziala.

–Programa zenbateraino egokitzen zaien ikasleen beharrei.

–Ikaslearen errendimendua.

–Bizikidetza ikasgelan eta ikastetxean.

b) Ikasgelako antolaketa eta baliabideen aprobetxamendua.

c) Irakaslanaren plangintzaz eta garapenaz ardura duten pertsonen eta organoen koordinazioa.

d) Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari buruz ikasleek egiten duten ebaluazioaren emaitzak.

e) Hezkuntza komunitatea osatzen dutenen arteko koordinazioa eta harremana; alegia, irakasle, familia eta ikasleen artekoa.

f) Programazio didaktikoen garapenaren etengabeko ebaluazioa.

g) Lanbide Heziketa Bereziko zikloaren funtzionamendu orokorraren ebaluazioa, irakasle taldeak egina.

24. artikulua. Ziurtagiria eta ondorioak.

1. Lanbide Heziketa Bereziko zikloa egiten duen ikasleak ikasketen ziurtagiria lortuko du; hartan, gainditu dituen lanbide moduluak eta 1. mailako zein gaitasun unitate dagozkion adieraziko dira.

2. Ziurtagiri horrek Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalari buruz lortutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeko ondorioak izanen ditu.

3. Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketa Bereziko zikloen ebaluazio eta ziurtapen prozesuari dagokion araudia garatuko du Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

25. artikulua. Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 17.3.b artikuluan aurreikusitako kolektiboak tituluak nola eskuratu.

1. 22 urtetik gorako pertsonek oinarrizko lanbide titulua eskuratzen ahalko dute, oinarrizko lanbide titulu bateko gaitasun unitate guztiak dituztela frogatuz gero, era honetan:

a) Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programa baten ziurtagiria, modalitate berezian.

b) Lanbide Heziketa Bereziko ziklo baten ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitatean lortua.

c) 1. mailako gaitasun unitateak egiaztatzen dituzten beste prestakuntza programa batzuk.

d) 1. mailako lanbide ziurtagiriak.

e) Lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko ezarritako prozedura.

Ondoren azaltzen da oinarrizko lanbide titulua eskuratzeko prozedura.

2. 22 urtetik gorako interesdunak eskaera egin beharko dio Oinarrizko Lanbide Heziketaren prestakuntza zikloa emateko baimendua dagoen ikastetxeko zuzendaritzari, ziklo horren bidez lortzen ahal baita nahi duen titulua, eta dagokion oinarrizko lanbide tituluaren gaitasun unitate guztiak egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia erantsiko du.

3. Ikastetxeko Idazkaritzan dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikaslea matrikulatu eta titulua eskuratzera eraman dezakeen administrazio espedientea tramitatuko da. Matrikula horrek titulua tramitatzeko baino ez du balio.

Titulua tramitatzeko, ikastetxeko ikasleentzat erabiltzen den prozedura bera baliatuko da. Tramitazioaren bidez, lehenbailehen eskuratuko da titulua. Prozedura hau abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretuak aurreikusten duenari lotu beharko zaio, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei buruzko ikasketa tituluak eta lanbidekoak ematearen gainekoa baita.

4. Aurkezten den dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikusten bada eskatzaileak ezin duela titulurik eskuratu, eskatzen diren gaitasun unitate guztiak egiaztatu gabe daudelako, ikastetxeko zuzendariak horren berri eman beharko dio interesdunari. Kasu horretan, eskatzaileak ez du plazarako eskubiderik falta duen prestakuntza egiteko.

VI. KAPITULUA

Irakasleak eta ikastetxeak

26. artikulua. Irakaslana eta irakasleak.

1. 1. mailako gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluentzat, honako hau izanen da irakaskuntza eginkizuna:

a) Lanbide modulua Oinarrizko Lanbide Heziketako titulu batean integratua izatera, tituluetako bakoitzean ezarritakoa.

b) Lanbide modulua Oinarrizko Lanbide Heziketako titulu batean integratua ez badago, Lanbide Heziketa Bereziko ziklo bakoitzaren curriculumean ezarritakoa.

2. 1. mailako gaitasun unitateei lotu gabeko lanbide moduluetarako, Lanbide Heziketa Bereziko ziklo bakoitzaren curriculumean zehaztuko dira irakaskuntza eginkizuna eta irakasleen titulaziorako baldintzak.

27. artikulua. Lanbide Heziketa Bereziko zikloak emateko baimena eta ikastetxeak.

1. Hezkuntza Departamentuak erabakitzen dituen ikastetxeetan ezarriko dira Lanbide Heziketa Bereziko zikloak, hari baitagozkio eskaintza planifikatzea eta zikloak irakasteko baimena ematea. Baimena urtebetekoa izanen da, eta ziklo hauen eskaintza nahikoa, kalitatezkoa eta egonkorra izatea bermatu beharko du.

2. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, baimenduko ditu Hasierako Lanbide Kualifikazioko programak modalitate berezian ematen dituzten ikastetxe publikoak zein pribatuak Lanbide Heziketa Bereziko zikloak emateko, baimen berririk eskatu beharrik gabe.

3. Hezkuntza Departamentuak urtero ezarriko du prestakuntzaren eskaintza, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen premiak eta lan merkatuaren eskaerak ikusita.

28. artikulua. Erakundeen lankidetza.

Lanbide Heziketa Bereziko zikloak abian jarri eta garatzeko, Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du lankidetza akordioak egitea Nafarroako Foru Administrazioko beste departamentuekin eta beste erakunde, entitate eta irabazi-asmorik gabeko elkarteekin; horiek esperientzia egiaztatua izan beharko dute gazteak gizarteratzen eta laneratzearen arloan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Ikasleen datu pertsonalen babesa.

Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzan sartzea.

Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 18. artikuluan xedatutakoa garatuz, Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako ikasleek bete beharko dituzten baldintzak zehazten ahalko ditu, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako nahitaezko eskaintzako plazak eskuratu ahal izateko.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.–Hasierako Lanbide Kualifikazioko programak, modalitate berezikoak (PCPIE), Lanbide Heziketa Bereziko ziklo (LHB) bihurtzea.

Aurreko ikasturteetan hasita dauden Hasierako Lanbide Kualifikazio Bereziko programak Lanbide Heziketa Bereziko ziklo bihurtuko dira 2015-2016 ikasturtean Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, zeinean ziklo horietako antolaketaren aspektuak eta ikasleen ziurtagiriei buruzkoak jasoko baitira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.

1. Indarrik gabe gelditzen dira Hasierako Lanbide Kualifikazioko programei buruzko xedapen guztiak, modalitate berezikoak. Horiek Hasierako Lanbide Kualifikazioko programak Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 4ko 109/2008 Foru Aginduan daude jasota.

2. Orobat, indargabetu egiten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arauen garapena.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio behar diren neurriak har ditzan foru agindu honetan xedatutakoa aplikatzeko, garatzeko eta gauzatzeko.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2015-2016 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 22an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1508096