111. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

375/2015 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiak emana, 1936ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan eraildako edo errepresio frankistaren biktima izandako desagertuen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko, 2015eko diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko deialdia onesten duena.

1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei aintzatespena eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak honako helburu hau finkatzen du, besteak beste, 1. artikuluan: 1936. urteko kolpe militarraren ondorioz eraildakoen senitartekoen eskubidea ezartzea, haiek lurpetik ateratzeko eta duintasunez ehorzteko.

Helburu hori betetzeko, aipatu foru legeak hainbat agindutan jasotzen du lurpetik ateratzeko jardueren gastuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura izanen direla.

Zehazki, 3. artikuluak, “36ko kolpe militarraren ondorioz eraildakoak lurpetik ateratzeko eskubidea” izenekoak, xedatzen du “36ko kolpe militarraren ondorioz eraildakoen senitartekoek eskubidea izanen dutela haiek lurpetik ateratzeko eta duintasunez ehorzteko, eta Nafarroako Gobernua behartua dagoela behar den laguntza ekonomikoa, teknikoa eta gizatiarra ematera ikertzeko eta lurpetik ateratzeko prozesu osoan, eta jarduera horren gastu guztiak Nafarroako Gobernuaren kargura izanen direla”.

Orobat, “Neurriak” deitu 4. artikuluak ezartzen du erkidegoko Administrazioak, 1. artikuluan adierazitako helburuak betetzeko, hurrengo neurria hartu beharko duela, besteak beste: “c) Zuzenean jardutea desagertutakoen gorpuzkiak berreskuratzen.” Agindu horrek honako hau xedatzen du bere 2. eta 3. ataletan: “aurreko atalean zehaztutako jarduketak udalen, fusilatuen senitartekoen elkarteen, Memoria Historikoaren elkarteen eta entitate akademikoen laguntzarekin gauzatuko dira. Foru lege honen helburuak betetzeko beharrezkoak diren kontu-sail ekonomikoak ezarriko dira Nafarroako Aurrekontu Orokorretan eta, zein den kasua, entitate publiko eta pribatuentzako diru-laguntzen bitartez”.

Ildo berean, “Lurpetik ateratzeko protokoloa” izeneko 7. artikuluak xedatzen du “Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Protokoloa aplikatuko dela, hau da, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak azaroaren 7ko 772/2011 Foru Aginduaren bidez onetsia... Gorpuzkiak aurkitu, lurpetik atera eta lekualdatzearen ondorioz sortzen diren gastuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura izanen dira”.

Diru-laguntzetarako deialdi hau tresna bat da 33/2013 Foru Legean nahitaez betetzeko aurreikusitako neurrietako bat gauza dadin.

1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildakoak lurpetik ateratzeko eskubidea bermatzearren onesten da diru-laguntzetarako deialdi hau, eta haiek emateko oinarriak ezartzen dira.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiari 2015eko diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko, 1936ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan eraildako edo errepresio frankistaren biktima izandako desagertuen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko.

Txosten juridikoa eta Ogasunak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna agertzen dira espedientean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluaren bidez eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 12/2014 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenak baliatuz,

EBATZI DUT:

1. 1936ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan eraildako edo errepresio frankistaren biktima izandako desagertuen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko, 2015eko diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 25.000,00 euroko gastua baimentzea, diru-laguntzetarako deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko; 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Gorpuzkiak lurretik ateratzeko diru-laguntza. Memoria Historikoari buruzko Legea” izeneko 010001-01000-4809-921102 kontu-sailari egotziko zaio, kontuan izanda betiere diruak erabilgarri egon beharko duela aurrekontuan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hau guztia interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren web-orrialdean.

5. Gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da ebazpen honen eta deialdiaren oinarrien aurka, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea ebazpen honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

6. Ebazpen hau Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzura eta Lehendakaritzako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora igortzea, baita Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikora ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 19an.–Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusia, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Diru-laguntzaren xedea eta araubide juridikoa.

1.1. 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan eraildako edo errepresioaren biktima izandako desagertuen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko jarduerak susta daitezen, diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko xedea dute oinarri hauek, memoria historikoa leheneratu, aintzatetsi eta oneratzeko, horrela aurreikusten baita azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean,1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei aintzatespena eta ordain morala ematekoan.

1.2. Diru-laguntza hau oinarriotan eta Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituko dio.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Honako hauek izan daitezke diru-laguntzaren onuradun:

a) Fusilatuen senitartekoen elkarteak eta memoria historikoaren elkarteak, legez eratuak eta dagokien Nafarroako erregistroan inskribatuak, haien helburuen artean sartzen badira memoria historikoa berreskuratzeari eta Gerra Zibileko biktimen aintzatespenari buruzko jarduerak.

b) Pertsona fisikoak, biktimen zuzeneko ondorengoak izan eta eskatzen duten diru-laguntzaren xedeko gorpuzkiak lurpetik ateratzearekin lotutako interes legitimoa dutenak.

c) Dagokien udal mugapean gorpuzkiak lurpetik ateratzeko jarduera bat sustatzen duten Nafarroako udalak, balizko biktimen senitartekorik ez dagoenean.

2.2. Diru-laguntza honen balizko onuradunak izatetik espres salbuetsita daude irabazi-asmoa duten sozietate entitateak, Zuzenbide Publikoko entitateak, alderdi politikoak, unibertsitateak, elkargo profesionalak eta antzeko gainerako entitateak.

2.3. Diru-laguntza honen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako inguruabarrik ez izatea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

c) Aldez aurretik helburu hau bera duten diru-laguntzak lortuz gero, gorpuzkiak ateratzeko jarduera ez dela hobi eta biktima beretarako frogatzea txosten ekonomikoan.

2.4. Aipatu diren baldintza guztiak eskabidea aurkeztean bete eta diru-laguntzaren xedeko jarduera egiten deino bete beharko dira.

3.–Diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

3.1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten jarduerek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

a) Jarduera loturik egotea Gerra Zibilaren ondorioz desagertu ziren eta leku ezezagunean dauden pertsonen gorpuzkiak aurkitu, lurpetik atera eta lekualdatzeko prozesuarekin, 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan eraildako eta errepresioaren biktima izandakoei dagokienez, memoria historikoa berreskuratzeko.

b) Eskatzen den diru-laguntzaren xedeko gorpuzkiak lurpetik ateratze hori behar bezala baimendua izatea, Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Protokoloan xedatutakoari jarraikiz; Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuko kontseilariaren azaroaren 7ko 772/2011 Foru Aginduak onetsi zuen protokolo hori.

c) Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko jarduera amaitua izatea 2015. urtean, eta Nafarroako Foru Komunitatean egina izatea.

3.2. Deialdi honen ondorioetarako, hobi batean prospekzioa egin bada, edo, zein den kasua, hondeatze lana, gorpuzkiak lurpetik ateratzeko jardueratzat joko da, zein den ere hobi berean aurkitu den biktima kopurua eta esku-hartzea foru agindu berean edo beste batean agindu den.

3.3. Diru-laguntza izan dezaketen gastuak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraituz arautuko dira. Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat jotzeko, diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat etorri beharko dute zalantzarik gabe, eta deialdi honen aurreko atalean ezarritako epean gauzatu beharko dira.

3.4. Honako kontzeptu hauetarako izanen dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Diruz laguntzen den jardueran aritzen diren langileen gastuak; gorpuzkiak lurpetik ateratzen emandako denbora adierazi beharko da.

b) Diruz laguntzen den jarduerarako zuzenean diren gastu arruntak, hala nola, makinak alokatzea, materialak erostea, kontsumigarriak, betiere behar bezala frogatuak.

c) Dietak eta joan-etorriak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen dieta eta kilometroetarako kalte-ordainak erregulatzen dituen araudian aurreikusitako kopuru, baldintza eta kasu beretan emanen diru-laguntzak joan-etorrietarako, ostaturako eta mantenurako. Gastu horiek beren fakturen edo frogagiri baliokideen bidez egiaztatu beharko dira.

d) Administrazio eta kudeaketa gastuak, hala nola, diruz laguntzen den jarduera behar bezala garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzu profesionalak, harekin zuzenean loturik daudenak.

3.5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

3.6. Ondoko gastu hauek ez dute inola ere diru-laguntza jasoko:

a) Banku-kontuetako interes zordunek.

b) Interesek, errekarguek eta zehapen administratibo eta penalek.

c) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergek, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalek ere.

3.7. Zeharkako kostuetatik, onuradunak diru-laguntzaren xedeko jarduerari egotziko dio zati egokia, guztiek onartzen duten kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz kalkulatua, eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den aldiari dagozkion heinean.

4.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetarako onetsi den gastua 25.000,00 eurokoa da, eta 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko diru-laguntza. Memoria Historikoari buruzko Foru Legea” izeneko 010001-01000-4809-921102 kontu-sailari egotziko zaio.

5.–Eskaerak ebaluatzeko irizpideak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

5.1. Diru-laguntza banakako ebaluazioaren araubidean tramitatuko da. Eskaerak aurkeztu ahala tramitatu eta ebatziko dira, lortzen den puntuazioaren arabera emanen da diru-laguntza, harik eta horretarako aurrekontu kreditu baliagarria dagoen arte.

5.2. Eskaerak ebaluatzeko irizpideak, diru-laguntzak emateko.

Eskatzaileek gorpuzkiak lurpetik ateratzeko aurkezten duten jarduera ebaluatzeko, 10 puntu emanen dira guztira, hurrengo irizpideen arabera:

a) Kalitate teknikoa: 6 puntu arte. Diruz laguntzen ahal den jarduera zenbateraino egokitzen den programatutako helburuetara, eraginkortasunaren eta eragimenaren aldetik. Alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Proposatzen den jardueraren eta deskribatzen diren lanen koherentzia.

–Aurreikusitako metodologia, plangintza eta egutegia.

–Aurreikusitako giza baliabideak nahikoak ote diren eta haien ahalmena.

–Aurreikusitako baliabide material eta teknikoen egokitasuna.

–Aurrekontuaren eta aurkezten den txosten ekonomikoaren koherentzia, argitasuna eta proportzionaltasuna.

–Eskatzaileak aurkezten dituen baliabide pertsonal, material eta ekonomikoak.

b) Interes humanitarioa: 4 puntu arte. Alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Espero diren emaitzen definizioa.

–Programatutako jardueren ondorioa lurraldean.

–Jardueraren gizarte-interesa.

–Hedatu eta zabaltzeko proposatzen diren neurrien indarra.

5.3. Diru-laguntzaren zenbatekoa ondoko puntuazio hauen arabera finkatuko da:

a) 8 puntu edo gehiago: diru-laguntzaren xedeko jardueraren aurrekontuaren %100, eta gehienez ere 3.000 euro.

b) 6 puntutik 7 puntura: aurrekontuaren %75, eta gehienez ere 2.500 euro.

c) 5 puntu: aurrekontuaren %50, eta gehienez ere 1.500 euro.

d) 4 puntu edo gutxiago: aurrekontuaren %30 bitarte, eta gehienez ere 1.000 euro.

Eskaeraren xedeko jardueraren diru-laguntza, kasu bakoitzean, ezin izanen da deialdi honen oinarrian adierazten diren aurrekontuen kopuruak eta portzentajeak baino handiagoa izan inola ere.

6.–Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

6.1. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz. Halaber, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egin daitezke eskaera, www.navarra.es orrialdean.

Eskaerak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzura igorriko dira.

6.2. 2015. urtea da eskabideak aurkezteko epea.

6.3. Diru-laguntza eskatzeko, I. eranskin gisa gehitu den eskabide eredua bete beharko da; hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean eskuratzen ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan, eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web-orrialdean, tramiteen katalogoan (Laguntzak, bekak, sariak eta diru-laguntzak).

Eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak eskaera sinatu beharko du; horrek deialdi honen oinarriekin bat etortzea, onuraduna izateko bertan ezarritako baldintzak betetzeko konpromisoa eta Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dituen agiri guztiak aurkezteko betebeharra dakartza.

6.4. Eskabideari honako dokumentazio hau erantsi behar zaio:

a) Diru-laguntzaren xedeko jardueraren edukia eta aurrekontu zehatza dituen memoria ekonomikoa.

b) Erantzukizuneko aitorpena, bertan adierazita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik ez dela urratzen, onuradun izateko. Elkarteen kasuan, aitorpena entitatearena berarena zein ordezkariena izanen da.

c) Erantzukizuneko aitorpena, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izatearena.

d) Elkarteen kasuan, entitate eskatzailearen izenean eta hura ordezkatuta jarduteko duen ahalmena egiaztatzen duen agiria.

e) Pertsona fisikoen kasuan, eskatzen den diru-laguntzaren xedeko gorpuzkiak lurpetik ateratzeko jarduerarekin lotutako interes legitimoaren egiaztagiria.

f) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala behar denean.

g) Helbide elektroniko bat, horren bidez eskaeraren akatsak zuzen daitezen eskatzeko, halakorik badago.

6.5. Elkarteen kasuan, Administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu erregistroko inskripzioa eta estatutuak.

7.–Antolamendua eta instrukzioa.

7.1. Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzua da diru-laguntza hau emateko prozeduraren antolamendu eta instrukziorako organo eskuduna.

7.2. Eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez badira, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.

7.3. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitzeko eskatzen ahalko die organo horrek eskatzaileei.

8.–Balorazio batzordea.

Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendariak, Gobernuaren Idazkaritzako Ataleko buruak eta Gobernu Idazkaritzako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoko buruak osatuko dute eskaeren Balorazio Batzordea.

Ahalmena izanen du deialdi honen oinarriak eta ebaluazio irizpideak interpretatu eta aplikatzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen arabera.

Prozedura instruituta, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena eginen da, zenbatekoa, aurrerakina eta egindako balorazioa adierazita.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Diru-laguntzen emakida ebazteko organo eskuduna Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusia da.

9.2. Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiak eskaera bakoitza ebatziko du, hura eskatu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori espresuki ebazpenik eman eta jakinarazi gabe iraganez gero, eskaera ezetsitzat joko da.

9.3. Ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ematen den diru-laguntza haren ebazpenarekin batera ordainduko da, aurrerakin gisa.

11.–Diru-laguntzen justifikazioak.

11.1. Diru-laguntzen onuradunek justifikatu beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza emateko ebazpenean aurreikusi diren helburuak lortzen dituztela, gorpuzkiak lurpetik ateratzeko diruz lagundutako jarduera amaitzen denetik bi hilabeteko epean, gehienez.

11.2. Justifikazioa gastua frogatzeko kontuaren bidez eginen da; horretan diru-laguntzari esker finantzatu eta egin diren jardueren aitorpena eta haien kostua adieraziko dira, sortutako gastu bakoitza banakatuta, aitortzailearen erantzukizunpean; orobat, gorpuzkiak lurpetik ateratzeko prozesuan ematen den azken txostena, protokoloak aurreikusia, beharko da.

11.3. Gastuak frogatuko dira fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten agirien bidez, eta kasua bada, ordainagirien bidez (bankuko dokumentuak edo ordainagiriak).

11.4. Jarduerak, diru-laguntzaz gain, diru berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan diru horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, diruak diru-laguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.

11.5. Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiak txosten bat erantsiko dio gastuaren justifikazioari, diru-laguntza emateko arrazoi izandako xedeak, hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak eta gardentasunez informatzeko betebeharra betetzen direla dioena; ondorio horietarako beharrezkoak izan daitezkeen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari.

11.6. Diru-laguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, diru-laguntza itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako baldintzak betez.

12.–Onuradunaren betebeharrak.

12.1. Onuradunak betebehar hauek ditu:

a) Xedea bete, proiektua gauzatu eta gorpuzkiak lurpetik ateratzeko jarduera egitea, diru-laguntza emateko arrazoia baita.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen dituela; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete dituela, deialdi honen 11. oinarrian aurreikusitako moduan.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

d) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

e) Diru-laguntzei buruzko ebazpena ematen denean, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

f) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izateko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaizkion legeetan agindutako moduan.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren laguntza agertzea bere jardueren publizitate guztian.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

j) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun-betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrak arautzen dituen foru dekretua).

12.2. Hemen adierazitako edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako edozein bete ezik, emandako diru-laguntza itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

13.–Gardentasunerako betebeharrak.

13.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun-betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrak arautzen dituen foru dekretua).

Urtean 20.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazio hau eman beharko diote Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiari:

a) Entitateen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten bazkideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptutan banatuta.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

13.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, hala dela dioen aitorpen bat aurkeztu beharko du.

13.3. Oinarri honetan aipatutako informazioa diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiari zuzendua.

13.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, oinarri honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako diru-laguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.5. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

13.6. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrialdean argitaratuko da.

14.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek beste administrazio publiko batzuek eta beste ente publiko edo pribatu batzuek, naziokoak zein nazioartekoak, helburu bererako emandako beste edozeinekin dira bateragarri; betiere, laguntzek, guztira, ez dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko aurkezten den proiektuaren guztirako kostua gaindituko. Kasu horretan, zenbat gainditzen den proiektuaren guztirako kostua, zati hori gutxituko da deialdi honen babesean emandako diru-laguntza, eta onuradunek hura itzuliko dute.

15.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Diru-laguntzarako eskaera, 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan eraildako edo errepresio frankistaren biktima izandako desagertuen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean aurreikusten denaren arabera

Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiak maiatzaren 19an emandako 375/2015 Ebazpenean onesten diren oinarri arautzaileei jarraikiz.

1. Eskatzailearen identifikazio datuak:

ESKATZAILEAREN DATUAK

Izena:

NANa/IFZ:

Helbidea: .........................................

P.K.:

Herria: .............................

Telefonoak:

Helbide elektronikoa:

Datuak honako hau ordezkatuz:

Izena:

NANa/IFZ:

Helbidea: ..........................................

P.K.:

Herria: .............................

Telefonoak:

Helbide elektronikoa:

2. Eskabidearekin batera aurkezten dituen agiriak, oinarrietan eskatutakoari jarraikiz: (X bat idatzi behar den tokian).

Diru-laguntzaren xede den jardueraren edukia eta aurrekontu zehatza dituen memoria ekonomikoa.

Elkarteen kasuan, entitate eskatzailearen izenean eta hura ordezkatuta jarduteko duen ahalmena egiaztatzen duen agiria.

Pertsona fisikoen kasuan, eskatzen den diru-laguntzaren xedeko gorpuzkiak lurpetik ateratzeko jarduerarekin lotutako interes legitimoaren egiaztagiria.

Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

3. Eskatzailearen adierazpenak:

1.–ADIERAZTEN DUT ez arduraduna edo entitatea eta ez haren administratzaileak edo ordezkariak ez dutela diru-laguntzen onuradun izateko debekurik urratzen. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ageri dira.

2.–ADIERAZTEN DUT tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak ditudala.

3.–Diru-laguntzarako eskaeran azaltzen den jarduerari dagokionez ADIERAZTEN DUT: (X batez adierazi bidezko dena).

Ez dudala eskuratu edo eskatu administrazio honen edo Estatuko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen inolako diru-laguntzarik.

Administrazio honen edo Estatuko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen diru-laguntza hauek eskuratu/eskatu ditudala:

ZEIN ENTITATERI ESKATU
ZION LAGUNTZA

ESKATUTAKO DIRU-KOPURUA

DIRU-LAGUNTZAREN EGOERA

(eskatua/esleitua/ordaindua)

4–Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen horretan (2013ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa) xedatutakoari jarraikiz.

AITORTZEN DUT: (X batez adierazi bidezko dena).

Ez dudala gardentasun betebeharrik (aipatu foru dekretuaren 3. artikuluan azaldutako inguruabarrak gertatzen ez direlako).

Gardentasunaren betebeharra dudala eta, horrenbestez, 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako informazioa hilabeteko epean aurkeztuko dudala, diru-laguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten denetik.

.......................................................................................-k (adierazi organo-emailea) emandako ......................................................................................... (izena) diru-laguntza dela-eta, informazioa aurkeztu dudala beraz, ez da errepikatu beharrik, emandako datuak aldatu ez direlako.

5.–ADIERAZTEN DUT eskaera honetan jarritako datuak egiazkoak direla.

 .................(e)n, 2015eko .............aren ..............(e)an.

 Stua.:

NORENTZAT:

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUKO GOBERNUAREN IDAZKARITZAKO ETA ARAUGINTZAKO ZERBITZUA

Iragarkiaren kodea: F1507799